(Lo sentimos pero este contenido no está disponible en su idioma.). Política lingüistica en Eke.org

Euskal kultura Iparraldean 2008. urtean

Pantxoa ETCHEGOIN-ren analisia

2008 : Euskal kulturaren loraldia

Iparraldean, euskal kultura bizi-bizian izan da aurten ere, eta saiatuko naiz bizpahiru gaien zerrendatzea zuen aldizkariarentzat. Lehenik, aipatuko ditut sorkuntza zenbait, nola dantza, hala musika eta antzerki alorretan, ondotik hegoaldearikalako harremanak, eta urhentzeko, kultura trukaketak.

Beti zerbait iragaiten da iparraldean euskal kultura munduan ! Hori entzuten dut maiz hona datozenengandik. Bai, uste dut arrazoin dutela zeren eta asteburu guti da, non ez den gertakararik gure herri eta hirietan. Hemen dantza ikusgarria, hor kontzertua, han bertsu saioa, hementxet mintzaldia, hortxet erakusketa, eta hantxet antzerkia, eta nik dakita zer oraino...eta zerrenda ez da horretan bururatua ! Eiki, eskaintza zabala bada Euskal Herrian, eta euskal kulturak toki garrantzitsua dauka. Aurtengo urtean berean, ikusgarri berri ugari izan da alor guzietan eta hori zinez bozgarria da, kulturaren bizitasunak baitakar gure euskararen giltza eta biharko esperantza.

Euskal dantza hartzen bada adibidez, ekimen aberatsak eramanak izan dira, edo artista amaturren eskutik, edo profesionalekin, eta maiz biak uztarturik. Oro har, uzta ederrak ikusi ditugu. Biga behar banintu lehenetsi, hor ezar nezazke “Mihimena” eta “Bodarin” ikusgarriak, biak estilo ezberdinetakoak, bainan bata bestea bezain atsegingarriak.

Baigorriko Arrola dantza taldeak du "Mihimena" ikusgarria antolatu, hain zuzen euskal dantzaren eta mahastiaren arteko loturaren egiteko. Taula gainean, ikus zitezkeen eguneroko mahastigintzako ohidurak, kantu, bertsu, bideo, eszena jokoen bitartez, dantza zelarik ororen zubi eta buru. Ikusgarri honen apailatzeko, belaunaldi ezberdinetako ehun parte hartzaile baino gehiago aritu da, hilabeteak eta hilabeteak lanean, jakindurien transmisioa agertuz haurren, gizonen eta emazteen artean. Publikoaren loria jokalarien nahikundearen heinekoa izan da. Euskal Herriko historia eder bat kondatu digute ; egiazko besta herritarra izan da, non ere emozioa eta partikatzearen zoriona begibistan genituen. Sorkuntza eredu eder honek baieztatzen du euskal kultura zimendu dela, belaunaldien arteko loturaren egiteko, egitasmo amankomun baten inguruan.

Bigarren gertakaria, “Bodarin“ izenekoa da, Anaigazteak konpainiak alhan ezarri duena. Anaigazteak konpainiak Iparraldeko dantzariak biltzen ditu eta Arbona, Basusarri, Ezpeleta, Gabadi, Luhuso, Urruña edo Donibane Lohizuneko gazteria federatzen du. Dantzari horiek jatorrien atxikitzeko helburua daukate bainan denbora berean euskal dantzaren ondarea aberastu nahi dute, euskal dantza eta ohidurekin batera, bertze tokietako dantzak eta musikak uztartuz.

« Bodarin » ikusgarrian, ikus daitezke Lapurdiko ihauterien inguruko dantzak, flamenko dantzarekin zeingehiagokak, eta oroz gainetik taula gainean badira efektu bereziak, bideoak, soinu grabaketa bereziak, emanaldiari estetika ikusgarriagoa eta modernoa eskaintzen dietenak.

Gaurko koregrafia bat da, munduari eta berrikuntzari idekia, sustraiak ahantzi gabe. Hamar bat tokitan eskainia izan da “Bodarin“ obra, bai Euskal Herrian, bai eta ere Parisen bi aldiz.

Bururatzeko dantzarekin, ez ditut ere ahantzi nahi bertze sorkuntza zenbait, hala nola “Orreaga“ ikusgarri erraldoia, Pier Pol Berzaitzen idazlanean oinarriturik, Baionako zezen-plazan eskainia izan dena uda honetan, sei mila presunen aitzinean. Halaber, Xiberoan, jendeak beti prest dira kantuaren, dantzaren eta musikaren inguruko emanaldietara joaiteko oste handian. Hori gertatu da urrian plazaratu duten “Aidez Aire“ deitu ikusgarriarekin.

Euskal antzerkiaren sasoi ederra

2008.urtean, bi obra aipa nezazke oroz gainetik : "Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean", Amikuzeko Kitzikatzak/n antzerki taldearen eskutik. Mattin Irigoien idazlea, ironia eta garrazki, gure ingurumenaren eta planetaren orekaz mintzo zaigu, bakoitzaren baitan gogoeta sorraraziz hain garrantzitsua den gai honen inguruan. Antzerki honek arrakasta lortu du, bai gaiari doakionez, bai antzerkilarien trebetasunari esker.

Bigarrena, « Ibañeta » antzerki obra da. Haize Berri Kultur etxeak, euskarazko antzerki idatz lan eta ekoizpenak garatzeko duen xedean sartzen da "Ibañeta" antzerkia. Piarres Larzabalek 1968an idatzi zuen antzerkiaren muntatzea bultzatu du, Iparraldeko hamabost bat jokalariekin. Urte honetan, Piarres Larzabalen heriotzaren hogeigarren urtemuga da. Idazle honek eragin handia ukan du euskal antzerkiaren historian eta eraberritzean. Ibañetak kondatzen du nola Nafarroa Karlomagno-ren tropek okupatzen duten. Batzuk okupatzaileari aurre egiten die, besteek harekin kolaboratzen. 778 urteko gertakariak. Orreagan Euskaldunen garaipenaren data hain justu, legendari oihartzun eginez, Piarres Larzabal apezak idatzi zuen frankismoaren kontrako Euskaldunen erresistentzia. Berrogei urte berantago, gaurkotasuna badu antzerki honek, Euskaldunek ez baitugu oraino gure herriarentzat aterabide sendorik atzeman. Ander Lipus izan da taula zuzendaria eta honek eman dio obrari freskotasuna, eta jokalariak oso finki aritu dira, antzerki herritar hunkigarri baten eskaintzeko.

Bi hitz erranen ditut ere haur antzerkiaz, urte honetan preziatu ahal ukan baititugu besteak beste bi obra eder, non antzerkiak, olerkiak, dantzak eta musikak bat egiten duten : alde batetik, “Lodikroko“, Amaia Hennebutte-Millard idazleak ondu obra, eta bestetik, “Zoaz egan errari“, Le Théâtre du Rivage antzerki taldearen eskutik.

Iparraldea Bertan

Hau da zazpi urte honetan Euskal Kultur Erakundeak bideratzen duen iparraldeko kulturaren inguruko hitzorduaren izena, Donostiako Koldo Michelena kulturunearekin batera. Martxo inguruan apailatzen dugun ziklo honek helburu xumea dauka : iparraldeko artisten hobeki ezagutaraztea hegoldean, eta harreman berrien sortzea bai artisten, bai publikoen artean. Eta ez da ekitaldi bakarra ! joanago eta gehiago saiatzen gara hegoaldean sare berrien edireiten, ipar eta hegoaldeko kultura uzten zabaltzeko. Hala nola, kultura ekitaldiak alhan ezarri ditugu Andoainen, Oiartzunen, Gernikan, eta nolaz ez Getxon, hor bi urteetarik baitago festibala berezi bat : Iparra galdu gabe deitua, Getxoko Udalak antolatzen duena gurekin batera.

Aipatu behar dut ere gure erakusketa multimedia “Batekmila-Euskal Munduak“, hegoaldeko lau hiri nagusietarik iragan dena (Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea orain bertan), gei Getxo, urri amaiera honetan. Arrakasta ederra lortu du, nola erakusketak berak, hala inguruan antolatu ditugun ikuskizun eta mintzaldiek.

Azkenik, derragun Azpeitiako XXVI.garren antzerki topaketan, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Kultur erakundeak daukaten hitzarmenari datxikola, egun berezi bat antolatu dugula, bereziki profesionalentzat, bainan ez bakarrik. Hor Iparraldeko hiru antzerki talde aritu dira, eta ondotik ipar eta hegoaldeko programatzaileak elkartu dira, egungo euskal antzerkiaren eskaintzak, aukerak, bai eta ere adierazpen horren arazoetaz eztabaidatzeko, mugaz gaindiko harremanak nola hobetu daitezkeen aztertzeko, etabar. Lehen ekimen honek hogeita hamar bat kultura arduradun eta antzerkilari bildu ditu, eta ondoko urteetan ere beste horrelako hitzordua antolatua izanen da.

Zubiak eraiki ditzagun

Aspaldikoa da Euskal kultur Erakundeak lan egiten duela euskal kulturaren ezagutarazteko kanpoan, eta kultura trukaketak garatzeko, horrelakoetan batak bestea hazten baitu. Lehenik, aipatu behar dut joan den martxoko ekimen bat, Frantziako Borgoina aldeko Dijon hiriko Denis Diderot Unibertsitateko gazteek eraman dutena, “Cyclopédies“ elkartea osatuz.

2008ko martxoan, elkarte honek Euskal Herria gomitatu du “Baskarad“ izendatu duten festibalean. Euskal kultur erakundea proiektuaren partaide izan da eta Euskal Herri osotik hogeita hamar talde baino gehiago – Ipar eta Hegoaldekoak - gomitatua izan da, nola antzerkia, ipuia, musika, kantua, zinema, eta literatura alorretakoak ; biziki egitarau aberatsa oro har. Halaber, Vincent Perraud eta Angela Mejias artistek Borgoinako eta Euskal Herriko paisaien eta gizartearen argazkiak hartu dituzte, “Begi Bi“ izeneko erakusketa batean erakutsiak izan direnak, bai Dijon hirian, bai Hendaian eta Hondarribian.

Bestalde, kantuaren alorrean, Euskal kultur erakundeak aspaldidanik Georgiako polifoniei eman die leku garrantzitsua, urteetan hango talde batzu hona etorri baitira, eta hemengo artistak Kaukasiako eskualde horietara joan.

Hala nola, duela bi urte, Céline Mounole, Maddi Oihenart, Kattalin Indaburu eta Philippe Albor, euskal kantari eta musikariek osatu zuten Iruska taldeak parte hartu zuen Ohizko Polifonien Nazioarteko Topagune batean, Tbilissi eta Georgiako bertze eskualdeetan kontzertuak eskainiz.

Azaro hastapen honetan, Mzetamze (Eguzkien eguzkia), emazte kantari talde zoragarria, errezibitu dugu Euskal Herrian, hainbat kontzertu eta ekitaldirentzat, Azkainen, Baionan, Donibane Lohizunen, Hondarribin eta Heletan.

Kontzertuak emaiteaz gain, egonaldi artistiko bat egin du talde honek Heletan bi egunez, “Itsasoa“ deitzen den ikusgarri-gelan. Hor, Iruska taldeko hiru kantariek berenganatu dute Georgiako polifonien berezitasuna ; halaber, Mzetamze taldeak euskal errepertorioa landu du karia hortarat. Talde horretaz oroitzapen zoragarria atxikiko dugu gure baitan, kantuen edertasunarekin batera, baitzen ere bihotzaren mintzoa, emazte horiek helarazi digutena, eta nonbait beren herrian bizitzen duten gerlaren ondoko aztarnak bizi-bizian balinbazeuden ere oraino, zoriontsu joan dira Euskal Herritik. Badugu denek besteengandik zer ikastekorik !

Ez nuke urhendu nahi ene idazkia, Iparraldeko lehen Bertsu Txapelketa aipatu gabe. Hamasei bertsularik parte hartu dute eta hiru kanporaketa ederren ondotik, finala Donibane Lohizuneko Jai Alaian iragan da, mila bostehun bat bertsuzaleen aitzinean. Zortzi bertsulariek lortu dute finala horretan parte hartzeko aukera. Oro har, bertsu saio luze bezain emankorra izan da. Ernest Alkat, duela guti zendu den bertsularia ere denen gogoan zegoen eta Mixel Aire Urepeldarrak bertsu hunkigarria eskaini dio saio hastapenean. Horrelako ekitaldiek gogo-bihotzak indarberritzen dituzte, eta Iparraldean, bertsularitza zabaltzen ari da orain hiru probintzietara, gazteenganatzen, eta erraitearen beharrik ez, gure hizkuntzaren egoera txarra izan arren, euskarari altxor ezinago hobea eskaintzen diola. Apurka-apurka bertsu eskolak hedatzen ari dira iparraldean eta uzta ederrik ekartzen dute, gaur eta biharko... Amets Arzallus Hendaiarrak ukan du txapela, bainan beste bertsulariek ere maila ona lortu dute.

Iparraldeko euskal kultura orenaren araberakoa da : beti aitzina doa.

Para contactar con nosotros

El Instituto cultural vasco se encuentra abierto al público de lunes a viernes de 9h00 a 12h30 y de 13h30 a 18h00 (excepto el viernes, cierre a las 17h00).

Dirección: Château Lota - BP 6 - 64480 Ustaritz
Localización: Ver el plano

El blog de nuestras actividades

Exponer los trabajos realizados por el Instituto cultural vasco, es el objetivo de este blog en euskara y francés, el reflejo de la diversidad de las actividades de nuestro organismo. ¡ Enviadnos vuestras colaboraciones ¡

Últimos artículos :

La Commission Permanente du Patrimoine Basque à Socoa

Accord de partenariat entre l'ICB et www.eitb.com

La littérature basque au Salon du livre de Paris

[+] Todos los artículos