Urriak 3, larunbata. Zestoako Uztapide plazan dagoen Gurutzeaga pilotalekua. Arratsaldeko 17:30ak. Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009 hasiko da. Ez da kasualitatea. Bertsolari handi baten jaioterria da: Manuel Olaizola “Uztapide”rena. Hiru aldiz izan zen txapeldun; 1962,1965 eta 1967. urteetan.

Datozen lau urteetarako txapelduna aukeratzeko lehia 44 bertsolariren arteakoa izango da, larunbatean hasi eta abenduaren 13ra arte luzatuko den txapelketan. Lehenengoak taula gainera igotzen Iñaki Gurrutxaga, Jone Uria, Miren Artetxe, Oihana Bartra, Uxue Alberdi eta Odei Barroso. Aurkezle lanetan Inazio Usarralde ibiliko da.
Bizkaitik bi, Gipuzkoatik bi eta Iparraldetik beste bi bertsolari taula gainean. 19 urte ditu partaiderik gazteenak eta 28 zaharrenak. Lau bertsolarik, gainera, lehenengoz kantatuko dute Txapelketa Nagusian. Saioari buruzko informazio gehiago hemen.
Sarrerak internetez ostegunera arte
Internet bidez sarrerak eskuratzeko aukera dute nahi duten bertsozaleek txapelketan. Antolaketak www.bertsosarrerak.eu ataria sortu du horretarako. Dagoeneko, Zestoako saiorako, 200 sarrera saldu dira. Internet bidezko salmenta ostegun (urriak 1) gauerdira arte izango da aktibatuta. Gero, saio egunean Gurutzeaga pilotalekuko txarteldegian bakarrik egongo dira salgai beste sarrerak. Zestoan 750 bertsozale batzeko asmoa dauka Bertsozale Elkarteak.
Internet bidez sarrera eskuratu dutenek, garrantzitsua da jakitea, etxean inprimatuta eraman behar dutela sarrera.
Jai giroan egin da Donostiako Tabakaleran aurkezpen ekitaldia
Donostiako Tabakalera fabrikan aukeztu du Bertsozale Elkarteak jendaurrean Bertsolari Txapelketa Nagusia. Jai giroan izan ziren antolatzaileak eta gonbidatuak. Txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileak ere ekitaldian izan ziren eta amaiera aldera oholtza gainera igo ziren argazkirako.
Bertsozaleen lekukotzak eta aurreko txapelketetako irudiekin eman zitzaio hasiera ekitaldiari. Nahikari Ayo bertsolaritza irakasleak, Jabi Onaindia kazetariak, Jabier Arruti eta Xanti Iparragirre bertsozaleak eta Xabier Igoak bertsolaritza bizi eta gozatzeko modu diferenteak erakutsi zituzten.
Egoitz Lasa eta Ainere Tolosa aktoreak, eta Tabakalerako ekitaldian aurkezleak, “gosetuta” agertu ziren publiko artetik. Osteko luntxeko pintxoak non ote ziren galdetu bitartean aurkezpeneko ekitaldiak aurkeztu zituzten. Jende aurrean hitzegiten lehenengoa Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidentea izan zen. Bertsoa aurtengo irudiak bistaratzen dituen kiribiletan “bizi eta gozatzeko” gonbitea luzatu zuen.
Osoa irakurri »