Argitalpenak
2002-2003
Deba Ibarretik euskararen herrira (2002), euskalkiaren inguruko gogoetak eta gure eskualdeko euskalkiaren estatusari eta corpusari buruzko datuak biltzen dituena. Bestetik, Berbeta Berua (2003), gazteei lagun-arteko hizkeran euskarazko eredu fresko eta naturalak eskaintzeko asmoa duen liburua.
2005
Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak (2005). Bailarako herri-komunikabideen jarduna azterturik, gaur egun gure inguruko euskaran egiten diren akatsen zerrenda ematen eta ahozko berbetan gure euskara hobetzeko tresnak eskaintzen ditu.
Proiektu berri bat ere martxan jarri zen 2005. urtean: Deba ibarreko aditz-taulen bilduma. Proiektu honen helburua Deba eskualdeko herri bakoitzeko aditzak tauletan jaso eta jendearen esku jartzea da. 2005. urtean Onatiko aditz-taulak eta Eibarko aditz-taulak argitaratu ziren, bilduma honetako lehenengo bi aleak.
Urte honetan bertan Deba Ibarreko hizkeren mapa ere kaleratu zen. Orain arte eskualdean egin izan diren ikerketa eta bilketa-lan guztiak kontuan hartuta, Deba Ibarra osatzen duten 17 herrietako berbetak eta hizkerak jaso ditugu mapa honetan.
2006
Pello Mugarza mallabiarrak Mallabiko euskara izeneko lana kaleratu du Mallabiko udalaren eta Mallabiko Orraittio euskara elkartearen laguntzaz. Badihardugu euskara elkartea ere laguntzaile gisa aritu da; batez ere, DVDa sortzeko lanetan lagundu du.
Horrekin batera, 2006an beste aditz-taula bi ere kaleratu dira: Bergarako aditz-taulak eta Elgoibarko aditz-taulak.
2006ko Durangoko azokara begira, Koldo Zuazoren Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta Tokiko batua lana argitaratu dugu. Lan honen berrikuntza nagusia lehen aldiz, Tokiko batuen adibidea plazaratzen dela da. Deba ibarreko ikastetxe, euskaltegi, lantegi, hedabide eta udaletxeetan, euskara batua erabiltzeko orduan, bertako zein ezaugarriz hornitu azaltzen da. Erabakien arrazoiak ere agertzen dira, beste alderdi batzuetako euskaldunei eredua edo, behintzat, zeri heldua eskaintze aldera.
Lan horren aurrekaria, 1999an Deba ibarreko 17 udaletxeek kaleratu zuten Deba Ibarreko Euskeria (Koldo Zuazo) izan da. Liburu hori ere webgune honetan bertan kontsultatu dezakezu.
Azkenik, Euskalkian idazteko irizpideak izeneko liburuska ere prestatu dugu. Liburuska honetan euskalkian idazteko irizpide orokorrak ematen dira eta Deba ibarreko hainbat adibide gehitu dira laguntza modura. Euskal Herriko beste edozein eskualdetan ere erabilgarri izan dadin ahalegindu gara.
2007
Deba ibarreko katalogo berritua kaleratu da 2007ko Durangoko azokarako. Aurreko edizioa 2004koa da eta ordutik Badihardugu elkarteak 12 argitalpen berri kaleratu ditu. Eskualdeko herri gehienetan ere kaleratu dira liburu berriak, esaterako: Eibarko euskara, Mallabiko euskara, Elgoibarko euskara...
Eskualdeko euskarazko argitalpenak biltzen ditu katalogoak eta 200 izenburutik gora aurki daitezke bertan. Katalogoa hementxe bertan kontsultatu daiteke: Deba ibarreko katalogoa (PDF, 1012 Kb)
Horrekin batera, 2007an beste aditz-taula bi ere kaleratu dira: Elgetako aditz-taulak eta Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako aditz-taulak. Azken hau berrikuntza izan da, hiru herrietako aditzean dagoen antzekotasunagatik hiru herrietako adizkiak liburuska bakar batean bildu dira eta.
Lan hauetakoren bat lortu nahi izanez gero, jarri hartu-emanetan argitalpenen arduradunarekin helbide honetan.
Argitalpenen arduraduna
Badihardugu Euskara Elkartea
Urkizu 11, behea
20600 Eibar
943 12 17 75
e-posta