ESKOLOPENDRA

Garai hartan gizakiak eta animaliak osotu gabe zeuden, bai, ez zuten behar adina hanka. Deeenak zebiltzan herren, kli-klo, kli-klo; eta herren ez zebilena narras: gogaikarria, benetan! Horregatik, erabat nazkatzen zirenean, azokara joaten ziren Eskolopendrari hankak erostera.

Hanka bakarra behar zuenak, bakarra; bi behar zituenak, bi; Eskolopendrak neurri, kolore eta mota guztiak zituen aukeran, erpe zorrozdunak zein apatx borobildunak. Bilduma aparta zuen! “Merke! Merke! hankak ditut merke!" oihukatzen zuen.

-“Aizu, non lortzen dituzu hankak?” Galdetzen zion jendeak. Baina Eskololopendrak ondo gordetzen zuen bere sekretua:

-"Itsaso sakonean”, esango zuen behin; “zeru urrunean”, botako zuen hurrengoan. Gezurra!: soro izkutu baten landatu eta hazi egiten zituen, antza.

Urte ederrak hartu zituen. Hanka asko saldu eta aberastu egin zen.

Halako batean inork ez zuen hanka premiarik izan. Gizaki eta animalia guztiek bazuten, jada, behar adina hanka. Eskolopendrak lasterka ikusten zituen txakurrak, zaldiak trostan, ahateak tipi-tapa baldarrean... baina inor ez zen bere dendara sartzen.

Oso haserre zegoen.

-“Ibili ibili, Egunen batean izango duzue nire premia! Eta orduan alferrik izango da. Hanka guztiak neuretzat gordeko ditut!”.

Esan eta egin. Eskolopendrak ez zuen hanka bakar bat ere gehiago saldu, eta saldu gabe geratu zitzaizkion guztiak berak darabiltza. Begira egiozue hurbiletik eta ikusiko duzue nola dabilen. Ah! Ahaztu zait. Gure artean eskolopendrari “ehunzangoa” deitzen diogu. Garai batean lau ankadun animalia zen, eta oso aberatsa. Gaur, aldiz, ehun zango ditu baina ezin du harrokeria handirik jo.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net