[ http://www.soziolinguistika.eke.org ]

Erramun Baxok soziolinguistaren kronikak

2009/03/31

Gazteenen motibapena 2006ko inkestan

Euskarari buruzko motibapenaren aldetik, adin multzo gazteena, 16-24 urtekoak, arrunt atipikoa agertzen da. Gaitasunaren aldetik aitzinamendu bat agertzen da. Euskaldun trebeak %12 dira 25-34 urtekoetan eta %16 dira 16-24 urtekoetan, ikastoletan eta ikasgela elebidunetan formatu diren euskaldun berriei esker. Baina gazteenek kartsutasun ahulagoa adierazten dute aitzinagoko adinarteari konparatuz. Ehunekoetan, beren burua euskalduntzat daukatenak (%43 vs %48) ; euskara frantsesa bezenbat edo gehiago erabiltzen dutenak (%14 vs %19). Erantzun baikorrak eta ezkorrak orekatuz, euskaren aldeko jarreraz (14 pundu vs 28 pundu); euskarari buruzko interesaz (37 pundu vs 44 pundu). Zer gertatzen da ? Nabari da bihurgune batean sartzen ari garela.

Gazteekin dabiltzanek inkestaren berirakurketa bat egin dute. Pentsatzen dute euskaldun gazteek euskal nortasunari buruzko atxikimendua adierazten dutela, bai eta ere oldar bat euskara zaintzeko. Bainan gutiengoan direlakotz, ikestak erdaldun gazteen (%70) pentsamoldea gehiago agertzen du. Egoera honek erakusten du motibapen lan bat egin behar dela bi hizkuntzetan, Euskal kultur erakundea eta Euskararen erakunde publikoaren arteko lankidetzaren bidez.

Antropologoek ere bihurgune hau ulertzen lagunduko gaituzte. Nortasun kolektiboaren gaian bi ikusmolde nagusi badira : primordialismoa eta konstruktibismoa. Primordialismoaren arabera nortasuna betidanikako izaera esentzial bati buruzko leialtasuna da. Ezaugarri nagusiak dira sorterria, arbasoak, hizkuntza, ohiturak, historia. Ikusmolde tradizional hau adierazten dute ez bakarrik adin talde zaharrenetan, bai eta ere modernitatearen aroan.

Baina post-modernitean sartzean, bereziki globaltasunarekin eta informazio eta komunikazio teknika berriekin, nortasunak beste itxura bat hartzen du eta konstruktibismoak esplikazio hobea ematen digu : nortasuna da gizabakoitzak beretzat eraikitzen duen zerbait, lehenagoko kulturaz jabetuz bai eta ere inguruko kulturak onartuz. Motibazio eskasa aipatzen dugularik, maizenik motibazio aldaketa bat gertatzen da.

Korrika eta Herri Urrats bezalako gertakariak euskararen aldeko kartsutasuna berpizten dute. Bestalde Euskal kulturari buruzko hezkuntzak gazteak laguntzen ditu beren nortasuna eraikitzen. Euskal kultur erakundeak, bere 2007-2013ko "Elgarrekin bilaka" egitasmoan ministeritzetako gomendioa bere gain hartzen du : "Heziketa artistikoak eta kulturalak (...) norberaren nortasuna moldatzen laguntzen du eta funtsezko zeregina dauka bakoitzaren kultur nortasunazren eraikuntzan". Euskara eta euskal kulturari buruzko motibazioa, aurkikuntza eta sortzailetasunaren bidez hazten da.

Egilea: Erramun Baxok.2009/03/31
Etiketak: gazteak 2006 motibapena jarrerak | Permalink | Komentarioak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatz ondoko eremuan gainean agertzen zaizkizun hizkiak.