CRL-LHK
  GEP (PRECO)-LANEKO GATAZKAK EBAZTEKO BORONDATEZKO PROZEDUREI BURUZKO LANBIDE ARTEKO AKORDIOA
  Hitzaurrea
  Akordioaren xedapen orokorrak
  Prozeduren gaineko xedapen orokorrak
  Prozedurak hasteko eskaera
  Prozedurak zelan gauzatu
  Prozeduren amaiera
  Prozeduren ondorioak
  Xedapen gehigarria eta azkena
  ERANSKINA: Aplikazio arauak
    6. puntuaren aplikazioari buruzko akordioa
  Afiliazioa egiaztatzeko protokoloa
     
  Testu osoa inprimatzeko
  Menu nagusira itzuli 
HITZAURREA
  1984an laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozeduren inguruko lehendabiziko akordioa sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan. 1990an bigarren akordioa sinatu zen. Bata zein bestea apostu sendoa izan ziren erakunde sindikalek eta enpresaburuen erakundeek ahalik eta autonomiarik handiena lor zezaten lan harremanen arloan. Asmoa zen elkarrizketa eta negoziazio kolektiboa tresna nagusi eta eraginkorrena bihurtzea, bai harremanon edukia mamitzeko eta bai laneko gatazkak ebazteko ere, bereziki gatazka kolektiboak.

Lehen akordioan aurrerapauso nabarmena egin zen norabide bikoitz horretan, adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje bideak ezarri baitziren gatazka kolektiboak ebazteko. Urrats hura, gainera, aukera horri batere laguntzen ez zion testuinguru sozial eta legalean egin zen.

1990an aurreneko esperientzia hori berritu zen, GEP II izenaren pean. Lehentxoago, Lan Prozedurari buruzko Legeak nolabaiteko onespena emana zien sistema hauei, eta erakunde sindikal eta enpresarialek honelako prozedurak adostearen aldeko iritzia zabaltzen hasi zen. Hala ere, gizartean oso aurrerapauso gutxi emanak ziren alde horretarantz.

Esperientzia aintzindari hauetatik abiatuta, aldaketa sakona gertatu zen, bai errealitate sozialean eta bai eremu legalean ere. 1994ko legeriaren erreformak behin betiko bultzada eman zion bitartekotza eta arbitrajeen erabilerari eta bide hauetaz baliatzea sustatu zuen.

Gaur egun egoera oso bestelakoa da. Gatazkak ebazteko prozedura autonomoak gure ingurune ia osoan daude ezarrita. Gainera, geure errealitatea ere nabarmen aldatu da: gure prozedurak erruz erabiltzen dira gatazka kolektiboetan eta oso harrera ona egiten zaie negoziazio kolektiboan. Horrek erakusten du sistema guztiz heldua eta finkatua dagoela, nahiz eta oraindik gordetzen dituen GEP II sinatu zen garaiko zenbait kautela.

Beraz, une egokia da testua berrikusi eta pauso berriak emateko.

Sistemaren heldutasunak bidea ematen digu legeak eskaintzen digun aukeraz baliatu eta geuk bakarrik eskuratzeko auzibidera jo aurreko betekizun bezala eskatzen den adiskidetzea, laneko gatazka kolektiboei dagokienez. Horrela, orain arte egon den bide bikoitza desagertzen da, lehen aukera baitzegoen lan arloko agintariengana jotzeko helburu horietako. Interes publikoko gauza da erakunde sindikal eta enpresarialek euren burua gobernatzea gatazkak ebazterakoan, eta, ondorioz, komenigarria da eurek sortutako bideek ahalik eta neurri handienean eurenganatzea gatazka arazoak. Oraingo erabaki hau horren alde doa.

Bestalde, komenigarri ikusi da prozeduren arauak arintzea, prozedurok malguagoak eginez, gatazka bakoitzaren ezaugarrietara eta alderdien gurarietara egokitu daitezen. Era berean, Akordioko Batzorde Paritarioaren erabaki-irizpideak ere moldatu dira. Horrez gain, erantzuna eman zaie gatazka kolektiboak GEPeko prozeduren erabileren inguruan agerian jarritako zenbait premiari. Kontuan izanik GEPeko arauen eta hitzarmen kolektiboetako arauen interakzioa ezinbestekoa dela, Akordio berriak aukerak zabaltzen ditu hitzarmen kolektiboekin hobeto uztartzeko, eta aldi berean sendotu egiten du batzorde paritarioek izan behar duten lehentasuna, bai Akordio administrazioan eta bai eurotatik sortzen diren gatazkak ebazterakoan ere.

Joan den 1999. urtean ELA, Langile Komisioak, LAB, UGT eta CONFEBASK enpresaburuen erakundea helburuok lortzeko lanean aritu dira Lan Harremanen Kontseiluan. Ahalegindu dira, horrela, gure Autonomia Erkidegoko enpresaburu eta langileei eta euron ordezkariei laneko gatazkak ebazteko sistema bat eskaintzen, oraingo errealitatera egokitzen den sistema, hain zuzen. Hartara, eurek ere lagundu dute gatazketako protagonisten arteko elkarrizketa eta negoziazioa tresna nagusia izan daitezen gatazkok ebazteko eta gure lan harremanen sistema sendotzeko.

Hori guztia lortzeko, "GEP-Laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozedurei buruzko Akordio" hau sinatzen dute Bilbon, bi milako otsailaren hamaseian.