Durangoko Azoka

Badihardugu Euskara Elkartea urtero joaten da Durangoko Azokara. Elkarteak berak kaleratutako liburuez gain, eskualdeko udaletxeek argitaratutakoak ere eramaten ditu, udalekin izenpetutako Hitzarmenaren baitan gauzatzen den elkarlanean.

Hitzarmen honen arabera, Badihardugu Euskara Elkartea arduratzen da bailarako udaletxeetatik liburuak jaso eta berriz bertara itzultzeaz, udalei lana erraztuz. Modu honetan stand bakar batean gure bailarako historia eta hizkuntza jasotzen duten 80 liburu inguru aurkezten ditugu. Urtetik urtera stand aberatsagoa osatzea da gure helburua eta dagoeneko hizkuntza, historia, antropologia eta beste hainbat alorretako liburuez gain, hasiak gara bideoak, egutegiak eta bestelako materiala ere biltzen.

Honez gain, Azoka bakoitzerako zerbait berezia kaleratu nahi izaten dugu. 2004ko Azokarako bailarako liburuez osatutako katalogoa eta Elkartearen berri ematen duen triptiko bat kaleratu genituen; 2005ean, berriz, Deba ibarreko hizkeren mapa kaleratu genuen.


Aurtengo ediziorako, eskualdeko hizkeran idazteko proposamenak bilduko dituen liburuska kaleratzeko asmoa dugu. Badakigu jendeak interes handia duela, askotan zalantzak eta arazoak sortzen direlako euskalkian idazterakoan. Hau dela eta, euskara elkarteekin bildu ostean eskualde mailarako erabilgarria izango den proposamen-sorta kaleratuko dugu.