Euskonews Gaztea

127 zbk.

Gaiak

Mare Urdina

Leire GACEO
EuskoSare

Mendez mende, naturak eskainitako baliabideez hornitzen joan gara, neurririk gabe, agortezinak balira bezala. Bidean, gure helburu hori lortzeko suntsitu beharrekoekin akabo eginez. Baina egun, etorkizun oparo bat nahi badugu, elkarrekin lan egin beharko dugu, gure ondare zoragarri hau mantentzeko.

Mare Urdina

Zer da Mare Urdina?

Mare Urdina euskal itsasbazterrak babestu nahi dituen nazioarteko programa da; Bilbo–Hossegor bitarteko eremuan hain zuzen ere. Programa 2008an hasi zen eta hiru urtez luzatuko da, hots, 2010era arte, eta Europar Batasunaren laguntzaren bitartez (eta FEDER erakundearen diru–laguntzei esker) ekimen berriekin hornituz doa egunero.

Lau bazkidek ahalbidetzen dute Mare Urdinaren garapena: Surfrider Foundation Europa (proiektu–burua), Pirinio Atlantikoetako Kontseilua, Euskal Herriko Surf Federazioa eta Eusko Ikaskuntza.

Proiektuaren helburu nagusiak ingurumenaren babesa, jendearen sentsibilizazioa– hezkuntza, eta ondare naturalaren balorizazioa dira. Halaber, garrantzi handia ematen zaio jendearen parte–hartzeari eta antolatutako ekintzetan protagonista bihurtzean. Hortaz, garapen iraunkorraren alde dagoen talde–mugimendu bat osatu nahi da.

Ia astebururo ekintza mordoa antolatzen dira euskal hondartzetan eta egunak pasa ahala proiektuan parte hartu nahi duten boluntarioak gero eta gehiago dira. Bai Tuenti–n, zein Facebook–en edo Twitter–ren duten taldeen bitartez, ehunka zenbatzen dira ekimenean sartuta dauden gazteak.

Jada, programaren berri izan dezakezue Internet bitartez EuskoSareren webgunetik, www.euskosare.org/mare_urdina helbidean zehazki. Orrialde honetan albisteak, artikuluak, argazkiak, bideoak, lehiaketak, hurrengo ekitaldien egitaraua eta beste hainbat nobedade aurkituko dituzue.

vidECO

“VidECO; zer egiten duzu ingurumenaren alde?”

VidECO, Mare Urdinak aurkeztu duen nazioarteko laburmetraien lehiaketa da. Lanak telefono mugikorrez, argazki makinaz edo bideo kameraz filmatu behar dira eta haien luzapena 2 minututakoa izan beharko da, tituluak barne.

Lanaren gaia “Zer egiten duzu ingurugiroaren alde?” da, beraz lanek ideia hori islatu beharko dute. Bideoak euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez edota isilak izan daitezke. Parte hartzaile bakoitzak 5 lan bidali ditzake askoz jota.

Epeak hurrengoak dira: lanen harrera urriaren 18ra arte; epaimahaiaren erabakia urriaren 23an; eta berdinketa emango balitz, irabazlearen izena urriaren 26an jakinaraziko litzateke.

Sari galantak lor ditzakezue hortaz, hartu kamera eta... Denok filmatzera!!