Bidaia-kronika

1999an, Kepa Etchandy, Baionako argazkalariak, osaba (aitaren anaia) baten aztarnak aurkitzen ditu Miramaren, Buenos Aireseko lurraldean, eta 2003an lehen bidaia egiten du. Herrira itzultzerakoan, saiatzen da hain urrun joan direnen oroimen bizia indarberritzera, erakusketan diren argazkien bidez…

Euskarazko toponimoak Argentinan (argazkia : Kepa Etchandy)

Argentinan nabari den lehen gauza, euskal toponimia da. Nazioarteko aireportua Ezeiza herrian dago, Buenos Airesetik 35km-ra. Tokiaren lehen jabearen deitura zen, lur indioen konkista ondoren. Gaur egun, Ezeizako departamendua Buenos Aireseko hegoaldeko aldiria osatzen duen Esteban Etchevarriako departamenduaren mugakidea da.

La Recolletako hilerriko panteoi barrokoetako marmolean zizelkatu deituretarik %20ek frogatzen dute Euskaldunak nazio argentinarraren sortzaileetarik izan direla. 1950ean, La Recolleta oraino zeharka omen zitekeen euskal izenak baizik ez zeuzkaten karriketatik iraganez. Hiri anitzek lehen koloniatarren deiturak dauzkate (Necochea, Berazategui, Urriburu), bestek Euskal Herriko tokiei (Chacharramendi, Baigorria, Bergara) edo iharduera bati (Espartilan) lotu izenak daramatzatelarik. 1936ko errefuxiatuek ere aztarnak utzi zituzten.

Plaza publiko anitzek Gernikako haritzaren altsuma bat daukate, honen ondoan urtero Aberri Eguna ospatzen baita.

Euskal besten giroaren zirimolan (argazkia : Kepa Etchandy)

Enpresa batzuk, bereziki laborantza eta janari-sektorekoek, hotelek, jatetxeek, auto anitzek ikurrinaren koloreak fierki erakusten dituzte, kalitate ikur eta ezagutza seinale gisa. Menizabal tokiko enpresak Euskadiren markako ekoizpenak proposatzen dituen katalogo bat aurkezten die bezeroei : bertan ikurrinak, kamisetak, zakuak edo eranskailuak aurki ditzakete. Mendozako sotoek kalitate handiko ardoak ekoizten dituzte, hauetarik onenak Goyenechea eta Etchart izenak baitituzte, gasnak Etorki, Euskadi edo Baraz deituak direlarik. Bigarren, hirugarren eta laugarren belaunaldietako gehienak familiaren euskal izenaz harro dira. Hala ere, ez dute «herri zaharrari» lotu kultur edo familia erreferentzia izpirik.

Diaspora edo erkidegoa («colectividad») osatzen dutela komentzituak direnek aldiz, Euskal Herriko ohiturak ziren bezala atxikitzen dituzte. Genealogiazaleak direla, usu ezagutzen dute jatorrizko etxea edo herriaren izena. Hauetarik batzuk familia-leinuaz dena dakite. Orduan, jatorrizko etxearen argazkia edo margoa inguratzen duen arbasoen erretratoen galeria leku onean dago hauen etxean. Fierki aurkezten diote bisitariari, bereziki azken hau Europatik etortzen bada. Astean hainbat aldiz, irrati eta telebista anitzek Presencia Vasca deitu emankizunak segurtatzen dituzte, eta urte batez geroztik, ETB Internationalek «Canal Vasco» hedatzen du. Honi esker, Argentinatik, hau da, 12 000 km-tik zuzenean hartzen ahal dira Euskadiko berri guziak. Bestalde, Euskaltel taldeari esker, «Frantziako Itzuliak» ez du sekreturik bizikletazaleentzat eta Euskal Herriko karriketan zehar ospatzen den Eguberriko Olentzeroren transmisioak ikusle andana bat biltzen du sateliteari lotu pantaila ttikien aitzinean.

Azkenik, zentro bakoitzak daukan internet konexioari esker, norberak bere sustraietatik hurbilago sentitzen ahal da, bere baitan atxikitzen badu ere egun batez Euskal Herria ezagutzeko itxaropen sekretua".

Kepa Etchandy, 2004ko azaroa.


Euskaldunen argentina bertsotan

Jose Maria Iparragirre | 1820, Urretxu - 1881, Itsaso. |

"Herri alde guzietan jende onak badira
Bainan bihotzak dio zoaz Euskal Herrirat"

Konpositore eta olerkari gipuzkoarra.
Gernikako Arbola himnoaren egilea.
1855ean, Ameriketara joaiten da eta Buenos Airesen ezkontzen
emazte gipuzkoar batekin. 1878an itzultzen da Euskal Herrira.

2004an Pierra Lakok sortu bertsoa

"Erakusketa honen medioz ahal dugu konprenitzen
Nolaz denboran ainitz Euskaldun hemendik ziren partitzen
Famili handi etxalde ttipi doi bat baitziren nekatzen
Argentinako kanpo handiek segurrenik enganatzen
Ta ondokoek orai dituzte beren erroak xerkatzen"

Pierra Lako Euskal Argentina elkartearen sortzailea eta kidea da.