Status Lantaldea
Transmisio kulturala
Bailarako Udal eta AEKko euskaltegiekin harremanak finkatu eta helduentzako bailarako barietateen ikastaroak bideratzeko ahaleginak sendotuko ditugu. Duela urte batzuk zentroko kurrikulua aurkeztu zenez, bailarako hainbait euskaltegitan euskalkia txertaturik dago dagoeneko. Orain baliabideak eskaini behar zaizkie, edo behintzat orientabidea. Hori izango da gure betebeharra aurrerantzean.
Dagoeneko hasiak gara ikastetxe eta euskaltegietan banatzeko materiala sortzen, eta banaketari ere ekin diogu honezkero. 2005ean kaleratutako Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak liburua euskaltegietan guztiz erabilgarria izango dela uste dugunez, liburu hau sustatu, aurkeztu, eta bertan azaltzen diren proposamen desberdinen berri ematea izango da gure asmoa aurrerantzean.
Bestetik, Deba ibarreko hizkeren mapa banatuko da euskaltegi eta ikastetxeetan gure eskualdeko berbeten nondik-norakoak ezagutu ditzaten eta herri bakoitzean bertako adizkiak biltzen dituen Deba ibarreko aditz-taulen bildumako aleak banatuko dira. Hauek ere euskaltegietan euskalkia txertatzeko orduan garrantzitsuak izango direlakoan gaude.
Euskara Zerbitzuekin elkarlana
Aurreko ekimenak egoki bidera daitezen, Euskara Batzordeekin harremana eta elkarlana finkatu dugu eta gure nahia bide honetan pausoak ematen jarraitzea da. Ahozko Ondarearen proiektuan, esate baterako, gehienekin elkarlanean dihardugu. Gainera, administrazioan lan arlo eta lan-jardun batzuk identifikatu eta horiekiko proposamenak zer nola gauzatu daitezkeen aztertu beharra dugu.
Bertso eskolak
Gure bailara oso dinamikoa da gai honetan ere, eta gurean dauden 4-5 bertso eskolekin harremanak sendotu eta eskola eginkizunetan argitaratu ditugun liburuen erabilpena bideratzea nahi dugu, gehienbat Berbeta Berua liburuarena. Hau guztia aurrera eramateko ahaleginetan dihardu Egoitz Unamuno bertsolari gazteak, Badiharduguren lana eta bertso eskolena bateraztuz. Bidea luzea da eta hurrengo hilabeteetan zeregina ez da faltako.
Irakaskuntza
Irakaskuntzaren esparruan, bailarako eskoletan euskalkiaren erabilera nola eta noiz erabili aztertzen jarraitzen dugu. Gizartearengan sentsibilizazioa lantzeko egitasmoak garatuko ditugu (Eragile desberdinen bidez eskainiko diren hitzaldi eta saioak; udal desberdinetako kultur etxeetan; ikastetxeetan; e.a.). Bergarako ikastolako irakasle den Jaione Isazelaia da atal honen arduraduna.