Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   

Sakanako hitzekin jolasean

 

Aurtengo Nafarroa Oinez dela eta, ageriko ekitaldia egin zuen Euskaltzaindiak 2009-9-25ean Etxarri Aranatzen hango Andra Mari ikastolarekin batera. Ekitaldi hartan Jose Luis Erdoziak eman zuen hitzaldia jaso dugu hemen.

Nafarroa Oinez eta Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea eta Euskaltzaindia gaur hemen, Etxarri Aranatzen, elkarrekin daudela baliatuta, eta atrebentzia handia ez bada, ikastolei (Andra Mari ikastolari bereziki gaurkoan) hizkuntzaren inguruko zenbait burutazio eta gomendio helarazi nahi dizkiet pulpitu honetatik.

Sakanan gure aurrekoek erabili dituzten hitzak, esamoldeak eta egiturak baliatzen baditugu, euskara batua bera sendotzeaz gain, gertuagokoa ere nabarituko dugu hain beharrezkoa dugun gure hizkuntza estandarra. Helburu horiek lortzekotan, oso egokia izan daiteke batuaren eskutik ikasi ditugun hitz, esamolde eta egiturekin batera, tokian tokiko burutzapenak ere ezagutzera ematea. Eta horretara, hain zuzen, heldu da gaurko saio labur hau, hitz, esamolde zein egitura horietako zenbait, zuen aurrean aurkeztera:

Maileguak

Ohikoak dira mundu zabalean hizkuntzen arteko maileguak. Euskarak ere inguruko hizkuntzetako zenbait hitz hartu eta bereak egin ditu, gehienetan zenbait aldaketa fonetiko medio. Horietakoak ditugu, besteak beste, gorputz (corpus), txitxirio (cicero), auskalo (a buscarlo), mandatu (mandato), merezi (merescere), mesede (merced)...

Horiek guztiak euskal lexikokoak dira eta horiekin batera Sakanan ugari dira erabiltzen diren maileguak eta batzuk, gainera, HBn jasoak daude dagoeneko. Beste batzuk, zalantzarik ez izan, beranduago edo goizago, toki berean eginen dute lekua:

  • eskartzela (scarsella italieratik, "bolsa de peregrino o de mendigo", gaztelaniaz escarcela) Bizkarretik zintzilik eramateko poltsa. Egun HBn jasoa dagoen bizkar(-)zorro bezain egokia.
    • Txerriyek basuen uraitzen giñuzkiyenien, eskartxera artabikorres beteik yamaten giñuben.
      (Txerriak basoan edukitzen genituenean, eskartzela arto-bikorrez beterik eramaten genuen!)
  • lijito (licitum latinetik) Zuzenbidearen araberakoa, benetakoa.
    • Bazan garaye! Azkenien meiku lijitue bieldu dugubie!
      (Bazen garaia! Azkenean mediku lijitoa bidali digute!)
  • martingala (martigale frantsesetik, martingala gaztelaniaz) Amarrua, maltzurkeria, azpijokoa.
    • Ez ttuzu guaño orren martingalak ezautzen!
      (Ez dituzu oraino horren martingalak ezagutzen!)
  • materia HBn ere bai. Zornea. Zauria gaiztotu eta bertan sortzen den gai horiska.
    • Ebaye erabat geiztotuik zikonet, mateye dayola!
      (Ebakia erabat gaiztoturik zaukanat, materia dariola!)
  • maratila (tarabilla) HBn ere bai. Ateak ixteko ziri edo kisketa. Metatesia eta b/m kontsonante txandaketa jasan ditu. Dardarkari samurraren galera ere bai Sakanan.
    • Eyeiz be gelan sartuko biak ez badau nei, matille zikok ta!
      (Ez haiz bere gelan sartuko berak ez badu nahi, maratila zaukak eta!)
  • patrifilio (patri + filio latinetik) Azken hitzak, amaiera, heriotza.
    • Ola segitzen badek, laster aittuko ttuk patrifiliyuek!
      (Horrela segitzen baduk, laster adituko dituk patrifilioak!)
  • perlesia (paralisis) HBn ere bai. Elbarria. Hitz sinkopatua da, hitz barruko kontsonanteen arteko bokala galdu du.
    • Perlesiyek jota ziok, gerritti bia ezin muittus!
      (Perlesiak jota zagok, gerritik behera ezin mugituz!)
  • taranta (attarantare italieratik) Ulertzeko zaila den jarrera, erokeria. Corominasek (2000) hala dio sarreran: "Morder (la tarántula) causando trastornos nerviosos".
    • Oik die, oik, tarantak dazkazunak!
      (Horiek dira, horiek, tarantak dauzkazunak!)

Berrezarpen lexikala

Euskara, hizkuntza zaharra izanik eta euskaldunon eginbeharrak mendeetan zehar aldatuz joan direnez, hainbat hitzen jatorrizko esanahia egokitzen joan da zeregin berrietara. Horien artean, ezagunak ditugu ardatz, hausnartu eta jorratu bezalakoak. Horrela, esate baterako, jatorriz "abere belarjaleen ekintza" baino adierazten ez zuenak, gogoeta egin edo ongi pentsatu eta aztertu ere adierazten du aspaldian. Bide beretik, soroko eremura mugatzen zena, edozein gai landu adierazteko ere erabiltzen da eta, horrexegatik, beste hainbeste hitz balia daitezke egungo kontzeptu berriak azaltzeko:

  • iragotu (irautu, Isidora Iza Huizi etxarriarrari hartua) Kale gorrian, eguraldiaren mendean, denbora asko eman ondoren, egurra erabat belzturik, sutarako ere balio ez duela, gelditu. Juan San Martin zenak (Zuazo, 2005, 214), Eibarren burdin langintzari loturik, iraotu jaso zuen. OEHk bestalde, iragotu sarrera dakar, horrela azaldurik: "... Etxba Eib".

    Gaur egun, Eibarren eta Etxarri Aranatzen adierazitako kontzeptua azaltzeko zaharkitu erabiltzen da, baina ez du nire ustean zehatz-mehatz kontzeptu hori bera ordezkatzen eta hemen aipatutakoa, iragotu, egokiagoa izan daiteke "egungo beharretarako ezegoki", hots, "obsoleto" kontzeptua, adierazteko.

    • Iguel dek egurroi ezpadook subai botatzen, irautuik ziok ta!
      Iguel dek ordenadorioi arriken botatzen badek, irautuik ziok ta!

      (Igual duk egur hori ez badiok suari botatzen, iragoturik zagok eta!)
      (Igual duk ordenadore hori harrika botatzen baduk, iragoturik zagok eta!)
  • pertzeko Pertzean prestaturiko janaria animaliendako, inolako ongailurik gabea, beheko suko laratzetik zintzilik egosita baino ez. Gizakiondako ezegoki suertatzen denari ere horrela esaten zaio. Beraz "zabor janaria" delakoa adierazteko balia dezakegu.
    • Aunbeste paatu ta pertzekue besteik ez ziegubiek eman ostatubortan!
      Ala ziek Ameiketan okelak ezin jasos, pertzekue besteik eye jaten da!

      (Hainbeste pagatu eta pertzekoa besterik ez zigutek eman ostatu horretan!)
      (Hala zaudek Ameriketan okelak ezin jasoz, pertzekoa besterik ez ditek jaten eta!)
  • porka Gai baten multzoa adierazten du. Gaztelaniako "horca", "sarta", "ristra" eta "racimo" hitzak ordezkatzen ditu: artaporka, matsporka (baita matspo(r)killo ere), batxuiporka, izporka (izen eta izenondo). OEHn modu ezberdinetan dago jasoa, baina esanahi berarekin: morka, borka (AN-ulz, Sal, R), porka (G-nav, AN, B). Hitz hau egokia izan daiteke jatorri bereko gai multzoak adierazteko, hala nola, izar-porka (konstelazio, izar-multzo HBn) edo argi-porka (lanpara HBn, berezi gabe bonbilla bakarrekoa edo gehiagokoa den ala ez).
    • Amiñan etxia faten beiz, an ikusko ttun artaporkak txintxiliken!
      Amiñan etxia faten beiz, an ikusko den izugarrisko argiporka txintxiliken!

      (Amiñaren etxera joaten bahaiz, han ikusiko ditun artoporkak zintzilik!)
      (Amiñaren etxera joaten bahaiz, han ikusiko dun izugarrizko argi-porka zintzilik!)
  • potokeria Litxarreria. Jatorria potoan saltzen ziren elikagaietan dauka. XX. mendeko bigarren erdiaren hasieran, eguneroko jakiak ez zirenak adierazteko erabiltzen zen. Gaur egun, litxarreria edo haurren artean horren zabaldua den "txutxe" hitza ordezka dezake.
    • Gu aurrek iyendetan potokeyeki engeñetzen dau tripe!
      (Gure haurrak igandeetan potokeriekin engainatzen du tripa!)
  • lepagaineko, lepatxikiko Lepo atzealdean emandako kolpe txikia. Gazteek maiz erabiltzen duten "colleja" hitzaren ordez erabili beharko litzateke.
    • Ezpeiz belexe ixiltzen, lepageñekuat emanen dubet!
      (Ez bahaiz berehalaxe isiltzen, lepagaineko bat emanen diat!)

Esamolde, lokuzio eta perifrasiak

Asko eta asko dira Sakanan erabili izan diren esamolde eta aditz-lokuzio zein perifrasiak, baina ahaztuak ditugu horietako gehienak dagoeneko. Hemen, gaurkoan, batzuk baino ez ditut azalduko, denboraren muga dela eta:

  • ametsetako odolkia (idolo, gogoko pertsona)
  • joare hotsak aditu ("oir campanas")
  • aho zulora begira egon (adurra dariola norbaiti begira)
  • ahotik hortzera (bat-batean, pentsatu gabe)
  • Ai hau pena nik! (Ai ene!)
  • ez ahuntzetarako, ez arditarako (ez baterako, ez besterako; noraezean)
  • atzeneko aztalkak egin ("estirar la pata")
  • gezurra zutik bota (inolako lotsarik gabe, begi bistako gezurra esan)
  • gezurra egiaren kolorean esan (egia benetakoa balitz bezala)
  • gingirrinetan jarri/egon (suak harturik jarri/egon)
  • irrikatzen egon (gogo biziz egon)
  • Inon direnak! (Ez da posible!)
  • Izorra hadi eta hago! (Izorrai!)
  • leher egiten egon (zerbaiten edo norbaiten zain, oso urduri egon)
  • lehertuko bada ere (edozein modutara ere, nolanahi ere)
  • lihoak adina hartu/eman (jipoi handia hartu/eman)
  • urdindu arte eman (jipoi handia)
  • luzegarriak eman (luzamenduetan ibili)
  • Hobe duk hutsa! (abisua edo mehatxua, "¡Más te vale!")
  • Orpo-orpoetan eduki (ia gainean eduki)
  • Hotzak/goseak garbitzen egon (hotz/gose handia izan)
  • Zakurraren ipurdira! (popatik hartzera)
  • Zartana baino eroago/harroago (oso ero/harro)
  • Auzomotojorik! (gogoko gertaera baten zain, erabat harroturik)
  • Zotzera bota (zozketatu, Leon Kastillo bota)

Sakanako zenbait hitzen erabilera hobeste aldera

Lexikoarekin ere, esamoldeei buruz nioena errepika daiteke eta, hementxe, lagin bat baino ez dut aurkezten, hizki beltz eta estañes Sakanako bertakoa azpaimarratuz eta hizki arruntean gehien erabiltzen dena testu liburuetan eta "batuan" ari garela erakutsi nahi dugunean:

  • ilaje = kalpar ("greña)
  • katamar(ru)ka = herrestan
  • katagorri = urtxintxa
  • katalingorri = marigorringo
  • kardamotz = eguzkilore, ekilore
  • amiña = amona
  • apez = apaiz
  • ale bat ere ez, alerik ere ez = inor ere ez
  • txirrinta, onguramin = gurari, nahiera
  • maindire = izara
  • barne = barru
  • biboro (bibiro HBn) = biki
  • esnatu = itzarri
  • esnagailu = iratzargailu
  • ezkontza = eztei
  • besape = galtzarbe
  • iraztor = iratze = ira = garo
  • izeba = izeko
  • ostots = trumoi
  • oinaztura = tximista
  • lasterka = korrika
  • ohatze = ohe
  • baratxuri = berakatz
  • txindila = dilista
  • txitxirio = garbantzu
  • neskato = neskatxa
  • jolastu = olgatu
  • apar = bits
  • aratxe = txahal
  • pixa = txiza
  • txindurri = inurri
  • ikurka-makurka = sigi-saga
  • galtzin = kare
  • gisu = igeltsu
  • gisugile = igeltsero


(JOSE LUIS ERDOZIA MAULEON euskaltzain urgazlea da)

  • Estreinezkoz "Plazaberri": agerkari digitalean argitaratua (2009-9-29)


Inprimatu


Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com