Lan Harremanen Kontseiluaren txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009 urterako lan jaien egutegi ofiziala onartzeko Dekretu proiektuari buruz
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, Azterlan eta Araubide Juridiko Zuzendaritzaren bidez, Lan Harremanen Kontseilu honetara, Euskal Autonomia Erkidegoko lan jaien 2009 urterako egutegia onartzeko den dekretu proiektua bidali du.
Gogoeta orokorrak
Dekretu proiektu honek Euskal Autonomia Erkidegoko 2009 urterako lan jaiak 2001/1983 Erret Dekretuak ezartzen dituen jarraibideen markoaren barruan erabaki ditu.
Aipaturiko Erret Dekretuak Estatuaren eremurako lan jaiak ezartzen ditu. Haietako batzuk autonomia erkidegoek ezin dituzte aldatu. Beste batzuk, berriz, mugitu ahal dira eta dagokion autonomia erkidegoak tradizioz bereak dituen beste jai batzuez ordeztu.
2001/1983 Erret Dekretuak autonomia erkidegoei ematen dien beren kabuz erabakitzeko ahalmen hori, honako modu zehatz honetara gauzatzen da:
a) Martxoaren 19 edo uztailaren 25eko jaien artean aukeratzeko ahalmena.
b) Erret Dekretuaren 45. artikuluko lehen zenbakiko d) atalean adierazten diren jaiak (Ostegun Santua, urtarrilaren 6ko Jaunaren Epifania eta martxoaren 19ko San José edo uztailaren 25eko Santiago Apostolua), tradizioz autonomia erkidegoek bereak dituzten beste batzuez ordeztu ahal izatea.
c) Igandean suertatzen diren jai nazionalen asteleheneko atsedena, autonomia erkidegoak tradiziozkoak dituen beste batzuk bere jaien zerrendan gehituz ordeztu ahal izatea.
Gogoeta bereziak
Parametro hauekin bat etorriz, Lan Harremanen Kontseiluak txostena egiteko bidalitako dekretu proiektuan, ondoren zehazten diren erabakiak hartzen dira:
- Azaroaren 1eko Santu Guztien jaia eta abenduaren 6ko Espainiako Konstituzioaren eguna igandeak direnez, jai hauei dagokien atsedena haien ondoren datorren lehen astelehenera eraman behar da. Halaber, autonomia erkidegoek beren eskumenak erabiliz, jai hauen atsedenaren ordez jai zerrendan tradiziozkoak dituzten beste batzuk ezarri ahal dituzte. Eta dekretu proiektu honek horixe egiten du: alde batetik apirilaren 13ko Pizkunde Pazkoko Astelehena jaitzat ezarri eta beste batetik bai martxoaren 19ko San Jose eta bai uztailaren 25eko Santiago apostoluaren egunak, biak jaitzat hartuz, haietako bat bakarrik ospatzeko beharrik gabe.
2008ko otsailaren 27an Lan Harremanen Kontseiluaren Txosten Batzordea bildu zen,2009ko lan egutegia onartzeko dekretu proiektua berariaz aztertzeko.
Bilera horretan zehar, CCOO, LAB, UGT eta Confebaskek izendatutako kideek, ondorengoa adierazi zuten::
CCOOk izendatutako Txosten Batzordeko kideak, adierazi du, dekretua eta txosten teknikoa ikusi ondoren, hari buruzko alegaziorik ez egitea erabaki dutela.
LABek izendatutako kideak ondorengoa adierazi du: aurreko urteetan adierazitakoaren ildo berean, LAB sindikatua ez dator bat urriaren 12an den Espainiako jai nazionala lan egutegiko jaitzat ezartzearekin. Era berean, data horrek dituen konnotazioengatik (eta konnotazio guztiak negatiboak dira) oso langile multzo zabalean eta, jakina, LABen afiliatuen oinarrian ere bai, gaitzespena eragiten duela adierazi du. Honezaz gainera, LABek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, espainiar Estatuaren inposaketei lotuta ez dagoen berezko lan egutegia egin dezala eskatzen diola ere esan du.
UGTk izendaturiko kideak, egutegiaren eraketa zuzenbidearen araberakoa dela ohartuta, 2009rako EAEko lan jaien egutegi ofiziala onartzen duen dekretu proiektuaren testuarekin bat datorrela adierazi nahi du.
Confebaskek izendaturiko kideak, adierazi du dekretuan martxoaren 19a (San Jose) eta apirilaren 13a (Pazko Astelehena) jaitzat proposatzen direla, igandean suertatzen diren jai nazionalen asteleheneko atsedena, EAEko jaien zerrendan EAEk tradiziozkoak dituen beste jai batzuk gehituz ordezteko ahalmena erabiliz. Zehazkiago adierazita, azaroaren 2ko astelehena eta abenduaren 7ko astelehena ordezten dira. Baina, Pazko Astelehenaz inolako oztoporik ez badago ere, 2009ko martxoaren 19a osteguna da eta, beraz, ordezkapen hori lanaren ikuspegitik desegokia da. Honen ondorioz, martxoaren 19aren ordez, jaitzat abenduaren 7a, astelehena, jar dadila proposatzen dute, egun hau, gainera, jai nazional biren artean dagoenez gero; hau hala ez bada, azaroaren 2az ordeztea proposatzen dute.
Bilbo, 2008ko martxoaren 3a
|