Lan Harremanen Kontseiluaren txostena, 2008. urteko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuaren Aginduaren proiektuari buruzkoa. Beraren bidez, langileek enpresetan parte hartzeko laguntzak ezartzen dira
1. Txosten teknikoa
A) Aurrekariak
Antzeko edukia zuten aginduko proiektuei buruzko aurreko urteetako txosten teknikoetan adierazi bezala, langileek enpresetan parte hartzeko laguntzak ezartzeko ekimena ez da berria, indarraldiko zortzi urte dituen programa baita.
Hau hirugarren aldia da ezaugarri hauetako arau bat Lan Harremanen Kontseiluaren txostenera igortzen dena. Berau igortzearen justifikazioa da ezen, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak bultzatutako eta kudeatutako xedapena bada ere, bere aurreikuspenak, garrantzi ezberdinarekin bada ere, enpresa guztiei aplikatzen zaizkie.
2007. urteko uztailaren 23ko EHAAn Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2007. urteko uztailaren 4ko agindua argitaratu zen. Beraren bidez, laguntzak ezarri zituzten langileek enpresetan parte hartzeko. Horri dagokionez, Lan Harremanen Kontseiluak txosten egokia eman zuen. Horri AA (aurretiko agindua) esango diogu.
Orain jakinarazi behar dugun aginduko proiektu berriari AP esango diogu.
B) Proiektu honek aurretiko arauarekin lotuta planteatzen dituen aldaketak
Aginduko proiektu honetan langileek parte hartzeko modu ezberdinak hainbat ataletan banatu ditugu, segun eta aipatutako partaidetza hori ekonomia sozialeko enpresetan gertatzen den edo ez.
Era berean, 100 lagun arteko ekonomia sozialeko enpresentzat, enpresaren erantzukizun soziala (EES) ebaluatzeko metodologia espezifikoa ezartzeko laguntza berritasun gisa sartu da.
APak, Europako Batzordearen Liburu Berdeak egin bezala kontzeptu hori definitu ondoren, eta EESak bi esparru ezberdin hartzen dituela adierazi ondoren -bata barrukoa bere langileei dagokiena, hauen artean APak bazkide langileak hartzen dituelarik, eta beste bat kanpokoa, bezeroei eta ingurune sozialari dagokiena-, aipatzen du barruko esparrua, lanaren kalitatearekin lotuta dagoena, ezin hobeto sartzen dela pertsonalak enpresetan parte hartzeko laguntza hauen bitartez. Eta gaineratzen du ekonomia sozialaren oinarrizko printzipioek asko dutela emateko EESaren gai honetan, besteak beste eta nolabaiteko garrantzia dutelarik, pertsonen lehentasuna, kontrol demokratikoa bazkideen aldetik, erantzukizuna, berdintasuna, elkartasuna eta gardentasuna, ekonomia eta etorkizun iraunkorrei atxikita daudenak.
Halaber, aipatzen du ekonomia sozialaren ingurunean hainbat ekimen daudela iraunkortasuneko memoria-gidaliburuei buruz eta, ekimenen heterogeneotasun horren aurrean, beharrezkotzat jotzen dutela ekonomia sozialeko enpresek dagokion elkartearen balidazioa edukitzea, EES neurtzen duten tresna espezifikoak ezartzeko.
Jarraian, hainbat irismeneko aldaketak azaldu ditugu. Honela banatuta daude: AParen II. Kapitulua, III. Kapitulua, IV. Kapitulua eta amaierako xedapenak.
B.1. II. kapitulua langileek ekonomia sozialekoak ez diren enpresetan parte hartzeari buruzkoa da
B.1.1. Diruz lagun daitezkeen jarduerak (AParen 2. artikulua)
AParen 2.1 artikuluan aurreko aginduetan baino zehatzago zehazten da partaidetza instituzionalaz ulertzen dutena: “Eragile ekonomikoak eta sozialak sentsibilizatzeko jarduerak egitea, funtsean, erabakitzeko organoetan langileen partaidetza instituzionala sustatzera zuzenduta daudenak, horrelakotzat administrazioko kontseilua edo eginkizun berberak burutzen dituen organoa hartuta…”.
Diruz lagun daitezkeen jarduerak zehazteari dagokionez, horietako bi AAren berdinak dira. Laburbilduz: sentsibilizatzeko eta parte-hartzeko eredua zabaltzeko kanpainak eta parte-hartzearen kultura sustatzea, hala ere, bi jarduera hauei dagokienez, AParen arabera, dagokion elkarte ordezkatzaileak ekintzaren egokitasuna berretsi behar du, sentsibilizazioa zuzenduta dagoen eragile ekonomiko eta sozialen arabera. Eta hirugarrena AAren 2 c) artikuluan jasotakoa, "Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren iritziz deialdi honen xedean bilatutako helburuak lortzea ekar dezakeen beste edozein", Aginduko proiektuan kendu da.
AParen 2.2 artikuluak besteren konturako langileen partaidetza instituzionaleko plana batera egin eta ezartzeaz aipatzen du. Ildo beretik, zehazten du horrek enpresaren organo erabakitzaile nagusietan parte hartzea ahalbidetu behar diela. Ondoren, gaineratzen du partaidetza instituzionaleko planak ere administrazioko kontseiluaren eta langileen arteko informazio eta komunikazioko sistemen diseinua eta ezarpena jaso ditzakeela.
Aipatutako artikuluak langileak plantilla osoarekin identifikatzen ditu, besteren konturako zuzendaritza edo kudeatzailetzako langileak izan ezik.
2.3 artikulua, enpresan akzioak harpidetzearen ondorioz sortutako gastuei buruzkoa, AAren 2.4aren berdina da.
2.4 artikuluak, akzioak edo partaidetzak harpidetzeari buruzkoak, AAren 2.5 artikuluan jasotakoaren antzeko diruz lagun daitekeen jarduera jasotzen du, baina AP honetan zehazten da harpidetza honakoetan egin daitekeela:
- Lan-harremanaren enpresan.
- Eta langileek horretarako sortutako sozietate instrumentalean. Bere xede bakarra izan behar da langileen partaidetza instituzionala akzioetan eta lan-harremanaren enpresaren administrazioko organoetan.
B.1.2. Pertsona onuradunei buruz (3. artikulua)
AP hau zehatzagoa da; horrela, honakoa adierazten du:
- 2.1 artikuluaren (zabaltzeko jarduerak) ekintzei dagokienez, EAEn lan-zentroak edo jardun-eremua dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko onuradun izan ahalko da.
- 2.2 artikuluaren (diagnostikoa eta langileen partaidetza instituzionalaren plana) jarduerei dagokienez, diru laguntzen onuradun izan ahalko dira enpresako egitura duten sozietateak edo erakundeak, eta kanpo uzten ditu ekonomia sozialeko erakundeak, fundazioak, Administrazio Publikoak eta hauen mendeko pertsona juridikoak, betiere gehien bat kapital publikoak parte hartuta badaude.
- 2.3 artikuluaren (akzioak edo partaidetzak harpidetzeak sortutako gastuak) jarduerei dagokienez, eta 2.4 artikuluarenei dagokienez (bere langileek akzioak harpidetzea) honakoak izango dira: lehenengo kasuan ekonomia sozialekoak ez diren sozietateak, eta bigarrenerako sozietate horien langileak, AAn dauden eskakizun berberekin (aldez aurretik diagnostikoa egitea, kontratu mugagabea duten pertsonen herena izatea eta akzio edo partaidetzen harpidetza, gutxienez kapital sozialaren %10a izatea, dela zuzenean dela aipatutako sozietate instrumentalaren bidez).
B.1.3. Aholkularitzako erakundeak (4. artikulua), diagnostikoaren eta partaidetzako planaren edukia (5. artikulua) eta zenbatekoak, baremazioa edo irizpideak zenbatekoa zehazteko (6. artikulua)
Ez da aldaketarik egon AAren aldean.
B.1.4. Onuradunen betebehar espezifikoak (7. artikulua)
2.2 (diagnostikoa eta langileen partaidetza instituzionalaren plana) eta 2.3 (akzioak edo partaidetzak harpidetzeak sortutako gastuak) artikuluetan ezarritako akzioen enpresek bete behar dituzten eskakizunak AAn ageri diren berberak dira .
Eta 2.4 artikuluan (bere langileek akzioak harpidetzea) ezarritako akzioen onuradunei dagokienez, hauek ere berberak dira, baina AP honetan gaineratzen da harpidetzatik hiru urte betetzean justifikatu behar dutela besteren konturako langile gisa daudela lan-harremanaren sozietatean.
B.2. III. kapitulua ekonomia sozialeko enpresetako langileen partaidetzari buruzkoa da
B.2.1. Diruz lagun daitezkeen jarduerak (8. artikulua)
"Ekonomia sozialeko entitatean, aktiboan, besteren konturako lan-kontratu mugagabea duten langile ez-bazkideen pertsona bazkide langile edo laneko bazkide gisa eranstea..." diruz lagun daitekeen jarduera AAren baliokidea da. Hala ere, diru laguntzatik kanpo uzten du 1.382/1985 Errege Dekretuaren babespean kontratatutako goi mailako zuzendariak sartzea.
Diruz lagun daitezkeen jarduera gisa mantentzen ditu bazkideak sartzea pertsona berrien finantzako partaidetza laguntzen duten tresnen subrogazio eta diseinu eta ezarpenaren ondorioz, belaunaldi-txandaketa ahalbidetuta.
Eta berri bat ere erantsi du, “EESaren tresna espezifikoak prestatu eta ezartzeko beharrezko diren ebaluazio eta aholkularitzako kanpoko gastuak. Hauek ekonomia sozialaren printzipioak jaso behar dituzte eta, besteak beste, bazkide langileen partaidetzaren benetako maila neurtu behar dute, betiere tresna hauek kooperatiben edo lan-sozietateen elkarteen balidazioa badute”.
B.2.2. Pertsona onuradunak. (9. artikulua)
AAn zehaztutako berberak mantentzen ditu eta jarduera berrirako (EESaren tresna espezifikoak prestatu eta ezartzeko beharrezko diren ebaluazio eta aholkularitzako kanpoko gastuak) 100 langile baino gutxiagoko ekonomia sozialeko entitateak gaineratzen ditu, betiere aipatutako EESko tresna espezifikoen inplantazioa egiten ari badira edo 2008. urtean berau hasi behar badute.
Halaber, eransten du erakunde onuraduna den ekonomia sozialeko elkarteak akzioaren egokitasuna berretsi behar duela.
B.2.3. Diru laguntzen zenbatekoa eta berau erabakitzeko irizpideak (10. artikulua)
AAn zehaztutako zenbateko eta irizpide berberak mantentzen dituzte eta jarduera berrirako (EESaren tresna espezifikoak prestatu eta ezartzeko beharrezko diren ebaluazio eta aholkularitzako kanpoko gastuak) aipatutako inplantazioa egiteko beharrezko diren kanpoko kostu garbien %75a, sei mila euroko mugarekin.
B.2.4. Betebehar espezifikoak (11. artikulua)
Onuradunak pertsonak direnean, AAn xedatzen zuenez, entitatean hiru urtez egoteko baldintza mantendu behar dute. Hala ere, AP honetan gaineratzen da arau hau salbuesten dela justifikatzen dutenean sozietatearen kapitalera egindako bere ekarpenak, gutxienez diruz lagundutako kantitatean, enpresan jarraitzen duela.
Pertsona berrien finantzako partaidetza laguntzen duten tresnen diseinua eta ezarpena -belaunaldi-txandaketa ahalbidetuta- egitearen entitate onuradunek, bai eta EESaren tresna espezifikoak prestatu eta ezartzeko ebaluazio eta aholkularitzarenek ere, 2009. urteko abenduaren 31 baino lehenago, egindako inplantazioaren emaitzei buruzko memoria aurkeztu beharko dute.
B.3. IV. Kapitulua. Xedapen komunak
B.3.1. Zerga, Gizarte Segurantza eta diru laguntza publikoaren arloko betebeharrak betetzea (12. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du.
B.3.2. Pertsona onuradunen betebehar orokorrak (13. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du xedea eta aplikazioa berme erlazionalen bitartez bermatzeari dagokionez.
B.3.3. Bateragarritasuna bestelako diru laguntza edo laguntzekin (14. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du.
B.3.4. Eskabideen aurkezpena: modua eta epea (15. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du, eskabideak aurkezteko epea, agindu hau EHAAn argitaratzen denetik zenbatuta, hilabetekoa izango dela izan ezik.
B.3.5. Beharrezko agiriak (16. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du, oro har, eta berritasun gisa dagokion elkarte ordezkatzaileak eman beharreko akzioaren egokitasunaren idazkia, ekonomia sozialekoak ez diren enpresetako partaidetzaz sentsibilizatzeko ekintza zuzenduta dauden eragile ekonomiko eta sozialen arabera. Beste batzuetan akzioak harpidetzen dituzten pertsonen eta harpidetutako akzioen beraien ehunekoak argi eta garbi egiaztatzen duten agiriak eskatzen dira, bai eta lan-bizitzaren txostena ere -lan-kontratu mugagabea hasten den egunetik aurrera zenbatuta-, ekonomia sozialeko entitateetan kontratu mugagabea duten bazkideak sartzeaz ari denean, baita jarduera berriei dagozkien batzuk ere.
B.3.6. Eskabidearen akatsak zuzentzea (17. artikulua), eta kudeaketa, ebazpena eta publizitateko prozedura (18. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du.
B.3.7. Ordaintzeko era eta diru laguntzaren justifikazioa (19. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du, oro har, baina zehatzagoa da, ordainketak noiz egin behar dituzten zehaztasun handiagoan adierazten baitu. Hauek bi momentutan banatzen badira, diru laguntza osoaren %40aren lehendabizikoa hamabost egun igarota egingo da, jakinarazpena egin ondoko egunetik zenbatzen hasita, eta bigarrena, berriz, %60koa, agiriak aurkeztu ondoren 2009. urteko abenduaren 31 baino lehenago.
B.3.8. Baliabide ekonomikoak eta emakidaren mugak (20. artikulua)
AP hau betetzera zuzendutako kantitatea 630.913 eurokoa da, aurreko ekitaldian baino %8,6 gutxiago (690.000 euro). Eta hainbanaketaren sistema mantentzen da kalkulatutako diru laguntzen baturak aurrekontuko zuzkiduraren zenbatekoa gainditzen badu.
B.3.9. Diru laguntzaren baldintzak aldatzea (21. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du.
B.3.10. Ez-betetzeak eta erantzukizunak (22. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du, oro har, ez-betetzeei dagokienez. Eta eransten du hiru urteak mantendu ezean jasotako diru-laguntza itzuli beharko duela, hiru urte horiek betetzeko geratzen den denboraren era proportzionalean.
B.3.11. Dirua itzultzeko prozedura (23. artikulua)
AAn xedatutakoa mantentzen du.
B.4. Azken xedapenak
B.4.1. Errekurtsoak eta efektua (azken, lehen eta bigarren xedapenak)
AAn xedatutakoa mantentzen du.
C) AParen edukia eta "Ekarpenen laburpenean" adierazitako eta Kontseiluak AAren gainean emandako behin betiko txostenean jasotako iritziak.
Oraingo APan ez dago, oro har, Lan Harremanen Kontseiluak AAri buruz emandako behin betiko txostenaren "Ekarpenen laburpenean" adierazitako iritzi guztien islarik. Horrela:
Alderdi sindikalak langileen parte-hartze erreala, esklusiboki gutxienez, akzio edo partaidetzen harpidetza hutsean ez datzalako alegazioetatik, AP honetan honakoa bakarrik gaineratzen da: "partaidetza instituzionaleko planak ere jaso ditzakeela administrazioko kontseiluaren eta pertsona langileen arteko informazio eta komunikazioko sistemen diseinua eta inplantazioa”. Eta langileen ordezkaritza sindikal edo unitarioa indartzeari dagokionez, AP honetan ez da inolako aurreikuspenik egin.
Alderdi enpresarialak egindako alegazioei dagokionez, hau da, partaidetza enpresaren organo erabakitzaileetan parte hartzeko formulak sartuz bakarrik gauzatu behar zela, AP honetan ez dute ezein kontsiderazio espezifikorik sartu.
2. Txostenen Batzordeko kideen ekarpenen laburpena
Confebask elkarteak aurkeztutako alegazioak honela laburbil daitezke:
- Aldeko agertu arren eta partaidetza sustatzeko arreko aginduetan egituratutako neurriak egokitzat jo arren (hauetan Administrazioak partaidetza horrek izan behar zituen tipo edo formak ez zeuden baldintzatuta), eta Aginduko proiektuaren oraingo deriba ikusita, aipatutako balorazioa nabarmen aldatu behar duela.
- Sailak aginduko proiektuan proposatzen duela parte hartzeko modu jakin eta bakar bat sustatzea (erabakitzeko organo nagusietan eta akziodunetan sartzea) horretarako dauden askoren artetik.
- Aipatutako planaren edukiari dagokionez, Aginduko proiektuaren 2.2 artikuluan proposatzen da enpresaren eta bere langileen arteko akordioaren arabera erabakitzea, baina laguntza enpresako erabakitzeko organo nagusietan parte hartzearekin bakarrik lotu eta honetara baldintzatu gabe.
- Ez datozela bat Sailak enpresako forma guztietara zuzendutako enpresako partaidetzaren diseinu bat, ekonomia sozialaren mundutik diseinatu ahal daitekeen ikuspegi hain fokalizatu batetik, onartzearekin.
LAB sindikatuak aurkeztutako alegazioak honela laburbil daitezke :
- 2007. urteko apirilaren 25eko txostenen Batzordean aztertutako antzeko edukia duen aginduko proiektuari dagokionez egindako alegazioak erreproduzitzen dituela. Honakoak hain zuzen ere:
- Partaidetza sindikala bultzatu beharko litzateke enpresako ordezkaritza unitario eta sindikalen informazio, kontsulta eta negoziazioko eskubideak indartu eta zabalduz.
- Herri honetako langile gehienen interes eta lehentasunetatik kanpoko ekimenak finantzatzeko fondo publikoak erabiltzearen aurka agertu da.
CC.OO. eta UGT sindikatuek, berriz, ez dute alegaziorik egin.
3. Azkeneko gogoetak
Enpresa eta sindikatuen ordezkaritzen iritziak ez dira Aginduko proiektuaren aldekoak, baina bestelako arrazoiengatik.
Horrela, alderdi enpresarialak uste du langileek parte hartzeko laguntzen atzean dagoen filosofia ekonomia sozialetik gertuko formulak sustatzea baino ez dela. Horrela, adierazi dute Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak parte hartzeko bestelako era batzuk ere sustatu beharko lituzkeela. Horregatik, adierazi dute diruz lagun daitekeen jarduera gisa parte hartzeko edozein mota jasotzea, eta ez erabakitzeko organoetan eta enpresaren jabetzan parte hartzea bakarrik.
Txostenen Batzordean parte hartu duten hiru sindikatuek izendatutako kideek, berriz, adierazi dute partaidetza soziala enpresako ordezkaritza unitario eta sindikalen informazio, kontsulta eta negoziazioko eskubideak indartu eta zabalduz bultzatu beharko litzatekeela. Gainera, kapitala eskuratzea eta erabakitzeko organoetan parte hartzea finantzatzeko fondoak erabiltzearen aurka ere agertu dira.
Bilbo, 2008. urteko ekainaren 6an

|