Hemen zaude: hasiera  hasiera

IRARGI

Eusko Jaurlaritzaren Artxibo eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa izena hartu zuen 90eko hamarkadaren hasieran. Irargi Artxiboen Nazioarteko Kontseiluko A kategoriako kidea da, eta bertan diseinatzen dute Eusko Jaurlaritzaren artxibo eta dokumentu-ondarearen gaineko politika. Politika horrek Euskal Kultur Ondareari buruzko Legea du oinarri, 1990eko uztailaren 3koa, ondoren 2000ko Artxibo Zerbitzuen Araudiak garatu zuena. Eusko Jaurlaritzako aurrekontu publikoak ditu finantziazio-iturri.

Euskadiko dokumentu-ondarearen gaineko eskumen esklusiboa duenez eta horrek erantzukizun konplexua dakarrenez berekin, Irargik espezializazioaren bidetik jo du, betiere modu bateko zein besteko erabiltzaileen informazio eskaerei erantzuteko.

Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) oinarri hartuta, ondare horren baitako zatirik garrantzitsuenetarako programa bana diseinatu da. Bide horretatik, Irargik udal-artxiboen kudeaketa sustatzen eta babesten du, eta publiko ez diren artxiboak antolatzeko eta zabaltzeko lanetan dihardu, batez ere familien esku eta Eliza Katolikoaren esku daudenen inguruan. Artxibo publikoen esparruan, aldiz, Irargik dokumentuak normalizatzearekin eta garbitzearekin zerikusia duten arazoei heldu die bereziki.

Irargik beti egin du apustu ingurunearen garapen teknologikoaren alde, eta norabide horretako ekimen oro babesten du. Jatorrizko mikrofilmazio-zerbitzua eraberritu du, artxiboak digitalizatzeko zerbitzu publikoa sortzeko. Euskadiko Artxibo Digitala sortzeko lanean dihardu zerbitzu horrek.

Artxibo-zerbitzu baten azken helburua, erabiltzaileak berehala hautematen duena, kultur hedapena dela ohartuta, Irargik programa original eta handizalea jarri du martxan, Badator izenekoa, hain zuzen ere. Profesional guztien ohiko erronka izaten da dokumentazioa arin eta eroso kontsultatzeko aukera ematea. Bide horretatik, webgune honetan Euskadiko artxibo-funts guztietako inbentarioak kontsultatu ahal izango dira, Euskadiri buruzko dokumentazio duten beste funtsetakoaz gain. Legegintzaldi honetan (2005-2009) behin betiko bultzada eman zaio Irargik 15 urtez izan duen jardunari. Urtetan aurretiko azterlanak egin ondoren, Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala gauzatu da, eta Irargi da berorren hastapena. Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala Bilbo erdigunean dago kokatuta, eta Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren gailurra izango da, baita erreferentzia ere, Euskadiko dokumentu-memoria kontserbatzeaz ari bagara. Gainera, arreta berezia emango zaio memoria digitalaren kudeaketari.

OROIMENA

Oroimena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatutako ekimena da Gerra Zibileko, erbesteko eta gerraondoko mota guztietako dokumentuak (gutunak, argazkiak, elkarrizketak, filmazioak etab.) jasotzeko eta berreskuratzeko xedearekin. Hori dela eta, mota horretako dokumentuak gordetzen dituzten herritarrei dei egiten diegu etorkizuneko Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalean gordetzeko aukera eskainiz.


Informazio gehiago


Euzkadiko Gudontzidia (1936-39)



    • | Tel: +34 943 762840   Faxa: +34 943 765040 | Eguneratze data: 2009/03/30 @ 12:43pm

IBD INTERNET S.L.