CRL-LHK
  KONTSEILUA ARAUTZEKO XEDAPENAK
Arautzeko xedapenetara itzuli
LAN HARREMANEN KONTSEILUAREN BATZORDEEI BURUZKO AKORDIOA
 

Lan Harremanen Kontseilua erregulatzen duen legeak ez du Batzorderik sortzen. Batzordeen gaia erregulatzen duen Kontseiluaren legearen 10. artikuluak, xedatzen duenez, Kontseiluaren Osoko Bilkurak sor ditzake, batetik, lan batzordeak, Kontseiluaren eskumenekoak diren gaiei buruzko txostenak edo irizpenak taxutuko dituzten azterketa taldeak osatuko dituztenak eta, bestetik, gai zehatzetarako beharrezko deritzen batzorde bereziak.

Kontseiluko Funtzionamendu Araudiaren 9. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Lan Harremanen Kontseiluaren Batzordeak izango dira, Araudiak berak aurreikusten duen Prestamen Batzordeaz gain, erakunde honen Osoko Bilkurak sortuko dituenak, era berean, sortutako batzordeak desegitea ere erabaki dezake.

Kontseiluaren sorreraz geroztik, Batzorde, Mahai eta Lan Talde ugariak eratu izan dira. Nolanahi den ere, hainbat arrazoi direla medio, gehientsuak geldirik daude joan den aspaldian. Horregatik, bada, badirudi komenigarria litzatekeela egoera hau argitzea, zeintzuek iraun behar duten erabakitzea eta gaur egun inongo konpromisorekin edo ekimen jakinekin bat ez datozen batzordeak desegitea.

Horrenbestez, badirudi zentzuzkoa dela Batzordeak arrazionalizatzen hastea, eta ildo horretatik, legeak Kontseiluari esleitzen dizkion eginkizunak betetzeko helburua dutenak edo gai jakin batzuen gainean hartutako erabakiak aplikatzeko eta garatzeko xedea dutenak iraunaraztea eta joan den aspaldian geldirik daudenak desegitea.

Erabakiaren arabera, une hauetan desegiten diren Batzordeak, Mahaiak eta Lan Taldeak gorabehera, Osoko Bilkurak, komenigarri deritzonean, beharrezkotzat jotzen dituen batzordeak sortu ahal izango ditu, Kontseiluko kideek interesgarri deritzeten gai zehatzak jorratzeko.

Aipatutako arrazoiak eta irizpideak direla bide, hartzen dugu ondoko

AKORDIOA

I. KONTSEILUAREN BATZORDEAK

Lan Harremanen Kontseiluaren Osoko Bilkurak honako Batzorde hauek iraunaraztea erabakitzen du:

1. Txosten Batzordea

Kontseiluari buruzko legearen 2. artikuluak aurreikusten duen bezala, arrazoi funtzionalak direla medio, Osoko Bilkurak Txosten Batzordeari, gai soziolaboralei dagokienean, eskumen delegatua ematen dio Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarraren aurrean kontsulta jarduera erabiltzeko.

Batzorde honek, beraz, Osoko Bilkuraren izenean hartuko ditu behar diren akordioak oro.

2. Aurrekontu Batzordea

Batzorde honen xedea aurrekontuaren egitasmoa taxutzea izango da, hala nola beronen exekuzioaren jarraipena egitea eta, hala balegokio, pertsonalari buruzko proposamenak egitea, eskumen hau, maiatzaren 8ko 2/1992 Legeak, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzuko pertsonalaren ordenamenduari buruzkoak, Kontseiluaren Osoko Bilkurari esleitutakoa bada ere.

3. Negoziazio Kolektiboari buruzko Batzordea

Batzorde honen xedea negoziazio kolektiboari lotutako kontuen azterketa eta analisia egitea da. Bereziki, negoziazio kolektiboa bizkortu, beronen egitura egoki bat bultzatu eta gatazkak auzi bideetatik kanpo ebazteko sistemak sustatzeari dagokionean, lege erregulatzailearen 3. artikuluak gai hauei buruz Kontseiluari esleitzen dizkion eskumenen haritik.

4. 4. Emakumeen Laneko Berdintasunari buruzko Adierazpenaren Jarraipen Batzordea

Batzorde honen xedea, desberdintasunak desagerraraztearekin lotutako neurri zehatzak hartzea da, 1997ko ekainaren 18an Lan Harremanen Kontseiluak onetsitako Emakumeen Laneko Berdintasunari buruzko Adierazpenean islatuta dagoen bezala, hala nola enpresetan hartzen diren neurrien aplikazioaren jarraipena egitea.

II. DESEGITEA

Kontseiluaren Araudiak ezarritako Prestamen Batzordea izan ezik, desegintzat jotzen dira Akordio honetan aurreikusten ez diren Batzordeak, Mahaiak eta Lan Taldeak.