Txapelketa Nagusia larunbatean hasiko da

Urriak 3, larunbata. Zestoako Uztapide plazan dagoen Gurutzeaga pilotalekua. Arratsaldeko 17:30ak. Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009 hasiko da. Ez da kasualitatea. Bertsolari handi baten jaioterria da: Manuel Olaizola “Uztapide”rena. Hiru aldiz izan zen txapeldun; 1962,1965 eta 1967. urteetan.

uztapide
Uztapideri eskainitako oroigarria, Zestoako Uztapide plazan

Datozen lau urteetarako txapelduna aukeratzeko lehia 44 bertsolariren arteakoa izango da, larunbatean hasi eta abenduaren 13ra arte luzatuko den txapelketan. Lehenengoak taula gainera igotzen Iñaki Gurrutxaga, Jone Uria, Miren Artetxe, Oihana Bartra, Uxue Alberdi eta Odei Barroso. Aurkezle lanetan Inazio Usarralde ibiliko da.

Bizkaitik bi, Gipuzkoatik bi eta Iparraldetik beste bi bertsolari taula gainean. 19 urte ditu partaiderik gazteenak eta 28 zaharrenak. Lau bertsolarik, gainera, lehenengoz kantatuko dute Txapelketa Nagusian. Saioari buruzko informazio gehiago hemen.

Sarrerak internetez ostegunera arte

Internet bidez sarrerak eskuratzeko aukera dute nahi duten bertsozaleek txapelketan. Antolaketak www.bertsosarrerak.eu ataria sortu du horretarako. Dagoeneko, Zestoako saiorako, 200 sarrera saldu dira. Internet bidezko salmenta ostegun (urriak 1) gauerdira arte izango da aktibatuta. Gero, saio egunean Gurutzeaga pilotalekuko txarteldegian bakarrik egongo dira salgai beste sarrerak. Zestoan 750 bertsozale batzeko asmoa dauka Bertsozale Elkarteak.

Internet bidez sarrera eskuratu dutenek, garrantzitsua da jakitea, etxean inprimatuta eraman behar dutela sarrera.

Gaiak:

Hemen da berriz ere

manolo-arozena Manolo Arozena, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Lau urte urruti ikusten bagenituen ere, pasatu dira eta berriz ekin beharko zaio. Euskal Herri honek berea baitu apostu zaletasuna. Apostuetan dirurik jokatzen ez den apustu bakarra bertsolaritza da. Norbaitek kontrakoa erranen badu ere, gure apostua norgehiagoka izanda ere, nolabait gozamenaren apostua dela erranen nuke: entzuleak, zaleak, familiak, inguruak, BERTSOLARIAK, denak gozatzea izan beharko genuke helburu nagusia. Hala ere badakigu hori ezinezkoa dela, batzuei sufritzea tokatzen baitzaizue. Herrialdeak elkarrengandik urrundu beharrean, herrialdeak hurbiltzeko tresna bat izan bedi txapelketa hau. Animo gure ordezkariei, baita beste BERTSOLARI guztiei, gaiegile, aurkezle, antolatzaile, epaimahaiko eta ixilean lana egiten duzuen bertsozale guztiei.

Maite zaituztegu.

Gaiak:

Irteera puntuan dago errusiar mendia

felix-irazustabarrena Felix Irazustabarrena – Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Bueno bada. Irteera puntuan dago errusiar mendia bere bagoi guztiak beteta. Zestoan Uztapidek banderatxoa astindu eta maldan behera abiatzeko prest jarri dute.

Emozioa, zirrara, omen da aurtengoan agerian utzi nahi dena. Montañarusak aldapa behera sortzen duen igokada, subidoia, azaltzen dira horregatik kartela eta logoan. Baina aldapan behera joateko igo egin behar eta malda behera bakoitzeko, gorakakoa topatzen dugu segidan.

Bagoi guztiak berriro tontorrera igotzeko laguntzen duten guztiak aipatzen zituen aurrekoan Iñaki Muruak eta nik ere, jarraian bada ere, eskerrak antolatzaileei, bertsolariei, epaileei, gaijartzaileei, elkarteko bazkideei, bertsozale guztiei. Eskerrik asko, eta kontutan izan aldapan gora tira beharreko lan horrek ekartzen duela, areagotzen duela, gero etorriko den zirrara, gozamena. Lanak gogotsu, eta gehienetan ondo, egindako sentsazioarekin lehenengo bagoiaren muturra behera begira jarri eta ziztuan abiatzen denean, bertsozaleak gozatzen ikustea izango da saririk ederrena.

Bagoiak karga karga eginda doazela antzematen da azkenaldian, hustutzen ere joango dira belozidadeak gora egiten duen heinean. Montañarrusaren, jokoaren, legea da hori. Bitarte horretan, bide horretan, arrastoa uztea izango da seinale ona.

 Eta azkeneko bagoian, izango den haizetearen jakitun, bi eskuekin txapelari eutsiz doa, bidaiaririk zaharrena. Adin onenean dago, nik beti pentsatu dut adin onenean dagoela, gozatzeko ez baitago edaderik. Uztapideren irteeratik herriz herri pasa ahala, jogurretan abenduak 13 ikusten duenean hasiko da larritzen… akaso.

Animo guztioi, ea ibilbidean, denok gozatzeko aukera degun.

Gaiak:

Ongi etorri bertsozale 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusira!

inaki-muruaweb Iñaki Murua – Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Badira urte batzuk txapelketa jokatzen dela eta lau urtetik behin euskal kulturaren alorrean sortzen den astinduaz barru barrutik gozatzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu.

Bertsoaren zurrunbiloan bi dira aparteko aipamena merezi duten taldeak:

Batetik bertsolariak. Ilusio eta itxaropen izugariz prestaketa lanak burutu eta plazan dena ematera doazenak. Badakigu egunak, aldarteak, egokitutako gaiek… emaitza borobiltzea edo zaptuzte ekarri ohi dutela. Animo eta dakizuena egiteko zoria izan dezazuela, zuek eta guk zuekin, denok batera goza dezagun.

Bestetik bertsozaleok. Betiko bertsozaleak, berriak… euskaldun zaharrak, berriak… epaileak, gai-jartzaileak, aurkezleak, antolaketan lanean diharduzuenok… ea euskaraz oso osorik burutzen den ekitaldi honekin disfrutatzeko moduan izaten garen eta, euskaraz bizitzeko motibo bat gehiago izaten dugun geuk, aldi berean, besteei ikusaraziz euskaraz bizitzearen onurak.

Zatoz Txapelketara, zatoz festara!

Gaiak:
  • Zestoa


    Urriak 3, larunbata, Gurutzeaga pilotalekua, 17:30
  • Zestoa

    Bertsolaria Puntuak
    Iñaki Gurrutxaga --
    Jone Uria --
    Miren Artetxe --
    Oihana Bartra --
    Uxue Alberdi --
    Odei Barroso --


  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak
Iradoki Presentzia & Komunikazioa