Lan Harremanen Kontseiluaren txostena, Euskal autonomia Erkidegoaren 2010 urteko lan jaien egutegi ofiziala onartzeko den Dekretu proiektuari buruz
Aurrekariak
2009ko urtarrilaren 20an Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak prestaturiko Dekretu proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010 urteko lan egutegi ofiziala onartzeko dena, sartu zen
Aipatutako testua Azterlan eta Araubide Juridikoko zuzendaritzak bidali zuen Kontseilu honetara, ekainaren 27ko Lan Harremanen Kontseiluaren 11/1997 Legearen 2.1 artikuluan ezarritakoa betez, Kontseiluak derrigorrezko txostena egin zezan.
Gogoeta orokorrak
Dekretu proiektu honek Euskal Autonomia Erkidegorako 2010reko lan jaiak, 2001/1983 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz ezartzen ditu.
Hala, Dekretu proiektuak honako hauek erabakitzen ditu:
Estatuaren Administrazioaren eskumena diren lan jaiak:
- Urtarrilaren 1a, apirilaren 2a, maiatzaren 1a, urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a, abenduaren 8a eta abenduaren 25a.
Errege Dekretuak berak dakarren moduan, autonomia erkidegoaren eskumena diren lan jaiak; honakook, alegia:
- Urtarrilaren 6a, martxoaren 19a, uztailaren 25aren ordez, eta apirilaren 1a. Jai hauek guztiak 45.1 artikuluan, beste egun batera eraman daitezkeen Estatu osoko eremuko jaitzat jasota daude; Dekretu proiektuak, ostera, beren hartan utzi ditu.
Era berean, aipaturiko Errege Dekretuaren 45.3 artikuluak ezartzen duen igandean suertatzen diren Estatuaren eremuko jai guztiak berariazko jaiez ordezkatzeko aukera erabiliz, Dekretuak apirilaren 5a (Pazkoa astelehena) Autonomia Erkidegoaren eremuko jaitzat hartzen du, abuztuaren 16ko astelehenaren ordez, bestela, igandean suertatzen den abuztuaren 15eko jaia astelehen honetara eramango bailitzateke.
- Tokiko bi jaitaraino. Jai hauek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren lurraldeetako ordezkariek ezarriko dituzte, tokian tokiko udalek hala proposaturik. Udalek proposamen hori Dekretu hau argitaratutako hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean egin beharko dute.
Lan Harremanen Kontseiluaren Txosten Batzordea 2009ko urtarrilaren 27an bildu zen, 2010 urteko lan jaien egutegi ofiziala onartzeko Dekretu proiektua berariaz aztertzeko.
Bilera honetan Confebaskek, CCOOk eta UGTk hautatutako kideek, 2010 urterako Euskal Autonomia Erkidegorako lan jaien egutegi ofiziala onartzeko den Dekretu proiektuaren testuarekin bat datozela adierazi zuten.
LABko kideak, beste alde batetik, urriaren 12a eta abenduaren 6a jaitzat hartzearen kontra dagoela adierazi zuen, haren ustez jai hauetako batek ere ez baitakar Euskal Herriarentzako ospakizunik eta ez baitatoz bat euskal langileen gehiengoaren sentimenduarekin. Halaber, egutegian dauden gainerako jaiekin bat datorrela adierazi zuen.
Bilbo, 2009ko urtarrilaren 27a.
|