Bertsozale Elkartea
Inprimatu Leihoa itxi
Sebastian Lizaso

1958ko urtarrilaren 20an jaio zen, Azpeitian (Gipuzkoa). Gaur egun ere han bizi da. Inguru bertsozalean sortu zen, eta etxean ere txiki-txikitatik ezagutu zuen bertso giroa. Aita bertsolaria du (Joxe Lizaso), eta gurasoek eduki zuten tabernara bertsolari asko biltzen ziren. Lagunartean egin zituen bertsotako lehen urratsak, eta gazte zela hasi zen plazarik plaza. 1982an, 24 urte zituela, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saiora iritsi zen, eta ordutik gaur egun arte, bertsogintzaren gailurrean ibili da, eta gaur egun ere hala dabil. 1986an Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta 1989an eta 1997an txapeldunorde izan zen; 1993an, berriz, hirugarren geratu zen. Gipuzkoako Txapelketan ere lortu izan du azken saiora iristea, 1991n hain zuzen.

Lizasoren arrazoiketa-moldeak eta ahots indartsuak arrakasta eta estimu handiak ditu gaur egun. Belaunaldi berrietara eta bertsogintzaren eskakizun berrietara egokitzeko gaitasun handia erakutsi du, eta urtean saiorik gehien egiten duen bertsolarietako bat da.

Lanbidez saltzailea da; publizitate enpresa batean jardun zuen urte askoan, eta automobil salmentan ere bai; gaur egun, higiezinen arloan egiten du lan.