Aurrekariak:
2009ko urtarrilaren 13an, Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzaren bitartez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak agindu proiektu bat helarazi du Lan Harremanen Kontseilu honetara, langileek 2009ko martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartu eta dagozkien ordainsariak jaso ditzaten arauak ematen dituena.
Agindu proiektuaren testua Lan Harremanen Kontseiluko Txosten Batzordeko kideei helarazi zaie, eta 2009ko urtarrilaren 14an egindako bileran eztabaidatu da.
Proiektuaren testuari buruzko iritziak
Txostenaren gaia dugun Agindu proiektuaren testuak errepikatu egiten du, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, helburu berberarekin lehenago emandako beste arau batzuen edukia.
Honen aurreko proiektuen harira ere Lan Harremanen Kontseiluak eman izan ditu kasuan kasuko txostenak, eta bertan, sindikatu eta enpresaburu erakundeek izendatutako Txosten Batzordeko kideen iritziak jasotzen ziren.
Ikusirik gaur egungo arauaren testuaren eta haren aurretik izan zirenen arteko berdintasuna, LHKko Txosten Batzordeak, gai honen inguruan txosten horietan esaten zuena errepikatu nahi du oraingoan ere.
Horrenbestez, 2009ko urtarrilaren 14an egindako bileran onartu da jarraian ematen dugun
Txostena
Kontseiluko kideek beren adostasuna adierazten dute, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Agindu proiektuaren testuarekin, alegia, langileek 2009ko martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartu eta dagozkien ordainsariak jaso ditzaten arauak ematen dituenarekin, honako puntu honetan izan ezik: enpresaburuen erakundeak izendatutako kideen iritzian, ordaindutako baimena bakarrik aitortu behar litzaieke langileei beren lan jarduna eta hauteskunde kolegioen irekitze ordutegia lau ordu edo gehiagotan bat datozenean.
Bilbo, bi mila eta bederatziko urtarrilaren hamalauan.
|