CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena, gizarteratzeko erakundeen arteko (2007-2009) II. planari buruz
 

Lan Harremanen Kontseiluaren txostena, gizarteratzeko erakundeen arteko (2007-2009) II. planari buruz

Aurrekariak

Apirilaren 24an Lan Harremanen Kontseilu honetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridiko Zuzendaritzaren ofizio bat sartu zen, EAEko erakundeen arteko gizarteratzeko II. planari (2007-2009) dagokion txostena eskatzeko.

Txosten teknikoa

Lan Harremanen Kontseiluaren Txosten Batzordeak onartutako prozeduraren arabera, lehendabizi, Batzordearen kideek zeinek bere gogoetak bidali baino lehenago, Kontseiluaren iritzia eskatzeko emandako ekimenari buruzko txosten teknikoa egiteari ekin zaio.

Sarrera

Gizarteratzeko II. plan hau 2007-2009 aldiko gizarteratzeko politikak zuzentzeko tresnatzat prestatu da eta EAEko gizarteratzeko I. planaren jarraipenaren markoan sartuta dago, I. planarekiko zenbait desberdintasun nabarmen badauzka ere. Plana bi atal nagusitan banaturik dago eta argiro bereizitako ardatz biren inguruan antolatzen da.

Lehen ardatzak gizarteratzeko politikei buruzko gogoeta estrategikoa dakar. Gogoeta hau pobreziaren eta bazterketa sozialaren EAEko egoera aztertuz hasten da, egoera hau batez ere gizarteratzeko lehen planaren aplikazio eta garapenaren emaitzatzat harturik; eta jarraian, bilakaera aztertzen du, Europako joera nagusiak eta Euskal Herrian azken urteetan bazterketa sozialaren kontrako borrokan ezarri diren politikak kontuan harturik.

Gogoeta estrategiko honek, babes sozial eta gizarteratzerako euskal ereduaren ildo nagusiak finkatzeko balio du, eredu honen gunea diren elementuak planean islatzen direlarik, baita bigarren ardatz nagusia osatzen duten ekintzen multzoaren testuingurua ezartzeko ere: babes sozialerako berariazko sisteman eta honen osagarriak diren babes sozialerako beste sistema batzuetan (batez ere etxebizitzaren, osasunaren, hezkuntzaren eta justiziaren eremuetan) garatu beharreko ekimen estrategikoak zehazteko, alegia.

Lehen ardatza: gogoeta estrategikoaren oinarrizko alderdiak

A. Diagnostikoa dela-eta. Planak nahikoa egoera ona erakusten du, konparazioa eginez gero, pobrezia larriari dagokionez (pobrezia larrian dauden subjektuak errenta erdibitzaile baliokidearen %40tik behera daude), pobrezia erlatibo delakoaren kasuan (errenta erdibitzailearen %60a baino diru sarrera txikiagoak) gure inguruko herrialdeen egoerarekin konparatuz, egoera txarragoa delarik. Dena den, arazo larririk ere badela aitortzen du, haien artean, pobrezia emakumeengan eta guraso bakarreko familietan duen eragin berezia, lurralde jakinetan kontzentratzea edo pobreziaren hiritartze prozesua eta enpleguak duen babesteko gaitasunaren hondatzea nabarmentzen direlarik

Diagnostiko honekin batera, okupazio tasen izugarrizko hazkundea eta ia enplegu betekotzat har daitekeen egoera gertatzen dira. Honek guztiak pobreziaren arazo berriaren ezaugarria diren gai nagusietako bat erakusten du, hau da, enpleguak zenbait kasutan ez duela babesteko gaitasunik eta, ondorioz, ikusi ahal izan denez, enplegu indizeen ezin ukatuzko hobekuntzak, ez duela aldean ekarri pobrezia tasak hein berean murrizterik.

Gaurko egoeraren beste ezaugarri bat etxebizitzaren prezioen izugarrizko gorakada dugu. Izan ere, planak adierazten duenez, etxebizitza euskal familien arazo nagusietako bat da orain. Beste ezaugarri bat etorkin kopuruaren gorakada nabarmena da.

B.Bazterketa sozialaren eta pobreziaren kontrako politiken garapenak izan duen eraginaren azterketak argi uzten du euskal administrazioek bazterketa sozialaren eta pobreziaren kontrako borrokan erabiltzen duten tresna nagusia oinarrizko errenta dela.

b.1.Planak lehendabizi, oinarrizko errentaren euskal eredua parametro europarretan kokaturik dagoela, Estatuko gutxieneko erreten eredurik garatuena dela eta hiritarrek eredu honen emaitzei buruzko iritzi ona dutela adierazten du eta jarraian eredu honen funtzionamenduak zenbait arazo larri ere aurkitu dituela aitortzen du. Arazo horien artean honako hauek nabarmentzen ditu:

- Oinarrizko errenta hartzen dutenak laneratzeko zailtasunak daude, nahiz eta planak dioenez, zailtasun hauetako batzuen kausa lan merkatuari dagozkion kanpoko elementuak diren; adibidez, kualifikaziorik txikiena duten enpleguek behin-behinekotasun handia eta ordainsari maila txikiak dituzte, eta hau oinarrizko errenta hartzen dutenak sistematik ateratzeko oztopo handia da, hartzaile hauetako hainbatek aldi berean oinarrizko errenta hartu eta lan ere egiten duten arren, planaren beste atal batean esaten denez.

- Oinarrizko errenta hartzen dutenei dagokien banan-banako diagnostikoa eta gizarte segizioa gauzatzeko zailtasunak daude. Zentzu honetan, planak aitortzen duenez, orain arte ipini diren tresna informatikoak eta oinarrizko zerbitzu sozialetarako laguntzak ez dira behar zen bestekoak izan.

b.2.Bigarrenez, planak ohartarazten duenez, pobreziaren kontrako borrokarako bigarren tresna nagusia, hau da, larrialdietarako laguntza sozial (LLS) direlakoek, sistemaren puntu kritikoetako bat osatzen dute oraingoz; izan ere, koiunturazko premiazko egoerei aurre egiteko laguntza zehatzen modura sortu baziren ere, egiturazko jasokizun bihurtuz joan dira eta batez ere etxebizitzarekin zerikusia duten gastuei aurre egiteko erabiltzen dira. Argi geratzen da, beraz, larrialdirako laguntza hauei orientazio berria eman behar zaiela.

b.3.Enplegurako politika aktiboak: Planak zenbait ataletan ohartarazten duenez, babes eredua eskubide bikoitzeko sistema izaterantz bilakatuz joan da eta, beste alde batetik, sistema hori gaur egun sendoturik dagoela esan daiteke. Haren arabera, oinarrizko errenta ez da dagoeneko gizarteratzea helburu bakartzat edo nagusitzat duen tresna bat, ez bada, errenta maila jakinera euren borondatezkoak ez diren arrazoiengatik heltzen ez diren pertsonentzako gutxienezko sarrerak bermatzeko mekanismoa (pertsona hauek normalizaturik daude baina sarrera txikiak edota aldizkako enpleguak dauzkate). Errealitate edo egoera berri honen eraginez, besteak beste, oinarrizko errentak hartzen dituzten eta aldi berean enplegurako pizgarriak ere jasotzen dituzten pertsonen kopuruak nabarmenki gora egin du (%20tik %25era bitartean). Planak argi ikusten duen legez, ostera, neurri onean sistemak duen konplexutasun administratiboagatik, ez die ondo erantzuten lan merkatuarekin aldizkako harremana duten pertsonan beharrei, sistemaren onuradunen kopuru handi bat pertsona hauen artekoa bada ere.

b.4.Planak beste prestazio ekonomiko batzuk ere aipatzen ditu. Prestazio hauek udalek eta diputazioek ematen dituzte eta, berez, herritarren bermeen sarea zabalagoa egiten duten elementu positiboak diren arren, babesaren intentsutasunari dagokionez, lurraldeen arteko desberdintasun kezkagarriak sorrarazten ari dira.

b.5.Ereduari buruzko gogoeta estrategikorako fase honetan, planak argi uzten du, era berean, tresnen ikuspegitik, gizarteratzeko zerbitzu berezien garapenak badituela zailtasun eta ezak eta gizarteratzeko II plan honek zelan edo hala zailtasun eta ez horiei aurre egin beharko liekeela.

Atal honen amaieran adierazten denez, EAEko bazterketa sozialaren kontrako gastu publikoa EB-15eko herrialdeek egiten duten batez besteko gastuaren adinekoa da eta, biztanleko gastua kontuan hartzen bada, Estatuaren eremuan egiten den ahalegin ekonomikoaren hirukoitza ere izatera heltzen da noizbait.

Gogoeta osagarritzat, gizarteratzeko II planak gogoeta estrategikoko lehen ardatz honetan zehar, gorago adierazia denez plan honen zuzeneko aurrekaria den gizarteratzeko lehen planaren ondoren ikusi diren emaitza eta ekarpen nagusiak zehazten ditu.

Esku hartze eta prozesuen diseinuan eragina duten aurrerapen nagusien artean, planak ondorengo hauek nabarmentzen ditu:

  • Jarduera eremu bakoitzean zailtasunik handienak dauzkaten taldeei berariazko arreta egiteak duen gero eta garrantzi handiagoa.
  • Laneratzea eta eremu soziala elkarrengana hurbiltzeko kezka.
  • Administrazio desberdinek tresna eta lan metodologiak diseinatzerakoan emandako partaidetza eta lankidetza.
  • - Eta prozesuetako kalitatea bilatzea.

Beste alde batetik, alderdi kritikoen artean honako hauek sartzen ditu:

  • Larrialdiko laguntza sozialen (LLSen) nolakotasunak, batez ere etxebizitzaren arazoak laguntza horietan duen eragin handiaren presioagatik, izan duen aldaketa.
  • Plana gauzatu eta aplikatzerakoan administrazio eremu desberdinen arteko koordinazioa hobetzeko beharra.
  • Prestazio jakinei dagokienez dauden lurraldeen arteko desberdintasunak.
  • Administrazio bakoitzak eremu honetan dituen funtzioak hobeto definitzeko beharra.
  • Planaren diseinuari, plana hedatzeko mekanismoei eta plana gauzatzearen jarraipenari dagozkien alderdi batzuk hobetu beharra.

C.Bazterketaren kontrako borrokarako politiken bilakaera Euskal Herrian Europako testuinguruan.

Bazterketaren kontrako politikek, beren bilakaera ikusita eta Europako testuinguruarekin harremana duten neurrian, gaur egun ezaugarritzat dituzten funtsezko elementuen deskribapena, giltzarrizko faktorea dugu, bigarren ardatz estrategikoa definitzeko, hau da, helburu zehatzak identifikatu eta II. planak oinarrizko edukitzat dituen ekintzak aukeratzeko.

Elementu hauek ondoko hauek dira:

Lehenik eta behin, argi geratzen da eskubide bikoitzaren printzipioa definitiboki finkatutzat har daitekeela. Honen ondorioz gaurko ereduan prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea ez da gizarteratzearen helburuarekin funtzionalki lotutako eta nolabait helburu horren menpeko elementua bakarrik, ez bada maila bereko beste eskubide bat ere, baliabide ekonomiko urriekin zerikusia duten arazoak soilik dituzten eta, beraz, gizarteratzeko laguntzarik behar ez duten pertsonan eskubidea, alegia. Eskubide bikoitzaren printzipio hau finkatzea, gainera, ezinbesteko eskakizuna da, bigarren joeran barrena aurrera egiteko, hots: behar besteko sarrerak ez dituzten pertsona guzti-guztientzat bermatutako gutxieneko prestazio ekonomikoak.

- Hala, honelako politikek gaur egun aldi berean helburu bi bete nahi izateko joera erakusten dute: alde batetik gizarteratzeko gutxieneko errenten espezializazioa, errenta iturririk ez duten eta gainera gizarteratzeko zailtasunak dauzkaten pertsonentzat, eta beste batetik gutxieneko prestazioak guztientzat izatea, errentak bermatzeko, ezinbestean zerbitzu sozialetan sustraiturik ez dagoen sistema bat ezarriz, gizarteratzeko berariazko zailtasunik ez duten pertsonen sarrera urriak osatzeko helburuari begira.

- Hirugarrenez, planak politika sozialak aktibatzeko beharra nabarmentzen du, enplegua errentagarri bihurtu eta babes sozialaren eta lan partaidetzaren arteko lotura esplizitua ezarri behar delarik, azken garaietan, bai gutxieneko errentak jasotzen dituztenentzat eta bai lanik egiten ez duten pertsonentzat laneratzea aukera erakargarri edo errentagarria izatearen helburua lortu nahi zuten politikek arreta handia jaso dutela argi utzita.

"Pobreziaren tranpa" izenekoa aipatu ondoren, planak, pobreziaren aurrean enpleguari gizarteratzeko gaitasuna duen mekanismoaren izaera itzuli behar zaiola azpimarratzen du, beti ere, gizarteratzeko tresna nagusitzat enplegua ezarriz, beste herri batzuetan garatu diren esperientziak eta berauen emaitzak xeheki aztertu eta, gure inguruaren lan eta gizarte baldintzak ikusita, honelako programak aplikatzea komenigarria ote den erabaki behar dela aitortu arren, lana errentagarri bihurtzeko helburuarekin lotutako ekimen batzuen emaitzak ez baitira oso erabakigarriak izan eta, gainera, helburu nagusi biak, hau da, lan merkatura sartzeko pizgarriak ezartzea eta lan merkatuan dauden pertsonek duten pobrezia arriskuaren eragina edo intentsutasuna murriztea, elkargarri bihurtzeko zailtasunak izaten ari baitira.

Edozertara ere, planak atal honetan bertan (politikek Europako testuinguruan duten bilakaerari buruzkoan, alegia) epigrafe bat eta berariazko gogoeta bat ematen dizkio politika sozial eta politika fiskala elkartzeari; hala, zenbait esperientzia zehatz aipatzen ditu eta ekimen hauek, soldataren osagarritzat hartzen diren prestazio hauek jasotzea lan egitearekin erarekin estrukturalki lotzeko ahalegina osatzen dutela dio (ekimen hauetan guztietan bermatutako gutxienezko prestazio hauek zerga bidez gauzatzen diren esleipenen bidez ematen dira, zerga negatiboak ere erabiltzen direlarik).

- Planaren atal honen amaieran bermatutako gutxienezko errentak jasotzen dituztenentzako laguntza zerbitzuak garatzea aipatzen da, enpleguak sarri hainbat gastu eragiten baititu (garraioa, haurtzaintza, arropa edo materialak...) eta gastuok konpentsatu edo ezabatzeko, hala laneratzea benetakoa izan ahalko delarik, argi ikusi baita lehentasuna duten ildoetako bat emakumeen laneratzea hobetzea dela, horretarako emakumeen okupazio tasak gora egitea lortu behar delarik..

Bigarren ardatza: jokaera estrategikoa

Bigarren alde honek, planaren indarraldiaren barruan gauzatzeko aurreikusita dauden oso eragin desberdineko proposamen desberdinak biltzen ditu bere baitan eta hertsiki harturik, planaren beraren edukia dakar.

Beste batzuetan esan izan den bezala, ez da erraza izaten, honelako plan estrategiko hauek osotasunean gaitzat hartuta, iritziak eman edo gogoeta teknikoak egitea, planak funtsean lehentasunak politikoki definitzeko tresnak eta administrazioek errealitatearen eremu edo zati zehatz batean jokatzeko programak baitira. Balorazio teknikoak, beraz, hobeto egokitzen zaizkie planak ezarritako neurriak denboran zehar gauzatuz joateko jartzen diren tresna zehatzei.

Kasu honetan gainera, planak ekintza desberdinak nahikoa zehazki ematen ditu, xehetasunez laburturik, eta horregatik ez dirudi haien gaineko gogoeta edo argibide osagarriak egitea beharrezkoa denik.

Hori gora behera, laburpen gisa, ondorengoak aipa daitezke.

- Gizarteratzeko II, plan honek hiru jarduera eremu nagusi identifikatzen ditu eta haietako bakoitzean zenbait helburu estrategiko ezartzen ditu, haietako bakoitzean helburu eragile deitzen dienak zehazten dituelarik. Planak eragiteko helburu hauen barruan, helburua lortzeko diseinatu eta aurreikusitako ekintza zehatzak xeheki ematen ditu banan-banan.

Lehen jarduera eremua: babes sozialeko eta gizarteratzeko euskal sistemarekin berarekin zerikusia duten helburuak eta ekintzak

Eremu honekin zerikusia duten helburu estrategikoak honako hauek dira:

1. Indarrean dauden arauen markoa egokitzea

Helburu estrategiko honetarako definituriko helburu eragileak, berriz, honako hauek dira:

1.1.Sarrerak bermatzeko prestazioak guztientzat izaten joatea, gizarteratzeko eta babes sozialerako eremuak elkarrengandik bereizten direlarik. Helburu hau lortzeko aurreikusita dauden ekintzen artean, bazterketa sozialeko legea aldatzea eta garatzeko dekretu berriak egitea aipa daitezke.

1.2.Gaur egun babes sozial, gizarteratze eta laneratze prozesuak zuzentzen dituen araudia egokitzea, gaur egun indarrean dauden aginduak aldatzeko ekintzak ere barne direla.

2. Diagnostiko eta gizarteratze eta babes sozialeko politiken jarraipena egiteko sistema aldatu eta orokortzea

Helburu estrategiko honekin zerikusia duten helburu eragileak honako hauek dira:

2.1.Diagnostikorako eta banan-banako eskuartze sozialaren plangintzarako tresna informatiko eta teknikoak garatzea. Honen ondorioz, gaurko aplikazio informatikoetan eta indarrean dauden protokoloetan eragin beharko da, zerbitzu sozialei buruzko informaziorako euskal sistema garatu ahal izateko.

2.2.Sistemaren etengabeko hobekuntza sustatzea, horretarako ekintzak ebaluatuz eta sistematikoki haien jarraipena eginez eta kalitate planak aplikatuz.

3.Prestazio ekonomiko guztien kalitatean goreneko maila lortzea, premia egoeran dauden elkarbizitzako unitate guztietara heltzen direla bermatuz eta oinarrizko esku hartze osoa sustatuz

Helburu estrategiko honek hiru helburu eragile dauzka bere baitan:

3.1. Oinarrizko errenta guztientzat izaterantz aurrera egitea. Helburu honetako ekintzarik nabarmenenak elkarbizitzako unitate kontzeptua berriz definitzea, kasu batuetan (65 urte baino zaharragoen eta premia egoeran dauden pentsiodunen kasuan) oinarrizko errentaren zenbatekoa lanbide arteko gutxienezko soldataren %100aren parean jartzea, oinarrizko errenta 23 urte baino gazteagoek jaso ahal izateko salbuespen berriak ezartzea, eta guraso bakarreko familien babesa, oinarrizko errentaren osagarriak diren ordainsariak edo diru laguntzak ezarriz areagotzea.

3.2. Gizarterako errentak eta babeserako errentak helburu desberdinen arabera bereiztea. Horretarako zenbait ekintza jartzen dira, etxebizitzarako prestazio osagarria ezarriz, larrialdi sozialeko laguntzen aldi baterako laguntza izaera indartu ahal izateko eta gizarteratze hutseko prozesuak prozesu misto edo babes sozialeko prozesuetatik bereizi ahal izateko.

3.3. Hiru lurralde historikoetako sarrerak bermatzeko prestazioen sistemak harmonizatu eta bateratzea.

4. Baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonentzako prestakuntza eta enplegurako programak gehitu eta hobetzea eta pertsona hauek lan merkatura heldu eta bertan iraun dezaten sustatzea

Honekin zerikusia duten helburu eragileak honako hauek dira:

4.1. Orain arte gauzatzen izan diren bazterketa egoeran edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonentzako berariazko enplegu politikak indartu eta bultzatzea. Honek ekintza desberdinak dakartza aldean, adibidez Auzolan programaren edo laneratzeko enpresen laguntza indartzea eta minusbaliotasunaren eremuko elkarteekin eta enplegu zentro bereziekin lankidetza edukitzea, lan merkatu arruntean sartzeko laguntza programak garatzeari arreta berezia emanez.

4.2. Baztertuak izateko arriskuan dauden eta ezaugarri bereziak dituzten pertsonentzako enplegua bizkortzeko programa berriak sustatzea. Helburu honetarako ekintzek oso sakonera desberdina daukate: prestakuntza eta enplegurako funtzio anitzeko programak abiaraztea, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratze programetan irauteko aldia zabaltzea, edo, bazterketa sozial egoeran edo baztertuak izateko arriskuan dauden eta familiako kargak dituzten emakumeak laneratzen laguntzeko berariazko zerbitzuak sortzea edota haientzako laguntza edo sostengu programak bultzatzea.

4.3. "Enplegua errentagarri bihurtzeko" politikak erabaki daitezen bultzatzea. Honetarako ekintza zehatzak honako hauek dira: indarrean dagoen enplegurako pizgarrien sistema aldatuz, gutxienezko sarrerak bermatzeko prestazioak jasotzen dituzten pertsonak edo kualifikazio txikiko pertsonak lan merkatuan sartzeko pizgarriak jartzea, gizarteratze hutsezko prozesuak eta prozesu mistoak zein babes prozesuak bereiztean (bereizketa hau jarduera eremu honetako hirugarren helburu estrategikoaren ekintzatzat agertzen da), soldata txikiko langileak babesteko mekanismoak ezarriz

4.4. Bazterketa egoeran edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonentzako berariazko ekimenak garatzeko bidea ematen duten mekanismoak praktikan jartzea sustatzea.

Bigarren jarduera eremua: babes sozialerako sistema orokorretan eragitea

Sistema hauen barruan, zerbitzu sozialen sistema bera eta osasun, etxebizitza, hezkuntza eta justiziaren eremuekin zerikusia duten babes sozialeko beste sistema orokor batzuk ere badira.

Eremu honekin zerikusia duten helburu estrategikoak honako hauek dira:

1. Zerbitzu sozialen sistema publikotik gauzatzen den esku hartzea hobetu eta indartzea

Helburu estrategiko honek helburu eragile bi dauzka, honako hauek, alegia:

1.1. Euskal herritarrak zerbitzu sozialen sistema publikorako sarbidea arautzea. Honetarako planak aurreikusten duen ekintza zehatzetako bat, katalogo berri batean zerrendaturiko zerbitzuetarako sarbiderako eskubide subjektiboa aitortzen duen zerbitzu sozialen lege berria onartu eta araudien bidez garatzea da,

1.2. Gizarteratzeko euskal planak erakunde edo sailen arteko beste plan batzuekiko koherentzia eta sinergia izan ditzan sustatzea.

2. Babes sozialerako gainerako sistemetatik gauzatzen den bazterketaren kontrako esku hartze osoa hobetu eta indartzea

Helburu estrategiko honekin lotutako helburu eragileak honako hauek dira:

2.1. Osasun sistematik gauzatzen den gizarteratze gaietako esku hartzea hobetu eta indartzea.

2.2. Bazterketa sozial egoeran edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza politikak hobetu eta indartzea.

2.3. Hezkuntza zerbitzuak azterketa egoeran edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonen beharretara egoki daitezen sustatzea.

2.4. Bazterketa egoeran edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonekin justizia administraziotik gauzatzen diren jarduketak hobetu eta indartzea.

Hirugarren jarduera eremua barne eremua da eta plana kudeatu eta abiaraztearekin berariaz lotutako barne helburuei buruzkoa da.

Planak eremu hau honelaxe definitzen du berariaz: planaren kudeaketarekin eta planaren aplikazio eta eraginaren jarraipenarekin lotutako helburuak eta ekintzak.

Eremu honetan helburu estrategiko bakarra dago, hots:

1. Plana kudeatzeko tresnak hobetzea eta jarraipen eta ebaluaziorako adierazle komunak garatzea

Helburu honi, berriz, helburu eragile bi lotzen zaizkio:

1.1 II. gizarteratzeko plana, egokiro kudeatu ahal izateko beharrezkoak diren tresnez hornitzea.

1.2. Pobreziarekin eta bazterketa sozialarekin zerikusia duten faktoreek eta euren bilakaerak EAEn duten eragina aldian aldian ebaluatzea.

Ekarpenen laburpena

CCOOko txosten batzordeko kidearen gogoetak

1. Gogoeta orokorrak

II. plan honetan ere ez dira jasotzen gai honetan funtsezkoak diren bi alderdiak, hau da, larrialdi sozialerako laguntzak eskubide subjektiboa izan behar direla eta oinarrizko errenta lanbide arteko soldataren parekoa izan behar dela adinez nagusiak diren pertsona guztien kasuan.

Plan honek baditu alde positiboak: okupazioaren kalitatea bezalako arazo ezkutuak egokiro aipatzen ditu eta gizarteratzea lortzeko jarduera multzo interesgarriak iradokitzen: enplegua errentagarri bihurtzea, politika soziala eta fiskala elkarrekin bateratzea edo laneratzearen hasieran jarraipena egin edo laguntza emateko proposamena.

Baina planak sortzen dituen itxaropenei huts egiten die, jarduera proposamenik gauzatzen ez duelako, ezta haietarako aurrekonturik esleitu ere.

Ez dago elkarren erlaziorik, gastu sozialean jarriko den benetako gaitasunaren eta diagnostikoan agertzen diren premien artean. Ondorioz, inbertsioaren ahalegina ez da nahikoa izango.

2. Gogoeta bereziak

2.1. Lehen ardatza: azterketa estrategikoa

- Emakumeak laneratzeak duen lehentasunari dagokionez (2.1.1) kontuan hartu behar da emakumeak zaintza eta zerbitzu sozialak bezalako sektoreetan baztertzeko arriskua dagoela. Kalitatezko lanak eskaini beharko zaizkie.

- Orain arteko oinarrizko errentaren balantzeak (2.1.2) behar den baino eragin txikiagoa erakusten du. Oinarrizko errentaren portzentajea lanbide arteko gutxienezko soldataren %100a izatearen aldeko apustua egiten da. Eta ziurtatu behar da, prestazio hauek eskatu ahal dituztenei, haiei buruzko informazio osoa helduko zaiela.

- Oinarrizko errenta dela-eta aurkitu diren arazo eta disfuntzioei dagokienez, eta zehazkiago adierazita, lanaren behin-behinekotasunari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiaren HOBELANen agertzen direnak bezalako ekimenak kontuan hartu beharko lirateke.

- Toki erakundeetako indartzeko pertsonalari eta gizarteratzeko hitzarmenetatik datorren lan kargari dagokienez, aldi baterako kontratazioa saihestea proposatzen da, horrela lanpostu egonkorrak sortuko baitira.

- Larrialdi sozialeko laguntzei dagokienez, gero eta handiagoa den eskariari aurre egin ezinagatik laguntzetarako aurrekontua murriztu edo emateko irizpideak aldatu beharrean, laguntzok eskubide subjektiboa izatea planteatzen da, horrela gaur egun laguntza horiek ematearekin lotuta dauden arazo asko saihestuko direlarik.

- Enplegurako politika aktiboei dagokienez, enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak bazterketa sozialaren kontrako borrokan erabakigarriak direla adierazten da.

- AUZOLAN programari buruz, beharrezkotzat jotzen da haren helburuak berriz aztertzea eta haren emaitzak ebaluatzea, eskaintzen diren ·kalitate sozialeko" izeneko lan motetan defizit argia dagoela uste baitute. Gainera, horrelako programetan ezartzen den lan harremanaren kalitatearen behatzailetzat sindikatuak agertzea beharrezkoa dela iruditzen zaie. Beste alde batetik, AUZOLAN programaren aurrekontu sailak azken urteetan murriztuz doazela esaten dute, planak balorazioa egiterakoan hori kontuan hartu behar duelarik.

- Planak azaltzen dituen eskubide bikoitzaren printzipioari buruzko ideiak (2.3.1), egin nahi den politika sozialerako egiturazko ardatzak orokortzea eta bereiztea izatea, edota EBeko estatuetako politika sozialekiko konparazioak egitea, ontzat ematen dira.

- Orokortze eta bereizteari buruz (2.3.2), planak dakarrenari ondo irizten diote, baina ez datoz bat babes sozialeko sistemari egiten zaion bidegabeko kritikarekin eta CCOOtik argi utzi nahi dute haiek, pentsioen oinarria izateko, argi eta garbiro sistema publikoaren aldeko apustua egiten dutela.

- Politika sozialak bizkortu eta enplegua errentagarri bihurtzeari dagokionez (2.3.3), enpleguaren kalitatea eta gizarteratzeko gutxienezko errentak sustatzeari funtsezkoa irizten diote.

- Politika soziala eta politika fiskala elkarrenganatzeari buruz (2.3.4), plan honetan agertzen den politika fiskalerako proposamena oso interesgarria dela iruditzen zaie eta ildo horretan neurriren bat onartzearen aldeko apustua egiten dute.

- Laguntzeko zerbitzuak garatzeari buruz (2.3.5) lanean hasitakoan gastua konpentsatzeko eta jarraipena egiteko proposamena garrantzitsua dela uste dute, baina planaren bigarren ardatzean proposamen hori berariaz garatzen duen ekintzaren bat egiteko aurreikuspenik ez dagoela iruditzen zaie.

- Aurreko ereduari segida eman nahi dion planteamenduaren aurka, haiek beste apustu bat egiten dute: plan progresistagoa, berritzaileagoa, asmo handiagokoa, enplegu zerbitzuak garatzea edo politika fiskalerako eta enpleguaren kalitatea hobetzeko formulak bezalako erronka berriei eusten diena.

2.2 Bigarren ardatza: jarduera estrategikoa

- Oinarrizko errentaren zenbatekoa lanbide arteko gutxienezko soldataren %100a 13. ekintzak ezartzen dituen taldeentzat bakarrik (3.1.3.1) ez, premia egoeran dauden pertsona guztientzat izatearen aldeko apustua egiten dute.

- Haien ustez, etxebizitzarako osagarri berria (3.1.3.2) larrialdi sozialeko laguntzen subjektibotasuna ez onartzeko eredu hutsa da eta aldi berean etxebizitzarako baliabide bikoitzak gertatzen ari dira: larrialdi sozialeko laguntzen etxebizitza eta oinarrizko errentaren araberako etxebizitza. Etxebizitza bezalako arazo estruktural batek behar duen erantzuna beste bat da: berariazko arreta orokorra eman behar zaio eta ez dira izan behar momentu baterako sorospen laguntzak, hauek bazterketa sozialeko egoerak aldi baterako saihesten baitituzte, baina gizarteratze betea bermatu gabe.

- Baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak kontratatzeko erabakia hartzen duten enpresetako plantillan honelako pertsonen kopuru jakina sartzea saritzen duten "klausula sozial" (3.1.4.4) direlakoei dagokienez, Planak proposatzen duenak balio dezake, baldin eta erantzukizunezko beste klausula batzuen kaltean ez bada eta azpikontratatutako enpresen enpleguaren kalitatea sustatzen duten klausula sozialak ere jartzen baldin badira. Honezaz gainera, beharrezkoa irizten diote klausula hauek negoziatzean sindikatuek parte hartzeari.

- Gizarteratzeko plan honekin gainerako beste plan batzuek izango luketen lankidetzari dagokionez (3.2.1.2), garrantzitsua iruditzen zaie minusbaliatutako pertsonen plana ere aipatzea.

2.3. Helburuen kostuaren kalkulua

- Aurkeztutako kostuaren kalkuluek oraindik ere inbertsio ahalegin txikia dagoela erakusten dutela uste dute, eta edozertara ere, ahalegin hori ez dela nahikoa, plan honetan diagnostikatzen diren arazoak konpontzeko.

UGTko txosten batzordeko kidearen gogoetak

1. Gai orokorrak

- Haien ustez egoera ez da egokiena, zeren edozein gizarteratzeko planek ezarri behar dituen neurriak garatzeko zerbitzu sozialei buruzko legea beharrezkoa baita, gure errealitatean dugun legea zaharkituta eta aldatzeko prozesuan dagoelarik.

- Aurreikuspen neurriak, hau da, bazterketa sozialeko egoera horretan pertsona gehiago sar dadin saihestuko duten neurriak falta direla uste dute.

- Haien ustez, planaren prestaketaren norabidea ezarri behar duten helburuek, hau da, enpleguan parte hartzea sustatzeak, bazterketa arriskuak aurreikusteak, ahulenen aldeko ekintzek, edo dagozkion organismo guztiak abiarazteak eta halako helburuek, ezinbestean politika desberdinetako jarduerak bateratzea dakar aldean, baita jarriko diren neurriak arlo desberdinetan barrena hedatzea ere. Eta plana dakarren dokumentuan ez da honelakorik gertatzen. Planaren eskasiarik nabarmenena kuantifikatutako helbururik eza dela uste dute eta bazterketari buruzko adierazleak hobetu egin behar direla adierazten dute.

- Haien iritzian, ezin utzizkoa da, euskal lurralde osoan gutxienezko sorospen normalizatua bermatzeko helburua duten ekintzak ezartzea, baita enplegurako politika aktiboen eta gizarteratzeko politiken arteko koordinazio estuagoa bermatzea ere, politika hauen gunetzat ahulenak harturik. Honetarako guzti honetarako orokortasuna saihestu eta berariazko jarduera zehatzetara jo behar da. Planak, aurkezten den bezala, ez du biderik ematen neurri eta jarduera ardatzetako bakoitzari dagokion aurrekontua aztertzeko. Aurrekontu sailen norainokoa gehiago xehatu eta argitu beharko litzateke.

2. Erakunde sozialen partaidetza

- Haien ustez partaidetza hau indartu egin beharko litzateke, planaren prestaketan eta ebaluazioa eta jarraipena gauzatzeko oinarriak ipintzean parte hartu beharko luketelarik.

3. Jarduera ildoak

- Haien ustez, planak dituen esku hartzeko eta jarduteko ildo nagusiak, beste politika eta plan batzuetan agertzen diren ekintza berberak dira. Plan desberdinen arteko orientazioak eta jarduerak gurutzatzeak, bazterketa sozialaren kontrako borrokan dauden politiken berezitasuna ezabatzen du. Ahalegin eta baliabide publikoak alperrik ez barreiatzeko, haien arteko koordinazioa beharrezkoa da.

4. Helburuak eta hartzaileak orokorrak dira

- Haien iritzian, behar-beharrezkoa da pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako borrokarekin zerikusi zuzena duten ekintzak argi eta garbi identifikatzea, baita haiekin lotuta dauden aurrekontuak zehaztea ere. Beste alde batetik, planteaturiko neurriak jasoko dituztenen eremua planean zehazkiago definitzea beharrezkoa dela ere uste dute.

6. Gai zehatzak

- Koherentziarik eza dagoela irizten diote, zeren, gizarteratzeko tresna nagusia kalitatezko enplegua dela aitortzen bada ere, berarekin zerikusia duten neurriak anekdota hutsa baitira ia.

- Haien ustez, etxebizitzarako politika ardatz nagusitzat aipatzen bada ere, politika hau ez da garatzen. Etxebizitzaren gaiaren inguruko ekintzek, etxebizitza politika osotzat har litekeenaren markoaren barruan dauden irtenbide zehatzak ezarri behar dituzte, etxebizitzara heltzeko zailtasun bereziak dituzten taldeak barnean sartzeko planteamendua ere gehituz.

- Haien iritziz, beharrezkoa da orain dagoen zerbitzu sozialen sarea arrazoizkotu eta sendotzea eta han-hemenka barreiaturik dagoen araudia koordinatzeko ahalegina egitea. Uste dute zerbitzu sozialen plan osoa falta dela. Zerbitzu hauek arlo desberdinetara hedatu behar dira, adinez txikien eta menpekoen arreta ere bere baitan hartzen duen baliabide sarea finkaturik.

- Haien iritziz, oinarrizko errentaren konfigurazioak ere hiru arazo dauzka, ondorengoak, alegia: aurrekontua, 18 urtetik gorako pertsonak, salbuespenak salbuespen, errenta hori ezin jasotzea, eta oinarrizko errentari buruzko eztabaida ezin izan daitekeela bere zenbatekoari buruzkoa huts-hutsean.

6. Ondorioak

- Adierazten dutenez, orain aurkezten den plan hau lehenagokoa baino aurrerago doa; etxebizitza bezalako alderdi orokorragoetan lan egin behar dela onartzen du, orain arte egiten izan den aurrekontuzko ahalegina behar bestekoa ez dela aitortzen du, oinarrizko errenta hobetzen du eta elkarbizitzako unitateak berriz definitu behar direla planteatzen du. Hala ere, dituen eskasiengatik plana ezinbesteko porrotera doala uste dute. Gure gizarteak dituen problemetarako egokia den Zerbitzu Sozialen Lege baten babesean ehundutako plan koherente, kohesiodun osotu eta arlo desberdinetan barrena hedatzen den bat behar da.

Confebasken ordezkaria den txosten batzordearen kidearen iritzia

- Haien ustez, planak orain dela urte batzuk abiarazitako bidea sakontzen du, zenbait ekintza zuzenduz eta jadanik erabilita dauden zenbait tresna eta mekanismo hobetzen eta fintzen saiatuz edo beste berri batzuk sortuz. Confebasken ustez, bereziki positiboa da gizarteratzeko bide nagusitzat enplegua aukeratzen duen orientazioa, horrek lana pizgarriz hornitu eta mekanismo desberdinen bidez sustatzea baitakar.

- Ez datoz bat, ordea, "klausula sozial" direlakoei dagokienez aurreikusita dauden ekintzekin (36. ekintza). Adierazten dute herri administrazioek, obra edo zerbitzuetarako kontratuak egiten dituztenean, lehenik eta batez ere herritarrei prezioan eta kalitatean ahalik eta prestaziorik onena bermatu behar dietela. Haien ustez, lehentasuna izan behar duen betebehar hau larriki ukituta gera daiteke, administrazioaren kontratazioa politika egiteko bidetzat erabili nahi denean.

Sindikatuen iritzi bateratua

- Haien ustez, planean zehar kalitatezko enplegua gizarteratzeko tresna nagusia dela eta bazterketa sozialaren kontrako borrokan ere erabakigarria dela argi adierazten bada ere. sortzen dituen itxaropenei huts egiten die, bai gai honetan eta bai beste batzuetan ere, arazo hau dela-eta ez baitu ekintza proposamenik egiten, ez aurrekontu sailez hornitzen.

- Adierazten dute ez datozela bat oinarrizko errentarako planteatzen den estaldurarekin, planean ezartzen dena baino zabalagoa izan beharko lukeela uste baitute, honetarako erabiltzen dituzten irizpideak desberdinak badira ere: kasu batean, zenbatekoa lanbide arteko gutxienezko soldataren %100a izan beharko bailitzateke, talde jakinetarako ez ezik, premia egoeran dauden pertsona guztientzat ere (CCOOren iritzia); eta beste batzuetan, 18 urte baino gehiago eta 23 baino gutxiago dituzten pertsonek, salbuespenak salbuespen, oinarrizko errenta jaso ezin dezaketela dioen irizpidea aldatu behar dela uste dutelako (UGTren iritzia).

Lan Harremanen Kontseiluaren txosten batzordea 2007ko maiatzaren 10ean bildu zen eta, kontsulta jarduera garatzeko onartutako prozeduran zehar txosten teknikoa eta egindako ekarpenen laburpena aztertu ondoren, batzordeko kideek ondoren adierazten diren azken gogoetak egin zituzten:

AZKEN GOGOETAK

Confebaskek hautatutako kideak esan duenez, haren erakundeak gizarteratzeko bigarren plan honi buruz egiten duen balorazioa positiboa da. Balorazio hau, dena den, ikuspegi orokorretik egiten da, planean aurreikusita dauden ekintza zehatzen xehetasunetan sartu gabe eta, beren gogoeta partikularrak zekartzan idazkian iragartzen zuen bezala, gizarteratzeko administrazioaren kontratazioa erabiltzeari buruzko zehaztapen bat eginez, zehaztapen hori gero ere berriz aipatuko duelarik.

Haren ustez, balorazio orokor positibo honi bidea zabaltzen dioten elementuak honako hauek dira:

- Lehendabizi, ongizate maila handia duen gizarte garatu batean, pobreenen beharrei aurre egin eta gizarteratzeko politikak garatzeko baliabideak jartzea bera.

- Bigarrenez, haren ustez planak gizarteratzeko funtsezko elementu nagusitzat lana ezartzen duenean eta beraz lana errentagarri bihurtu eta sustatzeko beharra aitortzen duenean, asmatu egiten duela uste du.

- Ildo honi jarraiki, ordezkatzen duen erakundearen ustean, planak oinarrizko errenta lanbide arteko gutxienezko soldatatik hurbileko zenbateko txikiagoetan mantendu eta haren parean bakarrik 65 urte baino gehiago dauzkatenen eta lanerako ezinduta daudenen kasuan jartzen duenean, erabaki egokia hartu du. Izan ere, aipatutako parekatzea orokorra izango balitz, honek gai bi horiek kontzeptuaren ikuspegitik nahastea ekarriko luke, bi gaiak desberdinak eta helburu desberdinei aurre egiteko direlarik, eta horregatik egiten dute balorazio hau.

Azkenik, bere alegazio partikularrak adierazteko bidali zuen idazkian egiten zen zehaztapen bat egin nahi du. Desadostasun hau administrazioaren kontratazioa gizarteratzeko tresnatzat erabiltzeari dagokio. Laneratzea berariaz landu behar den helburua da, horretarako beharrezkoak diren baliabideak ezarriz. Kontratazio publikoak, berriz, herritarrentzat lortu ahal diren prezio eta kalitatezko baldintzarik onenak lortzera orientatu behar da.

CCOOk hautatutako kideak adierazte duenez, beste alde batetik, bere erakundeak planean elementu positiboak daudela onartu arren, ez du planaren balorazio positiborik egiten. Hain zuzen ere, planak formalki norabide egokiari begira badago ere, bere alderdi zehatzetan, gizarteratzeko benetako politika eragingarriak oinarritzat eduki beharko lituzkeen funtsezko gaiak argitu eta erabaki gabe uzten ditu.

- Lehendabizi, ikuspegi filosofikotik begiratuta, ados dago enpleguak bazterketaren kontrako politiketan leku nagusia izan behar duelakoan, baina enplegu horrek kalitatezkoa izan behar du, eta planak hori ahaztu egiten du. Zentzu honetan, adierazpen orokorrek ez dakarte ondorioz baliabideak eragingarriki eta behar bestean esleitzea eta beraz, lan duina bazterketaren kontrako babes elementu nagusi bihurtzen duten neurri zehatzik ere ez da jartzen.

- Bigarrenez, haren iritzian planak ez ditu era egokian erabakitzen gaur egun planteaturik dauden gai garrantzitsuenetako bi: oinarrizko errenta 18 urteetatik gorako guztien eskubidea izatera heltzea eta larrialdi sozialeko laguntzak benetako eskubide subjektibo bihurtzea.

Gizarteratzeko II plan honetan agertzen diren neurri zehatzei dagokienez, alferrikako errepikapenik ez egitearren, bere iritzia “ekarpenen laburpena” izenaz jasota dauden bere alegazio partikularretan adierazita dagoela adierazten du.

UGTk hautatutako kidea bere azterketa egiten hasi denean, plan oso eta orokorra izatea nahi den batek jartzen dituen neurriak, bazterketaren kontrako borrokarako politika multzo osoaren testuinguruan diseinatu eta sortu beharko liratekeela esan du. Haren ustean, testuinguru honen elementu nagusia ziur aski, orain prestatzen ari den zerbitzu sozialei buruzko lege berria izan beharko litzateke. Horregatik, txostena egiteko bidali den plana, momentu honetan, gizarteratzeko politiken ikuspegi orokorra baino ez da, eta ez da politika horiek guztiak bateratzeko benetako tresna izatera heltzen.

Bigarrenez, CCOOko kideak iradoki duen ildo beretik, plana norabide egokiari begira badago ere, helburu nagusiak ekintza zehatzetara eramatea lortzen ez duela irizten dio. Ados dago enpleguak bazterketaren kontrako borrokan elementu nagusiaren lekua eduki behar duelakoan, baita enplegua sozialki errentagarri bihurtu behar delakoan ere, baina hori ez da inolaz ere lortzen, enpleguari pizgarririk ez kentzeko, laguntzak lanbide arteko gutxienezko soldatetatik behera jartze hutsez. Areago, kontzeptualki oinarrizko errentaren zenbatekoaren benetako arazoa ez da lanbide arteko gutxienezko soldatarekin parekatzea, ez bada bizimodu duina bermatzeko duen benetako gaitasuna. Zentzu honetan, oinarrizko errentaren zenbatekoak nahikoa izan beharko luke bizi ahal izateko. Horixe da benetako eztabaida, bestea, hau da, lanbide arteko gutxienezko soldatarekin parekatu behar ote den ala ez, gezurrezko eztabaida da edo, behinik behik, ez dago ondo enfokaturik.

Hirugarrenez, haren ustez oinarrizko errenta 18 urteetatik gorako pertsona guztientzako prestaziotzat aitortu beharko litzateke. Ez du uste hori sozialki desegokia izango litzatekeenik. Alderantziz, ekintzaile espezializatuek oso egokitzat jotzen dute herritarrekin lotutako eskubidetzat hedatzea, eta hedatze hori gauzatzen ez bada, ez da gizarteratzeko politiken kontzepzio arazoak daudelako, ez bada batez ere aurrekontu arrazoiengatik.

Azkenik, gogoeta partikularrei eta bere erakundeak plana antolatzen deneko neurri zehatzei buruz duen iritziari dagokionez, berak ere “ekarpenen laburpena" atalean adierazita dagoela esan du, bere alegazio partikularrak funtsean atal horretan agertzen baitira.

Ondorioz, atal honetan eta txosten honen ·"ekarpenen laburpena” izeneko epigrafean agertzen diren ekarpenen kalterik gabe, behar besteko gehiengorik ez baitago, Lan Harremanen Kontseiluaren txosten batzordearen bilera, gizarteratzeko II planari buruzko guztien irizpenik eman gabe amaitu da.

Bilbo, bi mila eta zazpiko maiatzaren hamabostean