Euskadi

euskadi.net

Hasiera

» Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
NABARMENTZEKOA...
Giselle (Moskuko Ballet Klasikoa)
Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia
Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia hiriko kultura-ekitaldi ospetsuenetako bat da. Ohi legez, egitarau zabala prestatu dute aurtengoan, antzezlan klasikoak eta ikuskizun moderno eta ausartak uztartuta. Hilabete eta erdiz antzerkia izango da nagusi Arabako hiriburuan, arte eszeniko horren zaleen gozamenerako. Hala, Principal Antzokian, jaialdiko gune nagusian, honako lan hauek izango dira ikusgai, besteak beste: 1984 (izen bereko eleberriaren moldaketa, The Actor's Gang konpainiaren eskutik eta Tim Robbinsen zuzendaritzapean), Matarile Galiziako taldearen Animales artificiales, Tito Androgónico Animalarioren azken ekoizpena eta Giselle balleta (Moskuko Ballet Nazionala).

Antzezle ezagunak arituko dira agertoki gainean, tartean, Carmelo Gomez eta Silvia Abascal (Días de vino y rosas), Miguel Angel Sola eta Blanca Oteyza (Por el placer de volver a verla) eta Ana Belen eta Fran Perea (Fedra).

Jesus Ibañez de Matauco eta Federico Garcia Lorca antzokiek ere hainbat antzezlan hartuko dituzte.

Horrez gainera, txikiek euren tokia izango dute jaialdiaren baitan. Principal eta Jesus Ibañez de Matauco antzokietan familiei zuzendutako ikuskizun bereziak eskainiko dituzte, eta “Haurtxoei begirako proiektua” lelopean haurrentzako emanaldiak izango dira ikusgai. Jardunaldiak, hitzaldiak eta askotariko tailerrak aurki ditzakegu egitarauaren barruan.
 
GASTRONOMIA
Mikologiaren inguruko hainbat jarduera izango dira Amurrion
Mikologia Jardunaldiak Amurrion ARABA
Ia hilabete batez, perretxikoak eta onddoak izango dira nagusi Amurrion, azaroaren 1era bitartean Mikologia Jardunaldiak egingo baitituzte bertan.

Batetik, hilaren 6tik 16ra, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek mendi-ibilaldietan parte hartzeko eta onddoen mundua gertu-gertutik ezagutzeko abagunea izango dute. Bestalde, Perretxikoz egindako III. Pintxo Lehiaketan (urriaren 17tik azaroaren 1era) eskualdeko sukaldariak lehiatuko dira, eta Daniel Garciak, Bilboko Zortziko jatetxeko sukaldari ospetsuak, gastronomiaren inguruko hitzaldia eskainiko du azaroaren 1ean.

Egun horretan bertan bukatuko dira Amurrioko Mikologia Jardunaldiak, honako jarduerokin: baserriko produktuen azoka, Lehen Hezkuntzako ikasleek egindako muralen erakusketa, hainbat tailer, sari-banaketa eta Mendiko Lagunak taldeak antolatutako Gorobel mendi-martxa.
 
ARTE ETA KULTURA
Yuuka Choir abesbatza
Tolosako Nazioarteko Abesbatza lehiaketa TOLOSA - GIPUZKOA
Nazioarte mailako abesbatza lehiaketa garrantzitsuenetako bat dugu Tolosakoa. Munduko abesbatzarik onenak biltzea, eta, aldi berean, euskal musika-tradizioa eta kultura ezagutaraztea ditu xede nagusi. Oraingo honetan, besteak beste, Italiako, Letoniako, Txinako, Esloveniako, Norvegiako, Frantziako, Alemaniako, Holandako, Hungariako, Japoniako, Erresuma Batuko, Australiako eta Ameriketako Estatu Batuetako abesbatzak izango dira gurean. Haur abesbatzen atalean, aldiz, Txekiatik, Moldaviatik, Letoniatik eta Kataluniatik etorritako taldeak lehiatuko dira.

Lehiaketaren barruan hiru atal daude: Ahots Mistoen Lehiaketa (euskal musika eta folklorea eta polifonia sailak), Haur Abesbatzen Lehiaketa eta Ahots Taldeen Lehiaketa (musika erlijiosoa eta musika profanoa sailak). Gainera, parte-hartzaileak Kutxa Sari Nagusia eskuratzen saiatuko dira; izan ere, irabazleak Abesbatzen Europako Sari Nagusian parte hartzeko izendapena lortuko du.

Amaierako gala azaroaren 1ean egingo dute, eta Japoniako Yuuka Choir abesbatzak zuzenekoa eskainiko du.

Laburbilduz, Gipuzkoako udalerrira bertaratzen direnek gaur egungo koru onenen emanaldiez gozatzeko aukera ezin hobea izango dute.
 
NATURA
Hegazti migratzaileen babesleku da Plaiaundi
Plaiaundi Parke Ekologikoa (IRUN - GIPUZKOA)
Plaiaundiko Parke Ekologikoa Bidasoa ibaiaren eta Jaizubia errekaren artean dago, Txingudiko Badiara begira, Irungo erdigunetik oso hurbil.

Inguru paregabe hau hegazti migratzaileen atsedenleku bihurtu da eta, gaur egun, balio natural handiko gunetzat dute nazioartean. Horrela, Txingudi izeneko Hegaztien Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) eta Txingudi-Bidasoa Garrantzi Komunitarioko Gunearen (GKG) barruan dago. Bi eremu horiek Natura 2000 Europako naturgune aipagarrienek osatzen duten sarean sartzeko proposatuta daude. Gainera, Ramsar nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrendan ere badago Plaiaundi.

Parkeak 24 hektareako hedadura du eta bi urmael daude bertan, uhate sistema baten bidez itsasaldien erritmoari konektatutakoak. Marearteko hondartza bat eta ur gezako aintzira bat ere baditu.

Parkearen sarreran, Interpretazio Zentroa dago eta, bertan, bisita gidatuak antolatzen dituzte taldeentzat. Halere, norberak bere kabuz egin dezake bisita, bi kilometroko ibilbidean argibideak eskaintzen dituzten 17 panel baitaude.

Oharrak

Plaiaundin eta Jaizubiako paduran (Hondarribia) taldeentzako eta partikularrentzako bisita gidatuak aldez aurretik hitzartu behar dira Txingudi Ekoetxea Interpretazio Zentroan.
 
IBILBIDEAK
Serantes mendia (iturria: Santurtziko Udala)
Natura-ibilbideak Santurtzin SANTURTZI - BIZKAIA
Santurtzi marinel-herriak (Ezkerraldea) erakargarri turistiko ugari ditu, eta horietako batzuk ezagutarazteko xedez, ibilbide gidatu desberdinak prestatu ditu Santurtziko Udalak.

Lehendabizikoak Serantes mendiaren natura eta ondare-baliabideak erakustea eta horiek gordetzeko neurriak bultzatzea du helburu nagusi. Bizkaiko kostaldearen eta Abrako badiaren bista ederrez gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Mendiko oinetakoak, kapusaia, bisera eta eguzkiaz babesteko krema eramatea gomendatzen dute. Ibilbidea, lau ordukoa, azaroaren 1era bitartean egin ahalko da.

Ornitologia gustuko dutenentzat egokia dugu bigarren ibilbidea. Ezin ahatz daiteke Abrako badia Europako hegazti migratzaileen babesleku dela, eta noizbehinka Ameriketako hegaztiek ere bertan hartzen dutela atseden. Hiru ordutan egiten da ibilbidea, oinez; dena den, nahi izatekotan, taldeek itsasontzian ere egin dezakete. Abenduaren 19ra arte egin daiteke.

Noski, argazki-kamera hartzen duten lagunek argazki zoragarriak ateratzeko abagunea izango dute.

Informazio gehiago nahi izatekotan, Santurtziko Turismo Bulegoarekin (944 839 494) harremanetan jarri.
 
HELMUGA HAUTATU
Araba Bizkaia Gipuzkoa
Esparruen arabera ere hautatu dezakezu helmuga
Bilbao
20º/35º
Vitoria
Gasteiz
15º/35º
Donostia
San Sebastian
19º/34º