CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Ondoko dekretuak aldatzeko proiektuei buruzko txostena: 327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lan aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena, 328/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten duena eta 329/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lanerako laguntzak arautzen dituena
 

Aurrekariak

Indarrean dauden hiru dekretu, Eusko Jaurlaritzaren politika aktiboei buruzkoak, partzialki aldatzeko proiektuak helarazi zaizkio LHKari, txostena eman dezan.

Proiektu hauek ez dute aldatzen, nolanahi den ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun indarrean dauden enplegu politika aktiboen ezaugarririk behinenak. Zioen azalpenean adierazten den bezala, erreforma partzial soilak besterik ez dira, dela testuak berak “tekniko” irizten dien arrazoiengatik, dela arauzko xedapen hauek egokitu egin behar direlako gizon-emakumeen arteko berdintasunerako lege berriak agintzen duenari.

Eusko Jaurlaritzaren politika aktiboen funtsezko ildoek, beraz, segitzen dute aipatutako hiru dekretuotan jasotakoak izaten betiere, eta hauek, berriz, 2003-2006 aldirako erakunde arteko enplegu plana delakoan oinarritzen dira.

Gauzak horrela, Lan Harremanetarako Kontseiluak lehenik eta behin berriz adierazi nahi du erakunde arteko enplegu plan horri buruz 2003ko uztailaren 21eko txostenean emandako iritzia, alegia, arazorik handiena zera zuela “enpleguari buruzko politikari globalki ekitearen itxuraren pean, ez dituela konpontzen EAEko eremuan politika hori garatzeko funtsezko gaiak eta elementuak, bereziki enplegu zerbitzuei dagozkienak”.

Iritzi hau ez zen aldatu 327/2003, 328/2003 eta 329/2003 dekretuak, hots, plana aplikatuta, EAEko eremuan enplegu politika aktiboei eusten dieten hiru zutabe nagusiak garatzen dituzten testuak onartu zirenean, alabaina une horretan Kontseiluak ez zuen eman haiei buruz berariazko txostenik, zeren eta iritzia eskatu zuen sailari txostena helarazi baino lehen, aldarrikapen formala egin baitzen bai eta EHAAan argitaratu ere.

Kontseiluko Txosten Batzordeak, 327/2003, 328/2003 eta 329/2003 dekretuak partzialki aldatzeko proiektuak 2005eko maiatzaren 5eko bileran aztertu zituen. Bilera honetan Txosten Batzordeko kideek egoki iritzi zieten alegazioak azaldu zituzten, haietan oinarriturik irizpen proiektu bat egin zen, 2005eko maiatzaren 18ko bileran aztertu egin zen, eta bertan, ConfeBask, ELA, CCOO eta UGTk izendatutako ordezkarien aldeko botoekin eta LABek izendatutako Txosten Batzordeko kidearen kontrako botoarekin, onartu egin zen ondoko.

IRIZPENA

LEHENA.-Gogoeta orokorrak

Kontseiluak orokorki adierazten du.

1) Egoki deritzela dekretuetan sartutako aldaketei, haien edukia emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legearen eskakizunei egokitzeko, legetasun arrazoiak edo politika publikoak aplikatzeko koherentzia direla medio egin beharreko doikuntzak baizik ez badira ere.

2) Uste duela, ordea, txostenaren gaia diren 327/2003, 328/2003 eta 329/2003 dekretuak partzialki aldatzeko proiektuek ez dietela heltzen EAEko enplegu politikei buruzko oinarrizko gaiei eta ez dakartela inongo berritasunik horiek kudeatzeko egiturei dagokienez, eta horregatik, aipatutako kontuak gainditu gabeko ikasgaia direla EAEko eremuan enplegu politikei eta zerbitzuei dagozkien oinarrizko elementuak ebazteko.

BIGARRENA.- 327/2003 dekretua erreformatzeko proiektua: “lan aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko laguntzak”

Proiektu honi buruz, Kontseiluak uste du programen kudeaketari lotutako erreforma tekniko soilak besterik ez direla.

Nolanahi ere, zenbait kasutan, aldaketaren arrazoiak, izaera hertsiki teknikoa duen arren, ez bide du behar bezalako justifikaziorik edo azalpenik: adibidez, aldaketa proiektuaren 4. eta 5. artikuluetan jasotzen diren zenbait ikastetxe publiko edo itunpeko pribaturi dagozkien betebehar formal batzuk desagertzea, garrantzi apalagoko beste gai batzuen artean.

HIRUGARRENA.- 328/2003 dekretua erreformatzeko proiektua: “kultura ekintzaileari eta enpresak sortzeko aukerari babesa”

1) Proiektu honi buruz Kontseiluaren iritzian:

1.1. Egokia da, hasiera batean, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak jasoko dituzten erakundeen artean unibertsitateak eta tokiko administrazioa. Hala ere, zabalkuntza honekin ez litzateke baitezpada amaitu behar kultura ekintzailea sustatzeko ekintzak burutu ahal lituzketen erakundeen eta organismoen zirkulua, kultura ekintzailea, mendekoa ez den enplegu bat erdiesteko aukera ematen duen formula baliagarria den heinean: haien artean, iniziatiba ekintzaileen sustapenarekin lotuta dauden beste erakunde batzuk ere sar litezke.

1.2. Proposatutako aldaketa batzuk justifikatzeko, kasurako, 328/2003 dekretuaren 8. artikuluko 5. paragrafoa kentzea, diru laguntzen programaren errealitatearekin bat ez datozela esaten da generikoki, baina halako baieztapena bermatuko duen azalpenik eman gabe, eta honek, neurriaren egokitasuna zeinahi dela ere, zeharo oztopatzen du haren balorazioa kontsulta fase honetan.

1.3. 328/2003 dekretuko 39. artikuluan sartutako betebehar berriaren arrazoia eta norainokoa behar bezalako argitasunaz ulertzen ez direla ikusita, aldaketa honen gainean ezin egin daiteke behar besteko zehaztasuna dukeen baloraziorik.

2) 328/2003 dekretuan aldaketa gehigarria egiteko proposamena

Txostenaren gaia den 328/2003 dekretu proiekturako proposatutako aldaketak edozein direla ere, gehigarri gisa adierazten diogu eskumena duen sailari komenigarria litzatekeela, enplegua lortzeko bide den aldetik, kultura ekintzailea sustatzeko neurrien onuradunen zirkulua berrikustea eta unibertsitarioentzat eta lanean nolabaiteko esperientzia duten gazte prestatuentzat zabaltzea.

LAUGARRENA.- 329/2003 dekretua erreformatzeko proiektua: “lanerako laguntzak”

1. Dekretua erreformatzeko proiektu honi dagokionez, Kontseiluaren iritzian:

1.1. Aldi baterako kontratuen fenomenoari ekiteko era desegokia eta eskasa da gehienezko tasa bat ezartzea (%24) aldi baterako kontratuetarako, areago 10 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiek betebehar honetatik salbuetsita daudelarik.

Gai honetan, arauak legetasuna betetzea besterik ez luke eskatu behar, eta horrenbestez, ez luke aipatu behar objektiboki finkatutako tasarik edo portzentajerik, izan ere, kontratuak legearen araberakoak izatea baita horien justifikazio bakarra.

Alternatiba gisa, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako legean jasotako betebeharrak ez betetzearren laguntzak eskuratzeko mugak ezarri diren bezala, Kontseiluaren iritzirako, arauak laguntzetatik kanpo utz litzake aldi baterako kontratuei buruz legeek jasotzen dituzten eskakizunak ez betetzearren zigortuak izan diren enpresak.

1.2. 48. artikuluko 4. atal berrian sartutako betebeharra, alegia, diru laguntza jaso lezaketen jarduera orok orain gutxienez 30 eguneko iraupena izatea eskatzen duena, ez da geratu behar bezala justifikaturik, ez baita ematen informazio kuantitatiborik ez kualitatiborik, egokia den ala ez eta bateragarritasun helburuekin eta programaren emaitzekin proportzioan dagoen ala ez aski azaltzen duenik.

2. 329/2003 dekretuan aldaketa gehigarria egiteko proposamena.

329/2003 dekretu proiekturako proposatutako aldaketak edozein direla ere, eskumena duen sailaren iritziaren pean jartzen dugu, gehigarri gisa, indarrean dagoen dekretuaren aldaketa ondoko gaietan:

2.1. Lanpostuak berritzeko laguntzei dagokienez, egokiago irudituko litzaiguke diru laguntza jaso lezakeen ekintzaren identifikazioa mugagabeko kontratua egiten den unean edo txanda hartzen duen langilearen aldi baterako kontratua kontratu mugagabe bihurtzen den unean finkatuko balitz, alta, orain legez txanda kontratuaren hasieratik egin daiteke.

2.2. Halaber, komenigarri deritzogu 42. artikuluan finkatutako betebeharrak sor dezakeen nahastea saihesteari, izan ere, honek diru laguntza jasotzeko eskubidea izateko sei hilabeteko iraupena zehazten du lan kontraturako, eta baliteke horrek aldeei aldi baterako kontratu mota ez kausal berri bat ezarri dela pentsaraztea. Haatik, itundutako kontratuak, legearen arabera indarrean dagoen edozein modalitatetakoa izanik, laguntza jasotzeko gutxienez 6 hilabeteko iraupena izan beharrari zuzena dela irizteari utzi gabe.

Bilbo, 2005eko maiatzaren 18a

LABek izendatutako Txosten Batzordeko kideak ematen duen boto erreserbatua

Joan den maiatzaren 18an Txosten Batzordeak egindako bileran gehiengoz onarturik, LAB sindikatua, 327/2003, 328/2003 eta 329/2003 dekretuak aldatzeko proiektuei buruzko irizpena jasotzen duen txostenaren kontra agertu da. Horrenbestez, ondoko BOTO ERRESERBATUA ematen du:

Lehena.- Txosteneko laugarren puntuko 1 zenbakiari dagokionez, LABen jarrera ondoko testu honetan islatzen da:

Enplegurako diru laguntza politika ez da inondik inora mekanismo eraginkorra aldi baterako kontratazioaren problematikari aurre egiteko.

LABek oso negatibotzat jotzen du 329/2003 dekretua aldatzeko den lehen artikuluan jasotako betebeharra, alegia enplegurako laguntzak arautzen dituena eta, zehazki, lan merkatura iristeko aparteko zailtasunak dituzten pertsonak kontratatzeko laguntzak arautzen dituena. Alde batetik, aldi baterako kontratazioaren %24ko tasa gehiegizkoa da, zeren eta diru laguntzak jasotzeko aukera ematen baitie gizarte demokratiko batean jasanezinezko lan kolokatasun maila duten enpresa batzuei; eta bestetik, funtsik gabekoa da hamar langile baino gutxiago duten enpresekin dagoen permisibitatea, izan ere, enpresa txikietan aldi baterako kontratazioa sendotzeko gonbita da.

Edonola ere, diru laguntzak, dekretuak ukitzen dituen kolektiboen hasierako kontratazio mugagabe eta lanaldi osokoei baizik ez ematearen alde dago LAB. Kontzeptuaren ikuspegitik, aldi baterako kontratua kontratu mugagabe bihurtzeak diru laguntzak jasotzeko bidea eman balezake ere, aldi baterako kontratazioa legezko funtsik eta kausarik gabe masiboki erabiltzen denez, bihurtzean diru laguntzak ematearen kontra gaude. Bestela esanda, aldi baterako kontratua oso maiz erabiltzen da enpresetan sartzeko bide gisa, probaldia balitz bezala, eta geroago kontratua selektiboki erregularizatzen da, batzuetan aldi baterako kontratua kontratu mugagabe bihurtuz, eta praktika honek ez du jaso behar laguntza publikorik.

Bigarrena.- Txosteneko hirugarren atalak jorratzen duen 328/2003 dekretuaren inguruan, zeinek kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten baitu.

Abiapuntu gisa, LAB “kultura ekintzaile” delako horri diru laguntzak ematearen kontra dago, izan ere, hau enpresaburuen baloreez eta kapitalaren ideologiaz hitz egiteko erabiltzen den eufemismo bat da. Erakunde guztiek eta komunikabide publiko eta pribatu ia guztiek barra-barra eta indartsu hedatzen dituzte ugazaben filosofia, espiritua eta baloreak. Ez dago sobera esatea, hortaz, ez dagoela arau bat ere, egungo gizartean hain beharrezkoak diren errebindikazio sindikalismoren baloreak, klase kontzientzia eta langileen arteko elkartasuna hedatzeko kanpainak finantzatzeko xedea duenik.

Dena dela, gogoeta hauek boto konkurrente gisa aurkezten ditugu, izan ere, 328/2003 dekretuan aurreikusitako kultura ekintzailearen babesa, hasiera batean behintzat, langabeek mikroenpresak eta autoenpleguak sortzearekin uztartua dago, eta LABek ez du horren kontrako eragozpenik aurkezten, non ez den sasi autonomoen eta mendeko autonomoen egoera estaltzeko saioa.

Donostia, 2005eko maiatzaren 19a