CRL-LHK
  ENPLEGUARI BURUZKO AKORDIOA
  Enpleguari buruzko akordioa
  1. akordioa: Lanaldia
  2. akordioa: Aparteko orduak kentzea
  3. akordioa: Ordezteari eta plantillak berriztatzeari buruzko lanbide arteko akordioa
  4. akordioa: Aldi baterako laneko enpresen eta zerbitzu enpresen gaiari buruzko lanbide arteko akordioa
  Ordezteari eta plantillak berriztatzeari buruzko lanbide arteko akordioaren Batzorde Parekidearen akta
  Menu nagusira itzuli 
ENPLEGUARI BURUZKO AKORDIOA
  ENPLEGUARI BURUZKO AKORDIOAREN SINADURAREN AKTA

Bilbon, mila bederatziehun eta larogeita hemeretziko urtarrilaren hamabostean, bildu dira Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren presidentea, Baltasar Errazti Navarro jauna, eta ELAren idazkari nagusia, José Elorrieta Aurrekoetxea jauna, Euskadiko Langile Komisioen idazkari nagusia, Santiago Bengoa Bengoa jauna, Euskadiko UGTren idazkari nagusia, Carlos Trevilla Acebo jauna eta LABen idazkari nagusia, Rafael Díaz Usabiaga jauna, eta beren erakundeen izenean honako erabaki hauek hartu dituzte


ERABAKIAK

LEHENA.

Lan Harremanen Kontseilutik erakunde hartan egindako Enpleguari buruzko Akordioaren proposamena jasota, gai horri buruzko lanbide arteko akordio baten negoziazio batzordea eratzen dute; batzorde hori, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresario erakunde eta konfederazio guztiek osatzen dute. Horrela, Batzordeak, Langileen Estatutuaren 83. artikuluaren babesean artikulu hau lege bereko 87. eta 88. artikuluei dagokienez, lanbide arteko akordioak egiteko legitimazio osoa dauka. Batzordean erabakiak hartzearen ondoreetarako, sindikatu bakoitzak 1998ko abenduaren 31rako egiaztaturik daukan ordezkaritzaz jarduten du.

BIGARRENA.

Batzordea eratuta, honek aho batez, Enpleguari buruzko Akordioa izeneko akordio multzoa onartzen du; Enpleguari buruzko Akordioaren testua aktaren eranskintzat gaineratzen da.

HIRUGARRENA.

Enpleguari buruzko Akordio honetan sarturik dauden lanaldiari buruzko, aparteko orduak kentzeari buruzko eta aldi baterako laneko enpresen eta zerbitzu enpresen gaiari buruzko akordioak, Langileen Estatutuaren 83. artikuluan oinarritzen diren lanbide arteko akordiotzat hartuko dira.

LAUGARRENA.

Aipatu diren lanbide arteko akordioek, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eraginkortasun orokorra izango dute, Erkidegoan dauden enpresa, langile eta lan subjektu kolektibo guztiei eragiten dietelarik.

BOSTGARRENA.

Adierazi diren akordioak ofizialki publikatu eta hurrengo egunean indarrean hasiko dira. Hala ere, haien ondorio ekonomikoak sinatu ziren egunera atzeratuko dira. Mugagabeko denborazko indarraldia izango dute, sinatu dituzten alderdietako batek espreski salatzen ez baditu. Salaketa 2003.eko abenduaren 31tik aurrera egin ahalko da eta gutxienez sei hilabete lehenago egin beharko da.

SEIGARRENA.

Erakunde sinatzaileek aipaturiko lanbide arteko hiru akordioak lan arloko agintarien aurrean aurkeztuko dituzte, ofizialki erregistratu eta argitara daitezen.

ZAZPIGARRENA.

Aurrekoak bezala Enpleguari buruzko Akordioaren barruan dagoen Ordezteari eta Plantillak Berriztatzeari buruzko Akordioa, sinatu duten erakundeek lortu duten kontratuzko akordioa da. Erakunde hauek akordioaren berri administrazio publikoei ematen diete, sinatutakoak eraginkortasuna edukitzea administrazio publikoekin ituntzeko eta horretarako behar diren akordioak egiteko.

ZORTZIGARRENA.

Enpleguari buruzko Akordio honen Batzorde Parekidea eratzen da. Batzorde honek, alderdien artean sortzen diren interpretazioari eta aplikazioari buruzko gai guztiak erabakiko ditu. Batzordea Confebask enpresario konfederazioaren lau kidek eta Akordioa sinatzen duten sindikatu bakoitzeko kide banak osatuko dute.

Batzorde Parekideak bere erabakiak talde edo alderdi bakoitzaren gehiengoz hartuko ditu, sindikatuen ordezkarien botoa egiaztatutako ordezkaritzaren arabera ponderatuko delarik.

Ezin ebatzizko diferentziak daudenean, hauek GEP-IIko prozeduren menpean jarriko dira.

Confebasken, Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren izenean
Iz..: Baltasar Errazti Navarro

ELAren izenan
Iz. : José Elorrieta Aurrekoetxea

Euskadiko Langile Komisioen izenean
Iz.: Santiago Bengoa Bengoa

Euskadiko UGTren izenean
Iz..: Carlos Trevilla Acebo

LABen izenean
Iz..: Rafael Díez Usabiaga

1.- Sindikatuak eta ugazaba erakundea Lan Harremanen Kontseiluko enpleguaren mahaian garatzen ari garen elkarrizketa eta eztabaida prozesuak bidea eman digu, Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren egoerari buruzko diagnostikoari dagokionez, zenbait oinarrizko adostasunetara heltzeko.

2.- Argi ikusi dugu azken hamarkada bietan zehar langabezia maila oso altua izan dela eta orain ere halaxe dela. Ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko prozesuetan eraberritze sakonak gertatu dira eta, aldi berean, lan merkatuan talde berriak sartu dira; honen guztiaren emaitzatzat, alderdi biek oso kezkagarritzat jotzen duten errealitate hau dugu.

3.- Egia da, ekonomia jardueraren hedatze faseek enpleguaren egoeraren hobekuntza erlatiboa ekarri dutela, baina onartu behar da, hobekuntza hori ez dela nahikoa izan gure gizarteak jasaten duen langabeen kopurua irensteko, ezta ekonomiaren hazkunde handiko egoeretan ere.

4.- Beste alde batetik, langabeziaren egituraren azterketak, langabeziak gure erkidegoko zenbait talde (emakumeak, gazteak...) eta eskualde edo inguru jakin gogorkiago jotzen dituela adierazten digu.

5.- Akordio hau sinatzen duten sindikatuen eta enpresario erakundearen ustez, langabeziak oso eragin txarra dauka gure gizartearen ongizatean eta garapen orekatuan, areago langabezia tasa orain jasaten ari garena bezain handia baldin bada. Horregatik, enpresen eta lanaren esparruko ordezkaritza duten erakundeak diren aldetik dagokien erantzukizuna beretzat hartuz, enplegua hazi eta hobetzeko eta helburu honetarako bidean dauden ekimenak beretzat hartu, sustatu eta bultzatzeko konpromisoa hartzeko prest daudela adierazten dute.

6.- Alderdi biak bat datoz, konpromiso hauen garapenak helburu bikoitza kontuan hartu beharko duelakoan. Hots:

  • Gure langabeziaren maila nabarmenki jaisteko moduan enplegua sortzea.
  • Oraingo eta geroko euskal enpresak lehiakorrak izateko baldintzei arreta jartzea, lehiakortasun hau enplegua mantendu eta sortzeko ezin besteko baldintzatzat jotzen dutelarik.

7.- Hain zuzen ere, helburu bi hauen arteko oreka onargarriko puntuak alderdi biek batera ezartzea, negoziazio prozesu honetako zeregin nagusia da.

8.- Alderdi bien ustez, enplegua sortzea ez da izan behar bakarrik aurretiaz dauden enpresen multzoaren zeregina, langabeziaren kontrako borrokan jarduera berriak sustatzeak eta enpresa berriak sortzeak beren eragina dutelarik. Euskal administrazioek hau guztia kontuan hartu beharko lukete, enpresa berrien sustapena erraztu eta arintzerakoan eta jarduera berriak bultzatzeko berariazko aurrekontu programak sortzeko orduan.

9.- Alderdi biak bat datoz, sortzen diren lanpostuek eska daitekeen kalitate maila eduki behar dutelakoan. Era berean, EAEn azken urteotan egiten ari diren kontratazioen zati handi batek dituen egonkortasunik eza eta gainerako baldintzak ere gogoetarako gai izan dira; eta alderdiak bat etorri dira, lan egonkortasunik eza eta behin-behinekotasuna ez direla desiragarriak langileentzat, baina ezta enpresentzat eurentzat ere, plantillaren egonkortasunik ezak eragin txarra baitauka enpresen kalitaterako eta lehiakortasunerako baldintzetan.

10.- Alderdiek badakite, sarri askotan, aztertzen diren arazoak eta proposatzen diren konponbideak lan harremanen eremu estutik kanpora geratzen direla. Horregatik, alderdiek lortu dituzten konpromisoetako batzuk burutu ahal izateko, administrazio publikoen konpromisoa behar da, konpromiso horretan gizarte osoak enpleguarekin duen konpromisoa islatuko delarik.

11.- Lan Harremanen Kontseiluaren barruan garatzen izan den enpleguari buruzko eztabaida prozesu honen ondorioz, sindikatuak eta ugazaba erakundea ondoren zehazten diren akordioak sinatzeko egoeran daude. Akordioa sinatzeak ez ditu aipatutako elkarrizketa prozesuaren edukiak agortzen eta sindikatuek eta ugazaba erakundeak prozesu hori aurrera ere garatzeko konpromisoa hartzen dute.