Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna

2004-05-28 / 07:05 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Azken egun hauetan Europako Kontseiluaren Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipenerako batzordea Hego Euskal Herrian izan da Espainiak 2001ean berretsi zuen Hizkuntza Gutxituen Ituna benetan betetzen ari ote den aztertzeko. Beraz Ituna gora eta Ituna behera ibili dira egun hauetan baina, zuk, esate baterako, ba al dakizu Itunak zer esaten duen?

Azken hilabete hauetan Hego Euskal Herriko hainbat erakundek Europako Kontseiluari aurkeztu dizkioten txostenetan behin eta berriro salatu dute Espainiak Eremu Urriko Hizkuntzen Ituna ez duela betetzen eta euskal hiztunen eskubideak etengabe urratzen dituela. Hona hemen txosten horietako batzuk:

Galde-erantzun hauek inprimatu


Erantzun

 
Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta
2004-05-28 / 07:07 / erabili.com
1988/192 Hitzaurrea

1988/192 Hitzaurrea

Europako Kontseiluko kide diren estatuek, karta hau izenpetu eta,

Europako Kontseiluren helburua, batez ere, guztien ondarea osatzen duten asmo eta oinarriak babestu eta bultzatzeko, kontseilukideen arteko batasun sendoagoa lortzea dela kontutan izanik,

Europako erregio edo gutxiengoen hizkuntza historikoak, batzuk denbora aurrera joan ahala galtzeko bidean daudenak, babestea Europako kultura-aberastasuna eta ohiturak gorde eta garatzeko lagungarri dela kontutan izanik,

Nazio Batuen Gizarte eta Politika-Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenean jasotako oinarrien arabera, eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak zaintzeko Europako Kontseiluko Itunaren espirituaz bat, bizitza pribatuan edo jendaurreko jardunean erregio edo gutxiengoen hizkuntzan mintzatzeko eskubidea eskubide ukaezina dela kontutan izanik,

ESKBren baitan (Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Biltzarra) egindako lana, eta bereziki 1975eko Helsinkiko Azken Akta eta 1990eko Kopenhageko bilerako agiria, gogoan hartuta,

Kulturartekotasunaren eta eleaniztasunaren balioa azpimarratu eta erregio edo gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzea ez litzatekeela hizkuntza ofizialen kaltetan egin behar eta hauek ikasi beharra dagoela kontutan izanik,

Europako herri eta eskualdeetan erregio edo gutxiengoen hizkuntzak sustatzea demokrazia eta kultura-ugaritasuna oinarri dituen Europako jasotzeko laguntza garrantzitsua dela jakinik, beti ere nazio burujabetasuna eta lurralde osotasunaren esparruan,

Europako herrialdeetako eskualde bakoitzak dituen baldintza bereziak eta ohitura historikoak aintzak hartuta, jarraian datorrena onartu dute:

I. zatia. Erabaki orokorrak

1. artikulua. Definizioak.

Karta honi dagokionez:

  • a) "Erregio edo gutxiengoen hizkuntza" aipatzean, honakook hartzen dira kontutan:
    • estatu bateko lurralde batean aspaldidanik estatu horretako biztanleek, estatuko gainontzeko biztanleak baino kopuru txikiagoa izanik, erabilitako hizkuntzak; eta baita
    • estatu jakin horretako hizkuntza ofiziala edo ofizialak ez direnak. Estatuko hizkuntza ofizialaren edo ofizialen dialektoak nahiz etorkinen hizkuntzak ez dira kontutan hartzen;
  • b) "Erregio edo gutxiengoen hizkuntza erabiltzen duten lurraldea" karta honetan ohartemandako babes eta sustapenerako zenbait neurri hartzea bidezko egiteko besteko hiztun kopurua duen hizkuntzaren geografia eremua da;
  • c) "Lurralderik gabeko hizkuntzak" aipatzean, estatuko gainontzeko biztanleek erabili baina estatuko lurraldean aspaldidanik erabilita ere, estatuko eremu geografiko jakin bati lotuta ez daudenak dira.


2. artikulua. Konpromisoak.

1.- Izenpetzaileek II. zatiko erabakiak beren lurraldean mintzatzen diren erregio edo gutxiengoen hizkuntza guztiekin betetzeko konpromisoa hartu dute, hizkuntzak 1. ataleko definizioaz bat baldin badatoz.

2.- Berrespenaren, oniritzia ematearen edo onarpenaren unean aipatutako hizkuntzei dagokienez, 3. artikuluarekin bat, alde bakoitzak karta honetako III. zatiko erabakien artean hautatutako hogeita hamabost lerroaldi edo azpiatal gutxienez betetzeko konpromisoa hartu du. Horietatik hiru gutxienez, 8 eta 12. ataletatik hartutakoak izan beharko dute eta 9, 10, 11 eta 13. ataletatik bana hartu beharko da.


3. artikulua. Aukerak.

1.- Hitzarmena sinatu duen estatuetako bakoitzak bere berrespen, oniritzi emate edo onarpen-agirian, 2. artikuluaren 2. idazatiaz bat aukeratutako lerroaldiek estatuko lurralde osoan edo lurralde zati batean gutxiago hedatutako erregio edo gutxiengoen hizkuntzatako nahiz hizkuntza ofizialetako zeintzuri eragingo dioten zehaztu beharko du.

2.- Parte hartu dutenek, gerora ere, berrespen-oniritzi emate edo onarpen-agirian Kartako zehaztu gabeko beste edozein lerroalditan ageri diren erabakien ondoriozko betebeharrak onartzen dituztela jakinarazi ahal izango diote idazkari nagusiari. Baita atal honetako lehen lerroaldia beren lurralde osoan edo zati batean hedatutako erregio edo gutxiengoen beste hizkuntza batzuekin nahiz beste hizkuntza ofizial batzuekin ere ezarriko dutela.

3.- Aurreko lerroaldian ohartemandako konpromisoak berrespen oniritzi emate edo onarpen-agirien ataltzat hartuko dira eta ondorio berak izango dituzte jakinarazten direnetik hasita.


4. artikulua. Dagoeneko badiren babes estatusak.

1.- Karta honetako erabaki batek ere ezin izango du Giza Eskubideen Europako Biltzarrak bermatutako eskubideak mugatu edo indarrik gabe utzi.

2.- Karta honetako erabakiek ez dute erregio edo gutxiengoen hizkuntzen egoera arautzen duten erabaki hobeengan murrizpenik eragingo, ezta gutxiengoetakoak diren pertsonen lege-araubidean ere. Erabaki hobe horiek dagoeneko gaiari buruzko Zatiren batean jasotakoak edo nazioarteko bitariko edo askotariko akordioetan ohartemandakoak izan beharko dute.


5. artikulua. Sortutako betebeharrak.

Karta honetako ezer ezin izango da Nazio Batuen Kartako helburuekin edo nazioarteko zuzenbidearen beste betebehar batzuekin, burujabetasun eta lurralde-osotasun oinarriak barne direla, bat ez datozen edonolako ekintzekin hasteko eskubidetzat hartu,


6. artikulua. Informazioa.

Karta honek eragiten dieten agintari, erakunde eta pertsonei karta honetan finkatutako eskubide eta betebeharren berri emateko konpromisoa hartu dute sinatzaileek.

II. zatia. 2. artikuluaren 1. lerroaldiaz bat lortu nahi diren helburu eta oinarriak

7. artikulua. Helburu eta oinarriak.

1.- Erregio edo gutxiengoen hizkuntzei dagokienez, hizkuntza horiek erabiltzen diren eskualdeetan eta hizkuntza bakoitzak bizi duen egoeraren arabera, kartagileek aurrera eraman nahi duten politika, legedia eta ekintzak helburu eta oinarrion araberakoak dira:

  • a) erregio edo gutxiengoen hizkuntzak onartzea, kultura-aberastasunaren erakusle dira eta;
  • b) erregio edo gutxiengoen hizkuntza bakoitzaren geografia-eremua errespetatzea. Hala, dagoeneko badiren edo sortuko diren administraziobanaketak erregio edo gutxiengoen hizkuntzen sustapenean oztopo ez izatea lortuko da;
  • c) erregio edo gutxiengoen hizkuntzak sustatzeko benetako ekintzak burutzea;
  • d) erregio edo gutxiengoen hizkuntzak jendaurreko jardunean eta pribatuan ahoz zein idatziz erabil daitezen erraztu eta/edo sustatzea;
  • e) karta honek hartzen dituen esparruetan, erregio edo gutxiengoen hizkuntza bat erabiltzen dutenen eta hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten estatu bereko beste talde batzuen arteko harremanak mantendu eta garatzea. Baita estatuan beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten beste talde batzuekiko kultura arloko harremanak finkatzea ere;
  • f) erregio edo gutxiengoen hizkuntzak maila guztietan irakatsi eta ikertzeko baliabideak eskaintzea;
  • g) erregio edo gutxiengoen hizkuntza baten eremuan bizi baina hizkuntza horretan hitz egiten ez dakitenek ikasi ahal izateko baliabideak jartzea, ikastea borondatezkoa bada ere;
  • h) unibertsitate edo baliokideak diren tokietan erregio edo gutxiengoen hizkuntzei buruzko azterketa eta ikerketak sustatzea;
  • i) karta honek biltzen dituen arloetan, bi edo zenbait estatuan modu berean edo antzekoan hitz egiten diren erregio edo gutxiengoen hizkuntzen arteko nazioarteko harreman egokiak sustatzea.

2.- Erregio edo gutxiengoen hizkuntzak mantendu eta garatzea bultzatu ez eta arriskutan jarri asmoz, berauek erabiltzean sortutako arrazoirik gabeko bereizkeria, baztertze, muga edo lehentasunei amaiera emateko konpromisoa hartu dute kartagileek, dagoeneko egin ez badute. Erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainontzekoen arteko berdintasuna lortu asmoz edo hizkuntzan egoera berezia kontutan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko.

3.- Neurri egokien bidez, herrialdeko hizkuntza-talde guztien arteko elkar ulertzea sustatzeko konpromisoa hartu dute kartagileek eta hala, erregio edo gutxiengoen hizkuntzak errespetatu, ulertu eta onartzea herrialdean ematen den hezkuntza eta prestakuntzaren helburuen artean izango da. Bestalde, komunikabide handiek helburu beraren bila jardun dezaten saiatuko dira kartagileak.

4.- Erregio edo gutxiengoen hizkuntzekiko politika zehazteaz batera, kartagileek hizkuntza horietako hiztunek adierazitako beharrizan eta gurariak kontutan izateko konpromisoa hartu dute. Beharrezkoa baldin bada, erregio edo gutxiengoen hizkuntzekin zer ikusia duten kontuez agintariei gomendioak emateko organoak sor ditzatela eskatzen zaie.

5.- Lurralderik gabeko hizkuntzei dagokienez, lehen lerroalditik 4.era artekoetan jasotako oinarriak " mutatis mutandis " ezartzeko konpromisoa hartu dute kartagileek. Hala ere, hizkuntza horiek direla eta, karta hau gauza dadin hartu beharreko neurrien ezaugarriak eta zenbaterainokoa modu malguan zehaztuko dira, beharrizan eta nahiak kontutan izanda eta hizkuntza horietako hiztunen ohitura eta ezaugarriak errespetatuta.

III. zatia. Jendaurreko jardunean erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzearen aldeko neurriak. Neurriok 2. artikuluko 2. lerroaldian oinarrituta izenpetutako konpromisoez bat hartu beharko dira.

8. artikulua. Irakaskuntza.

1.- Irakaskuntzaren arloan, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta estatuko hizkuntza ofizialaren edo ofizialen irakaskuntzaren kaltetan gabe, agirigileek honako konpromisoak hartu dituzte:

  • a)

    -eskolaurreko heziketa kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo

    • eskolaurreko heziketaren zati garrantzitsu bat kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
    • aurreko bi puntuetako bat betetzea beren gurasoek hala nahi duten ikasleekin behintzat, ikasle kopurua behar bestekoa baldin bada, edo
    • herri-agintariek eskolaurreko heziketan zuzeneko aginpiderik ez baldin badute, lehen bi puntuetan ohartemandako neurriak bete daitezen lagundu edo/eta bultzatzea;
  • b)
    • lehen heziketa kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
    • lehen heziketaren zati garrantzitsu bat kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
    • lehen heziketaren esparruan, kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan irakastea curriculumaren ataletako bat izan dadin ohartematea, edo
    • aurreko hiru puntuetako bat betetzea beren gurasoek hala nahi duten ikasleekin behintzat, ikasle kopurua behar bestekoa baldin bada;
  • c)
    • bigarren heziketa kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
    • bigarren heziketaren zati garrantzitsu bat kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
    • bigarren heziketaren esparruan, kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan irakastea curriculumaren ataletako bat izan dadin ohartematea, edo
    • aurreko lehen hiru puntuetako bat betetzea hala nahi duten ikasleekin-edo, bestela, gurasoek nahi dutenekin- ikasle kopurua behar bestekoa baldin bada;
  • d)
    • heziketa teknikoa eta lanbide-heziketa kasuan kasuko eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
    • heziketa teknikoaren eta lanbide-heziketaren zati garrantzitsu bat kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
    • heziketa teknikoaren eta lanbide-heziketaren esparruan, kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan irakastea curriculumaren ataletako bat izan dadin ohartematea, edo
    • aurreko lehen hiru puntuetako bat betetzea hala nahi duten ikasleekin-edo, bestela, gurasoek nahi dutenekin ikasle kopurua behar bestekoa baldin bada;
  • e)
    • unibertsitateko edo goi mailako beste ikasketa batzuk erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ohartematea, edo
    • hizkuntza horiek ikertzea unibertsitateko edo goi mailako irakaskuntzako ikasgaiak izan daitezen ohartematea, edo
    • goi mailako irakaskuntza finkatzean estatuak izan dezakeen eragina dela eta, lehen bi azpiartikuluak ezin bete izango balira, unibertsitateko edo goi mailako beste irakaskuntza mota batzuk erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutu daitezen bultzatu eta/edo baimentzea;
  • f)
    • helduen heziketa edo etengabeko heziketa neurri handi batean edo erabat erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzeko ikastaroak eskain daitezen beharrezko erabakiak hartzea, edo
    • hizkuntza horiek helduen heziketako eta etengabeko heziketako ikasgaiak izan daitezela proposatzea, edo
    • herri-agintariek ez badute helduen heziketaren arloko zuzeneko aginpiderik, helduen heziketan eta etengabeko heziketan hizkuntza horiek irakats daitezen bultzatu eta sustatzea;
  • g)
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzek adierazten duten historia eta kultura irakatsi ahal izateko erabakiak hartzea;
  • h) Zati honen bidez onartutako a)tik g)ra arteko lerroaldietan esaten dena indarrean jartzeko, irakasleek beharrezko hasierako eta etengabeko prestakuntza jaso dezatela ziurtatzea;
  • i) erregio edo gutxiengoen hizkuntzen irakaskuntza finkatu edo garatu asmoz hartutako neurrien eta izandako aurrerakuntzen jarraipena egiteko, ikuskaritza-organo bat edo beste sortzea eta gai horien inguruko txostenak egitea aldian-aldian. Txosten horiek jendaurrean jarriko dira.

2.- Irakaskuntzaren arloan, erregio edo gutxiengoen hizkuntzak aspaldidanik erabiltzen diren eskualdetatik kanpo dauden lurraldeei dagokienez, irakaskuntzaren garai egokietan erregio edo gutxiengoen hizkuntzak edo hizkuntzetan irakatsi ahal izatea baimendu, sustatu edo finkatzeko konpromisoa hartu dute kartagileek, erregio edo gutxiengoen hizkuntzaren hiztun kopuruak hala jardutea bidezko egiten badu.


9. artikulua. Zuzentza.

1.- Jarraian zehazten diren neurriak hartzea bidezko egiteko besteko erregio edo gutxiengoen hiztun kopurua duten zuzentza-agintaritzen barrutiei dagokienean, hizkuntza horietako bakoitzaren egoeraren arabera, eta lerroaldi honetan jasotzen diren aukerez baliatzeak epailaren ustez zuzentzaren administrazio onari oztoporik jartzen ez badio, kartagileek honako konpromisoak hartu dituzte:

  • a) auzibideetan:
    • auzibidean parte hartzen dutenek hala eskatzen badute, auzibidea erregio edo gutxiengoen hizkuntzan aurrera eramatea ohartematea, eta/edo
    • auziperatuak bere erregio edo gutxiengoen hizkuntzan mintzatzeko aukera izan dezan bermatzea, eta/edo
    • ohartematea errekerimendu eta frogak, ahozkoak zein idatzizkoak, onartezintzat ez hartzea erregio edo gutxiengoen hizkuntzan egiteagatik, eta/edo
    • gutxiengoen hizkuntza horietan aurrera eraman ahal izatea, beharrezkoa bada interpretari eta itzultzaileez baliatuta, interesatuei gehiago ordaindu beharra ekartzen ez badiote;
  • b) zibil arloko auzibideetan,
    • auzibidean parte hartzen duenetakoren batek hala eskatzen badu, auzitegiek auzibidea erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan aurrera eraman dezatela ohartematea, eta/edo
    • auzibidean parte hartzen duenetakoren batek epaimahaiaren aurrean agertu behar badu eztabaidaren batean, bere erregio edo gutxiengoen hizkuntzan hitz egin ahal izatea baimentzea. Horrek ez dio gastu gehigarririk ekarriko, eta/edo
    • Karta eta frogak erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan sortzea baimentzea, horretarako interpretariak edo itzulpenak erabili behar badira ere;
  • c) Administrazio arloan aginpidea duten auzibideetan:
    • auzibidean parte hartzen duenetakoren batek hala eskatzen badu, auzitegiek auzibidea erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan aurrera eraman dezatela ohartematea, eta/edo
    • auzibidean parte hartzen duenetakoren batek epaimahaiaren aurrean agertu behar badu eztabaidaren batean, bere erregio edo gutxiengoen hizkuntzan hitz egin ahal izatea baimentzea. Horrek ez dio gastu gehigarririk ekarriko, eta/edo
    • Karta eta frogak erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan sortzea baimentzea, horretarako interpretariak edo itzulpenak erabili behar badira ere;
    • b eta c lerroaldietan lehen eta hirugarren azpiatalak ezartzeak eta aldi batez interpretari nahiz itzulpenez baliatu beharrak interesatuei gastu gehigarririk eragin ez diezaieten neurriak hartzea.

2.- Kartagileek honako konpromisoak hartu dituzte:

  • a) estatu bateko legezko egintzak ez baliogabetzea erregio edo gutxiengoen hizkuntza batean idatzita egoteagatik soilik, edo
  • b) kartagileen artean estatu bateko legezko egintzak ez baliogabetzea erregio edo gutxiengoen hizkuntza batean idatzita egoteagatik soilik, eta hizkuntza horietan hiztun ez diren interesatuen aurka erabili ahal izan daitezen ohartematea, baldin eta agiriaren edukiaren berri ematen badie agiriari balioa ematen dionak, edo
  • c) kartagileen artean estatu bateko legezko egintzak ez baliogabetzea erregio edo gutxiengoen hizkuntza batean idatzita egoteagatik soilik,
  1. - Estatu mailako lege nagusiak eta bereziki erregio edo gutxiengoen hizkuntzei eragiten dietenak erabiltzaileen eskuetan hizkuntza horietan jartzeko konpromisoa hartu dute kartagileek, testu horiek dagoeneko beste moduren batean jasotzerik ez baldin badago behintzat.


10. artikulua. Administrazioko agintariak eta zerbitzu publikoak.

1.- Jarraian datozen neurriak hartzea bidezko egiteko besteko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztun kopurua duten estatuko administrazio-barrutietan, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, kartagileek honako konpromisoak hartu dituzte, aurrera eramatea posible den neurrian burutzekoak:

  • a)
    • administrazio horiek erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzatela zaintzea, edo
    • administrazio horietan jendaurrean dauden langileek beraiengana erregio edo gutxiengoen hizkuntzan zuzentzen direnekin hizkuntza horiek erabil ditzaten zaintzea, edo
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horietan ahoz edo idatziz eskariak egin eta erantzuna hizkuntza berean jaso ahal izan dezaten zaintzea, edo
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horietan ahoz edo idatziz eskariak egin ahal izan ditzaten zaintzea, edo
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek hizkuntzotan idatzitako agiriak balio osoz aurkeztu ahal izatea zaintzea;
  • b)
    • jendearentzat ohizkoak diren administrazioko agiri eta testuak erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan edo elebitan jartzea;
  • c)
    • administrazioari agiriak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan idazteko aukera ematea.

2.- Jarraian datozen neurriak hartzea bidezko egiteko besteko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztun kopurua duten toki edo erregio agintaritzei dagokienean, kartagileek honakook baimendu eta/edo sustatzeko konpromisoa hartu dute:

  • a) eskualde edo toki mailako administrazioaren esparruan erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzea;
  • b) erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horietan ahoz edo idatziz eskariak aurkeztu ahal izatea;
  • c) eskualdeko taldeek beren agiri ofizialak erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan ere argitaratzea;
  • d) toki mailako taldeek beren agiri ofizialak erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan ere argitaratzea;
  • e) erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen diren eskualdeetako taldeek beren batzarretako eztabaidetan hizkuntza horiek erabiltzea. Horrek ez du esan nahi estatuko hizkuntza ofiziala edo ofizialak erabiliko ez direnik;
  • g) erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako toponimia aspaldidaniko moduan eta zuzentasunez erabiltzea edo erabiltzen hastea, bestela ezin denean estatuko hizkuntza ofizial edo ofizialetako izenekin batera.

3.- Administrazioko agintaritzek edo hauen izenean diharduten beste pertsona batzuek eskaintzen dituzten herri-zerbitzuei dagokienez, erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen diren eskualdeei dagokienez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta aurrera eramatea posible den neurrian, honako konpromisoak hartu dituzte kartagileek:

  • a) zerbitzua eskaintzean erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabil daitezen zaintzea, edo
  • b) erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek eskariak hizkuntza horietan egin eta erantzunak ere hizkuntza berean jaso ahal izatea baimentzea, edo
  • c) erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek eskariak hizkuntza horietan egin ahal izatea baimentzea.

4.- Onartu dituzten 1., 2., eta 3. lerroaldietako erabakiak indarrean jarri ahal izateko, kartagileek jarraian datozen neurrietako bat edo batzuk betetzeko konpromisoa hartu dute:

  • a) eskatuko balitz, idatzizko edo ahozko itzulpena egitea;
  • b) behar beste herri-langile kontratatu edo, bestela, lanean dihardutenak prestatzea;
  • c) Erregio edo gutxiengoen hizkuntzaren bat ezagutzen duten herri-langileek hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeetan lan egitea eskatzen badute, ahal den neurrian aukera hori ematea.
  1. - Abizenak erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan erabili edo erabiltzen hastea baimentzea, interesatuek hala eskatzen badute.


11. artikulua. Komunikabideak.

1.- Erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen diren lurraldeei dagokienez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, herri-agintariek arlo horretan zuzenean edo zeharka aginpiderik edo zer eginik duten neurrian eta komunikabideen independentzia eta autonomia errespetatu behar dela kontutan izanda, kartagileek honako konpromisoak hartu dituzte:

  • a) Irratia eta telebista neurri batean herri-zerbitzua direla kontutan izanda;
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duten irrati eta telebista bana gutxienez sor dadila ziurtatzea, edo
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duten irrati eta telebista bana gutxienez sortzeko sustapena egin eta/edo laguntzea, edo
    • hedabideek erregio edo gutxiengoen hizkuntzan burututako irrati edo telebista saioak egin ditzaten beharrezko erabakiak hartzea;
  • b) erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duen irrati bat gutxienez sortzeko sustapena egin eta/edo laguntzea, edo
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzan sortutako irratsaioak jarraitasunez eman daitezela sustatu eta/edo erraztea;
  • c) erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duen telebista bat gutxienez sortzeko sustapena egin eta/edo laguntzea, edo
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzan sortutako telebista saioak jarraitasunez eman daitezela sustatu eta/edo erraztea;
  • d) entzutezko eta ikus-entzutezko lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan ekoiztu eta hedatzea sustatu eta erraztea;
  • e) erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duen aldizkari bat gutxienez sortzeko eta/edo mantentzeko sustapena egin eta/edo laguntzea, edo
    • erregio edo gutxiengoen hizkuntzan sortutako prentsa-artituluak jarraitasunez argitaratzea sustatu eta/edo erraztea;
  • f) erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen dituzten komunikabideen gastu gehigarriak ordaintzea, legeetan komunikabideei orokorrean dirulaguntzak ematea ohartematen baldin bada, edo
    • dirubidezko laguntzak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan sortutako ikusentzutezkoei ere ematea;
  • g) erregio edo gutxiengoen hizkuntzan lan egiten duten komunikabideetan jardun ahal izateko kazetari eta beste langile batzuen prestakuntza bultzatzea;

2.- Alboko herrialde batean erregio edo gutxiengoen hizkuntzan nahiz hauen antzekoren batean sortutako irrati edo telebista-saioak zuzenean hartzeko askatasuna bermatzeko konpromisoa hartu dute kartegileek, eta baita alboko herrialdeetan hizkuntza horietan egindako irrati edo telebista saioak hedatzeari oztoporik ez jartzeko ere. Bestalde, erregio edo gutxiengoen hizkuntzan nahiz hauen antzekoren batean sortutako idatzizko informazioa dela eta, adierazpen-askatasunari edo informazioa askatasunez hedatzeari buruzko mugarik ez jartzeko konpromisoa ere hartu dute. Aipatutako askatasunez baliatzean, betebehar eta erantzukizunak daudenez, legean ohartemandako betekizun, baldintza, muga edo zigorrak izan daitezke. Neurriok beharrezkoak dira demokrazian oinarritutako gizarte batean nazioaren segurtasuna, lurralde-osotasuna edo biztanleen segurtasuna, bakea zaintzea, kriminaltasunari aldez aurretik aurre egitea, osasuna edo morala babestea, lagun urkoaren ospea edo eskubideak babestea, ezkutuko informazioa zabaltzea galaraztea edo botere judizialaren aginpidea edo alderdikeriarik eza bermatu ahal izateko.

3.- Legearekin bat etorrita sortutako egituretan, erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen interesak ordezkatuta egon edo kontutan hartzeko konpromisoa hartu dute kartagileek. Helburua komunikabideen askatasuna eta pluraltasuna bermatzea da.


12. artikulua. Kultura-jarduerak eta azpiegiturak.

1.- Kultura-jarduera eta azpiegituren arloan batez ere liburutegiak, bideotekak, kultur etxeak, museoak, ikastetxeetako artxibategiak, antzerkiak, zinemak, literatura eta zinemarako ekoizpen-lanak, herri-kulturaren adierazpideak, jaialdiak, kulturaren arloko industriak, guztietan ere batez ere teknologia berria erabiltzea bultzatuko delarik, hizkuntza horiek erabiltzen diren eskualdeari dagokionez eta herri-agintariek aginpideren bat edo zer esanik baldin badute arlo horretan, honako konpromisoak hartu dituzte kartagileek:

  • a) erregio edo gutxiengoen hizkuntzako espresabideak eta ekimenak sustatzea eta hizkuntza horietan sortutako lanak eskuratzeko bideak erraztea;
  • b) erregio edo gutxiengoen hizkuntzan sortutako lanak beste hizkuntza batzuetan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio-lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu edo garatuko dira;
  • c) beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio-lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko dira;
  • d) kultura-jarduerei hasiera eman edo bultzatzeko ardura duten erakundeek, beren ekimeneko lanak edo beraiek bultzatutakoak burutzerakoan erregio edo gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak neurri egokian barnera daitezen zaintzea;
  • e) kultura-jarduerei hasiera eman edo bultzatzeko ardura duten erakundeek, beren langileen artean, biztanleen gainontzeko hizkuntzak ezagutzeaz gainera, erregio edo gutxiengoen hizkuntzak menperatzen dituztenak izan ditzaten erraztea;
  • f) kultura-jarduerak hornitu eta berauen egitarauak egitearekin zer ikusia duten arloetan, erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan hitz egiteko gauza diren ordezkariek zuzenean parte har dezaten erraztea;
  • g) erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan sortutako lanak jaso, gordailua eman eta aurkeztu edo argitaratzeko ardura izango duen erakunde bat edo gehiago sor dadin sustatu eta/edo erraztea;
  • h) halakorik ezin bada, erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako administrazio, merkataritza, ekonomia, gizarte, teknologia edo lege arloko terminologia egokia mantendu eta garatzeko itzulpen eta terminologiaren arloko ikerketarako zerbitzuak sortu eta/edo sustatu eta finantzatzea.

2.- Erregio edo gutxiengoen hizkuntzak aspaldidanik erabiltzen dituzten beste lurralde batzuei dagokienez, hizkuntza horietako hiztun kopurua behar adinakoa baldin bada, kultura-jarduera eta hornikuntza egokiak izan ditzaten baimendu, sustatu eta/edo ohartemateko konpromisoa hartu dute kartagileek, aurreko lerroaldian erabakitakoaren ildotik.

3.- Atzerrian aurrera eraman beharreko kultura arloko politikari dagokionez, erregio edo gutxiengoen hizkuntzei eta hauek adierazten dituzten kulturei gune egokia eskaintzeko konpromisoa hartu dute kartagileek.


13. artikulua. Ekonomia- eta gizarte-arloa.

1.- Ekonomia eta gizarte-arloko jarduerei dagokienez, kartagileek honako konpromisoak hartu dituzte herrialde osorako:

  • a) ekonomia eta gizarte-arloei buruzko agirietan batez ere lan-hitzarmenetan eta agiri teknikoetan, esate baterako ekoizpenak edo hornigaiak nola erabili adierazten dutenetan erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzea benetazko arrazoirik gabe galarazi edo mugatzen duten erabaki guztiak kentzea beren legedietatik;
  • b) enpresetako barne-araudietan eta ekintza pribatuetan erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horiek erabiltzea galarazi edo mugatzen duten baldintzak izatea debekatzea;
  • c) ekonomia eta gizarte-arloko jardueretan erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzea bultzatzearen aurkakoak diren neurriei aurre egitea;
  • d) erregio edo gutxiengoen hizkuntzen erabilera bultzatzeko, aurreko azpiataletan azaldutako neurriez gainera, beste batzuk erabiltzea erraztu eta/edo sustatzea.

2.- Erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen diren lurraldeetan, ekonomia eta gizarte-arloko jarduerei dagokienean herri-agintariek aginpideren bat baldin badute, aurrera eramatea posible den neurrian, honako konpromisoak hartu dituzte kartagileek;

  • a) finantza eta bankuei buruzko araubideen bidez, merkataritzan jarduteko moduko baldintzetan, ordainketa-aginduak (txekeak, ganbio-letrak, etab.) edo finantza arloko beste agiri batzuk erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan erabili ahal izateko bideak jartzea, edo bestela, bide horiei hasiera ematen laguntzea;
  • b) zuzen-zuzenean beren ardurapean dauden ekonomia eta gizarte-arloetan (arlo publikoa), erregio edo gutxiengoen hizkuntzen erabilera bultzatzeko ekintzak burutzea;
  • c) ospitale, helduen egoitza edo antzeko gizarte-egoitzetan dauden gaixo, adineko edo bestelakoak beren erregio edo gutxiengoen hizkuntzan zaindu ahal izan ditzaten betearaztea;
  • d) segurtasunezko oharrak, modu egokien arabera, erregio edo gutxiengoen hizkuntzan ere idatzita egon daitezen zaintzea;
  • e) kontsumitzaileen eskubideen arloan aginpidea duten agintariek emandako argibideak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jaso ahal izatea.


14. artikulua. Mugaz gaindiko harremanak.

Kartagileek honako konpromisoak hartu dituzte:

  • a) hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten eskualdeen gaineko estatuek dituzten bitariko edo askotariko akordioak betetzea edo amaieraraino eramaten saiatzea, estatu horietako hizkuntza beraren hiztunen arteko harremanak erraztu asmoz. Harreman horiek kultura, irakaskuntza, informazioa, lanbide-heziketa eta etengabeko prestakuntzaren arlokoak izango dira;
  • b) erregio edo gutxiengoen hizkuntza modu berean edo antzekoan erabiltzen duten lurraldeetako elkarlana erraztea eta/edo sustatzea, batez ere eskualde edo toki mailako elkarteen artekoa, beti ere erregio edo gutxiengoen hizkuntzen alde.

IV. zatia. Karta indarrean jartzea

15. artikulua. Aldian aldiko txostenak.

1.- Kartagileek aldian aldian eta Ministroen Lantaldeak erabakiko duen moduan, karta honetako II. zatiaz bat eta III. Zatitik onartutako erabakiak ezartzearen ondorioz, aurrera eraman duten politikari buruzko txosten bat aurkeztu beharko diote Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari. Lehen txostena kasuan kasuko Zatiari buruzko Karta indarrean jarri eta hurrengo urtean aurkeztu beharko da, eta gainontzekoak lehenengoa aurkeztu zenetik hasita hiru urtean behin.

2.- Kartagileek jendaurrean jarriko dituzte beren txostenak.


16. artikulua. Txostenen azterketa.

1.- 15. atalean esaten dena ezartzearen ondorioz Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari aurkeztutako txostenak 17. artikuluaz bat osatutako adituen lantalde batek aztertuko ditu.

2.- Legez kartagile bilakatutako erakunde eta elkarteek, Adituen Lantaldeari oharrak aurkezteko aukera izango dute, karta honen III. zatiaren arabera kartagile horrek dituen konpromisoen inguruko gaiak direla eta. Adituen Lantaldeak, talde interesatuari iritzia eskatu ondoren, jasotako informazio horiek kontutan hartu ahal izango ditu, atal honetako

3.- azpiatalean aipatutako txostena gertatzeko. Bestalde, erakunde eta elkarte horiek adierazpenak aurkez ditzakete taldeetako batek eraman duen politikaren gainean, II. zatiaz bat beti ere.

4.- 1. azpiatalean aipatutako txostenak eta 2. azpiatalean aipatutako informazioak oinarritzat hartuta, Adituen Lantaldeak Ministroen Lantaldearentzako txosten bat prestatuko du. Txosten horrekin batera taldeei eskatuko zaizkien oharrak joango dira, eta Ministroen Lantaldearen esku izango da argitara ematea.

5.- Ministroen Lantaldeak talde bat edo batzuentzako gomendioak prestatu behar baditu, aurrez horrelakorik egin ez delarik, Adituen Lantaldeak egingo dizkion proposamenak jasoko dira bereziki, 3. azpiatalean aipatutako txostenean.

6.- Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiak bi urtero Kartaren ezarpenari buruzko txosten zehatza egin beharko dio Legebiltzarrari.


17. artikulua. Adituen Lantaldea.

1.- Adituen Lantaldea osatzeko, Ministroen Lantaldeak kartagile bakoitzetik kide bat aukeratuko du, zintzoak izan eta Kartan aztertutako gaietan prestutasun ezaguna duten izenekin dagokion alderdiak egindako zerrendatik.

2.- Lantaldeko kideak sei urterako izendatuko dira, eta agintaldia berritzeko aukera izango da. Kideren batek ezin badu agintaldia bete, 1. azpiatalean zehaztutako moduan ordezkatu beharko da, eta ordezkoak lehengo kidearen agintaldia bukatuko du.

3.- Adituen Lantaldeak bere barne-araudia onartuko du. Bere idazkaritza Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiak bermatuko du.

V. zatia- Azken erabakiak

18. artikulua.

Karta hau Europako Kontseiluko kide diren estatuen eskura dago, sinatu nahi badute. Berretsi, oniritzia eman eta onartu egin beharko da. Berretsi, oniritzia eman edo onartzeko agiriak Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari aurkeztu beharko zaizkio.


19. artikulua.

1.- Europako Kontseiluko kide diren bost estatuk, 18. ataleko erabakiekin bat, Kartarekiko konpromisoa onartzeko prest daudela adierazi duten egunetik aurrera hiru hilabeteko epea amaitu ondoren datorren hileko lehen egunean jarriko da indarrean karta hau.

2.- Kartarekiko konpromisoa onartzeko prest daudela beranduago adierazten duten estatu guztientzako, berretsi, oniritzia eman edo onartzeko agiria aurkeztu eta hiru hilabeteko epea amaitu ondoren datorren hileko lehen egunean jarriko da indarrean Karta.


20. artikulua.

1.- Karta hau indarrean jarri ondoren, Europako Kontseiluko Ministroen Lantaldeak bere esku izango du Europako Kontseiluko kide ez den edozein estaturi Karta betetzeko konpromisoa eskaintzea.

2.- Betetzeko konpromiso hori hartu duten estatuentzat, konpromisoa hartu izanaren agiria Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari aurkeztu dioten egunetik aurrera hiru hilabeteko epea amaitu ondoren datorren hileko lehen egunean jarriko da indarrean Karta.


21. artikulua.

1.- Estatu guztiek, karta honetako 7. artikuluaren 2. azpiataletik 5.era bitartekoetan baldintza bat edo batzuk jartzeko aukera izango dute, berresteko, oniritzia emateko edo onartzeko agiria sinatzerakoan edo aurkezterakoan. Beste baldintzarik ez da onartuko.

2.- Aurreko azpiartikuluaren araberako baldintzarik jarri duen estatu orok baldintza hori neurri batean edo oso-osorik kentzeko aukera izango du. Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari jakinarazpena bidaliz. Baldintzak kentzea Idazkari Nagusiak jakinarazpena jasotako egunetik aurrera gauzatuko da.


22. artikulua.

1.- Kartagile orok, karta hau edozein momentutan salatu ahal izango du, Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari jakinarazpena bidaliz.

2.- Salaketa Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta sei hilabeteko epea amaitu ondoko hileko lehen egunean jarriko da indarrean.


23. artikulua.

Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiak Kontseiluko kide diren estatu guztiei eta karta hau betetzeko konpromisoa hartu duten guztiei honako hauek jakinarazi beharko dizkie:

  • a) izenpe guztiak;
  • b) berretsi, oniritzia eman, onartu edo betetzeko konpromisoa hartzeko agiri ororen aurkezpena.
  • c) karta hau indarrean jartzeko data guztiak, Kartako 19. eta 20. atalen arabera;
  • d) 3. ataleko 2. azpiataleko erabakiak bete beharraren ondorioz jasotako jakinarazpen guztiak;
  • e) karta honekin zerikusia duten egintza, jakinarazpen edo mezu guztiak. Aurreko dena ikusita, beheko aldean ageri diren sinatzaileek, behar besteko ahalmena izanda, karta hau sinatu dute.
 
Ezjakitunak
2004-05-28 / 18:34 / Idoia Gillenea

Egia da, oso euskaldun gutxik ezagutzen du zer dioen Hizkuntzen Euroitunak, kartak edo dena delakoak, hamaika modutan ikusi baitut idatzia.

Ez ditugu gure eskubideak ezagutzen, hori begi bistakoa da. Bihotzak gauza asko esaten dizkigu, baina hobe geundeke gure eskubideak ezagutuko bagenitu.

Eskuminak,


(IDOIA GILLENEA Europako Kontseiluko itzultzaile izandakoa da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com