Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Fagor Altzari-lantegiko langileak hiztegigile lanetan

Fagor Altzari-lantegiko langileak hiztegigile lanetan

2004-03-12 / 07:01 / Txema Abarrategi eta Asier Iriondo   ENPRESA

Fagor Etxetresna Elektrikoak Kooperatibaren Altzari-arloko langileek beraien jardun-arloari lotutako hiztegia egin dute. Erabili.com-en oso-osorik eskura dezakezu.

Munduan lehena

Munduan lehena

Hiztegiaren hitzaurrean hauxe dio Fagor Altzari-lantegiko Euskara Batzordeak:

"Munduan altzari lantegi batek egin duen lehendabiziko gaztelania-euskara hiztegia duzue honakoa. Fagor Altzarietan euskara asko entzuten da, baina askotan, euskaraz berbarik aurkitu ez eta gaztelaniazko berba erabili behar izaten dugu. Hiztegitxo honek horretan lagundu gura du. “Reuniondecolaboradoresera” noa esan beharrean “Laguntzaile bilerara noa” esaten lagundu gura du. “Almazenera noa” esan beharrean “Biltegira noa” esaten lagundu gura du. Euskaraz ez dakienari ere altzarien euskarazko mundua ulertzen lagundu gura dio. Hemen ez daude diren berba guztiak eta izango direnak ere ez, noski. Berben makina ez da geratzen. Momentu oro berba berriak sortzen ari dira eta horiei ere izena jarri beharko zaie. Hiztegi hau zuengandik etorri da eta zuengana doa".

Pentsa daiteke 2004rako hiztegietan jaso beharrekoak jasota egon beharko lukeela, hitz berririk nekez gaineratu diezaiekegula lehendik bilduta direnei, alegia. Zertarako egin dugu, orduan, hiztegi bat 2004an, Fagorren, Altzarien negozioan?

Eguneroko lanean euskara erabiltzea da hiztegiaren helburua

Zer dago hiztegi honen atzean?

Debagoienan, besteak beste Fagorren, lanean euskara bultzatzeko ekimenak duela hiruzpalau hamarkada hasi ziren. Oraindik Franco bizirik zela dokumentazio ugari euskaratu zen. Geroago, 80ko hamarkadan euskara eskolak eman ziren lantegian. Nahiz eta krisi garaiek abian jarritako hori eten, euskararen aldeko sentsibilitatea beti mantendu izan da, baita hasitako lana jarraitzeko grina ere. Horren adibide, tarte horretan sortutako EUSKALAN elkartea.

Giro honek eraginda, 1997an, bailaran, EMUN, lana euskalduntzeko kooperatiba sortu zen. Lehendik hasitakoaren lekukoa jaso zuen eta euskara lan munduan hedatzea proiektu estrategiko bilakatu zen. Fagor Taldeko kooperatiba guztietan euskara planak ezarri ziren.

Zertan dautza euskara plan hauek?

Fagor Taldeko kooperatibarik handienaren adibidea erabiliko dugu: Fagor Etxetresna Elektrikoak (FEE). Kooperatiba honek lau ekoizpen-gune ditu eta Gasteizen biltegia. 3.500 langile inguru dira eta honako negozioek osatzen dute: Sukaldeko Altzariak Oñatin, Etxetresna Txikiak Eskoriatzan eta Egosketa, Garbiketa, Ontzi-garbigailuak, Zerbitzu Zentralak eta Hotza Arrasaten. Batera hasi ez baziren ere, denek dihardute euskara planetan.

Une honetan, euskara planetako helburuak enpresaren gestio planetan txertatuta daude. Honek helburu hauek betetzea errazteaz gain, instituzionaltzen ere laguntzen du eta baita zuzendaritzen eta langile guztien inplikazioa areagotzen ere.

Hiztegiak laneko tresna eta baliabide

Helburu hauek lortzeko bitarteko bat hiztegia da. Errotulazioa edo dokumentazioa euskaraz sortzeko lan tresna gisa erabiltzen dute langileek. Hori ezin al da lehendik sortua dagoen hiztegi bat erabilita egin? Edo, bestela galdetuta, zer eskaintzen dio langile bati bere lan-arloko hiztegiak Elhuyar batek edo 3000 batek eskain ezin diezaiokeenik?

Enpresa batean, estrategia aldaketak direla, produktuaren berrikuntza dela, birmoldaketak direla, terminologia etengabe aldatzen da. Lantegia hitzak sortzeko gunea da eta lantegi bakoitzak bere lexikoa dauka, hau da, bere hiztegia. Eta hori da Fagor Altzarietan egin dugun hiztegiak eskaintzen duena: Gertutasuna eta eguneroko laneko esapideak.

Honek ez du esan nahi aurrez aipatutako hiztegiak erabilgarri ez zaizkigunik. Izan ere, gurea egiteko ezinbesteko izan zaigu hauen iturria, nahiz eta, hitzak hiztegian aurkitu ez ditugunean herri jakituriara jo behar izan dugun. Gurea, gerturatze eta egokitze lana izan da. Ez bakarrik hitzei dagokienez, hiztegiaren formatua eta tamaina ere lanean eroso erabili ahal izateko egokitu ditugu (sakelean eraman daiteke eta, hala, edozein momentuan erabil daiteke).

Kontuan izan behar da hiztegi hau ez dela hizkuntza teknikariei begira egindako hiztegia. Hiztegi hau lan jakin batzuei begira egindako hiztegia da. Lan tresna izan nahi du. Ezberdinak dira hizkuntza teknikariek izan ditzaketen hiztegi aldarrikapenak eta, hein batean, alfabetatu gabea den langile kolektibo batek izan ditzakeen beharrak (gaur egun Fagor Altzariak lantegiko langileen %80 euskalduna da baina alfabetatuak %10-15 dira soilik).

Esan bezala hiztegia egiteko herri jakituriara eta euskalkira ere jo behar izan dugu. Ez terminologia sortzeko bakarrik, baita hainbat sinonimoren artean aukeratzerakoan ere. Hiztegi hau langile guztien artean, erabilera taldeetan, egin da. Erabilera taldeak euskara planaren helburuak egituratu eta burutzeko lan taldeak dira. FEEn esaterako hirurehun langiletik gora ibiltzen da talde hauetan. Hiztegia, esate baterako, sei erabilera taldetatik sortu da.

Fagor Altzarietakoa ez da FEEko hiztegi bakarra izan. Ontzi-garbigailuetan eta Estanpazio zentroan ere egin izan da eta 2004an FEE mailako hiztegia osatzeko asmoa dago.

Hiztegi hauek euskaraz lan egiteko orduan burujabeago bihurtzen dute langilea. Hiztegi hauek euskara teknikari, itzultzaile, irakaslearengandik askeago bihurtzen dute langilea. Askatasun osoa lortzeko bidea erraztu nahi dute hiztegi hauek.

(TXEMA ABARRATEGI GARAIGORDOBIL Fagor Etxetresna Elektrikoak lantegiko euskara koordinatzailea da eta ASIER IRIONDO EGUREN Emun-eko teknikaria)

  • Fagor Altzarien lan-arloko hiztegia HEMEN eskura dezakezu.

Inprimatu


Erantzun

 
"Akatsak"
2004-03-12 / 12:28 / Raul Iglesias Alvarez

Aldez aurretik zorionak eman nahi nizkizueke hiztegiarengatik. Halere, gainetik ikusita ondoko "akats" hauek ikusi ditut:

  • Temporizador: denboragailu; -gailu atzizkia aditzekin doa eta denboratu aditza ez da existitzen. Momentuz, Euskaltzaindiak ezer esan baino lehen denbora-neurgailu esango nuke.
  • Cajon: tiradera, kaxoi; bigarrena txartzat ematen du Hiztegi Batuak. Hortaz, saiatu beharko genuke bakarrik tiradera erabiltzen.
  • Albarana: agian jatorragoa da emate-agiria.
  • Asoziatuen geureganatzea (captacion de asociados): elkartuak geureganatu edo elkartuen geureganatzea.
  • Detergente: garbikari, detergente; garbikari gaizki dago, garbigarria da. Agian ere detergente onartu beharko genuke hainbat hizkuntzatan erabiltzen delako: frantsesez, ingelesez....
  • Horas extras: aparteko orduak; www.erabili.com -en Ibon Sarasolak esan zuenaren arabera, aparteko hitza excepcional edo extraordinario esateko balio du. Aldiz, ez du balio extras (edo extraordinarias) esateko. Beraz, Ordu gehigarriak izan beharko luke. Ikus Ibon Sarasolaren Aparteko orduak, aparteko paga artikulua.
  • Zulagailu: zulagailu ez ezik, daratulu ere onartu beharko zenukete.

Gomendio hauek balio zaizkizuelakoan agurtzen dizuet,

(RAUL IGLESIAS ALVAREZ Euskal Filologian lizentziaduna da)

 
Eskerrik asko
2004-03-12 / 13:53 / Asier Iriondo Eguren

Raul Iglesiasi eskerrak eman beharrean gaude. Fagor Altzarietan, Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako negozioan, une oro ari gara hiztegia berritzen. Hau dela eta, zure iradokizunak ontzat hartuko ditugu.

Alabaina, hiztegitxo hau egiterakoan bertako langileak oso kontuan izan ditugu. Gehienek ez dute euskaraz irakurri eta idazteko ohiturarik. Horregatik, euren iritziak, termino baten alde edo bestearen alde egiterakoan, pisu handia izan du. Esate baterako, "cajón" hitza asko erabiltzen da negozio honetan. Honen ordaina den "Tiradera" urrun samar geratzen zitzaiela eta, "kaxoi" eta "tiradera" biak sartzea erabaki genuen denon artean. Eta honelako adibideak bat baino gehiago. Zuzentasuna kontuan izan dugu, baina, baita erabilgarritasuna ere.

Nolanahi ere, egin dizkiguzun zuzenketa batzuk oso aproposak iruditu zaizkigu. Eskerrik asko.

(ASIER IRIONDO EGUREN EMUNeko teknikaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com