Abiatzea - Bidaia


"Uso martxanta"

XIX. mendeko atzerriratzea agenteek antolatua eta bultzatua da. Azpi-agenteak enplegatzen dituzte, herrietan eta merkatuetan gaindi ibiltzen direnak. Hauek Eldorado berria goraipatzen diote bertako jendeari, arrakasta soziala
segurtatuko diola hitzemanez. Jendeak «uso martxantak» deitzen ditu, txori migratzailearen irudia baliatuz abiatuko dena aipatzeko.

Agenteen eta azpi-agenteen kokapena 1890 inguruan

Enplegatzaile diru-goseak ala bitartekari arruntak ote dira ? Bi kasuetan, atzerriratze-agenteek helburu bikoitza dute : emigratzaileak aurkitzea eta hauen abiatzeak erraztea.1865-1870. urteetan, atzerriratzearen fenomenoa handituz doa. Atzerriratzeari buruzko 1860ko uztailaren 18ko legeak eta ondokoek, argi erakusten dute frantses gobernuak atzerriratzea, atzerriratze-agenteen eginbideak eta atzerriratuen garraio-baldintzak kontrolatu nahi dituela.

1900ean, administrazio-inkesta bat agindua da Pirinio-Behereetako (1970az geroztik Pirinio-Atlantikoak bihurturik) Mauleko arrondisamenduan (Zuberoa eta Baxe Nafarroako probintziak), hau baita atzerriratu gehienik duen eremua. Helburua fenomeno migratzailea hobeki ezagutzea da, kezkagarri bihurtu baitzaie bai Errepublikari (frantses baserrietako galtze demografikoa eta intsumisioarengatik), bai eta ere Elizari, Argentinan ohiturak lasaikerian eror daitezen eta herrira itzultzen diren «Amerikanoek» eragin kaltegarria ukan dezaten.

1902ko urtarrilaren 7an, Pirinio Behereetako Prefetak gutun bat idazten dio Mauleko Suprefetari: "Hartu ditudan informazioek agirian uzten dute atzerriratze-agenteek emana izan zaien administrazio-baimena gehiegizko moduan erabiltzen dutela. Trikimailu hauek Kontratatzearen interesei kalte handia egiten diete eta komeni da hauekin amaitzea".

Elizak ere begi txarrez ikusten ditu abiatze horiek, kapilauek eta misiolariek ere erbesteratzearen bidea hartu arte, atzerriratuen arima «berreskuratzeko» gisan. 1857an, Betharrameko lau misiolari Argentinara iristen dira. 1905ean, Angeluko Serorak Buenos Airesera buruz itsasoratzen dira. Bertan, Euskal-Echeko kideek ongi etorria egiten diete.

Nor da abiatzen ?

1892ko kongresuko biltzar batean, Etcheverry diputatuak bere departamenduko atzerriratzearen egoera ofiziala aurkezten du (1832-1892 artekoa).

Ematen dituen zenbakiek fenomeno migratzailearen parte bat baizik ez dute erakusten, ez baitituzte emigrazio klandestinoa (Gipuzkoako Pasaiako portutik iragaten dena bereziki) edo kontrolatua ez dena (konpainia batzu ez dira Estatuaren zaingoaren pean) kontuan hartzen.

"Petit guide militaire de l’émigrant", AD 64-ko bilduma

- Hiru atzerriratuetarik bi Euskaldunak dira (garai horretan ofizialki egiaztatu diren 79.000 abiatzeak kontutan harturik).

- 1856 arte, abiatzeen %72ek La Plata dute helmuga.1849 arte Montevideo da heltze-portu bakarra. Handik aurrera atzerriratuak Buenos-Airesen lehorreratzen hasiko dira.

- Emazte gutti dira lehen urteetan : 1832tik 1840 arte: %16; 1856tik 1864 arte: %38; 1875ean: %30.

- Gazteak aldiz, ugari dira: 1865tik 1877 arte, 10-20 urtekoek atzerriratuen %40 osatzen dute.

1900ko administrazio inkestak baieztatzen du kantonamendurik menditsuenek dutela atzerriratu gehien ekartzen. Urte hartan, abiatu nahi dutenen erdia baino gehiago Donibane Garaziko eta Baigorriko kantonamenduetakoak dira.
Bestalde, mutilak direla nagusi baieztatzen du ere inkestak.

Apheça deitu artxiboak, lekukotasun adierazgarria

Gutuna, Apheça bilduma, Baxe Nafarroako erakustokiko bilduma


1990eko hamarkadaren hasieran, Behaskaneko etxe-jabe berri batek erregistro zaharrez bete kutxa bat aurkitzen du.
Urrutibehety medikuari, Baxe-Nafarroako Erakustokiaren Adiskideen elkarteko lehendakariari ematen dizkio, honek azter ditzan. Guillaume Apheça atzerriratze-agentearen erregistroak dira. Kutxa berean, Guillaume Apheçak Jean anaiarekin zeukan korrespondantzia ere bada. Buenos Airesen merkataria zen anaiak etorkin berriak bideratzen zituen eta, goiz ala berant, zeharkaldien prezioan onartu aurrerakina kobratzen zien. Berriki egin den aurkikuntza hau garrantzi handiko lekukotasuna da Baxe-Nafarroatik eta Zuberoatik Argentinarako
atzerriratzeari buruz. Ematen digu pentsatzera XIX. mendearen bigarren erdialdean 10000tik gora joan direla Argentinara, bereziki bi lurralde hauetatik.

Bidaia anitz kredituan ordainduak dira, prezioa biziki garestia baita : Guillaume Apheçak batezbeste 300 franko tokiko eskatzen du (gaur egun 900 euros).

Bidaiariak hiru klasetan banatuak dira (gela-klasea, tartekoa eta zubiartea). 1856-1910 epean, zeharkaldiak hiru hilabete (belazko untziz) ala hogeita bi egun (bapore-untziz) iraun dezake. Bidaiatzeko baldintzak biziki gogorrak dira (zorabioa, higiene eskasa, nahasmendua, janari txarra).Abentura handi horren lehen trabak deskubritzen dituzte atzerriratuek.

Escualdun baten bihotzminac

"Pasaico demboraz, gaitcic erraiteco
nihorc ez du menturaz, clarki mintçaceco:
lur-sargar ustelac, chardi begui gorri
han ciren iastatceco, bihotz altchagarri
Hala guinduen ere sabela cimurric,
içan gabe batere amenxen beldurric;
goiti-beiti agudo, beghia ilhunic,
ikhusi Montebideo, doi-doia bicirik".

Eguiateguyk idatzi bertsoak,
Escualdun baten bihotzminac Montebideorat yuanez
1853ko Urruñako «Lore-Jokoak» lehiaketatik hartuak.

Leopoldina Rosaren urperatzea

1842ko urtarrilaren 31an Baionako portutik abiatu zen untzia ekainaren 9an urperatu da Uruguaiko Castillos izeneko lurmuturraren parean. 303 bidaiarietarik (hauen artean Euskaldun anitz baziren) 231 hil dira eta 72 bizirik atera dira.

Euskaldunen argentina bertsotan

Jose Maria Iparragirre | 1820, Urretxu - 1881, Itsaso. |

"Herri alde guzietan jende onak badira
Bainan bihotzak dio zoaz Euskal Herrirat"

Konpositore eta olerkari gipuzkoarra.
Gernikako Arbola himnoaren egilea.
1855ean, Ameriketara joaiten da eta Buenos Airesen ezkontzen
emazte gipuzkoar batekin. 1878an itzultzen da Euskal Herrira.

2004an Pierra Lakok sortu bertsoa

"Erakusketa honen medioz ahal dugu konprenitzen
Nolaz denboran ainitz Euskaldun hemendik ziren partitzen
Famili handi etxalde ttipi doi bat baitziren nekatzen
Argentinako kanpo handiek segurrenik enganatzen
Ta ondokoek orai dituzte beren erroak xerkatzen"

Pierra Lako Euskal Argentina elkartearen sortzailea eta kidea da.