[ http://www.soziolinguistika.eke.org ]

Erramun Baxok soziolinguistaren kronikak

2009/04/20

Albanel legeari buruz

Estatuko erakunde gorenetan

2008ko maiatzaren 7a – Gobernuak eztabaida eraman zuen eskualde hizkuntzetaz, lehen aldiz V. Errepublikan. Legebiltzarrean adostu zen lege baten beharra, Sarkosy hautagaiak hitzeman zuenaren bidetik ; abiapunduak jorratuko ditu bai eta ere galdera zehatzak, jokamoldeak eta baliabideak...

2008ko maiatzaren 22a – Legebiltzarrak, kasik aho batez lehen irakurketan, emendakin bat onartu zuen, eskualde hizkuntzak Konstituzioko lehen artikuluan sartzeko, Frantziako ondare bezala.

2008ko ekainaren 12 – Akademia Frantsesak aho batez onartu zuen adierazpen bat Ordezkaritza nazionalari eskatuz aipamen hura ken zezan erranez xede onak direla eta nonbait adieraztekoak, baina ez dute lekurik Konstituzioan.

2008ko ekainaren 18a – Alderdi guztietako sanatariek eskualde hizkuntzen aipamena kentzea erabaki zuten, gehiengo handiz 216 boz alde 103 kontra. Bi ganberen arteko hautsi-mautsi bat aurkitu zuten bigarren irakurketan.

2008ko uztailaren 21a – Parlamentuak, biltzar bateratuan, Konstituzioaren berrikuntza onartu zuen. Eskualde hizkuntzak aipatuak dira XII. atalean, lurralde elkargoetan, 75-1. artikuluan : "Eskualde hizkuntzak Frantziako ondare dira".

2009ko martxoaren 9a – Christine Albanel ministroaren bulegoburuak Euskal Konfederazioari erantzun dio hiru gai nagusi aurkeztuz :

  • egitura instituzional bat nazioaren hizkuntza ondarearentzat,
  • legearen gaiak dira irakaskuntza, hedabideak, kultura eta zerbitzu publikoak.
  • demokrazia kultural bat, batasuna gauzatuko duena berdintzerik gabe, baina aniztasunean.

Lurralde elkargoak partaide

2008ko irailaren 17a – Frantziako Eskualdeen Elkarteak (ARF), eskualde hizkuntzen batzordearen bidez, (René Ricarrère batzordeburu) Estatuari dei egin dio bere eginbideak orroitaraziz eskualde hizkuntzak zaintzeko eta aitzinarazteko. Unescoren 2006ko Hitzarmenetik abiatuz, gaia kultura adierazpenen aniztasuna delarik, neurri zehatzak proposatuak dira :

  • eskualde hizkuntzen legezko estatusa,
  • lankidetza jarraikia Estatua eta eskualdeen artean hizkuntza politikan,
  • irakaskuntza ama-eskolatik unibertsitateraino,
  • elebitasuna zerbitzu publikoetan,
  • sorkuntza kulturala eta hedabideak eskualdeetan.

2009ko martxoaren 7a – Euskal kulturaren sostengurako herrien arteko sindikatak, bere urteroko biltzarrean, Euskal Konfederazioaren idazkia"Frantses Estatuko lurralde hizkuntzen aldeko lege bat, hizkuntza politika ausarten bultzatzeko", eta aho batez mozione bat bozkatu, Gobernuari galdetuz, 2009a bururatu aitzin, Kultura ministroak hitzeman lege proiektua aurkez dezan, lege disposizio bat,

  • eskualde hizkuntzen zuzenbidezko estatusa lurralde hizkuntzei egokitua,
  • oinarrizko printzipioak onartuz,
  • gure lurraldean hizkuntza politika nahizale eta eraginkor bat laguntzeko,
  • lortu beharreko helburuak finkatzen dituena, eta
  • haien betetzeko, jende eta diru ahalbidez hornitua.
Euskal Herriko auzapez eta herri kontseiluak gomitatuak dira araberako mozioak bozkatzera. Larresoro da lehen herria Sindikataren mozioa onartu duena.

Elkarteak aitzindari

2008ko martxoaren 26a – Frantziako eskualde hizkuntzen legeari buruzko Plataformak biltzen ditu eskualdeetako kultura elkarte batzu eta erabaki du legegileen sustatzaile eta aholkulari izatea, neurri zehatzak proposatuz hizkuntza legea antolatzen laguntzeko. Egoera horretan, Euskal Konfederazioak abiapunduak eta neurriak finkatu ditu "lurralde" hizkuntzentzat ezinbestezkoak diren eremuetan.

2008ko azaroaren 28a – Euskal Konferazioak Plataformako kideei igortzen die, landu zuen idazkia, "Abiapunduak eta aldarrikapenak" atalburu-pean.

2008ko urtarrilaren 27a – Euskal Konfederazioburuak gutun bat igorri zion Christine Albanel ministroari orroitarazteko hitzemana zuela lege-proiektua laster aurkeztuko zuela. Mezua : "Euskara, onarpen eta laguntza ofizialaren hil edo biziko behar gorrian da". Eta beste eskualdeak ere kexu direla legearen aiduru, nola Alsazia, hala Bretainia, Okzitania, Korsika eta Katalunia.

2009ko otsaila - Euskal Konfederazioak Euskal kulturaren sostengurako herrien arteko sindikatari eta Euskararen erakunde publikoari aurkezten die bere idazkia.

2009ko maiatzaren 2a – Plataforma Parisen biltzen da idazki bateratu bat legebiltzarkideentzat prestatzeko. Ekarpen andana bat mahai gainean dago : Plataformaren printzipioak, Euskal Konfederazioaren abiapunduak eta aldarrikapenak, Alsaziako lege proiektua (2005) Bretoiek gaurkoturik, Ok kultura eta hizkuntzaren irakasleen adierazpen bat (Felco), Estatua eta tokiko elkargoen eskuduntzetaz hizkuntza politikari buruz...

2009ko maiatzaren 20 – Bilkura bat finkatua da Parisen ordezkarien artean, alde batetik Plataforma eta bestalde Eskualdeetako hizkuntzetaz arduratzen den Legebiltzar multzoartea, Martine Faure Girondako diputatuak kudeatzen duena.

Hizkuntza legearen iragarpenak abiada eman dio gogoetaldi kartsu bati, bai eta ere zuzenbide idazki askori, Estatuko erakunde gorenetan, eskualde elkargoeatan eta elkarteetan. Gogoetaldia areagotuko da lege proiektua agertuko delarik. Again, sortuko den hizkuntza politika, luraraldeetan adierazten den itxaropenaren heinekoa izanen delakoan.

Egilea: Erramun Baxok.2009/04/20
Etiketak: euskara legea | Permalink | Komentarioak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatz ondoko eremuan gainean agertzen zaizkizun hizkiak.