(Lo sentimos pero este contenido no está disponible en su idioma.). Política lingüistica en Eke.org

1965etik goiti : federazio baten sortzea

1965etik goiti, erran nahi baita guti gora behera Vatican II Kontzilioaren bukaeran, Elizaren nagusitasuna denetan ahultzen da eta antzerkigintzan ere. Antzerkiak patronaia-geletan ematen dira baina jada apaizak ez dira guti baizik horietaz arduratzen.

Piarres Larzabal et Daniel Landart

1966an, antzerkilari amateur gogotsu batzuek gogoeta egun bat antolatu zuten Heletan. 30 bat pertsonek parte hartu zuten bertan, horien artean Larzabal apaiza eta Telesforo de Monzon.

Hortik abiatu zen euskal antzerkiaren Federazio baten sortzeko ideia.

 

Antzerkilarien Biltzarra

Biltzar Nagusi sortzailea Baigorrin iragan zen 1967ko maiatzaren 28an.
Antzerkilarien Biltzarra izena eman zitzaion.
Egoitza soziala Baionako Cordeliers karrikako 14.ean finkatua zen, Enbata mugimendutik hurbil  zegoen euskal Idazkaritzaren egoitza bezalaxe.

Xedeak :

  • antzerki sorkuntza bat aurkeztea urtero,
  • euskal antzerki bizia koordinatzea,
  • harremanak sortzea hego Euskal Herriko antzerki taldeekin,
  • artxiboen osatzea.

Bulegoa :

  • Lehendakaria : Daniel Landart,
  • Lehendakari-ordea :  Pettan Elissalde,
  • Idazkari-orokorra : Jean-Pierre Curutchet,
  • Diruzaina : Laurent Pétricorena.

1967ko udazkenetik goiti, ipar Euskal Herriko antzerkilari hoberenak biltzen dituen "super-talde" bat sortzea erabaki zen. Elkartearen izen ber-bera hartu zuen eta ondoko helburua lortu zuen : Baionako herri antzokian jotzea. Euskal antzerkiak hirian agertu behar zuen. Biziki gauza garrantzitsua zen bere promozioarentzat. Helburua lortu da baina ez da erraza izan.
1968ko apirilean, Piarres Larzabalek idatzi Matalaz eman zuten. 17 antzerkilarik parte hartu zuten abentura horretan, bi eszenografoen laguntzarekin : Roger Idiart apaiza eta Telesforo de Monzon.
Arrakasta gaitza izan zen : gela mukurru betea zen eta 200 pertsona kanpoan gelditu ziren ! Astelehen arratsa, atseden eguna, izan ere garai hartan Baionako antzokia zinema zen ere.
Ondoko urtean, Biarritzeko herri Kasinoa hautatua izan zen Ibañeta, Larzabalen beste obra baten emateko. Antzerkilariak eta konpartsa kontatuz, hogeita hamar bat ziren ! Gehiegi lan on baten egiteko.
Obra horiek bi aldiz eman zituzten : Matalaz Baiona eta Urruñan, Ibañeta Biarritz eta Baionan.

Idazle berri bat : Daniel Landart

1969an, Daniel Landart idazten hasten da ondoko bi irizpideak kontutan hartuz : pertsonaia gutiko obrak idaztea eta eszena guziak toki berean biltzea. Horrela apainketen garraioa errextuko luke eta bira bat antolatzen ahal zen. 

 

Antzerki militantea

Horrela, 1968 eta 1980 urteen artean, 15 obra sortu dira. Horietarik hamabi parropiako geletan emanak izan dira, beste hiruak karrikan. Daniel Landart-en ekarpena adierazgarria izan da, horietarik 10 berak idatzi baiditu. Eliza-antzerkiak euskal nortasunaren eta gizarte arazoen konzientzia hartzean engaiatu antzerki militanteari utzi dio tokia.
Bestalde, antzerki taldeen kontzepzioa aldatu da. Talde berri batzu sortu dira herri ezberdinetako gazteak bilduz :

  •  « Euskaldun gazteria », Donibane-Garazin,
  • « Iturri taldea » Irisarrin,
  • « Biper beltx » Donibane-Garazin,
  • « Oztibarreko Antzerkia », Izura-Larzabalen,
  • « Xirrixti-Mirrixti » Baionan,
  • « Bordaxuri » Hazparnen.

Eszenografoak

Garai hartan, euskal antzerki guzia bihotzoneko amateurrei esker bizi zen eta eszenografoak omendu behar dira pazientziadunak, kementsuak eta tematsuak izan baitira eta antzerkiaren gustua ematen jakin dutelako. Hona ondotik urte frangoz eta batzuetan herri ezberdinetako taldeekin aritu diren jende batzuen izenak :

  • Telesforo de Monzon (Donibane-Lohizune, Iholdi, Heleta, Baiona)
  • Jeanne-Marie Malharin (Mugerre, Itsasu)
  • Daniel Landart (Donibane-Garazi, Baigorri, Makea, Irisarri, Baiona)
  • Christiane Etchalus (Donibane-Garazi, Baigorri, Iholdi)
  • Henriette Oxarart (Aldude)
  • Iker Gallastegi (Baiona, Hazparne),
  • Eñaut Larralde (Ibarla, Izura).

Bi adibide beste askoren artean :

- Antzerkilarien Biltzarreko taldeek Biltzar Nagusia urtean behin egiten zuten. 1970ean Donapaleun bildu ziren eta ondoko pertsonak hautatu zituzten Administrazio Kontseiluko : Jean-Pierre Arangoitz eta Etienne Pochelu (Iholdi), Angel Arregi (Donibane-Lohizune), Albert Bidart (Beskoitze), Ferdinand Bidaurreta (Aldude), Michel Brust (Hazparne), Geneviève Chabagno (Baiona), Maite Dunat (Heleta), Peio Durruty (Donapaleu), Pettan Elissalde (Irisarri), Margaita Etcheleku (Donazaharre), Dominique Esponde (Angelu), Daniel Landart (Mugerre), Eñaut Larralde (Izura), Jean-Pierre Mendiboure (Heleta). Hiru ordezko kide : Jeanne-Marie Malharin (Mugerre), Ernest Alkhat (Iholdi) eta Henri Chabagno (Hazparne).


 9 antzerki talde aritu dira 1976ko antzerki denboraldian. Herri hauetakoak ziren : Hazparne, Makea, Heleta, Donibane-Garazi, Baigorri, Aldude, Itsasu, Irisarri eta Urruña. Baziren 2 sorkuntza eta 7 arramoldatze.

Federazioaren zailtasunak

Antzerkilarien Biltzarraren xede nagusia - hots, sorkuntzea laguntzea - bete baldin bada ere, taldeen arteko koordinazioa ez da hain ongi ibili. Hego Euskal Herriko taldeekilako harremanei dagokienez, Federazio bat sortu zen 1977ko maiatzaren 29an Urnietan, mugaz bi aldeetako 200 bat antzerkilari bilduz. Ondotik, batasunaren izenean, Antzerkilarien Biltzarra  Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra – E.A.T.B. bilakatu zen.

Antzerki artxiboei dagokienez, urte batez federazioko langilea izan den Menane Oxandabaratz-ek bilketa lan bat egin du. Momentu honetan, Heletako Herriko Etxeko gela batean dira.

Ipar Euskal Herriko euskal antzerkiaren historiari buruzko xehetasun gehiago ukaiteko, egin klik :