Berbeta Berua eta gazteak
Gure elkarteak 2003. urtean kaleratu zuen Berbeta berua lana. Liburuaren helburu nagusia bere edukia gizartera zabaltzea denez, lanaren egilea den Alberto Telleriak, Badiharduguko beste hainbat kideren laguntzaz, zenbait aurkezpen eta hitzaldi eman ditu bailarako herrietan (Elgeta, Soraluze, Bergara…). Dena dela, ezinezkoa denez hain denbora gutxian denera iristea, oraindik ere bailarako hainbat herritan aurkezpen bereziak egiteko asmoa dugu (dagoeneko zenbait herrik beraien interesa azaldu digute).
Horrez gainera, "Berbeta berua" liburuaren erabilera gizarte-esparru desberdinetan txertatzen joan dadin, herriz herri bestelako hainbat ekimen bideratuko ditugu: astialdi taldeekin harremanak; bailarako herri-aldizkarietan maiztasun finkoz liburuaren dibulgazioa; hitzaldiak; e.a. Liburu erakargarria, bizia eta interesgarria da eta jendeari ezagutzera ematea gure lanetariko bat izango da datorren urtean.