XVI. mendearen hasieratik,
euskal arrantzaleek Ipar Ameriketa dute helmuga (Ternua, Labrador, San
Lorentzoko itsasadarra). Portugesak, Bretoiak eta Normandiarrak bezala,
hara joaten dira balea eta bakailaoa arrantzatzera.
Hego Ameriketako kolonizazioa,
bereziki La Platarena (La Plata ibai inguruko eskualdea, gaurko
Argentina, Uruguai eta Paraguai zeharkatzen dituena) XVI. mendean
hasten da, espainiar esploratzaileen eta konkistatzaileen agintzapean,
hauetan anitz Euskaldunak zirela. Orduan, luzaz Espainiara jo zuen
Frantziako Euskal Herriko Euskaldunen migrazioa Hego Ameriketako
kolonietara desbideratzen da.

Abiatzeko baimena, Apheça bilduma, Baxe Nafarroako erakustokiko bilduma
Joaiteko baimena • 1900eko agorrilaren 13a.
"Nik, Aguerre Jean izenpetzailea, Behauzeko auzapeza Donapaleuko kantonamenduan, ziurtatzen dut ene herriko Faut Marie andere alarguntsak eman diola, Faut Jean bere hemezortzi urteko semeari, Ameriketara joaiteko baimena. Ez du baimen hau izkirioz eman ahal izan izkiriatzen ez dakielako".
La Platako lurraldeetarantz jotzen duen lehen euskal uhin migratzailea (XVI-XVII-XVIII. mendeetan)
banakako erabakien ondorioa da. Espainiako koroak bultzaturik, hara
abiatzen direnak lur berriak konkistatu nahi dituzten koloniatarrak
dira (Juan de Garay bezalakoak). XVIII. mendean, funtzionarioak eta
misiolariak ere badira.
Bigarren uhin migratzailea (XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran) antolatua
da.
Frantziako Euskal Herritik, Biarnotik eta orokorki Pirinioetatik
egiten diren lehen abiatze handiak 1830etik goiti garatzen dira, Samuel
Lafonek, jatorriz britainiarra den merkatari aberatsak Uruguaiko
gobernuari kontratuak proposatzen dizkiolarik, hauetan langileak
enplegatzera engaiatzen baita. Orduan Alfred Bellemare Frantsesa Cabo
Verde, Kanariak eta Frantziako Euskal Herrira bidaltzen du, tokiko
jendeekin solastatu, propaganda egin eta garraioak antolatzeko.

"Compagnie des messageries maritimes", Apheça bilduma, Baxe Nafarroako Erakustokiko Bilduma
Euskaldun atzerriratuak
Uruguaira lehenik, eta gero Argentinara bideratuak dira. Alabaina,
1843tik 1851 arte gerla handiak (la guerra grande) Uruguai jotzen du.
Bestalde, Manuel Rosas diktadore argentinarra Justo José Urquizak
kanporatua da eta azken honek Argentinako ateak zabaltzen dizkie
etorkinei.
Handik hasten da,
Europarrentzat eta bereziki Euskaldunentzat, Argentinarako atzerriratze
aro luze bat. 1848tik goiti, Kalifornian aurkitu urreak erakarririk,
Euskaldun hauetarik anitzek «Far West» berri hartara jotzen dute. Batzu
abeltzaintzan aritzen dira, bertan ugari diren urre-biltzaileen janaria
segurtatuz.
XX. mendearen bihurgunean,
hainbat arrazoirengatik - langile gehiegi, krisialdi ekonomikoa,
moneta-arazoak - Argentinarako atzerriratzea guttitzen da, Estatu
Batuen onurako.
"En Argentina gobernar es poblar"
1852- 1880 : antolatua den inmigrazioa
1852an, Justo José de Urquizaren lehendakaritzak zinezko inmigrazio-politika bati hasiera ematen dio. Alberdi, honen ministro batek hauxe dio : «Argentinan, gobernatzea jendeztatzea da» .
Helburu bikoitza dauka: lur zabal-zabalak jendeztatzea
laborantza-koloniak bertan ezartzeko eta etorkin europar anitzen
etorrera sustatzea (Espainiarrak, Italiarrak, Frantsesak, Suitzarrak,
Alemaniarrak…). Jatorriz Euskalduna den Alberdik begi onez ikusten du
Euskaldunen eta hauen auzokoen etorrera, hainbestetaraino non erraten
baitu «Pirinioak despopulatzea» beharrezkoa dela.
Pampako jatorrizko biztanleak Pampa, Guarani eta Ranquel indioak dira.
Hainbat «basamortuko kanpaina» eramaten dira hauen aurka. 1870eko
hamarkadan, Roca jeneralak, Sarmiento lehendakariaren gerla-ministroak
(1868-1874), kanpaina militar bat eramaten du Pampa mendebaldeko eta
hegoaldeko tribu indioen aurka, hauek sakailatuz. «Garaipen» hauek lur
berriak eskaintzen dizkiete koloniatar europarrei.
«Lurrik gabeko jendea jenderik gabeko lurretara»
Gobernu argentinarrak Indiorik gabeko lur horien ebaketa geometriko bat
egiten du. Lurzati errektangularrak etorkin berriei emanak zaizkie.
Orduan, jabe bihurtzen dira. Trenbidearen garapenak
laborantza-baliabideak hobeki ustiatzeko aukera ematen du. Orduko
Argentina biziki erakargarria zaie Euskaldunei. Hala hasten da
egonkortasun politiko eta hazkunde ekonomikoko aro bat. 1880 irian,
herrialdearen bateratzea egina da.
1880-1914 : inmigrazioaren azken uhina
1880-1910 epean, mugimendu migratzailea areagotzen da lau milioi
etorkin berrirekin. Alta, 1890etik goiti, laborantza emekiago hedatzen
da, langilegoaren beharra eta ondorioz atzerriratzea murriztuz. 1929ko
munduko krisialdi ekonomikoarengatik, gero eta Frantziako Euskaldun
guttiagok eginen dute Euskal Herritik Argentinarako bidaia. 1936ko
gerla zibilak aldiz, Espainiako Euskaldunak Argentinarako bidea
hartzera bultzatuko ditu.
Nahitara edo beharrez : abiatzearen arrazoiak
Hainbat arrazoik bultzatzen dituzte Euskaldunak trumilka herria uztera.
XIX. mendeko egoera politikoak, ekonomikoak eta sozialak eragin handia du fenomeno honetan.

Gutuna, Apheça bilduma, Baxe Nafarroako Erakustokiko Bilduma
- Iraultzaren eta Inperioaren gerlek (XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran) Euskal Herria hondatzen dute
- Etxaldeetako gaztenak behartuak dira etxean berean lan egitera, ala
kanpora joatera hazkurri edo fortuna bila
- Atzerriratuek Euskal Herrian egon familia diruz laguntzen ahal dute
- 1830 eta 1856 artean, Euskal Herriko biztanleria emendatzen da
- Baserri-artisautza ttipiak nekez ihardokitzen du XIX. mendeko industria-garapenari
- Soldadutzak intsumisioak sortzen ditu
- Aduanen lekualdatzeak Frantzian 1789an eta Espainan 1842an, Euskal Herriko ekonomiari kalte egiten dio

Gutuna, Apheça bilduma, Baxe Nafarroako Erakustokiko Bilduma
Euskaldunak herritik abiatzera
bultzatzen dituzten beste arrazoiak honako hauek dira : zaharren
agintaritzatik ihes egiteko tirria, Ameriketan ahaideak (anaiak,
osabak, lehengusuak) edo lagunak ukaitea, eta Eldorado amerikarraren
mitoa, herrira itzuli diren Euskaldunek goraipatzen dutena. Azkenik,
hara joateko hego Ameriketako gobernuen deia ausarki hedatzen dute
Euskal Herrian atzerriratze-agenteek.