|
LHKren txostena, Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko teknikarien enpresetan eta lantokietan segurtasun-eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lanak egiteko gaikuntza- eta antolaketa-baldintzak eta prozedura arautzen dituen abenduaren 12ko 251/2006 Dekretua partzialki aldatzen duen Dekretu proiektuari buruz
Aurrekariak
Lan Harremanen Kontseilu honetan 2009ko otsailaren 9an Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoko Zuzendaritzak bidalitako txosten eskaera sartu da, 251/2006 Dekretua partzialki aldatzen duen Dekretu proiektuari buruzko txostena egiteko. Aipatutak0 251/2006 Dekretuak EAEren eremuan, Osalanen teknikariak lan arriskuen prebentziorako gaietan Lan eta Gizarte Segurantza Ikuskaritzarekiko lankidetza funtzioetarako gaitzeko bai baldintzak eta bai prozedura finkatzen ditu, 2003an eraberrituriko Lan Arriskuen Prebentzioaren Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.
Gogoeta orokorrak
251/2006 Dekretua, teknikariek prebentzio gaietan Lan Ikuskaritzarekiko lankidetza funtzioak gauzatu ahal izan ditzaten gaitzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan garatzen duen autonomia erkidegoko araua da.
Lan Arriskuaen Prebentziorako Legeak (54/2003 Legeak emandako idazkeran) posibilitate hau eman zuen. Era berean, Legearen garapena honi dagokionez bere gain hartu zuen 689/2005 Errege Dekretuak, alde batetik, gaituriko funtzionarioek bete behar zituzten gutxieneko eskakizunak ezarri zituen (59.2 artikuluan) eta, beste alde batetik, autonomia erkidego bakoitzean berariazko gaikuntza prozedura zehazteko ardura autonomia erkidegoei berei eman zien.
EAEren eremuan prozedura hau ezarri zuen dekretua, orain eraberritu nahi den 251/2006 Dekretua izan zen, hain zuzen ere. Lan Harremanen Kontseiluak garai hartan (2006ko ekainaren 8an) arau hari buruzko derrigorrezko txostena eman zuen. Aipaturiko txosten hartan adierazten zenez, Dekretu honek gaitutako funtzionarioek oro har bete behar dituzten eskakizunak (689/2006 Errege Dekretuaren 59.2 artikuluak gutxieneko baldintzatzat ezarri zituenak) bere hartan zekartzan eta gainera, beste betebeharren bat ere gehitu zuen. Eskakizun gehigarri hauen artean, gaitua izan ahal izateko, Osalanen prebentzioko funtzio teknikoak gauzatzen gutxienez bi urteko eskarmentua edukitzea eskatzen zen. Eskakizun hauxe aldatzen da oraingoan, Kontseilu honi txostena egiteko bidalitako testuaren zioen azalpenean azaltzen diren arrazoiengatik, aldatu ere.
Ikuspegi tekniko juridikotik eta egokitasunaren arabera egin daitezkeen beste balorazio batzuk ere egin daitezkeelarik, Delretu proiektu honek ez dakar inongo arazorik aldean, indarrean dagoen Dekretuak borondatez ezarritako betebehar bat kendu baino besterik egiten ez baitu.
Ekarpenen laburpena
Confebaskek hautatutako Txosten Batzordeko kidearen gogoetak
Lehendabizi, orain partzialki aldatu nahi den indarrean dagoen 251/2006 Dekretuari egindako alegazioak berriz ere errepikatzen ditu, hau da, haren ustez orduan onartzea ez zela egokia, testuak funtzionario teknikariak gaitzeko eskakizunak garatzeari ekiten baitzion, enpresetako arriskuen prebentziorako ekarpena aholkularitza, informazio eta laguntza lanak eginez indartu beharrean.
Bigarrenez, funtsean Osalanen lan arriskuen prebentzio gaietako funtzio teknikoak gauzatzen bi urteko eskarmentua edukitzeko betebeharra kentzen duen dekretu proposamen berriari dagokionez, haren ustez onartzea ez litzateke egokia izango, ondoren adierazten diren arrazoiengatik, izan ere:
- Eskarmenturik ezak gaituriko teknikariaren kalitate eta gaitasun teknikoari eragingo lioke.
- Eskarmenturik eza dela eta, gainera bere funtzioak —hau da, ikuskatzeko ahalmena eta aholku jarduera— bereizita daudelarik, enpresa inguruaren ziurgabetasuna areagotu egingo litzateke eta, honen ondorioz, lantokietan segurtasun eta osasun mailak sustatu eta hobetzeko enplegu emaile eta enplegatuen arteko lankidetza zailagoa izango litzateke.
Azkenik, haren ustez Dekretu proiektu hau hemen baino lehen Osalanen Kontseilu Nagusian aztertu behar zen.
CCOOk hautatutako kidearen gogoetak
Gogorarazi duenez, orain aldatu nahi den Dekretu proiektuari egindako alegazioetan, Osalanen giza baliabiderik ez larria dagoela esan zuen eta orain eskasia hori partxe txiki bat jarriaz konpondu nahi da. Arazoak, ordea, alderdi desberdin asko dauzka eta horregatik Dekretua osorik berrikusi beharko litzateke. Edozertara ere, alegazio haietan esandakoa berriz ere adierazi nahi du, hau da, laburbildurik, honako puntu hauek:
- Adierazten duenez, Osalan osoan giza baliabideak eta baliabide materialak gehitzeko premia larria dago.
- Gogorarazten du azken urteetan Osalanen zahartze arazoak eta enplegu publikoko eskaintza falta daudela.
- Ohartarazi du, dekretu proiektu honen aurrekaria Madrilen lan arriskuen prebentziorako arautegiari buruz lortutako akordioa dela eta akordio hori, hain zuzen ere, ikuskaritza lanetarako giza baliabiderik eza konpontzeko irtenbidetzat egin zela. Honen ondorioz, haren ustez aukeratu zen eredua ezinbestean onena ez den arren, gaitze sistema bera ontzat ematen du, baina bere ustez Kontseiluaren txostena egiteko bidali den Dekretu proiektua dela-eta, zenbait gauza zehatz aldatu beharko lirateke, hots:
- Gaitzea urte biko aldi baterako aurreikusita dago eta gaitutako funtzionarioak berak hala eskatuta berrizta daiteke. Jarraitutasun handiagoa eduki beharko luke eta horretarako gutxienez automatikoki luzatzeko sistema bat ezarri beharko litzateke.
- Gaitzeko sistema, aurreikusita dagoen bezala, gaikuntza ematen duenaren aukerakoegia da. Honen ondorioz, arautuago dagoen eta berme gehiago eskaintzen dituen beste sistema batez ordeztu beharko litzateke.
- Lanaldi eta ordutegi araubideak oro har ez luke oinarritzat malgutasuna eduki behar, ez bada egonkortasuna, egin behar diren egokitzapenak egin daitezkeela.
Azkenik, adierazi duenez, CCOOren ustez LHKk ez luke Dekretu proiektu honi buruzko txostenik egin behar, harik eta lehenago Osalanen Kontseilu Nagusian aztertu eta eztabaidatu arte.
LAB sindikatuak hautatutako kidearen gogoetak
Lehendabizi, orain aldatu nahi den 251/2006 Dekretua zela-eta egindako alegazioak berretsi nahi ditu. Izan ere, haren ustez Lan Ikuskaritzaren transferentzia osoa egin behar da, orain dagoen marko mendetasun bikoitza, hau da, autonomia erkidegoaren Administrazioarekiko mendetasun funtzionala eta Administrazio zentralarekiko mendetasun organikoa, gaindituz.
Ikuspegi honetatik, ikuskaritza propioa eskatzen da, arriskuen prebentziorako araudia betetzen dela zaindu eta kontrolatzeko funtzioak eta, araudi hori betetzen ez bada, zigor proposamena egiteko funtzioak ere benetan garatzeko behar beste baliabide dituena. Eta, beraz, gaitzetsi egiten da Dekretutik ateratzen den menpekotasunezko eredua, transferitu gabeko Lan Ikuskaritzaren mendeko lankidetza gauzatzen duten funtzionarioetan oinarrituta baitago. Era berean, haren ustez, baliabide materialak eta giza baliabideak benetan gehitu beharko lirateke, gaur dauden lan segurtasun eta osasun mailak benetan hobetzen lagundu ahal izateko.
Eta bigarrenez, Dekretu proiektu hau Osalanen Kontseilu Nagusian aztertu behar zela uste du.
Euskadiko UGTk aukeratutako kidearen gogoetak
Lehendabizi, 251/2006 Dekretua zela-eta egin zituen gogoetak berretsi nahi ditu. Gogoeta haiek honela labur daitezke:
Gaitze sistema sistemarik onena ez bada ere eta Lan Ikuskaritza guztiz transferitu eta giza baliabideak eta baliabide materialak gehitzea komenigarria delarik, lan istripuen arazoaren tamainak, momentu bakoitzean dauzkagun bitarteko guztiak erabiltzea eskatzen digu eta horregatik pertsonal teknikoa ikuskaritza eta kontrol lanetan, baita zigor lanetan ere, lankidetza emateko gaitzeko erabakiaren alde dago.
Dekretu hartan ezarritako ereduari dagokionez, bere alegazioak lau alderdiri buruzkoak dira, hots:
- Gaitzearen aldi baterako izaera (urte bi, gaitutako funtzionarioak hala eskatzen badu, beste urte batez luza daitezkeenak). Haren ustez, aukeratu den sistema hau kaltegarria zaie emandako funtzioen izaerari eta gaitutako funtzionarioaren agintaritzazko izaerari.
- Gaitzea emateko sistema. Haren ustez gaitasuna aitortzea araututa egon beharko litzateke, ematen duenaren aukerakoa izan gabe, meritu eta gaitasun irizpideak erabili beharko liratekeelarik. Luzatzeko araubideari dagokionez, luzapena, bere ustez, automatikoa izan beharko litzateke, legezko kausaren bategatik gertatutako indargabetzeetan izan ezik; honek gaitzearen aldi baterako izateak dakartzan arazoak bigunduko lituzke.
- Gaikuntza berriztatu eta eteteko sistema. Etetea materialki zigorra da eta, beraz, horretarako kausa zerrenda xehatua egon beharko litzateke eta gainera funtzionarioari beti ere aurkaratzeko aukera eman beharko litzaioke espresuki. Alegazio hau osatzeko, espresuki eskatzen da, kausarik gabeko berriztatze motibatua baimentzen duen "itxiera klausula" delakoa kentzea.
- Lanaldi eta ordutegi araubidea. Honi dagokionez, haren ustez, ez du oinarritzat malgutasuna eduki behar, egonkortasuna baizik, zerbitzuko beharren arabera egin behar diren egokitzapenak egin daitezkeelarik.
Eta bigarrenez, haren ustez Dekretu proiektu hau Osalanen Kontseilu Nagusian aztertu behar zen lehenago.
Honen ondorioz, 2009ko otsailaren 17an egindako bileran, ondorengo txostena ematea onartu da:
Txostena
Txosten Batzordeko kideek, 251/2006 Dekretua zela-eta egin zituzten banan-banako alegazioak errepikatu egiten dituzte, alegazio horiek aurreko paragrafoetan geratu direlarik, eta gainera ekarpenen laburpenari buruzko atalean agertzen diren eta berariaz Dekretu proiektu honi buruz egin dituzten banan-banako alegazioak ere gehitu egiten dituzte. Honezaz gainera, aho batez irizten diote Dekretu proiektu hau aurretiaz Osalanen Kontseilu Nagusian aztertu behar zela, nahiz eta,. eztabaida hori egin ondoren, Lan Harremanen Kontseilu honetara ere bidali behar zen, Kontseilu hau arautzen duen legeak ematen dizkion kontsulta funtzioak gauza ditzan.
Bilbon. 2009ko otsailaren 19an
|