Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta Amorebieta-Etxanoko Udalak hasiera eman dio Santiago Onaindia Bekaren XI. edizioan parte hartzeko epeari

Amorebieta-Etxanoko Udalak hasiera eman dio Santiago Onaindia Bekaren XI. edizioan parte hartzeko epeari

• Euskal literaturaren alorreko ikerketa-lanak sustatzea da urte birik behin deitzen den beka honen helburua • Bekak 9.000 euroko zuzkidura dauka, eta urtebetekoa da lana burutzeko epea • Informazio gehiago nahi dutenek, 946300650 telefono zenbakira dei dezakete, edo oinarriak kontsultatu

Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoaren bidez eta Labayru institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin, abian jarri du Santiago Onaindia Bekaren XI. edizioa.

Santiago Onaindia idazlearen omenez, euskal literaturaren alorreko ikerketa-lanak sustatzea da urte birik behin deitzen den beka honen helburua. Aurtengo edizioa, gainera, berezia dela esan daiteke, idazlearen jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatzen baita 2009an.

Bekak 9.000 euroko zuzkidura dauka, eta urtebetekoa da lana burutzeko epea. Ametx erakunde autonomoaren erregistroan (Zelaieta zentroa, Zelaieta parkea z/g, 48340 Amorebieta-Etxano) aurkeztu ahalko dira proiektuan parte hartzeko eskabide orriak, urriaren 16ra bitartean. Informazio gehiago nahi dutenek, Ametx erakunde autonomora dei dezakete (946300650) edo oinarriak kontsultatu.

Santiago Onaindia

Santi Onaindia Amoroton jaio zen 1909an. Hamabi urte zituela, Karmeldarrek Amorebieta-Etxanoko Larrea auzoan duten komentuan sartu zen, eta berrogeita hamar urte baino gehiago emango zituen bertan, lan eta lan  nekerik gabe.

Gerra Zibilaren aurretik ekin zion olerkiak idazteari. Francoren garaiko  kartzelak ezagutu zituen, eta erbesteratua ere izan zen. Sasoi hartakoa da Milla euskal olerki eder (1954) poesia antologia. Euskarazko olerkigintzari buruz inoiz idatzi diren lanik osoenetako bat da. Karmel (1956), Olerti (1959) eta Aurrera (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzailea izan zelarik, orrialde haietan, lirika-lehiaketen bidez batik bat, olerkari berriak bultzatuaz egindako lana nabarmentzekoa da.  Halaber, azpimarratzekoak dira klasikoen itzulpen lanak: Goethe, Dante eta Virgiliorenak besteak beste.

Bertsolaritzarekin lotutako hainbat eta hainbat lan ere argitaratu zituen. Gure Bertsolariak (1964) antologia besteak beste. Euskaltzaindiko ohorezko kidea izan zen,  eta Euskal Letren saria eman zioten 1990an.