|
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena, lan merkatuaren prospekziorako laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren Agindu proiektuari buruz.
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, Azterlan eta Araubide Juridiko Zuzendaritzaren bidez, Lan Harremanen Kontseilu honetara lan merkatuaren prospekziorako laguntzak arautzen dituen Agindu proiektua bidali du, organismo honek hari buruzko txostena egin dezan.
Aurrekariak
Erakundeen arteko 2003-2006 Enplegu Planean dagoeneko, Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzua arautzean, Lanbide osatzen zuten zerbitzuak ezartzen ziren eta haien artean Prospekzio Zerbitzua aipatzen zen. Zerbitzu honen helburua Lanbideri, Euskal Enplegu Zerbitzuari, informazio kuantitatibo eta kualitatiboa bilduz eta aztertuz, enpresetan dauden giza baliabideen egoera eta behar izanei buruzko informazio aholkularitza ematea zen.
Beste alde batetik, 2007-2010 Enplegu Planak, Lanbideren finkapena aipatzen duenean adierazten duenez, aurreko planean definituriko Prospekzio Zerbitzua ezartzea lagungarria izango da enpresek Lanbide ezagutzeko, Lanbidek prestakuntza behar berriak aurretiaz sumatu eta kudeatzeko eta EAEko lan merkatuko lanpostu hutsak orain eta gero ahalik eta ondoen beteko direla bermatu ahal izateko.
Honekin guztiarekin batera, enplegu politiketarako tresnei buruzko 4. atalean, 4.7 puntuan halako tresnatzat lan merkatuaren prospekzioa aipatzen du, hari buruz ondorengo hau esaten duelarik:
“Prospekzioa lan merkatua aztertzeko prozedura, metodologia eta sistemen multzoa da, enpresen ehundura eta beste gizarte eragile batzuekiko etengabeko lankidetzan eta elkarrizketan gauzatzen dira eta aukera ematen dute epe labur eta ertainean enpresetan dauden giza baliabide behar kualitatibo eta kuantitatiboei buruzko aurreikuspenak egin ahal izateko eta, azken batean, enplegu politiketatik behar hauek asetzeko jarduketak egin ahal izateko".
Esandakoaren arabera, prospekzioa enplegu politiketarako tresnatzat hartzen dituen aurrekaririk bada, baina haatik, EAEn ez da orain artean izan lan merkatuaren prospekziorako laguntzak ezartzeko agindurik, konparatzeko elementutzat balio dezakeenik.
Agindua eta dakarren zioen azalpena
Agindu proiektu honek bere zioen azalpenean lan merkatuaren prospekzioa aipatzen du,, 2007-2010 Planari erreferentzia eginez, enplegu politiketarako tresnatzat hartzen baitu, planak berak aurreratzen zuen definizio berbera ematen duelarik.
Adierazten duenez, lan merkatuaren prospekzioa eginez, lan merkatua bera hobeto ezagutuko da, produkzio ehunduraren eskaintza eta eskaria hobeto egokituko dira, prestakuntzaren errealitatea lanik gabe dauden pertsonek behar dutenari hobeto egokituko zaio eta lan merkatuaren portaera eta egoera ezagutzeko bidea ematen duten informazio jarioak bermatu egingo dira.
Horretarako, ondorengo helburu eta ezaugarriak ezartzen ditu:
- Helburu orokorra: Euskadiko lan merkatuaren egoera, funtzionamendua eta joerak ezagutzea, bai lurralde eremuen arabera eta bai sektore eta pertsona taldeen arabera sailkaturik, ezagutu ere, enplegu politikei buruzko gaietako gogoeta estrategikoa egiteko lagungarri izango den informazioa eman ahal izateko.
- Berariazko helburuak: lortu nahi den informazioari buruzko zehaztapen teknikoak jartzen dituztenak.
- Zerbitzuaren ezaugarriak: malgutasuna, lurraldekotasuna, informatizazioa eta automatizazioa, kolektiboei begira, erabakiak hartzeko lagungarria eta lan politiken eragingarritasunari begira egotea.
Honetarako guzti honetarako, Agindu proiektu honek, entitateen eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren arteko lankidetzarako mekanismoak ezartzen ditu, urtero-urtero Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak prestatzen duen berariazko planaren barruan lan merkatuaren prospekzio ekintzak egin daitezen, eta prospekzio ekintza hauek burutzeko emango diren laguntzak ere arautzen ditu.
Aginduaren helburua
Agindu hau, batez ere, ondoren zehazten diren kausengatik egin da:
1. 2003-2006 eta 2007-2010 enplegu planek esaten zutenez, lan merkatuaren prospekzio lana egiteko beharra betetzeko. Prospekzio lan horren helburua, lan merkatuari buruzko informazio osatu eta eguneratua ematea da eta, aldi berean, enplegu politikak proposatu eta dinamikoki formulatzean, erabakiak hartzeko laguntza eta aurrerapen bidea ere bada.
Lan hori aurrera eramateko, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak urtero prospekzio plana egingo duela aurreikusten da, plan honen helburu orokorretatik berariazko helburuak dituen plan eragile bat edo gehiago aterako direlarik.
Plan eragile bakoitzaren barruan, aztertzeko enpresa edo entitateak hautatuko dira eta prospekzio ekintzak burutzeko epea ezarri.
2. Eusko Jaurlaritzak informazio homogeneoa eskura eduki dezan. Horretarako, ondorengo bitartekoak ezartzen dira:
- Koordinazioa prospekzio hori burutzeko moduari dagokionez, Sailak bere baliabideak erabiliz Lanbideren bulegoen bidez burutzen dituen ekintzak, entitate onuradunen jardueraz osaturik.
- Prospekzio datuak biltzeko moduaren homogeneotasuna. Horretarako, aurreikusten diren laguntzak hartu ahal izateko erabili behar den prozedura orokorra ezartzen da.
3. Analisiak prospekzio unitateen arabera taldekatzeagatik. Laguntzetarako deialdian aztertuko diren enpresa edo entitateak prospekzio unitateetan taldekatuko dira eta unitate hauexek izango dira dirulaguntza eskaeraren objektua. Taldeak egiteko irizpideak honako hauek dira: enpresak kokaturik dauden udalerrien hurbiltasun geografikoa, bazterturik edo bazterturik egoteko arriskuan dauden kolektiboetan egotea edota enpresa jarduera sektore batekoak izatea.
4. Entitate onuradunak zehazteko:
“4.1 artikulua: Toki garapenerako agentziak, Behargintza direlakoak, mankomunitateak edo koadrilak eta udalak”.
“4.2 artikulua: Gizartetik baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboei lanerako zerbitzuak ematen dizkieten entitateak, prospekzio ekintza eragiten duen plan eragilearen helburua, baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboekin lotuta dagoenerako, edo baita enpresaburuen cluster direlakoak, ere, sektorea sartuta dagoen enpresa jarduerako sektorearekin zerikusia daukateneko ekintzetarako.
Horrekin batera, 2,3 artikuluan adierazten denez, Sailaren azterketa jarduerarako interesgarritzat jotzen denean, prospekzio lanak egiten ibilbide sendo eta erabilgarria duten unibertsitate, lanbide heziketako zentro eta bestelako irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuekin ere lankidetzarako sistemak ere ezarri ahalko dira. Entitate hauek, berriz, ez dira 4. artikuluan agertzen eta, beraz, prospekzio ekintzak egiten dituztenean aplikatu beharreko araubidea zein izango den zehaztu gabe geratzen da.
5. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.
Aginduaren egitura
Agindu proiektu honek 17 artikulu ditu. Lehendabiziko bostek oinarrizko gaiak aztertzen dituzte eta gainerako hamabiek, berriz, administrazio prozedurari buruzko gaiak aipatzen dituzte. Badu, gainera, gehigarrizko xedapen bat, Egailan, S.A. entitate lankidetzat izendatzen duena; eta, azkenik, lau azken xedapen dauzka:
- Lehenak eskumena ematen dio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, Agindua gauzatu eta garatzeko behar diren xedapenak erabakitzeko.
- Bigarrenak eskumena ematen dio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, Aginduan xedatutako dirulaguntzen zenbatekoa eguneratzeko.
- Hirugarrenak Aginduaren kontrako administrazio arloko errekurtsoa jartzeko aukera aitortzen du.
- Eta azkena den laugarrenak Agindua indarrean hasiko den eguna iragartzen du.
Agindu proiektuaren ezaugarri nagusiak
1. Prospekzio jarduera enplegu politika aktiboetako guneko elementu bihurtzen da eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak homogeneotasun irizpideez koordinaturik burutzen da.
2. Agindu proiektuak, plan eragileetan barruko prospekzio unitateak zehazteko oinarrizko irizpideak identifikatzen ditu:
- Eremu geografikoa.
- Jarduera sektoreak
- Gizartetik baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboak.
Irizpide orokor hauen barruan erabakitzeko marjina zabala dago eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak plan eragileak zehaztean ontzat ematen dituen lehentasunei egokituko zaie.
3. Prospekzio unitateei buruzko irizpideak entitate onuradunekin loturik daude. Izan ere, baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboei lan zerbitzuak eskaintzen dizkieten entitateak kolektibo hauexekin esplizituki loturik daude, baita enpresaburuen cluster-ak jarduera sektoreekin ere.
4. Diruz lagundutako jardueraren baldintza materialak ezarririk daude;
- Fitxa tekniko bakoitzeko prezio bakarra.
- Urteko fitxa kopurua, lanaldi osorako kontratatutako pertsona bakoitzeko.
- Dirulaguntzaren helburua.
Ekarpenen sintesia
Txosten Batzordeko kideek 2008ko apirilaren 16an Kontseiluko zerbitzuei, lan merkatuaren prospekziorako laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren Agindu proiektuari buruzko euren gogoetak bidali zizkieten.
Sindikatuen iritzia
CCOOren ordezkaria den Txosten Batzordeko kideak ondorengoa adierazten du:
- Prospekzio ekintzak gauzatzeko entitateentzako laguntzak arautu baino lehen, prospekzio zerbitzua bera arautu beharko litzateke.
- Lan merkatuaren prospekzioa bezalako gai batean, galdetegi bat bete eta mekanizatzea baino ez da aipatzen eta gomendagarriagoa izango litzateke metodo kualitatiboak erabiltzea, honek behar den pertsonal teknikariaren ezaugarriak zehazkiago jartzea eskatzen duelarik.
- Euskal Estatistika Erakundearen aholkularitza eta lankidetza erabili beharko lirateke, bai galdetegia diseinatzerakoan, bai laginketarako eta datuak jasotzeko metodologiarako eta bai datuen analisi estatistikoan bertan ere.
- Jaurlaritzaren beste sail batzuekiko koordinazioa aurreikusi beharko litzateke, helburuak eta informazio iturriak definitzeko.
- Prospekzioa enplegu politiketarako funtsezko tresna iraunkorra baldin bada, arrazoizkoa dirudi, prospekzioa burutzeko baliabide publiko iraunkorrak ezartzea eta, gainera, hori ez egiteak, toki administrazioetan aldi baterako pertsonalaren kontrataziorako pizgarriak jartzen egoteko arriskua dakar.
UGTren ordezkaria den Txosten Batzordeko kideak ondorengoa adierazten du:
- Agindu proiektu hau, gizarte eragileekin adostu ez den enplegu gaietako arau markoaren garapeneko beste urrats bat da.
- Bai laguntza hauek eta bai enplegu politikari dagozkion gai guztiak, enplegu gaietarako hiru alderdiko euskal kontseilu paritario ad hoc baten barruan arautu beharko lirateke.
- Prospekzioa enplegu zerbitzu publikoak bakarrik burutzen duen politika izan beharko litzateke.
- Prospekzioa, eskariaren ikuspegitik ez ezik, eskaintzarenetik ere ikusi behar da.
- Entitate onuraduntzat ez lirateke zirriborroan agertzen diren entitateak bakarrik sartu behar, Eusko Jaurlaritzari enplegu gaietan lankidetza ematen izan dioten entitateak ere sartu beharko liratekeelarik. Haien ustez gizarte eragileak entitate lankidetzat ez hartzea hutsegitea da.
- Dirulaguntzaren zenbatekoa urriegia izan daiteke, prospekzioa burutuko duen erakundeak lan horretara pertsona bat horrexetara dedikaturik jarriko baldin badu.
Enpresaburuen iritzia
Confebasken ordezkaria den Txosten Batzordeko kideak, ondorengoa adierazten du:
- Haien ustez, ekoizpen sistemaren eskakizunak zeintzuk diren eta izango diren sakonki ezagutu nahi bada, prospekzio sistema ezartzea funtsezko elementua da, behar diren ezaugarriak dituzten profesionalak eduki ahal izateko. Testuinguru horretan, positibotzat jotzen dituzte Sailaren ekimena eta txosten gai den Agindua.
- Proposaturiko dirulaguntzen araubidearen berariazko araudiak, egokitasun zalantza batzuk eragiten dizkie:
- Haien ustez, komenigarria da Aginduaren 2. artikuluak espresuki aurreikustea, urteko prospekzio plana eta honi dagozkion plan eragileak diseinatzerakoan, enpresaburuen partaidetza izango dela.
- Ez dute egokitzat jotzen entitate onuradunak bakarrik Aginduaren 4.1 artikuluan agertzen direnak izan ahal izatea, muga hori jartzeak diskriminaziozko ondoreak baitakartza eta, gainera, ez baita zerbitzuaren kalitatearen aldeko gertatzen.
- Ez datoz bat, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazten denean, prospekzio jarduera gauzatuko duten pertsonen gutxienezko soldata baldintzak ezartzearekin, 5. artikulutik ateratzen denez, ezarpen hori negoziazio kolektiboari eta kontratuzko hitzarmenari baitagokie.
- Haien ustez neurriz kanpokoa da, dirulaguntza jaso ahal izateko, prospekzio lana egingo duten guztiek euskaraz derrigorrez egokiro egin ahal izatea, eskakizun hori lurralde bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatu beharko litzatekeelarik.
- Baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboei buruz 3.2 eta 4.2 artikuluetan aurreikusten dena ez da ulertzen.
Azken gogoetak
Agindu proiektuaren balorazio orokorra, jatorritzat duen enplegu Planarekin alderatuta
Agindu proiektu hau 2007-2010 enplegu Planean oinarrituta dago, zehazkiago adierazita, Planak prospekzio gaietan egiten dituen aurreikuspenak gauzatzeko egina delarik. Enplegu Plan hori dela-eta, Lan Harremanen Kontseiluak txosten bat onetsi zuen, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari 2007ko uztailaren 12an bidali ziona, eta bertan Kontseiluko kideek gai horri buruz zituzten iritziak jaso ziren.
Testuinguru orokorrago honen markoan, LABek izendatutako Txosten Batzordearen kideak, lehendabizi Agindu proiektu hau oro har gaitzesten duela adierazi du, jatorritzat duen enplegu Plana ere aurretiaz gaitzesteak ezinbestean zekarren ondoriotzat.
Txosten Batzordeko gainerako kideek ere, zentzu berean adierazi dute, euren alegazioetan jaso diren eta txosten honen sintesi atalera eraman diren gogoetak –eta orain egin ditzaketen gogoetak ere berdin—, ez direla inolaz ere interpretatu behar, enplegu Planaren zeharkako onespentzat. Ondorioz, prospekzioaz oro har eta Agindu proiektu honen alderdi jakinez egiten dituzten adierazpenak, enplegu Planari egiten dizkioten kritiken markoan interpretatu eta baloratu behar dira, Planaren edukiari buruz LHKren aurreko txostenean adierazi zuten gaitzespenaren kalterik gabe.
Lan merkatuaren prospekzioari buruzko gogoeta orokorrak
Prospekzio jarduera beharrezkoa da eta enplegu politikei lotu-lotuta dago; ondorioz, enplegu politiken barruan egiturazko elementua izan behar du.
Txostena egiteko bidali den Agindu proiektuak, ordea, ez du egiturazko izaera hori aintzat hartu, prospekzio jarduera arautzerakoan ekin. Aginduak bere burua dirulaguntzetarako tresnatzat hartzen du, urte bakoitzeko aurrekontu erabilgarrien araberakoa da eta haren bidez baliabide publikoak kanpoko entitateei ematen zaizkie, prospekzio lanak egin ditzaten. Gainera, honetan guztian prospekzio jarduera egiturazko elementutzat sartu beharko litzatekeen markoaren aurretiazko diseinu orokorra falta da.
Lehen –eta funtsezko— eskasia honek prospekzio jardueraren oinarrizko alderdi batzuk orain baloratzea galarazten digu, nahiz eta gizarte eragileek haren definizioan zeregin garrantzitsua eduki beharko luketen. Alderdi horiek oinarrizko erabakiei dagozkie: prospekziorako barne zerbitzu bat sortzea, hala egiten bada, jarduera horretarako behar diren giza baliabide eta baliabide materialak, Administrazioan bertan laguntza eta lankidetzarako barne sareak sortzea, kanpo entitate lankideentzako espazioa zehaztea, aplikatu beharreko metodologien definizioa, etab. Gai hauek direla-eta, Txosten Batzordeko kideek euren alegazioetan egin dituzten eta laburbildurik txosten honen beste atal batean jasota dauden euren gogoetak gogorarazi nahi dituzte.
Aginduaren alderdi zehatzak
Lehenagoko argibideak eginda eta haien kalterik gabe, Txosten Batzordeko kideek Agindu proiektu honen alderdi zehatz batzuk ondoren jasotzen den moduan baloratu dituzte:
1. Ohartarazi da dagoeneko ez dagoela prospekzio jardueraren egiturazko diseinurik eta honenbestez gizarte eragileek ez dutela parterik hartu diseinu horretan. Bada, Aginduak erakusten duenez, aipatutako gizarte eragileak bazter utzita geratzen dira, bai prospekzioaren helburu orokorrak eratzen dituen urteroko planen eta bai aldi bakoitzaren barruko helburuak zehazten dituzten plan eragileen definiziotik ere. Badirudi batzuk eta besteak Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza ez beste inoren ardura direla.
2. Bazterturik edo bazterturik egoteko arriskuan dauden kolektiboei zuzendutako plan eragileetan argitasun falta sumatzen da, aztertu beharreko unitateak sortzerakoan aplikatzeko irizpideei dagokienez. Hirugarren aukera honetan, lurralde eta sektore irizpideetan ez bezala, Aginduak ez du argitzen enpresak nolakoak izango liratekeen, horrelako kolektiboei lana ematen dieten berariazko enpresak ala edozein motatako enpresak, alegia. Halaber, honelako plan eragileetan diruz lagundu ahal diren entitateak ere ez ditu behar bezain zehazki definitzen, "baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboei lan zerbitzuak eskaintzea" adierazpena orokorregi eta zehaztu gabeegia baita.
3. Aginduaren egituran, diruz lagun daitezkeen eta prospekzio jarduera gauzatzeko ardura duten entitateak, alde batetik, prospekzio unitate bakoitzaren arabera definitzen dira, eta beste batetik modu itxi eta baztergarrian eratzen dira. Horrela, plan eragile bakoitzari onuradun entitate mota bakarra dagokio. Puntu honetan Txosten Batzordeko kideek iritzi desberdinak dituzte: batzuek, prospekzio lana gauzatzeko ardura diruz lagun daitezkeen beste entitate batzuek (gizarte eragileek, enpresaburu elkarteek, enpresa espezializatuek etab.) eduki dezaketen eredu irekiagoa defenditzen dute. Beste bazterrean LABek izendatutako batzordekideak adierazitako iritzia, dago, hau da, enpresaburu elkarteak eta enpresak ez direla sartu behar prospekzio lanak egiteagatik diruz lagun daitezkeen entitateen multzoan.
4. Azkenik, dirulaguntzaren zenbateko eta helburuari dagokienez, Agindu proiektuak biak finkatzen baititu aurretiaz, diruz lagundutako entitateen pertsonalaren ordainsariak kasuan kasuko araudiaren arabera ezarri beharko badira ere, Confebaskek izendatutako batzordekideen ustez, portzentaje bat derrigorrez Gizarte Segurantzako enpresaburu kostuak eta langileen ordainsariak finantzatzeko ezartzeak, zeharbidez soldata arautzea ekar lezake eta horregatik Aginduaren alderdi zehatz hori espresuki gaitzesten dute.
Bilbo, 2008ko maiatzaren 5ean
|