CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli

Lan Harremanen Kontseiluak Gizarte-Bazterketaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte-Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzen dituen Lege-aurreproiektuari buruz egindako txostena

 

Lan Harremanen Kontseiluak Gizarte-Bazterketaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte-Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzen dituen Lege-aurreproiektuari buruz egindako txostena

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, Ikaskuntza eta Araubide Juridikoko Zuzendaritzaren bidez, Lan Harremanen Kontseilu honi bidali dio Gizarte Bazterketaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzen dituen Lege Aurreproiektua, erakunde honek kasuan kasuko txostena egin dezan.

1. Txosten teknikoa

1.1. Arau-aurrekariak

Gizarte Bazterketaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean, behar besteko gizarte-tresnak eta prestazio ekonomikoak ezarri ziren, giza, gizarte eta lan arloko bazterketa-arriskua prebenitzeko eta bizimodu independentearen garapenerako behar besteko baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikorik ez dutenak gizarteratzeko.

Horren ondoren, beste lege batzuek lege hori aldatu dute, eta oinarrizko errentarako eskubidea gauzatzen duen Gizarte Eskubideen Agiriaren azaroaren 27ko 10/2000 Legearen eraginpean ere egon da, bere aurkakoa izan ez den arloetan.

Gizarte Bazterketaren aurkako Legea aldatu duten legeen esparruan, azaroaren 10eko 8/2000 Legeari esker, 60 urtetik gorakoei ere eskaini ahal izan zitzaien oinarrizko errentaren babesa, ordura arte talde horretatik kanpo zeuden-eta.

Oraingo zenbatespenen arabera, adin-tarte horrek ere prestazioa jaso dezakeen arren, oinarrizko errentaren gaur egungo arauketak ikaragarri mugatzen du errenta jasotzeko benetako aukera. Izan ere, errenta hori jaso behar duten ala ez aztertzeko orduan, elkarbizitza-unitatearen diru-sarrera guztiak nahikoak diren ala ez hartzen da kontuan.

Hori dela-eta, pertsona horientzako tratamendu berezia sortu beharra dago, oro har oso zaila delako pentsiodun horien egoera ekonomikoa diru-sarrera berrien bidez aldatzea. Hori dela-eta, oso aukera gutxi dituzte independentzia eta autosufizientzia ekonomikoa lortzeko.

Horren ondorioz, Gizarte Bazterketaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzen dituen Lege Aurreproiektuak honako bi helburu hauek ditu:

  • Pentsiodunen elkarbizitza-unitatea nork osatzen duen berariaz zehaztea, aldi berean beste elkarbizitza-unitate bat eratzen duten beste senide batzuekin bizi direnean ere.
  • Halakoetan, sarritan, prestazioaren gehienezko zenbatekoa handitzea, pertsona horientzat oso zaila delako lanaren bidez diru-sarrera gehiago lortzea.

Testuinguru horretan, adierazi egin behar da lege-aurreproiektu honetan proposatutako aldaketak Diru Sarreren Bermerako eta Gizarte Inklusiorako Lege Aurreproiektuan ere agertzen direla. Agiri hori ere Lan Harremanen Kontseiluari bidali diote, kasuan kasuko txostena egin dezan.

Azaldu digutenez, txosten honen helburu den aurreproiektua egin beharra dago, arau iragankorra ezarri ahal izateko, aipatutako bigarren aurreproiektuaren onarpena atzeratu egin daitekeelako.

1.2. Aurreproiektuan proposatutako aldaketak

1. Txosten honen helburu den Aurreproiektuko 1. artikuluan Gizarte Bazterketaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legeari dagokionez proposatutako aldaketak.

1. artikuluko lehenengo hiru idatz-zatietan, aldaketa terminologikoak baino ez dira agertzen, Gizarte Bazterketaren aurkako Legeko zenbait termino Gizarte Eskubideen Gutunera egokitzeko. Honako hauexek dira:

  • “Elkarbizitza-unitatea” terminoak “elkarbizitza-unitate ekonomiko independentea” ordezkatu du.
  • “Oinarrizko errenta” terminoak “Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera” ordezkatu du.
  • “Gizarte-inklusioa” terminoak “gizarterapena” ordezkatu du.

1. artikuluko laugarren idatz-zatiak paragrafo berri bat eransten dio Gizarte Bazterketaren aurkako Legeko 3. artikuluko 2. idatz-zatiari. Bertan, hain zuzen ere, berariaz zehazten da nork osatzen duen elkarbizitza-unitatea: “zahartzaroko, elbarritasuneko edo alarguntzako kotizaziorik gabeko edo kotizaziopeko pentsioen onuradunak, euren ezkontidea edo ezkontzaren antzeko harreman iraunkorraren bidez berarekin lotura daukan pertsona eta eurekin menpetasun ekonomikoa duten pertsonak”, nahiz eta etxebizitza edo bizitoki berean bizi aipatutako 3. artikuluko 1. idatz-zatian adierazten diren beste elkarbizitza-unitate batzuekin.

Bestetik, Lege Aurreproiektuko 1. artikuluko bosgarren idatz-zatian xedatutakoaren arabera, pentsiodunentzako oinarrizko errentari dagokionez, “prestazioarekin batera gizarte eta/edo lan arloko inklusiorako laguntza bereziak baino ez dira emango, premien diagnostikoa egin ondoren kasuan kasuko gizarte-zerbitzuak egokia edo beharrezkoa dela adierazten duenean”.

2. Txosten honen helburu den Aurreproiektuko 2. artikuluan Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legeari dagokionez proposatutako aldaketak.

2. artikuluko lehenengo idatz-zatian, aldaketa terminologiko bat baino ez da agertzen, “gizarterapena” terminoaren ordez “gizarte-inklusioa” jartzeko.

2. artikuluko bigarren idatz-zatiak paragrafo berri bat eransten dio Gizarte Eskubideen Gutuneko 7. artikuluko 1. idatz-zatiari. Bertan, hain zuzen ere, oinarrizko errentaren hileko zenbatekoak zehazten dira Gizarte Bazterketaren aurkako Legeko 3. artikuluko 2. idatz-zatian araututako kotizaziorik gabeko edo kotizaziopeko pentsioen onuradunentzat. Zenbateko horiek, gainera, lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoak edo hortik gorakoak izango dira, elkarbizitza-unitateko kideen kopuruaren arabera.

Bestetik, 2. artikuluko hirugarren idatz-zatiak Gizarte Eskubideen Gutuneko 7.2. artikulua aldatzen du, eta, horren ondorioz, oinarrizko errentarako lanbide arteko gutxieneko soldataren %125eko muga orokorra handitzen du, pentsiodunek eratutako elkarbizitza-unitateak direnean gehienezko muga %135ekoa izan dadin.

2. Ekarpenen laburpena

CCOOko, UGTko eta Confebaskeko ordezkariak bat datoz lege-aurreproiektu honetan proposatutako aldaketekin.

Horri dagokionez, zenbait azalpen eman dituzte:

CCOOko ordezkariak adierazi egin du Diru Sarreren Bermerako Legea larregi atzeratuko balitz, aldaketa horiek ez liratekeela nahikoak izango.

UGTko ordezkariak, ordea, bi ñabardura egin ditu:

  • Zalantzak ditu, oinarrizko errentaren prestazioa kobratu dezaketen pentsiodun onuradunek kasuan kasuko gizarte-zerbitzuaren irizpidearen arabera jasoko lituzketelako gizarte eta/edo lan arloko inklusiorako laguntza bereziak. Izan ere, proposatutako lege-testuan ez da inolako irizpiderik ezartzen, laguntzok ematea egokia ala desegokia den zehazteko.
  • Kezkatuta dago Gizarte Bazterketaren aurkako Legeko 3. artikuluko 2. idatz-zatiko paragrafo berria idazteko orduan balitekeelako behar den moduan ez zehaztea zeintzuk diren ondorio horiei begira ezkontzaren antzekoak izan daitezkeen bikote-harreman iraunkorrak.

Confebaskeko ordezkariak adierazi duenez, egokia da behar beste baliabide publiko erabiltzea, premia handienak dituzten beharrizanei aurre egiteko eta gizarte-inklusiorako politikak finantzatzeko, betiere horrela pertsona horiek lan-jarduerarako motibazioa galtzen ez badute, etorkizunean beste bazterketa-faktore bat izango litzatekeelako. Bere ustez, bi baldintzok proposatutako aldaketetan betetzen dira.

Bestetik, LABeko ordezkariak adierazi duenez, honako arrazoi hauengatik ez dator bat lege-aurreproiektuarekin:

  • Diru Sarreren Bermerako eta Gizarte Inklusiorako Lege Proiektuan gertatzen den bezala, prestazioen zenbatekoak zehazteko orduan desegokia delako lanbide arteko gutxieneko soldata erreferentziatzat hartzea. Horrez gain, Europako Gizarte Agiriaren gomendioak kontuan hartuta, zenbateko hori (lanaldi osoko) batez besteko soldataren %60koa izan beharko litzateke. Beraz, 2008. urtean, hileko 1.341 eurokoa izan beharko litzateke, pertsona bakarreko elkarbizitza-unitateetan.
  • Bere iritziz, lege-proiektu iragankor hau hauteskundeei begira baino ez delako sustatu.

3. Azken gogoetak

Lege Aurreproiektuari dagokionez, Txosten Batzordeko kideak kezkatuta daude, ez dakitelako Diru Sarreren Bermerako eta Gizarte Inklusiorako Legea onartu arteko behin-behineko neurria izango den edo, lege hori onartzen ez bada, behin betikoa izango den. Halakorik gertatuz gero, aurreikusitako aldaketak nahikoak ez direla uste dute, sistema osoa zentzuz antolatzeko eraldaketa egin behar da-eta.

Horrela, neurrien edukiari dagokionez, Txosten Batzordeko kideek Diru Sarreren Bermerako eta Gizarte Inklusiorako Lege Aurreproiektuari buruzko txostenean egindako alegazioak aipatu dituzte. Hori horrela izanik ere, LABek izendatutako kidearen ustez, desegokia da lanbide arteko gutxieneko soldata laguntzen zenbatekoa zehazteko erreferentzia moduan erabiltzea. Beraz, bere esanetan, Europako Gizarte Agiriaren gomendioak kontuan hartuta, EAEko lanaldi osoko batez besteko soldataren %60 izan beharko litzateke erreferentzia. Era berean, Confebaskek izendatutako kideak proiektu egokia dela adierazi du.

Bilbon, 2008ko ekainaren 6an