Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kultura Sustatu

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2009/10/06
Kimuak 2009 programako hainbat film labur, Gijónen, Sitgesen eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ikusgai
 Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako eta Euskadiko Filmategiak kudeatutako Kimuak programa hamabigarren ediziora iritsi da. Kimuak programak hamabi urteotan sekulako oihartzuna eta entzutea lortu du; hala, sona horri eusteko eta areagotzeko, 2008. edizioko zortzi film laburrei beste zortzik emango die erreleboa aurtengo edizioan. Bi genero landuko ditu batez ere aurtengo katalogoak: dokumentala eta komedia. Aurten, berrikuntza gisa, film labur gehienek adineko pertsonak izango dituzte protagonista, modu batean edo bestean. Nahiz eta askok uste izan film laburrak gazteen istorioak bakarrik kontatzeko direla, aurtengo film laburrek bestelakorik ere irakatsiko digute. Urtero bezala, lehendik ezagunak ditugun izenak ez ezik (Almandoz, Esnal, Vigalondo, González), izen berriak ere (Alcaine, Márquez, Del Campo, Zuazua, Rivero) izango ditugu. Era berean, euskarak toki esanguratsua izango du, bi film labur eskainiko baitira euskaraz.

Hona hemen aurtengo ediziorako hautatutako film laburrak: 5 recuerdos, bi zuzendari gaztek egina, Oriana Alcaine donostiarrak eta Alejandra Márquez mexikarrak. Memoria eta memoriaren mekanismoei buruzko istorio iradokitzailea da. Bigarren film laburra Ahate pasa da, ahateek zinemaren historian izandako zereginaren inguruko azterlan erdidokumentala. Koldo Almandoz donostiarra da zuzendaria. Beste beterano baten komedia izango da hirugarrena, Telmo Esnal zarauztarraren Amona Putz!, alegia. Familia zaintzeko lanetan aitona-amonek duten funtzioa du aztergai. Kimuak 2009 programako lehen dokumentala Dirty Martini da, Iban del Campo arrasatearrak zuzendua eta New Yorken filmatua. Burlesque giroa da protagonista. Aitona-amonak dira Anartz Zuazua donostiarraren Él nunca lo haría komediako protagonista. Adinekoak konpainia egiteko animalia bihurtuko dira film honetan. Fantasiaren generoan David González bilbotarraren Los que lloran solos film laburra izango da ikusgai. Ezinegona sorrarazten duen amona mendekari baten presentzia izango da protagonista. Marisa Nacho Vigalondoren lana da. Zientzia fikziozko lantxo honen haria maitasuna eta obsesioa dira. Amaitzeko, beste dokumental bat, Jorge Riverok zuzendutako eta Bizkaiko Aprieta Fuerte enpresak ekoitzitako La presa. Memoriari eta denbora igarotzeari buruzko gogoeta da.

Irailaren 19an aurkeztu zituzten 2009ko Kimuak programako film laburrak Donostia Zinemaldian, eta hasi dira dagoeneko zinema jaialdietan aurkezten. Lehenengo egun hauetan izan dugu Gijóneko, Sitgeseko edota Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen gisako zinemaldi garrantzitsuetako lehenengo hautaketen berri. Horrenbestez, Koldo Almandoz donostiarra Gijónen izango da Ahate pasa film laburra aurkezteko. Aipagarria da, halaber, Gijóneko zinemaldia Hollywoodeko akademiaren zerrendan dagoela eta irabazleek Oscar sarietarako aurrehautaketan parte hartzen dutela; esaterako, 7:35 de la mañana film laburra Oscar saria irabazteko hautagai izan zen zinema jaialdi horretan eskuratutako sariari esker. Los que lloran solos eta Marisa film laburrak Kataluniako Nazioarteko Zinema Jaialdian aurkeztuko dituzte, Sitgesen, eta lehenengoa, nazioarteko lehiaketan. Bi film labur horiek Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko nazioarteko lehiaketan ere hartuko dute parte. Horiekin batera lehiatuko da Amona Putz! film laburra ere, Beldurrezko Zinemaren Asteko lehiaketa nazionalean.

2007ko eta 2008ko Kimuak programaren balantzea
Aurreko urteetako katalogoek izandako ibilbideari dagokionez, Kimuak 2007ko katalogoko film laburrek orain amaituko dute behin betiko zinema jaialdietan zehar egindako bidea. 2007ko katalogoko zortzi film laburrek zinema jaialdietako 977 hautaketatan egin dute aurrera, horietako 555 Espainiatik kanpoko jaialdietan, eta 170 sari irabazi dituzte, 2006an baino askoz gehiago. Orain amaituko du 2008ko Kimuak programak, baina film laburrek 2010 osoa dute aurretik. Edizio horretako film laburrak, orain arte, 799 jaialditan erakusteko hautatu dituzte (451 Espainiatik kanpoko zinema jaialdietan) eta 124 sari eskuratu dituzte. Hori guztia aintzat hartuta, esan liteke aurtengo emaitzak iazkoen antzekoak izango direla, Kimuak programaren osasun onaren erakusgarri.