CRL-LHK
  INFORMES REALIZADOS POR EL CONSEJO
Volver a Actividad consultiva
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena. Registro de Empresas Acreditadas en el Sector de la Construcción/Eraikuntzako Enpresa Bermatuen Erregistroa (REASC/EEBE) Euskadin sortzen duen eta bere funtzionamendua araupetzen duen Dekretu-proiektuari buruzkoa
 

Lan Harremanen Kontseiluaren txostena. Registro de Empresas Acreditadas en el Sector de la Construcción/Eraikuntzako Enpresa Bermatuen Erregistroa (REASC/EEBE) Euskadin sortzen duen eta bere funtzionamendua araupetzen duen Dekretu-proiektuari buruzkoa

Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Lan Harremanen Kontseilu honi, Azterlan eta Araubide Juridikoko bere Zuzendaritzaren bitartez, Registro de Empresas Acreditadas en el Sector de la Construcción/Eraikuntzako Enpresa Bermatuen Erregistroa araupetzen duen dekretuaren proiektua igorri dio, erakunde honek txosten egokia eman dezan.

1. Txosten teknikoa

Dekretu honen oinarria


Dekretu honen edukiak erantzuten dio eraikuntzako sektorean azpikontratazioa araupetzen duen urriaren 18ko 32/2006 Legearen 6. artikuluan jasotako aurreikuspenari. Aurreikuspen hau Enpresa Bermatuen Erregistroa sortzea da, eskudun Lan Agintaritzaren mende enpresaren egoitza soziala dagoen lurraldearen arabera, berau kontratista edo azpikontratista den alde batera utzita.

Lege honek azpikontratazioa araupetzen du eraikuntzaren sektorean, eta berau egiten du sektore hau gure herriko hazkunde ekonomikoaren ardatzetako bat izanik, arrisku bereziak dituelako eta laneko istripu-tasa oso nabarmena duelako, bai bere kopuruagatik bai bere larritasunagatik.

Eraikuntzaren sektorean, azpikontrataziora jotzea ohikoa bada ere, agerian gelditu da azpikontratazioko gehiegizko kateak egoteak, ez gutxitan, antolaketako gutxieneko egiturarik ez duten enpresek parte hartzea eragiten duela. Eta honek ez du bermatzen langileen osasuna eta segurtasuna babesteko bete betebeharrei aurre egiteko baldintzetan daudenik.

Arrazoi horrengatik, egon daitezkeen arrisku hauen aurrean, lege honek hainbat berme ezartzen ditu ekoizpeneko antolaketa honetan kontrolik ezak langileen segurtasun eta osasunerako arriskuko egoera objektiboak eragin ditzan saihesteko asmoz. Berme horietako bat da sektore honetan esku hartu behar duten enpresei antolaketa funtzionaleko eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko hainbat eskakizun exijitzea, bai eta erantzukizun jakin batzuk bere egiteko ere. Horretarako, baina, beharrezkoa da enpresa bermatuen erregistro batean inskribatuta egotea.

Dekretuaren edukia finkatzeko erreferentziako araudia

Aurretik aipatutako legea garatzen duen abuztuaren 24ko 1.109/2007 Errege Dekretuak, bere II. kapituluan, kontratista eta azpikontratisten inskripzioa zein erregistroei buruzko arau orokorrak araupetzen ditu. Eta artikulu horretara igortzen du orain txostena jaso behar duen dekretu-proiektuaren 3. artikuluak “Erregistroaren Funtzionamendua”.

Aipatutako II. kapituluak autonomiako lan agintarien mendeko enpresa bermatuen erregistroen funtzionamenduko erregimena araupetzen du. Bertan adierazten da erregistroen xedea dela herritarrek inskribatutako enpresen identifikazioko datuetara jo ahal dezaten baimentzea eta egindako inskripzioei dagozkien ziurtagiriak ematea. Halaber, enpresa kontratistek eta azpikontratistek erregistroan inskribatu behar dutela, inskripzioa hiru urtean behin berritu behar dutela eta Erregistroan sartu eta irauteko aurreikusitako baldintzak betetzeari uztean inskripzioa indargabetzeko eskatu behar dutela ere dio. Horrela egin ezean, lan Agintaritzak inskripzio hori ofizioz indargabetu ahal dezake. Azkenik, gaineratzen du betebehar hauek burutzeko administrazioko prozedurak egituratuta daudela. Hauetan izapideen bizkortasuna eta sinplifikazioa lehenesten dira, segurtasun juridikoa lagundu eta trafiko ekonomikoa errazteko helburu bikoitzaz.

Bere 1. eranskinean enpresek aipatutako Erregistroaren aurrean aurkeztu beharreko deklarazioko ereduak ere ezartzen ditu.

Eta, bere Hirugarren Xedapen Gehigarrian, ereduak autonomia erkidegoetako beharrizan espezifikoetara eta hizkuntza ofizialetara egokitzea aurreikusten du.

Dekretuaren oinarrizko helburua

LHKren txostena orain jaso behar duen dekretuaren proiektuak, auto antolaketarako eskubidea erabilita, batetik, legez ezarritako eskumenen esleipena egiten du eta, bestetik, espezifikotasunetara egokitzea bilatzen du, egun Euskal Autonomia Erkidegoak hartzen duen lurraldeko berezko hizkuntza koofiziala barne.

Dekretuaren edukia

Dekretuko proiektuaren testuak lau artikulu, bi xedapen gehigarri eta bi azken xedapen ditu.

Dekretuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Registro de Empresas Acreditadas en el Sector de la Construcción/Eraikuntzako Enpresa Bermatuen Erregistroaren sorrera, antolaketa eta funtzionamendua araupetzea, berau urriaren 18ko 32/2006 Legearen 6. artikuluan aurreikusita dago.

Erregistro horren izaera administratibo eta zerbitzu publikotzat egituratuta dago hiritarrentzat, bai eta horretara jotzeko interesa duten erakunde publiko edo pribatuetarako ere.

Erregistroa abuztuaren 24ko 1.109/2007 Errege Dekretuaren II. kapituluan xedatutakoaren arabera eraenduko da. Eta eskudun Lan Agintaritzat hartuko dugu enpresa kontratista edo azpikontratistaren egoitza soziala dagoen lurralde historikoari dagokion Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren lurraldeko ordezkaria. Zehazten da Erregistroaren funtzionamendua eta kudeaketa informatikako sistema baten bidez egingo direla.

Errege Dekretuaren II. kapituluan araupetutakoaren artean, arreta berezia merezi du bere 4. artikuluan xedatutakoak. Izan ere, honetan eskabidearen edukia eta erantsitako deklarazio batena finkatzen dira. Azken honetan Erregistroan inskribatuta egon behar diren enpresen garantiak jasota daude. Horrela, enpresa bakoitzaren identifikazioko datuak eskatzeaz gainera, enpresariak edo bere legezko ordezkariak sinatutako deklarazioa ere eskatzen da, kontu hauei buruzkoa:

  • Urriaren 18ko 3272006 Legearen 4. artikuluaren 1 eta 2 a) ataletan aurreikusitako eskakizunak betetzea: berezko ekoizpeneko antolaketa edukitzea, beharrezko baliabide materialak eta giza materialak edukitzea eta kontratatutako jarduera garatzeko erabiltzea, enpresako jardueraren garapenaren berezko betebeharrak eta erantzukizunak, antolaketa eta zuzendaritzako ahalmenak zuzenean burutzea bere langileek obran garatutako lanaren gainean eta, langile autonomoei dagokienez, lana berezko autonomia eta erantzukizunaz egitea eta kontratatu dituen enpresaren antolaketa eta zuzendaritzako eremutik kanpo

Halaber, honakoen egiaztagiriak eranstea ere eskatzen da:

  • Enpresak Laneko Arriskuetan Aurreneurriak Hartzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legera egokitutako prebentzioko antolaketa duela.
  • Eta giza baliabideak dituela, bere zuzendaritza eta ekoizpeneko mailan, laneko arriskuen prebentzioan beharrezko prestakuntza dituztenak.

Gainerakoan, bere egitura eta antolaketari dagokienez, erregistro bakarra balitz bezala egituratzen da, Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzaren mende eta honetara atxikita, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkaritzetan deskontzentrazioak egitea alde batera utzi gabe. Enpresek eskabideak ordezkaritza hauetako bakoitzean izapidetuko dituzte bere egoitza soziala non dagoen begiratuta. Eta, era berean, ordezkaritza hauek ere eskudunak dira inskripzioko espedienteak ebazteko, datuen aldaketa jakinarazteko, inskripzioak berritu eta ezeztatzeko, bai eta beharrezko ziurtagiriak emateko ere.

Lehen Xedapen Gehigarriak, berriz, adierazten du dekretuaren eranskinean, ele bitan editatzeko, Erregistroaren aurreko enpresako deklarazioaren ereduak, publiko egiten direla. Eta Bigarren Xedapen Gehigarriak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Egitura Organiko eta Funtzionala ezartzen duen urriaren 18ko 315/2005 dekretuaren aldaketa ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten Eraikuntzako Sektoreko Enpresa Bermatuen Erregistroa errentan eramatea jasotzearren.


Lehen Azken Xedapenak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuari ahalmena ematen dio dekretua burutzeko eta bere arauak garatzeko. Eta bigarrenak xedatzen du dekretua indarrean sartuko dela 2008. urteko maiatzaren 15ean.

2. Ekarpenen laburpena

Laburpen honetan Txostenen Batzordeko kideek egindako ekarpen guztiak sartu ditugu, hiru taldetan, abuztuaren 24ko 1.109/2007 Errege Dekretuaren edukiarekin duten loturaren arabera:

  • Garapena.
  • Aldaketa.
  • Materia berriak sartzea.

Euskadiko CCOO sindikatuak izendatutako Batzordeko kidearen iritzia

Adierazi du Eusko Jaurlaritzak dekretuko proiektu honetan 1.109/2007 Errege Dekretua hobetu eta osatzeko aukera galdu duela, eta bere iritziz hobe daitezkeen hainbat alderdi daudela.

Garapenaren kontuak:

  • Ziurtagiriak nola igorri behar dituzten islatu beharko litzatekeela.
  • Erregistroan sartzeko aurreikusitako eskakizunak betetzeari uzten dioten eta enpresak jakinarazten ez duenean Lan Agintaritzak ofizioz egin beharreko jarduketa nola izan behar den islatu beharko litzatekeela.
  • Erregistroko datuetara etengabe jotzeko aukera ahalbidetu beharko litzateke, horretarako egokia izango litzateke publizitate eta etengabeko sarbideko sistema finkatzea.
  • Beste erregistro batzuetara jotzeko aukera argitu beharko litzateke. Halaber, gure lurraldeetan erregistratutako datuak emateko modua ere zehaztu beharko litzateke. Honetarako enpresa alta eginda dagoen lurraldearen kodea eskuratzerik egon beharko litzateke.

Aldatzearen kontua:

  • Eraikuntzako enpresetako giza baliabideek duten errotazio-indize handia dela kausa, erregistroan inskripzioa berritzeko Estatuko arauan aurreikusitako hiru urteko epea murriztu beharko litzateke.

Materia berriak sartzearen kontuak:

  • Giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez eskatutako egiaztagiriekin lotuta, indarreko langileen kontratuak eta azkeneko bi urteetakoak eskatu beharko lituzkete.
  • Enpresak eduki litzakeen Administrazioko zehapenei buruzko informazioa jaso beharko litzateke eta, batez ere, lantokiko segurtasun eta osasun arloko lan legeriari ez betetzeari buruzkoak; edo inskripzioaren momentuan enpresari errekerimendua egin dioten.

Euskadiko UGTk izendatutako Batzordeko kidearen iritzia

Adierazi du dekretuko proiektuak akats handiak dituela, eta bere edukian araupetuta ageri ez diren elementu batzuk aipatu ditu.

Garapenaren kontuak:

  • Dekretuak berak aurkeztu beharreko agiriak eta eskatu beharreko datuak zehazten dituen erregistroko prozedura jaso beharko lukeela. Halaber, inskripzioko prozedura, bere ondorioak eta aipatutako inskripzioa ezeztatzeko aukera ere ezarri beharko lirateke.

Materia berriak sartzearen kontuak:

  • Beharrezkotzat jotzen dute enpresek prebentzioko ordezkarien izendapen-aktak eta laneko osasun eta segurtasuneko batzordeak abiaraztearen egiaztapena aurkez ditzatela.

Confebaskek izendatutako Batzordeko kidearen iritzia

Adierazi du dekretuko proiektua instrumentala baino ez dela, bertan sortutako erregistroaren erregulazio substantiboa estatuko araudian modu xehatuan ezartzen baita.

Garapenaren kontuak:

  • Erregistratutako datu guztien gainean erabateko iragazkortasun eta interkomunikazioa egotea (babestuak izan ezik), aipatutako enpresa horren erregistroa gertatu den autonomiako erkidegoa edozein dela ere.

Materia berriak sartzearen kontuak:

  • Azpikontratazioko Liburuaren habilitazioa gestio telematiko bidez ere egin ahal izatea desiragarria izango litzatekeela.

3. Azkeneko gogoetak

Txostenen Batzordea bilduta eta Euskadin Eraikuntzako Sektoreko Enpresa Bermatuen Erregistroa sortzen duen dekretuko proiektuarekin lotutako kontu garrantzitsuenei buruzko eztabaida irekita, lehenik eta behin, ohartarazten da kontsiderazio partikularretan egindako proposamenetako batzuek txostena jaso duen testua ateratzen den oinarrizko araudiaren aldaketa posiblea ekar dezaketela. Horrek, lan arloko eskumenen banaketari buruzko arauak ikusita, esan nahiko luke ezen, burutzeko eskumen baten babespean, izaera arauemailea duten eta arau egokia eman duen agintaritzaren eskumenetatik kanpo dauden alderdiak aldatzeko eskatzea ekarriko luke. Arrazoi horrengatik, CC.OO. eta UGT sindikatuek izendatutako Txostenen Batzordeko kideek azaldutako kontuak, legegintzako eskumena erabiltzea badakarte, ezin izango lirateke autonomiako arau bidez sartu, izatekotan, lege-maila duen estatuko arau bidez edo honen garapen exekutiboa egiteko emandako araudiaren bidez baizik.

Confebask elkarteak izendatutako kideak, berriz, horri dagokionez, uste du kontu horiek ez lituzketela eztabaidatu behar izapide zehatz honetan, izan ere, alderdien kontsiderazioak araua prestatu duen agintaritzaren eskumen-eremuarekin bat etorri behar direlako. Horregatik, aholku-txostena eskatu du.

CC.OO. eta UGT sindikatuek izendatutako Txostenen Batzordeko kideek, berriz, oraingo eskumen-esparru honetan kontu horiek dekretuko proiektu honen eremua gainditzen dutela aitortuta ere, bere alegazio partikularrak erreproduzitutzat eman dituzte eta espresuki berretsi nahi dute erregistroaren erregulazio substantiboa dagokionak osatu eta aldatu behar duela, funtsean inskripzioaren indarraldi formala bi urtetara laburtzeko; argitaratu beharreko informazioaren artean erregistratutako enpresei laneko segurtasun eta osasun arloan jarritako zehapenak sartzeko eta, aurkeztu beharreko agirien artean, berriz, erregistratutako enpresek dituzten giza baliabideen eta baliabide materialen erreferentzia, honen barruan, gainera, azkeneko bi urteotako lan-kontratuak ere jaso beharko lirateke.

Halaber, enpresaren prebentzioko antolaketari buruzko aipamenen artean, prebentzioko ordezkariak izendatzeko aktak aurkeztea ere exijitu beharko litzateke, bai eta legez aurreikusitako organo paritarioak eratzeko aktak ere. Izan ere, bere ustez, kontu hauek, zentzu zabalean, prebentzio arloko enpresako antolaketaren parte dira.


Aurretiko azalpena hau emanda eta horrela eztabaida-eremua mugatuta, Txostenen Batzordeko kideek, lehenik, ohartarazi dute arauak ez dituela zehazten erregistroa kudeatzeko beharrezko baliabide eta bitartekoak, proiektuak ez baitu memoria ekonomikorik. Bestaldetik eta bere edukiari dagokionez, erregistroa sortu eta hizkuntzako egokitzapen egokiak baino ez ditu egiten Estatuko Errege Dekretuaren eranskinean jasotako ereduekin lotuta, honako hauei erreferentziarik egin gabe: erregistroko prozedurari buruzko kontu guztiei (inskripzioko fasean zein ezeztatzekoan), enpresa eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriei edo erregistroetan jasota dauden datuen sarbideari, iragazkortasunari eta interkomunikazioari. Zentzu horretan, uste dute ezen, kontu hauek 1.109/2007 Errege Dekretuan araupetuta badaude ere, EAEk dituen burutzapen eta autoantolaketako ahalmenak erabilita Euskadin erregistroa sortzen duen araudira eramateak argitasuna ekarriko luke eta izapideak ezagutzen lagunduko luke Estatuko araua espresuki kontsultatzeko beharrik gabe.


Azkenik, LAB sindikatuak izendatutako Txostenen Batzordeko kideak adierazi du dekretuko proiektu hau Estatuko lege eta araudi baten deribatu instrumental hutsa dela, eta horien edukiaren aurka dagoela. Ondorioz, esan du ez duela alegaziorik egin izapide egokian eta momentu honetan ere ez duela kontsideraziorik egin behar aipatutako proiektuaren gainean.

Bilbo, 2008. urteko maiatzak 19