Jakin aldizkaria 1956an agertu zen lehen aldiz frankismo bete-betean. Bi alditan jaso du debeku administratiboa eta guztira 10 urteko isilaldia izan du. Franco hil eta gero, 1977an abiatu zen berriz eta harrez gero etenik gabe kaleratu da gaur arte.
Arantzazun sortzen da, ikasleen gidaritzapean eta berauen aldizkari moduan. 1967an uzten du Arantzazu, zuzendari finko bat hartzen du eta hirigiroan kokatzen da. Esprit aldizkari frantsesa du amets. Joan Mari Torrealdai da zuzendari berria eta kudeatzaile nagusiak Karlos Santamaria eta Rikardo Arregi. Hamar urte beranduago, aldizkaria berrabiatzeko baimenak lortzen direnean, Zuzendari berarekin lantalde berria dago zuzendaritzan, gaur arte: Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, besteak beste. 1990az geroztik beregaina da aldizkaria, Jakinkizunak S.L.koa alegia.
Jakin pentsamendu eta kulturako aldizkaria da. Gogoetarako, kritikarako nahiz azterketarako parada eskaintzea da aldizkariaren egiteko nagusia. Kulturako eztabaida intelektualen panoramika eskaini nahi du, euskal kulturako nahiz munduko gorabeherak argitzeko asmoz. Jakin-en sortzaileek euskara eta kultura uztartu nahi izan zituzten, eta asmo horri uko egin barik tinko eutsi dio oraingo zuzendaritzak.
Bi hilabetez behin kaleratzen da eta zenbaki gehienak gai baten jiran antolatu ohi dira. "Gai nagusia" saila da orrialde gehien hartzen duena, gai beraren tratamendua ikuspegi eta egile ugariz hornituta. "Gaiak" edo "...hainbat aburu" sailetan hainbat gai lantzen da luze eta zabal. Artikulu sakonak, bestalde, ohiko kolaboratzaileen lan arinagoekin elkarrosatzen dira. Urte hauetan guztietan aldizkariaren sail nagusietan era guztietako gaiak erabili dira, bai nazionalak eta baita ere nazioarteko eszenatokiko gertakarien ingurukoak.
Ibilbide honi eskerrak, erreferentzialtasun handiko aldizkaria da Jakin.

Aldizkaria