Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2009/10/08
Blanca Urgell sailburua, Liber azokan
Bide batez, sektorearen kezkak ezagutzeko eta Liburutegi Nazionalaren zuzendariarekin elkarrizketa bat izateko baliatuko du bisita


Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburu Blanca Urgellek Madrilgo Liburuaren Nazioarteko Azoka (Liber) bisitatuko du gaur, osteguna, eta sektoreko ordezkariekin bilduko da, haien egoera bertatik bertara ezagutzeko. Gainera, elkarrizketa bat izango du Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendari Milagros del Corralekin, haren esperientzia baliagarri izan daitekeelako Euskadiko Liburutegia abian jartzeari begira.
Liburugintza bultzatzeko politikaren ildotik, Madrilgo Liburuaren Nazioarteko Azokara egingo duen bisitan, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak zuzeneko informazioa jasoko du sektoreak dituen mehatxuen inguruan eta etorkizuneko digitalizazioak ekarriko dituen kezken inguruan.  Euskadin dauden bi editore-elkarteei ematen zaien laguntzaren %70, gutxi gorabehera, kanpo sustapenera eta Liber bezalako azoketan parte hartzera bideratzen da. Euskal editoreek Azokan jarri duten standean bisita egin ostean, Blanca Urgell sailburuak bilera bat izango du Estatuko editore, banatzaile, liburu-saltzaile eta kultura-aldizkarietako ordezkariekin, haien sektorearen egoeraren berri izateko.
Arratsaldean, CEDROko zuzendari nagusi Magdalena Vinentekin elkartuko da, egile-eskubideen arazoak aztertzeko eta agertoki digital berriei buruz eta jabetza intelektualari buruz zuzendariak duen iritzia jakiteko. Horretaz gainera, Antonio Basantarekin -Germán Sánchez Ruipérez fundazioko presidenteorde exekutiboa- eta Luis Gonzálezekin -fundazio horretako zuzendari nagusia- ere elkartuko da, irakurzaletasuna sustatzeko alorreko azken joerak ezagutzeko, erakunde hori nazioarteko puntako erreferentea baita aipaturiko alor horretan.
Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendari Milagros del Corralekin izango duen bileran, erakunde horren funtzionamendua ezagutuko du, bai eta funts historikoak digitalizatzeko egindako lana ere, esperientzia hori biziki baliagarria baita Euskadiko Liburutegi berriaren proiektuari ekiterakoan.