'Euskadiko Soinuak' Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sektoreko enpresekin batera sustatzen duen programa da, bere xedea euskal herri-musika (pop, rock, folk, musika berriak,...) nazio mailan eta nazioarte mailan sustatzea delarik. Zentzu honetan, programak helburu bikoitza du: batetik, musika-industria bezalako sektore estrategiko bat laguntzea eta bestetik, kulturaren adierazle garrantzitsu honen kanpo-hedapenerako hainbat jarduera sustatzea.
Programa horren barruan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak azken urteetan Euskadiko herri-musikaren Gida profesionala argitaratu zuen 2001 urtean. Bertan honakoei buruzko informazioa biltzen da: disko-etxeak, management-enpresak, bakarlariak eta taldeak, Jaialdiak, elkarte eta komunikabideak (espezializatutakoak eta gai orokorretakoak), eta abar. Laburbilduz, gida honek musika-profesionalentzako interesgarria izan daitekeen informazioa biltzen zuen.
Musika-gidaren hedapen, erabilgarritasun eta gaurkotasun handiagoa bilatzeko asmoz, "Euskadiko Soinuak" delako web-orri berria sortu zen gero. Web-orri honen helburua da pixkanaka-pixkanaka Euskadin egun egiten den herri-musikan interesatuta dauden profesionalentzako erreferentzia-puntu bilakatzea, bai informazio orokor gisa eta bai enpresen, jaialdien eta euskal musika-taldeen atari gisa.
Azken finean, web-orri honek bilatzen duena da Euskadiko eta Euskaditik kanpoko musika-sektoreko profesionalentzako lan-tresna bilakatzea. Orri honen bidez sektore honetako agenteen (artistak, programatzaileak, disko-etxeak, disko-banatzaileak, komunikabideak,...) arteko harremana erraztu nahi dugu.
|