Ameriketako lehengusuak

Lako familia - Argentina, 1929

"Egun batez, ustekabean, adineko pertsona bat etorri zait bisitatzera. Espainieraz mintzo da eta informazio bila dator berak daukan argazki bati buruz. Argazki horretan ikus daitezke, nire aitaren inguruan, honen anaia, emaztea eta beren hiru seme-alabak . Emazteak haur bat erakusten dit erranez : « es mi marido » (nire senarra da). Hau bai sinestezina !  Argazki hau, nirea da. Aspalditik atxikitzen dut, altxor bat izan balitz bezala, eta nirekin nuen, lehengusuak aurkitzeko asmoz Argentinara abiatu nintzen lehen aldian. Debaldetan... Gaur egun, emazte horri esker, atxeman ditut, denak 70 urtetik gorakoak. Eta maiz bisitatzen ditut. Hainbeste xekatu ondoan, pertsona horrek atxeman nau, Frantziako bere euskal lehengusua atxeman du".

Pierra Lakok, 1997an Euskal Argentina sortu zuenak, elkartearen sortzeari hasiera eman dion gertakaria kontatzen du. Elkartearen helburua ipar Euskal Herriko eta Argentinako Euskaldunen arteko noizbehinkako harremanak sendotzea da. Urtero, Euskal Aste Nazionalaren karietara, Argentinarako bidaia bat antolatzen du. Euskal Argentinak Guillaume Apheça atzerriratze-agentearen artxiboak aztertzen ditu ere.

1999an, Kepa Etchandy, Baionako argazkalariak, osaba (aitaren anaia) baten aztarnak aurkitzen ditu Miramaren, Buenos Aireseko lurraldean, eta 2003an lehen bidaia egiten du. Herrira itzultzerakoan, saiatzen da hain urrun joan direnen oroimen bizia indarberritzera, erakusketan diren argazkien bidez…

Euskaldunen argentina bertsotan

Jose Maria Iparragirre | 1820, Urretxu - 1881, Itsaso. |

"Herri alde guzietan jende onak badira
Bainan bihotzak dio zoaz Euskal Herrirat"

Konpositore eta olerkari gipuzkoarra.
Gernikako Arbola himnoaren egilea.
1855ean, Ameriketara joaiten da eta Buenos Airesen ezkontzen
emazte gipuzkoar batekin. 1878an itzultzen da Euskal Herrira.

2004an Pierra Lakok sortu bertsoa

"Erakusketa honen medioz ahal dugu konprenitzen
Nolaz denboran ainitz Euskaldun hemendik ziren partitzen
Famili handi etxalde ttipi doi bat baitziren nekatzen
Argentinako kanpo handiek segurrenik enganatzen
Ta ondokoek orai dituzte beren erroak xerkatzen"

Pierra Lako Euskal Argentina elkartearen sortzailea eta kidea da.