Zestoa
Urriak 3, larunbata, Gurutzeaga pilotalekua, 17:30-
Zestoa
Bertsolaria Puntuak Iñaki Gurrutxaga -- Jone Uria -- Miren Artetxe -- Oihana Bartra -- Uxue Alberdi -- Odei Barroso -- -
Aurkezpen ekitaldia Donostiako Tabakaleran izango da irailaren 30ean
Datorren asteazkenean, irailak 30, Donostiako Tabakaleran, Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009 aurkezteko ekitaldia egingo da arratsaldeko 19:30etan hasita.

Txapelketa Nagusiaren jendaurreko aurkezpena izango da. Bertsolari, epaile eta gai-jartzaileez gain, antolakuntzan parte hartu dutenei, babesleei, eta kultur erakunde eta elkarteetako ordezkariei egin zaie ekitaldian parte hartzeko gonbitea.
Besteak beste, Zura musika taldea izango da ekitaldian eta txapelketako “bertsoka-bertsoka” kantua zuzenean eskainiko du.
Gaiak:
Kazetarientzat ikastaroa egingo da
“Bertsolaritza eta kazetaritza” izenburupean egun biko mintegia antolatu du Bertsozale Elkarteak kazetarientzat. Txapelketa Nagusiak komunikabideetan izan dezakeen ohiartzunari erreparatuta, kazetariei bertsolaritzari buruzko oinarri teorikoak eskaini nahi zaizkie. Hala ere, azalpenak ez dira alderdi teknikoetara mugatuko.
Bat-bateko bertsoa gaur egun nola ulertzen den azalduko zaie, eta hori nola islatzen den epai irizpideetan. Bestetik, bertsolarien sortze-prozesura hurbiltzeko saioa ere egingo da, haien lekuan jartzeko ahalegintxoa eginez. Kazetariak entzule edo hartzaile huts izateaz gain, euren zalantzak eta kezkak argitzea ere bada mintegiko lehen egunaren helburua.
Bigarren eguna praktikoagoa izango da. Bat-bateko bertsoak transkribatzeko jarraibide batzuk emango zaizkie kazetariei, eta gero bertsoaldi batzuk aztertuko dituzte elkarrekin. Bigarren egun horretan ere, kazetariei jakingarri iruditzen zaizkien alderdietan sakontzea da helburua.
Ikastaroa, Villabonan, Bertsozale Elkartearen egoitzan egingo da ostegun-ostiralean, irailak 24 eta 25. Doakoa izango da eta goizez izango da. Irakasleak Karlos Aizpurua eta Arkaitz Goikoetxea izango dira. Mintegian parte hartzen dutenei bertsolaritzari buruzko oinarrizko jakingarriak jasotzen dituen liburuxka banatuko zaie.
Gaiak:
Internet bidez erosi daitezke Txapelketarako sarrerak
Bertsozale Elkarteak internet bidez erreztu egin nahi die bertsozaleei saioetako sarrera salmenta. Horregaitik, aurtengo txapelketan, saio guztietarako sarrera etxetik erosi eta inprimatu ahal izango da.
Arruntak | Bazkideak | Gazteak* | |
---|---|---|---|
Final-laurdenak | 9€ | 6€ | 4€ |
Finalaurrekoak | 12€ | 9€ | 4€ |
Finala | 26€ | 18€ | 6€ |
Bonoak** | 60€ | 45€ | 25€ |
Finaleko bazkaria | 20€ | ||
Finalerako autobusa | 12€ |
*: Gazteak, 16 urte artekoak (16 barne)
**: Bonoak ez du finalerako balio
Sarrerei dagokionez, kasuan kasuko kontuan izan beharreko argibideak honako hauek dira:
Saioz saio
Asteburuetarako saioetarako salmenta aste horretako astelehenean aktibatuko da eta ostegunera arteko epea egongo da internetez erosteko. Saioetako txarteldegian, baina, beti izango da sarrera kopuru bat salgai.
Bonoa
Finalekoa kanpoan utzita, Txapelketako 13 saioetarako balio du eta bonoari esker saioko deskontu handia jaso dezake bertsozaleak. Bonoak internetez bakarrik eskuratu ahal izango dira.
Finalerako sarrera zein autobus eta bazkari txartelak
Dagoeneko internet bidez hirurak erosi daitezke. Baina, datorren astetik, finalerako sarrerak, eta autobus zein bazkaritarako txartelak Euskal Herriko hainbat herritako salmenta puntuetan izango dira. Salmenta puntu horiek webgune honetako “Sarrerak” atalean zerrendatu ditugu.
Gaiak:
Urriaren 3an hasiko dute 44 bertsolarik Txapelketa Nagusia
Urriaren 3an hasi eta abenduaren 13ra arte luzatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bertsoz betetako udazkena izango da. Guztira, 44 bertsolari, 10 epaile eta 10 gai-jartzailerekin batera milaka bertsozale ere protagonista izango dira.
Goizean aurkeztu dute Bertsozale Elkarteko arduradunek eta babesleek Txapelketa Nagusia, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Arazo txiki batzuk tarteko, internet bidez ere prentsaurrekoa zuzenean jarraitu dute hainbatek. Txata egokitu eta galderaren bat ere luzatu diete mahaikoei.

Ezker-eskuma: Gorka Martinez (BBK), Iñaki Almandoz (Kutxa), Xabino San Sebastian (Txapelketaren arduraduna), Olatz Basagoiti (Euskaltel), Josune Ariztondo (Bizkaiko Foru Aldundia), Iñaki Gerenabararena (Caja Vital Kutxa) eta Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko lehendakaria)
Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik Iñaki Murua lehendakariak eta Xabino San Sebastian Txapelketako antolaketa taldeko buruak parte hartu dute.
Iñaki Muruak, bertsozale, euskaldun, euskaldun berri eta euskarara hurbildu nahi dutenei “bertsoaren lilurapean, bertsoaren sigi-sagan horretan, lilura, harridura, poza, ustekabea… sentsazio horrek bizitzera” gonbidatu ditu.
Txapelketaren babesle diren erakundeetako ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan. Euskalteleko Olatz Basagoitik nobedade moduan eta euren laguntzarekin bluetooth sistemari esker txapelketaren informazioa jasotzeko aukera izango dela aurreratu du. Iñaki Gerenabarrena Caja Vita Kutxakoak Araban dauden euskaldun berri guztientzat txapelketa lagungarria dela nabarmendu du. Iñaki Almandozek Kutxak Gipuzkoan egingo diren saioez gain, aurten Nafarroako eta Iparraldeko saioetara ere bere babesa zabaldu duela azpimarratu du. Gorka Martinez BBKko ordezkariak ere prentsaurrekoan parte hartuz erakundeak bertsolaritzarekin duen konpromisoa erakutsi du. Babesleetan hitza hartzen azkena Josune Ariztondo Bizkaiko kultura diputatua izan da eta bertsolaritza jende gaztea euskarara erakartzeko tresna baliagarritzat jo du.
Txapelketa Nagusia Zestoan hasiko da urriaren 3an, hiru aldiz txapeldun izan zen Uztapideren jaioterrian. Txapeldun handia jaio zela 100 urte bete direla gogoratzeko omenaldi ekitalditxoarekin hasiko da Txapelketa. Gero, sei final-laurden eta zazpi finalaurrekotan Andoni Egañarekin batera abenduaren 13an BEC-en kantatuko duten beste zazpi finalistak erabakiko dira.
Errusiar mendi bateko gora-beheren antzera, bertsolariek ezezik bertsozaleek ere sentsazio eta emozio ugari bizitzen dituzte bertso saioetan. Momentuan bertsolariak eta entzuleak bizi dutena bakarra da eta momentukoa. Bizipen guzti horrek batzen ditu aurtengo txapelketako irudia den errusiar mendiak.
14 bertso saiotan izango da horretarako aukera. Finalak jende gehien batuko badu ere, saioz saio bertsozaleak hartzeko azpiegitura guztia prest dute antolatzaileek. Aurten nobedadea azken finalaurrekoa da. Belodromoan egitea erronkatzat jo dute Bertsozale Elkarteko kideek. Orain dela lau urteko erantzuna ikusita, Atano III pilotalekua txiki geratu zela eta Belodromoa egokituko dute azken finalaurrekorako. Izan ere ikusmin handiko saioa aurreikusten dute. Saio horren ostean zortzi finalistak erabakita izango direlako.
Sarrerak aurrez salgai
Antolatzaileek, bestetik, saioetarako sarrerak aurrez erosi eta norbere etxean inprimatzeko sistema ezarri dute. Era horretan, txarteldegiko ilara luzean zain egon barik sartu daiteke bertsozalea saiora. Sarreren salmentarako www.bertsosarrerak.eu webgunea sortu da eta saioa izango den aste hasieran aktibatuko da sarreren salmenta saioz saio. Finala aparte, gainontzeko saio guztietarako bonoa ere salgai izango da.
Finalerako sarrera, zein autobus eta bazkaritarako txartelak, bestetik, interneten eta ohiko salmenta guneetan erosi ahal izango dira. Interneten aukera gaurtik dago, baina salmenta puntuetan datorren astetik aurrera izango dira salgai.
Gaiak:
Zestoarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian
150 bono inguru saldu dira dagoeneko, baita Zestoako saiorako lehenbiziko sarrerak ere. 750 bertsozale biltzeko aukera du Gurutzeaga pilotalekuak.
Sarrerarik gabe gelditzeko edo iilaran egotea saihesteko sortu du Bertsozale Elkarteak www.bertsosarrerak.eu ataria. Ostegun gauean itxiko da txapelketako lehen saioko sarrerak erosteko aukera.
Oihana Bartra, Uxue Alberdi, Iñaki Gurrutxaga, Miren Artetxe, Odei Barroso eta Jone Uriak izango dute Txapelketa Nagusia hasteko ardura. Arratsaldeko bostak eta erdietan izango da zita Uztapide plazan dagoen Gurutzeaga pilotalekuan.
Aste honetan, bestetik, honako ahots-deia entzuteko aukera izango da irratietan Zestoako final-laurdena iragartzeko. Zestoako soinu-deia
Bihartik salgai izango dira Leitzako eta Bilboko saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian.