• Hemen zaude: Hasiera » Bloga » Urriaren 3an hasiko dute 44 bertsolarik Txapelketa Nagusia

Urriaren 3an hasiko dute 44 bertsolarik Txapelketa Nagusia

Urriaren 3an hasi eta abenduaren 13ra arte luzatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia.  Bertsoz betetako udazkena izango da. Guztira, 44 bertsolari, 10 epaile eta 10 gai-jartzailerekin batera milaka bertsozale ere protagonista izango dira.

Goizean aurkeztu dute Bertsozale Elkarteko arduradunek eta babesleek  Txapelketa Nagusia, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.   Arazo txiki batzuk tarteko, internet bidez ere   prentsaurrekoa zuzenean jarraitu dute hainbatek. Txata egokitu eta galderaren bat ere luzatu diete mahaikoei.

aurkezpen_prentsa1

Ezker-eskuma: Gorka Martinez (BBK), Iñaki Almandoz (Kutxa), Xabino San Sebastian (Txapelketaren arduraduna), Olatz Basagoiti (Euskaltel), Josune Ariztondo (Bizkaiko Foru Aldundia), Iñaki Gerenabararena (Caja Vital Kutxa) eta Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko lehendakaria)

Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik Iñaki Murua lehendakariak eta Xabino San Sebastian Txapelketako antolaketa taldeko buruak parte hartu dute.

Iñaki Muruak, bertsozale, euskaldun, euskaldun berri eta euskarara hurbildu nahi dutenei “bertsoaren lilurapean, bertsoaren sigi-sagan horretan, lilura, harridura, poza, ustekabea… sentsazio horrek bizitzera” gonbidatu ditu.

Txapelketaren babesle diren erakundeetako ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan. Euskalteleko Olatz Basagoitik nobedade moduan eta euren laguntzarekin bluetooth sistemari esker txapelketaren informazioa jasotzeko aukera izango dela aurreratu du. Iñaki Gerenabarrena Caja Vita Kutxakoak Araban dauden euskaldun berri guztientzat txapelketa lagungarria dela nabarmendu du. Iñaki Almandozek Kutxak Gipuzkoan egingo diren saioez gain, aurten Nafarroako eta Iparraldeko saioetara ere bere babesa zabaldu duela azpimarratu du. Gorka Martinez BBKko ordezkariak ere prentsaurrekoan parte hartuz erakundeak bertsolaritzarekin duen konpromisoa erakutsi du. Babesleetan hitza hartzen azkena Josune Ariztondo Bizkaiko kultura diputatua izan da eta bertsolaritza jende gaztea euskarara erakartzeko tresna baliagarritzat jo du.

Txapelketa Nagusia Zestoan hasiko da urriaren 3an, hiru aldiz txapeldun izan zen Uztapideren jaioterrian. Txapeldun handia jaio zela 100 urte bete direla gogoratzeko omenaldi ekitalditxoarekin hasiko da Txapelketa. Gero, sei final-laurden eta zazpi finalaurrekotan Andoni Egañarekin batera abenduaren 13an BEC-en kantatuko duten beste zazpi finalistak erabakiko dira.

Errusiar mendi bateko gora-beheren antzera, bertsolariek ezezik bertsozaleek ere sentsazio eta emozio ugari bizitzen dituzte bertso saioetan. Momentuan bertsolariak eta entzuleak bizi dutena bakarra da eta momentukoa. Bizipen guzti horrek batzen ditu aurtengo txapelketako irudia den errusiar mendiak.

14 bertso saiotan izango da horretarako aukera. Finalak jende gehien batuko badu ere, saioz saio bertsozaleak hartzeko azpiegitura guztia prest dute antolatzaileek. Aurten nobedadea azken finalaurrekoa da. Belodromoan egitea erronkatzat jo dute Bertsozale Elkarteko kideek. Orain dela lau urteko erantzuna ikusita, Atano III pilotalekua txiki geratu zela eta Belodromoa egokituko dute azken finalaurrekorako. Izan ere ikusmin handiko saioa aurreikusten dute. Saio horren ostean zortzi finalistak erabakita izango direlako.

Sarrerak aurrez salgai

Antolatzaileek, bestetik, saioetarako sarrerak aurrez erosi eta norbere etxean inprimatzeko sistema ezarri dute. Era horretan, txarteldegiko ilara luzean zain egon barik sartu daiteke bertsozalea saiora. Sarreren salmentarako www.bertsosarrerak.eu webgunea sortu da eta saioa izango den aste hasieran aktibatuko da sarreren salmenta saioz saio. Finala aparte, gainontzeko saio guztietarako bonoa ere salgai izango da.

Finalerako sarrera, zein autobus eta bazkaritarako txartelak, bestetik,  interneten eta ohiko salmenta guneetan erosi ahal izango dira. Interneten aukera gaurtik dago, baina salmenta puntuetan datorren astetik aurrera izango dira salgai.

Zabaldu!
  • Twitter
  • Facebook
  • Print this article!
  • Turn this article into a PDF!
Gaiak: | Ez dago iruzkinik
  • Zestoa


    Urriak 3, larunbata, Gurutzeaga pilotalekua, 17:30
  • Zestoa

    Bertsolaria Puntuak
    Iñaki Gurrutxaga --
    Jone Uria --
    Miren Artetxe --
    Oihana Bartra --
    Uxue Alberdi --
    Odei Barroso --


Iradoki Presentzia & Komunikazioa