LAN HARREMANEN KONTSEILUAREN TXOSTENA, OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN EGITURA ETA JARDUERARAKO ARAUDIA ONARTZEKO DEN DEKRETU PROIEKTUARI BURUZKOA
1. Txosten teknikoa
1.1. Arau-aurrekariak
LHKk txostena egin zain dagoen Dekretu Proiektu hau aztertzeko, eta aurreko araudiarekin alderatuta (hots, uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuarekin) bertan egin diren aldaketak agerian jartzeko, ezinbestekoa da jotzea bai azken Araudi horretan aurreikusitakora, bai eta haren ostean argitaratu izan den araudian aurreikusitakora ere, araudi berrian eragina duen neurrian.
1.1.1. 191/2002 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeko dena.
Uztailaren 30eko 191/2002 Dekretua orain LHKk txostena egin zain dagoen Dekretu Proiektuaren aurrekari legala da, eta harekiko egin diren aldaketak aztertuko ditugu.
Dekretu horrek 6 kapitulu eta bi xedapen gehigarri ditu.
Orain txostena egin zain dagoen arauak III. kapituluan (eta horren barruan lehenengo, bigarren eta hirugarren ataletan, eta batez ere bigarrenean) egiten ditu aldaketak. Horregatik, zehatzago aztertuko dugu atal hori. Baina azterketa hori gorabehera, Osalanen helburua gogoratuko dugu, 1. artikuluan arautua.
I. kapituluak, “Osalan-Laneko segurtasun eta osasunerako euskal erakundearen xedea, eginkizunak eta antolaketa” izenekoak, hau dio 1. artikuluan, “Izaera eta izena” deritzon horretan:
“Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde administratibo bat da, autonomiaduna, nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko gaitasuna duena. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita dago eta bere helburua, laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko herri agintariek ezartzen dituzten politikak kudeatzea da, laneko ingurugiroak berez dituen arriskuen iturburua errotik kendu edo gutxitu ahal izateko”.
II. kapitulua, “Kontseilu Nagusia”.
III. kapitulua, “Zuzendaritza Nagusia”, hiru azpiataletan zatitua:
- Lehenengo atalean Zuzendaritza Nagusia bera arautzen du.
- Bigarren atalean “Beste organo administratibo batzuk” arautzen ditu; horien artean hauek: Zuzendaritza Batzordea (19. art.); Zuzendariordetza Teknikoa (20. art.) Zuzendariordetza honen menpe egongo dira lurralde-zentroetako arduradunak, unitate sektorial teknikoetako arduradunak eta Higiene Analisien Laborategia; Plangintza Zuzendariordetza (21. art.); Laneko Osasun Unitatea (22. art.) Plangintza Zuzendariordetzaren menpe; eta Administrazio, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendariordetza (23. art.), honen menpe egongo dira lurralde-zentroetako arduradunak eta Administrazio Unitateko arduradunak.
- Hirugarren atalean “Organo periferikoak” arautzen ditu.
Gainera, laugarren eta bosgarren ataletan planak eta proiektuak lantzen ditu, bai eta beste erakunde batzuekiko elkarlana ere.
IV. kapitulua, “Ekintzen Lege Araubidea”.
V. kapitulua, “Osalaneko langileak”
VI. kapitulua, “Ondarea, Baliabideak, Aurrekontuak eta Kontabilitatea”.
Azken bi xedapenak hauek dira: “Enpresari eta langileei buruzko aipamenak”, eta “Zigor-espedientea hasiarazi eta izapideak egitea”.
Ondoren araudi guztiak jasotzen dira, estatu- zein erkidego-mailakoak, zuzenean zein zeharka 2002. urtetik Osalanen eskumenetan eta, kasuren batean, egitura organikoan eragina izan dutenak.
1.1.2. 54/2003 Legea, abenduaren 12koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea aldatzeko dena
Txostenerako gai den proiektuan arau horrek duen eragina dela eta, agerian jarri behar dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean egiten diren bi aldaketa:
Alde batetik, 9.2 artikuluaren aldaketa ezartzen duena: herri-administrazioetako herri-funtzionarioek, bai Estatukoek bai erkidegoetakoek, laneko arriskuen prebentzio-esparruko lan teknikoak betetzen dituztenek, ikuskaritza-betebeharretan akatsa egon dela ateratzen dutenean eta aurretik eskatutakoa ez dela bete ikusten dutenean, txosten bat egingo dutela, bertan jarritako gertaerak egiatzat hartuko direla eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari bidaliko diotela, arau-hausteko akta egin dezan hala badagokio.
Eta, beste aldetik, hamabosgarren xedapen gehigarria sartzea “Herri-funtzionarioak gaitzea”, autonomia-erkidegoetako herri-funtzionarioek, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 9.2. artikulua betetzeko, autonomia-erkidego batek emandako gaitasun berezia izango dutela.
Ikus dezagun zehatz horretaz zer esaten den moldatutako Laneko Arriskuen Prebentziorako Legearen artikuluetan.
9.2. artikuluak hau dio:
“Estatuko Administrazio Orokorrak eta Autonomia Erkidegoetakoek, bakoitzari dagokion eskumen-esparruan, behar diren neurriak ezarriko dituzte Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari adituen elkarlana eta aholku teknikoa ziurtatzeko…”.
“Administrazio Publiko horiek jarduera-planak egin eta koordinatuko dituzte, bakoitzak bere eskumen- eta lurralde-esparruetan, aholku, informazio, prestakuntza eta laguntza teknikorako ekintzen bitartez”.
“Helburu horiek betetzean aipatutako laneko arriskuen prebentziorako gaietan lan teknikoa beteko duten administrazioetako funtzionario publikoek… enpresa eta lantokietan segurtasun eta osasunaren gaineko aholkua eman, informatu eta konprobatzeko zereginak bete ahal izango dituzte, artikulu honetako 3. atalean zehaztutako neurriraino…”.
3. atalak hau dio:
“Konprobazio-… jardueretatik hutsegitea egin dela ateratzen bada, eta aurretik eskatutakoa bete ez bada, jardunean ari den funtzionarioak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari txostena bidaliko dio, hala badagokio, arau-hausteko akta egin dezan…”.
Eta bosgarren xedapen gehigarriak hau dio:
“Lege honen 9. artikuluaren 2. atalean ezarritako funtzioak bete ahal izateko, autonomia-erkidegoetako funtzionario publikoek gaikuntza berezia izango dute, bere Autonomia Erkidegoak emana, arau bidez ezarritako moduan”.
“Edozein kasutan, funtzionario horiek A edo B titulazio-taldeetakoak izango dira, eta laneko arriskuen prebentziorako prestakuntza berezia dutela erakutsi beharko dute”.
1.1.3. 689/2005 Errege Dekretua, ekainaren 10ekoa, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren antolaketa eta jarduerari buruzko Araudia aldatzen duena, otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretuak onartua, eta Gizarte Arloko Arau-hausteengatik Zehapenak Ezartzeari buruzko eta Gizarte Segurantzako kuoten espediente likidatzaileari buruzko Prozeduraren Araudi Orokorra, maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuak onartua, laneko arriskuen prebentziorako gaitutako teknikarien jarduera arautzeko.
Errege Dekretu horrek bi araudiri buruzko bi arau aldatzen ditu, laneko arriskuen prebentziorako teknikarien jarduera arautzeko. Honetara egiten du hori:
Alde batetik, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren antolaketa eta jarduera araudiari IV. puntu bat gehitzen dio, “Laneko arriskuen prebentziorako zeregin teknikoak betetzen dituzten funtzionario publikoen elkarlanaz Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin, azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 9. artikuluaren 2. eta 3. atalek ezarritako eginkizunak betetzeko”.
Eta bestetik, VIII. kapitulua gehitzen da Gizarte Arloko Arau-hausteengatik Zehapenak Ezartzeari buruzko eta Gizarte Segurantzako kuoten espediente likidatzaileari buruzko Prozeduraren Araudi Orokorrari, maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuak onartua.
1.1.4. 251/2006 DEKRETUA, abenduaren 12koa, Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko teknikariek enpresetan eta lantokietan segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lanak egiteko gaikuntza- eta antolaketa-baldintzak eta prozedura arautzen dituena.
Dekretu honen helburu nagusia da gaikuntzarako baldintzak eta prozedurak arautzea, abenduaren 12ko 54/2003 Legeak Laneko Arriskuen Prebentziorako Legeari egindako aldaketan aurreikusitako moduan, Osalanek gaitutako teknikariei ezartzeko. Artikulu batzuen bitartez ikusiko dugu:
1. artikuluak, zeinak “Xedea” ezartzen baitu, honela dio:
“Dekretu honek abenduaren 12ko 54/2003 Legeak aldatu zuen azaroaren 8ko 31/1995 Legeko aurreikuspenak arautzen eta garatzen ditu, baita ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretukoak ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean aritzeari dagozkionak, laneko arriskuen prebentzioaren arloan eginkizun teknikoak burutzen dituzten funtzionarioen gaikuntza eta horretarako baldintzak eta araubidea antolatzeko zereginen inguruko alderdietan”.
2.2. artikuluan dio:
“Enpresetan eta lantokietan segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lanetan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin batera jardutea, horixe izango da OSALAN, LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAN gaitzen diren funtzionarioen zeregina”.
2.4. artikuluak dio:
“Lankidetza-lan horretan, gaitutako teknikari funtzionarioek antzemandako gabeziak zuzentzeko eskatu ahal izango diote enpresaburuari, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuko aurreikuspenekin bat etorriz”.
3. artikuluan, 2. eta 3. ataletan zera esaten da:
“Dagokion gaikuntza eskuratu duten funtzionarioek egingo dituzte segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lanak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparru osoko enpresetan eta lantokietan”.
“Gaitutako teknikariek laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko eta aholkularitza eta laguntza teknikoa, informazioa eta prestakuntza eskaintzeko lanak ere egin ditzakete, laneko arriskuen prebentzioko teknikari gisa hala baitagozkie”.
1.1.5. 17/2008 DEKRETUA, urtarrilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritzaren Erregelamendua onartzeko dena.
Dekretu honen bidez EAErako Ikuskaritza propioa sortzen da, eta haren funtzioak zehatz eta agerian jasotzen dira txosten zain dagoen Dekretu Proiektuan. Hala ere, esan behar da ikuskaritza propioa dela, baina mugatuta dagoela bi aldetatik:
- Alde batetik, jarduera-esparruari dagokionez; izan ere, administrazio publikoetara, kooperatibetara eta meategi, harrobi eta tuneletara mugatuta dago.
- Alde batetik, jarduera-esparruari dagokionez; izan ere, administrazio publikoetara, kooperatibetara eta meategi, harrobi eta tuneletara mugatuta dago.
Ikus ditzagun arau honen artikulu aipagarri batzuk:
I. kapitulua “Euskal Autonomia Erkidegoko laneko segurtasun eta osasunerako ikuskaritza-sistema, haren funtzioak eta eremua”.
1. artikuluan, “Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritza Sistemaren definizioa eta xedea” izenekoan, hau dio:
1. “Euskal Administrazio Publikoen, Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiben, meategien, harrobien eta tunelen esparruan laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak behar bezala betetzen laguntzen duten legezko printzipioen, arauen, organoen, baliabide materialen eta giza baliabideen multzoak osatzen du Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritza Sistema”.
2. “Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritza Sistema zerbitzu publiko bat da, eta aurreko paragrafoan deskribatutako eremuetan laneko arriskuen prebentzioaren alorreko arauak betetzen ote diren zaintzea dagokio. Era berean, bidezko diren erantzukizunak eskatzea, aholkularitza-lanak betetzea eta, hala dagokionean, alor horretan arbitraje, bitartekaritza eta adiskidetze lanak betetzea dagokio”.
2. artikuluan, “Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio
Orokorraren langileak” izenekoan, hau dio:
“Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak bere zereginak behar bezala burutzeko beharrezkoak dituen langile teknikoak eta laguntza administratiboa eskainiko dizkio Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritzari”.
7. artikuluan esaten da ikuskatzaileon egitekoa, ohartarazi, errekerimendua egin, eta abarrez gainera, 4. atalean adierazitako hau ere izango dela:
“Zehapen-prozedura hastea, laneko arriskuen prebentzioaren alorrean araudia ez-betetzeagatik eta ikuskatze-lana oztopatzeagatik arau-hauste aktak eginez, kooperatiben eta meategien, harrobien eta tunelen eremuan zehapenak jartzeko eta Euskal Administrazio Publikoen eremuan neurri zuzentzaileak ezartzeko”.
II. kapitulua, “Laneko segurtasun eta osasunerako ikuskaritza sistemaren antolaketa”.
15.1., artikuluan, “Printzipio orokorrak”, zera dio:
“Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritza Osalanen Zuzendariordetza Teknikoaren barruan dago”.
Geroago txosten zain dagoen Dekretu Proiektuan ikusiko dugunez, Zuzendariordetza Teknikoa Operazio Zuzendariordetza izango da aurrerantzean, eta haren ardurapean egongo da Ikuskaritza.
1.2. Dekretu Proiektua, LHKk txostena egingo diona, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen egitura eta jarduerarako araudia onartzeko dena
1.2.1 Dekretu honek antolaketa berria ezartzen du, Osalanen egitura funtzionala aldatzen duena
Aldaketa hori egiten da, neurri batean, aztertu berri ditugun aldaketak Osalanen egitura organikoan txertatu eta hartara egokitzeko, eta aldaketa honela justifikatzen da, Dekretuak berak azaldutako arrazoietan:
- Erakundearen barruko egitura exekutiboa arau bidezko eskari berrietara egokitzeko premiagatik, besteak beste abenduaren 12ko 54/2003 Legeak, laneko arriskuen prebentziorako araudi-markoa berritzen duenak, teknikari gaitua sartu duelako.
- Dekretu hauek erakundearen antolakuntza-araudian sartzea: 17/2008 Dekretua, urtarrilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritzaren Erregelamendua onartzeko dena, eta administrazio publiko, kooperatiba eta meategi, harrobi eta tunelen esparruko zigortze-prozedurak egokitzeko Dekretuak.
- Ikerketa- eta behatoki-arloak bultzatzea, Zuzendariordetza eta Batzorde propioak eta Sistema Informatikoen Batzordea sortuta.
1.2.2 Txosten zain dagoen Dekretuan aurretik dagoen legearekin alderatuta egindako aldaketak; hau da, 191/2002 DEKRETUArekin (uztailaren 30ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeko dena) alderatuta.
Hona hemen uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuarekin alderatuta Dekretu Proiektu honek egindako aldaketak, arestian 2.1. puntuan aipatutako hiru ataletan esandakoan oinarritzen direnak:
1.2.2.1 III. kapitulua, 1. atala “Zuzendaritza Nagusia”
17. artikulua, “Eginkizunak”. h) atal berria gehitu da, “Osalanen plan estrategikoa egitea eta, urteroko kudeaketa planak burutu eta exekutatuz, planaren ezartzea kontrolatzea”. Eginkizun hori aurreko araudian jasota zegoen 21.1 b) artikuluan, Plangintza Zuzendariordetzaren eginkizun gisa.
1.2.2.2 III.kKapitulua, 2. atala “Beste Organo Administratibo batzuk”.
18. artikulua. “Egitura”. Aurreko egitura aldatu egiten da.
“Zuzendariordetza Teknikoari” beste izen bat ematen zaio, “Operazio Zuzendariordetza”, beste zenbait betekizunekin.
Ikerketa eta Behatoki Zuzendariordetza sortzen da.
Administrazio, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendariordetzak bere horretan jarraituko du.
Eta Lan Osasuneko Unitatea, Plangintza Zuzendariordetzaren menpe barik, hori desagertu egiten baita, Zuzendaritza Nagusiaren menpe geratzen da.
19. artikulua. “Batzordeak”. Bi batzorde berri sortzen dira:
Sistema Informatikoen Batzordeak zuzendari nagusia izango du presidente, batzorde aholkularia izango da, eta Osalanen sistema informatikoen beharrak identifikatu eta lehenetsiko ditu, eta horrez gainera, erakundearen Sistemen Plana egingo du, eta Behatokiak eskatzen duen informazioari erantzungo dio.
Ikerketa eta Behatoki Batzordeak, zuzendari nagusia buru duenak eta aholkularia izango denak, arriskuen mapa egiteko plangintza eta ikuskaritza beteko ditu, EAEn laneko segurtasun eta osasun esparruetan erreferentzia izateko, eta laneko segurtasun eta osasun esparruetan ikerketa-proiektuak garatzeko. Haren eginkizunak arriskuen mapa egiteko jarraibideak ezartzea izango dute xede.
20. artikulua. “Operazio Zuzendariordetza”.
20.1. artikuluak bi atal berri ditu; tekniko gaituek eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Ikuskaritza berriko ikuskatzaileek zer eginkizun izango dituzten jasotzen du, txosten honetan jada aztertutako araudi berrian aurreikusitako eskumenen arabera. Atal berri biok hauek dira:
"n) Enpresetan segurtasun- eta osasun-baldintzak zein baldintza materialak egiaztatzeko funtzioak egitea programatutako jardueretan”.
Gure ustez, atal honetan, itxura den moduan, teknikari gaituek bete behar dituzten eginkizunak jaso nahi badira, egokia izango zen haiek babesten dituen araua eta egozten zaizkien eginkizunak aipatzea. Hau da, abenduaren 12ko 251/2006 Dekretua, abenduaren 21eko 54/2003 Legearekin lotura duen aldetik, eta ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretua.
"ñ) Ikuskaritza propio, Herri Administrazio, Kooperatiba, Meatze, Harrobi eta Tunelen esparruan, indarrean dagoen araudiak agindutako ikuskaritza-eginkizunak betetzea, programa eta kontrol orokor nahiz sektorekakoen bitartez, eta horrez gain aholkularitza- eta, beharko balitz, bitartekaritza- eta arbitraje-eginkizunak ere betez”.
20.2 artikuluak, bere aldetik, Operazio Zuzendariordetzaren mende zein egongo diren ezartzen du:
“Zuzendariordetza honen menpe egongo dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Laneko Arriskuen Prebentziorako Arduradunak, eta administrazio publikoen, kooperatiben eta meategi, harrobi eta tunelen Ikuskaritzaren Arduraduna”.
Aipatu berri dugun mendetasunaz, esan behar da aurreko araudiko III. kapituluko 2. atala osorik kendu dela; hau da, 24. art. (“Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Zentroak”), 25. art. (“Lurralde Zentroko arduradunak”) eta 26. art. (“Unitate Sektorialak”).
LHKk txostena egiteko zain dagoen Dekretu Proiektuan atal hori osorik kendu da, bai lurralde-zentroetako arduradunak bai zentroak berak desagertu egiten direlako eta egituratzat jotzen direlako. Horren arrazoia da ikusi dela ez dela eraginkorra zentro eta zuzendariordetzek osatzen duten egitura bikoitza, zuzendariordetzak, neurri batean, edukirik gabe uzten dituztelako. Egindako aldaketarekin, egitura osoa Operazio Zuzendariordetzaren menpe geratzen da orain.
Hala ere, Dekretu Proiektuan 1., 2. eta 4. atalei eutsi egin zaienez, logikoago ikusten dugu Dekretu Proiektuaren 4. atala aurrerantzean 3. atala izatea.
21. artikulua: Ikerketa eta Behatokia Zuzendariordetza arautzen du -ex novo-. Eginkizunak 1. artikuluan azaltzen ditu 7 ataletan. 2. atalean dio: “Zuzendariordetza honen mende egongo dira Laborategi, Prestakuntza, Ikerketa Proiektuen plangintza eta kudeaketa eta Behatokiaren Unitateak”.
22. artikulua: Lan Osasuneko Unitatea arautzen du, aurreko araudian ere bazegoena. Aurreko araudiaren aldean, berria da orain Zuzendaritza Nagusiaren mende jartzea, eta ez lehenago bezala Plangintza Zuzendaritzaren mende.
23. artikulua: Administrazio, Antolaketa eta Giza Eskubideen Zuzendariordetza.
Haren eginkizunak orain 21 ataletan arautzen dira, aurrekoan 9 baino ez baziren ere, eta oso ezberdin emanda daude.
Hori hala da, alde batetik, eginkizunak banatzeko beste dekretu-egitura batzuen eginkizun-banaketarekin egokiago eta homologableago izateko eta, bestetik, orain zuzendariordetza honetan dauden unitate berriei dagozkien egitekoak gehitzeko.
Horrez gain, artikulu horretan esaten da Zuzendariordetza horren mende egongo direla: Administrazio eta Giza Baliabideen Unitateak, Lege-aholkularitza, Sistema Informatikoak eta Kalitatea.
2. Azken gogoetak
Batzordeko kide guztiek egoki jotzen dute arau-proiektu honen txostena egitea LAN HARREMANEN KONTSEILUAN, ordezkatzen dituzten erakundeek lehenago ere Osalanen Kontseilu Nagusian beren oharrak egiteko aukera izan arren.
Horrela, Txosten Batzordean CCOO, UGT eta Confebask ordezkatzen dituzten kideek oniritzia eman zioten txosten zain dagoen Dekretu Proiektuari, Osalaneko Kontseilu Nagusian arau-proiektu horrekin egin zuten moduan.
Bestalde, Txosten Batzordean LAB ordezkatzen duen kideak berriz ere gai batzuk gogoratu ditu, Osalaneko Kontseilu Nagusian ere aurkeztutakoak:
- Dekretu Proiektuaren 7. artikuluan (Kontseilu Nagusiaren “Eginkizunak” izenekoan), b) eta c) ataletan, “Informatzea…” bakarrik ere, “Informatzea eta onartzea…” eginkizunak jarri beharko lituzke.
- Dekretu Proiektuaren 17. artikuluan (Zuzendaritza Nagusiaren “Eginkizunak”), g) atalean, “Osalaneko programak betetzeko, Kontseilu Nagusiari nahitaez irizpena eskatuta, hitzarmenak eta akordioak izenpetzea…” barik “Osalaneko programak betetzeko, Kontseilu Nagusiari nahitaez irizpen loteslea eskatuta, hitzarmenak eta akordioak izenpetzea…” jarri beharko luke.
Bilbon, 2008ko azaroaren 5ean

|