Gaur (2007-9-14) aurkeztu dute Azpeitiko udalerriaren toki-izenak jasotzen dituen maparen behin-behineko bertsioa. Azpeitiar guztien eskura izango da egunotan mapa Betharrameko aretoan zabaldu den erakusketan, herritarrek ikus dezaten eta, hala nahi izanez gero, beraien ekarpenak egin ditzaten, behin betiko lana osatze aldera.
Mendiak, errekak, baserriak...
Mendiak, errekak, baserriak...
Toponimiak toki-izenak aztertu eta zehazten ditu eta horixe da Azpeitiko toponimia mapan egin dena: Azpeitiko udalerriko toki-izenak, toponimoak alegia (mendienak, errekenak, baserrienak, bailarenak...), aztertu eta horiek mapa batean kokatu, kasu honetan 1:15.000ko eskala erabiliz.
Bizpahiru urteko lana
Gaur Udal Euskara Patronatuaren egoitzan aurkeztu zen mapa berriaren proiektua aurreko udal-agintalditik dator. Hain zuzen ere, bizpahiru urteko lanaren emaitza dugu udalerriaren toponimia mapa, aurkezpenean Iñaki Errazkin alkateak eta Ikermap enpresako Imanol Goikoetxeak azaldu zuten bezala. Ikermap-i agindu zion mapa egiteko Azpeitiko Udalak, lehiaketa bidez, eta Goikoetxea izan da ikerketa lanaren arduradun teknikoa. Errazkinekin eta Goikoetxearekin batera, Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuak hartu du parte aurkezpenean.
Izenak nola zehazten diren
Mapa toponimiko bat egiterakoan, eta lekuan lekuko toki-izenak zehazteko, hiru urrats bete ohi dituzte ikertzaileek:
- Alde batetik toponimia biziaren bilketa dago. Bertako inguruak ezagutzen dituzten baserritarrekin hitz egin eta leku-izenak edo toponimoak lurraldean kokatzen dira.
- Lekuko dokumentalen azterketa dugu beste informazio iturria. Gaur egun erabiltzen diren toponimoak agiri zaharretan agertzen diren toponimoekin lotzen dira. Toponimo zehatz baten bilakaera historikoa dokumentu hauen bidez aztertu dezakegu.
- Azkenik, toponimia normalizatuaren proposamena egiten da. Aurrez jasotako datu guztiekin interpretazio filologiko bat egiten da eta toponimo bakoitzeko forma normalizatu bat proposatzen da.
Ondare aberatsa
Leku-izenek urteen, belaunaldien eta ahoz-ahokoaren poderioz aldaketak eta bilakaerak ezagutzen dituzte. Azpeitian ere horrelako adibide ugari ditugu. Bilakaera horiek kontuan hartuta, baita toponimo "ondare aberatsa" ere, Imanol Goikoetxeak prentsaren eta hainbat gonbidaturen aurrean eginiko aurkezpenean aitortu duenez.
Udal Agiritegian 3-4 hilabeteko bilaketa eta azterketa lanaren ondoren, adibidez, toponimoen "20.000 erreferentzia baino gehiago" aurkitu zituztela esan du maparen arduradun teknikoak. Hala ere, "belaunaldiz belaunaldi jasotako aberastasun" hori bere osotasunean mapan sartzea ez dela posible izan onartu du Goikoetxeak. "15.000ko eskalan sartzen dena sartzen da; mikrotoponimiara -leku-izen txikienetara- ez gara jeitsi", esan du.
Erakusketa eta herritarren ekarpenak
Euskara Patronatuan eginiko aurkezpenaren ostean Betharrameko aretoan jarri den erakusketa bisitatu dute arduradun eta gonbidatuek. Izan ere, gaur aurkeztu dena behin-behineko mapa da. Udalak lanari behin betiko onarpena eman aurretik, mapa toponimikoaren behin-behineko bertsioa den hori herritarrei erakutsi nahi zaie. Iñaki Errazkin alkateak azaldu duen bezala, "jendearen ekarpenak" jaso ahal izateko prestatu dute erakusketa, "behin-betiko emaitza herritarrei helarazi aurretik". Hori dela eta, "herritarrei gonbidapena" egin die alkateak, ireki berri den erakusketara hurbildu eta beraien "ekarpenak eta proposamenak" egin ditzaten. Balizko akatsak zuzendu, hutsuneak bete edota zalantzak argitzeko aukera eskaini nahi baitzaie azpeitiar guztiei.
Irailaren 20a arte ikusgai izango den erakusketa horretan, paneletan jarrita, mapa toponimikoaren anpliazioak, argazkiak eta leku-izenen zerrenda ikus ahal dira. Agiritegietati ateratako izen-forma guztiak biltzen dituen 400 orrialdeko corpusa ere erakusketan egongo da.
Bisita orduak
Mapa toponimikoaren erakusketak honako ordutegia izango du, irailaren 20a arte:
- Astegunetan: 17:30etik 20:30era.
- Asteburuan: 10:30etik 13:30era
4.000 ale
Gaurko aurkezpenerako eta ireki den erakusketarako mapa toponimiko berriaren 200en bat ale argitaratu ditu Azpeitiko Udalak.
Behin betiko mapa onartzen denean, berriz, 4.000 ale kaleratzeko asmoa dago.
|