Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta Amorebiziz bizikleten mailegu-zerbitzua jarri da martxan

Amorebiziz bizikleten mailegu-zerbitzua jarri da martxan

Motordun ibilgailuen erabilera eta ingurumenean dituzten ondorioak murriztea da Udalak ekimen honen bidez lortu nahi duen helburua. • Txirrinduen mailegu-zerbitzu automatizatu honen bidez 70 bizikleta izango ditu jendeak erabilgarri. • Mailegu-zerbitzu automatizatua erabili ahal izateko, txartel pertsonala eta besterenezina eskatu beharko da, eta urteko kuota ordaindu. 2009an dohainik atera ahalko da txartela. • Bizikletak hartzeko ordutegia astelehenetik igandera bitartekoa izango da, goizeko 5:30etik gauerdira.

Amorebieta-Etxano, 2009ko uztailaren 30a.

Amorebieta-Etxanoko Udalak,  Emaús Sociedad Cooperativa erakundearekin batera, martxan jarriko du irailetik aurrera herrian bizikletak maileguan hartzeko zerbitzu automatizatua. ‘Amorebiziz’ izenpean, helburu bikoitza lortu nahi dute ekimen honen bidez: batetik, mugikortasuna erraztea, iraunkortasun irizpideak erabilita, eta bestetik bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko beharrezkoak diren mekanismoak abian jartzea.

Guztira 70 bizikleta hartu ahalko dira udalerriko bost toki estrategikotan: Zelaieta parkean, Ganeko eta Larreako kiroldegietan, Sabino Arana kaleko tren geltokian eta Ogenbarrena plazan.

Gailu elektronikoa

Urte osoan egongo da erabilgarri bizikleten mailegu-zerbitzua, eta derrigorrezkoa izango da erabiltzaile-txartela eskatzea. Txartela pertsonala eta besterenezina izango da, eta erabiltzailea eta maileguak identifikatzeko gailu elektronikoa izango du. Mailegu-puntuetan, bizikleten euskarriak eta zutabe informatikoak izango dituzte erabiltzaileek. Amorebiziz zerbitzuaren txartela sartu beharko da zutabeetan izango den irakurgailuan.

PIN kodea sartu ondoren, menu nagusia agertuko da, PIN kodea aldatzeko, erabiltzaile-egoera ikusteko –hartutako maileguak, datu pertsonalak…-, gorabeherak erregistratzeko eta bizikleta hartzeko bidea emango duena. Pantailan bizikleta aukeratu eta lokailu elektrikoa automatikoki irekiko da, minutu bat emanez bizikleta hartzeko.

Ordutegia

Astelehenetik igandera bitartean erabili ahalko dira txirrinduak, goizeko 5:30etik gauerdira, eta gehienez bi orduz. Gaueko 23:30etik aurrera ezingo da txirrindurik hartu, eta gaueko 12:00etan entregatu beharko dira beranduen jota. Bizikleta etengabe bi orduz erabili ondoren, 15 minutuz itxaron beharko da berriro hartzeko, aukeratzen den gunea dena delarik ere. Zerbitzuaren gaineko informazioa ere lortu ahalko dute erabiltzaileek gune horietan, multimedia formatuan.

Aurten dohainik izango da Amorebiziz zerbitzua. 2010etik aurrera, berriz, urtero ordenantza fiskalean zehaztuko  den urteko kuota kobratuko zaie erabiltzaileei.

Izena ematea

Amorebiziz zerbitzuan izena emateko baldintza bakarra 14 urtetik gorakoa izatea da. 18 urtera arteko gazteek, dena den, gurasoen edo legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.