Piarres Larzabal Azkainen sortu zen eta «
Irri eta nigar » lehen
antzerki-lana 1934ean idatzi zuen.
Jende anitzek urteetan negar eta irri egin dute bere antzerkien
ikustean, eta gaurregun oraino gehien antzeztua den idazlea
da. Hastapenean, antzerki dibertigarriak idatzi zituen – «
Kontrabandistak », « Eiherazainaren astoa
», « Okilamendi Jaun Mera » -, baina laster ulertu zuen
euskal antzerkiak "heldutasuna" lortu behar zuela eta gai guziak aipatzeko
gai izan behar zuela, hots konzientzia, gizarte, nortasun arazoak.
Konzientzia arazoak aipatuak dira beraz, « Etxahun », «
Berterretx », « Bordaxuri » lanetan ;
gizarte gaiak « Hiru ziren », « Lana eri
»-n, euskal nortasunaren konzientzia hartzea « Matalas », «
Ibañeta », « Mugari tiro »-n, etabar. Bere
erranetan, ehun bat esketx eta antzerki idatzi ditu. Esketx batzu galduak
izan dira, hala nola "Lurraren besta" kari orga loreztatuetan
antzezturikoak.
Deneri konfiantza egiten zuen eta esku-izkribuak edozeini uzten zuen
fotokopiarik egin gabe. Zendu zelarik, Piarres Charritton euskaltzainak
Piarres Larzabalen 42 antzerki bildu eta argitaratu zituen Elkar
argitaletxearekin.