EIZIE Elkartea
EIZIEk euskarara edo euskaratik itzulpengintzan eta interpretazioan ari diren profesionalak biltzen ditu. Elkartea 1987ko udazkenean sortu zen, honako helburu hauen arabera jarduteko asmoz:
- Euskal itzultzaileen babes juridikoa lortzea eta lan baldintzak hobetzea.
- Euskarara edo euskaratik egiten diren itzulpenen kalitatea zaintzea.
- Euskal itzulpengintza sustatzea.
- Gure itzultzaileen prestakuntza profesionala hobetzea.
- Itzultzaileon interes ekonomiko eta sozialak babesteko lan egitea.
EIZIE beste bi elkartetako kide da: nazioarte mailan FIT Fédération Internationale des Traducteurs elkartekoa, eta Europa mailan CEATL Conseil Européen des Traducteurs Littéraires elkartekoa.
Antolaera
Elkartearen aginte gorena Biltzar Nagusiak dauka, bazkide guztiek osatua.
Bi urtez behin, bazkideok Zuzendaritza Batzordea hautatzen dugu. 2009 urtean:
Kargudunak:
- Bakartxo Arrizabalaga: lehendakaria
- Miren Ibarluzea: lehendakariordea
- Jone Aldamiz-Etxebarria: idazkari nagusia
- Iñigo Errasti: diruzaina
Kargudunez gain, ondoko hauek dira batzordekideak:
- Xabier Aristegieta
- Ibon Uribarri
- Iñigo Roque
- Patxi Petrirena
Eta sailen arabera honako hauek:
- Karlos del Olmo (Senez aldizkariaren zuzendari)
- Gotzon Egia (webgunea)
- Bego Montorio (Itzul Baita proiektua)
- Itziar Otegi (CEATLen ordezkari)
Horrez gain, hainbat arlotako jardueretan sortzen diren beharrei erantzuteko lan-taldeak osatzen dira:
- Administrazio eta Justiziako itzultzaileak
- Beren gisa edo itzulpen zerbitzuetan diharduten
itzultzaile-interpreteak
- Literatur itzultzaileak
- Interpreteak
- Zuzentzaileak
Elkartearen zerbitzuak
Elkarteak bere bazkideei era askotako zerbitzuak ematen dizkie; besteak beste:
- Itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen arteko harreman profesionala eta informazio trukatzea sustatzen ditugu.
- Lege aholkularitza ematen diegu bazkideei jabetza intelektual, zerga, kontratu eta bestelako arazoetan.
- Prestakuntza ikastaroak eta mintegiak antolatzen ditugu (bazkideari lehentasuna ematen zaio).
- Elkartearen argitalpenen ale bana jasotzen dute bazkideek doan.
Argitalpenak
SENEZ itzulpengintzaren teoria eta pragmatikari buruzko aldizkaria da; urtean behin argitaratzen dugu, eta, aldian behin, ale monografikoak ere kaleratzen dira.
Itzulpen Antologia I, II eta III ohorezko bazkide izendatu ditugunen lanak biltzen dituzten hiru antologiak.
Bestalde, Literatura Unibertsala itzulpen-bilduma kudeatzen du elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta EIZIEk urtero sinatzen duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bildumako liburuak Alberdania eta Elkarlanean argitaletxeek kaleratzen dituzte.