(Lo sentimos pero este contenido no está disponible en su idioma.). Política lingüistica en Eke.org

Gaztetxoak eta euskara (1999)

Etorkizuna Aurreikusten 99 : Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara ikerlan hau 1998-1999 urteetan egina da, 13 – 14 urteetako ikasleen artean eta hiru lurraldeetako ikastetxeetan, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroako Foru Erkidegoan (Nafarroa) eta Ipar Euskal Herrian (Iparraldea). Parte hartu duten erakundeak hauek dira : Euskal Herriko Unibertsitateako (EHU) Soziologia 2 saila, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Euskal Kultur Erakundea (EKE).

Inkestaren laburpena eskura

Lehen ikerlana 1993an egin zuten EHUko irakasleek gaztetxoengan, Michiganeko unibertsitatean erabiltzen duten "Monitoring the Future" diseinua hemengo gizarteari egokituz. Inkesta hau EAEn mugatu zen. 1999ko lana, 1993koaren jarraipena da, baina Euskal Herri osora zabalduz.

Bestalde Euskararen Jarraipena 1 eta soziolinguistikazko inkestak egin ziren 1991an eta 1996an euskararen egoera aztertzeko Euskal Herri osoan, 16 urte eta goragokoen arteko herritarrengan. Erakunde eramaileak : Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetza, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia eta Euskal Kultur Erakundea. Azken inkesta honek 1993koaren segida hartzen du. Nabari da lau inkestak bat bestearen osagarri direla, euskararen bilakaera aztertzeko eta herri hizkuntzaren etorkizuna aitzinetik ikusteko.

Azterlan honen metodologia

Abiapunduko hipotesia hau da : "gaztetxoen hizkuntza identitatea ezagutzeak,  etorkizunean izango dugun gizartearen hizkuntza kezkak eta nahiak ulertzen lagunduko duela". Alabainan gaztetxoen adina haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko etapa da. Alde batetik gatetxoa familiari eta hezkuntza sistemari lotua da. Baina bestalde bere mundua eraikitzen ari da helduen balore sistema jorratuz, lagunarte multzoan ibiliz eta mundualizazio birtual bat asmatuz, bereziki telebistaren eta interneten bidez.

Gainera adin horretako beste ezaugarria da bat-bateko zintzotasuna beren iritzia emaiteko inguruan ikusten dutenari buruz : familiako jarrerak, ikastetxeko jokamoldeak, lagunarteko bizitza. Denbora berean diskurtso kritikoa eta eraikitzailea adierazten dute. "Beraz gaztetxoen errealitatera hurbiltzea etorkizuna aurreikusteko bideak irekitzea dela" erran daiteke.
 
Ezaugarri horiek kontuan hartuz, bi ikerbide har daitezke : inkesta kalitatiboa eta inkesta kantitatiboa. Inkesta kalitatiboan eztabaida taldeetan bildu diskurtsoa aztertu da, gaztetxoen irudikapenak agertzeko hizkuntzetaz, herriaz, etorkizunaz. Metodo hau Hegoaldean erabili da 6 eztabaida talderen bidez. Iparraldean ezin da egin azken momentuko zailtasun batzurengatik. Alta euskararen ezagutza eta erabilera kantifikatu ondoren, euskararen alorrean dauden diskurtsoak eta iritziak bilatzea interesgarria litzateke.

 Inkesta kantitatiboan galde hetsiak egiten dira gehienetan aitzinetik erantzuteko moldea finkatuz, gero estatistikaren bidez ondorioak neurtzeko. Noizean behin galdea irekitzen da, ikasleari bere erantzuna justifikatzeko eskatzen zaiolarik. Adibidetzat har dezagun 57. galdea : Idatz ezazu lerro hauetan, ondoko galdera hauen inguruan bururatzen zaizun guztia : "Euskara zertarako ? Eta frantsesa zertarako" ? Idazkiaren eduki-azterketak emaitza kalitatibo zerbait ekar dezake.
 

Inkestaren ezaugarriak

Zenbakiari begira, 1678 inkesta egin dira EAEn, 940 Nafarroan eta 528 Iparraldean, orotara 3146. Galdesortak gelaz gela banatu ziren laginaren bidez hautatu ikastetxeetan. Erantzunak bildu dira denak batean informatikaz tratatzeko. Iparraldean "Laugarrenean" egin dira inkestak, 23 ikastetxetan. Huna ikastetxe horien zerrenda.

Kolegio publikoak (11) :  Marracq Baionan, Jean-Rostand Miarritzen, Henri-Barbusse Bokalen, Chantaco eta Maurice Ravel Donibane-Lohizunen, Irandatz Hendaian, Elhuyar Hazparnen, Errobi Kanbon, Léon-Bérard Donapaleun, La Citadelle Donibane-Garazin, Argia Maulen.

Kolegio pribatuak (11) : Saint-Amand eta Saint-Joseph Baionan, Sainte-Marie eta Saint-Thomas Donibane-Lohizunen, Sacré-Cœur Hendaian,  Ursuya Hazparnen, Saint-Michel Kanbon, Saint-François-Xavier Uztaritzen, Etchecopar Donapaleun, Bil-Etxea Baigorrin, Mayorga Donibane-Garazin.

Seaskaren ikastegia (1)  : Xalbador Kanbon.

Sociolingüística vasca

Sitios web de interés