Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kirolak

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Herri kirolak AIZKOLARIAK


Aizkolariak
aizkolariEnbor-ebakitzaileen lehiaketak: hona euskal herri-kirolen artean ezagunena. Izango dira beste zenbait modalitate praktikatuagoak, atleta gehiago dituztenak, baina zalantzarik gabe euskal kirol-bizitzako heroi handiak aizkolariak izan dira eta dira oraindik, esaterako "Santa Ageda", "Keixeta", "Arria" edo "Luxia". Ez zen izan herri-kiroletako probarik hainbeste ikusle bildu zituenik "Keixeta" eta "Igartzaren" arteko, "Korta" eta "Arria" eta Astibiaren arteko edo "Arria" eta Mindegiaren arteko borroka epiko haiek bezala

Enbor-ebaketa errege-kirola da Herrialdeko bertako kirolen artean, traineru-estropadekin batera itsas bazterrean.

 

BASOAK

Euskal herriak beste garaietan izandako basoen ugaritasuna eta bertan aritzen zirenen -ikazkinak eta egurketariak- lan gogorra izan dira enborrak mozteko kirol honen oinarria.


hasiera igoIKAZKINAK ETA EGURKETARIAK. JATORRIA.

Basoak zura lortzeko ustiatzen ziren, eraikuntzarako oinarrizko lehengaia, eta zura landare-ikatzean eraldatzeko, burdinoletan erregai gisa erabiltzen baitzen.

Zuhaitzak koadrilako elementu gazte edo indartsuenak eraisten zituzten. Zaharrenak erauzketan, adarrak mozten eta landare-ikatza fabrikatzeko "txondorra" prestatzen aritzen ziren.

Ikatza Euskal Herriko ekonomiaren eta bizimoduaren oinarri izan zen mendeetan zehar. Milaka gizonek hilabeteak egiten zituzten mendietan bizitzen, pago-ikatza fabrikatuz, ondoren burdinoletan minerala urtuko zuena, burdina bilakatuz.

Egurketari-lanak koadriletan egiten ziren eta egiten dira oraindik ere gaur egun, multzoan kontratatutakoak basoaren alde jakin bat eraitsi eta prestatzeko. Koadrila nomada zen, behar zituzten lekuetara joaten ziren, eta segalarien edo mahastizainen antzeko kanpainetan lan egiten zuten.

Aizkora-apustuen, aizkolari-proben, jatorria ikazkinek eta egurketariek basoan eginiko eguneroko lanean dago. Gazteen energia fisikoa edo beteranoen trebetasunak eta ofizioak lan berean lehian aritzera bultzatzen zituen, zuhaitz jakin bat lehengo nork eraitsi apustu txikiak eginez.


hasiera igoENBORRAK PLAZAN. EGURRA.

Probetan erabilitako egurra pago berdea izaten da tradizioari jarraituz, ageriko adabegirik gabe. Horrela egin izan da beti. Esperientzia luzeak beste edozein egur-mota baztertu du, pagoa euskal mendietako espezie arruntena izateaz gain. Pago-egurrak nolakotasun egokiak ditu aizkoraz ebakitzeko.

Egurraren gogortasuna egurraren beraren aukeraketari dagokionez apustua hitzartu deneko baldintzen menpe egongo da. Parte-hartzaile bakoitzak bere baldintzetarako hobeto doakion edo aurkaria gehien kaltetu dezakeen materiala aukeratuko du.

Lehiaketetan eta txapelketetan bihurriegia ez den egurra aukeratzen da. Oro har, kalitateak gora egin du, izan ere gaur egun probak jendeak diru-kopuru bat ordaindu ondoren bertaratzen deneko ikuskizunak baitira. Antolatzaileek diru-sarrerak dituzte eta material egokia eskura dezakete. Lehen, ordea, plazako apustuak sarrera librekoak ziren, eta normalean lehiaketarako erroen edo adarren hurbileneko zatiak bilatzen zituzten, zur-erosleak baztertzen zituenak, hain zuzen ere.

Apustu, lehiaketa eta txapelketetan enbor-kopuru jakin bat ebaki behar da, eta garailea horretarako denbora gutxien beharko duena izango da. Arau orokor honetan oinarrituta, aldaera ugari daude, betiere parte-hartzaileen arteko borroka parekatzeko asmotan, lehia estuagoa izan dadin.
Australia eta Kanadako lehiaketetan ez bezala, euskal aizkora-probak gehiago dira iraupeneko lehiaketak abiadurakoak baino. Oso gutxitan izaten dira ordu erdikoak baino laburragoak eta askotan izaten dira 60 minututik gorakoak.

Tradizioari jarraituz, erabilitako enborren lodiera zirkunferentzia-ontzatan neurtzen da. Neurrien gorabeherak 36 ontzako (oinbetekoak) gutxienezkoa eta 72 ontzako (oinbikoak) gehienezkoa barne hartzen ditu, 45 ontzako eta 54 ontzako tarteko neurriekin. Azken neurri hau da ohizkoena, eta horrelako enborrekin jokatzen dira apustu gehienak.

Euskal Herriko aizkora-probak normalean enborrak posizio horizontalean ipinita jokatzen dira.


hasiera igoPROBA.

Arestian esan bezala, Euskal Herriko aizkora-probak gehiago dira iraupeneko proba abiadurako baino. Herriko jaietako erakustaldietan izan ezik, iraupena beti izaten da ordu erditik gorakoa, eta gehienetan 60 minututik gorakoa izaten da.

Inoiz egin den probarik luze eta gogorrenak 1983ko urtarrilaren 23an Tolosako zezen-plazan Mikel Mindegia eta Jose Mari Mendizabal jarri zituen aurrez aurre. Mendizabalek irabazi zuen bi milioi pezetako apustua, eta 4 ordu eta 12 minutuko denbora behar izan zuen, bere aurkariak baino hamazazpi minutu gutxiago.

Proben modalitateak eta baldintzak era askotakoak izan daitezke. Ebaki beharreko enbor-kopuruaz gain, apustuak laguntzailearekin edo gabe izan daitezke, aizkolari bat bikote baten aurka, bikote bat bestearen aurka, txanda librean zein txanda-aldaketaz enbor bakoitza amaitzean. Berezitasun hauen guztien helburua lehiakideak parekatzea da, probaren ikusgarritasunaren mesedetan.


hasiera igoAIZKOLARIAK

XIX. mende guztian zehar aizkolariek ez zuten izen berezirik. "Beizamako bat", "Gorrizu etxeko semeetako bat", "Nuarbeko koadrilako bat", "Beunza baserriko bat" eta abar izaten ziren. Eta gainera probek ez zuten inolako oihartzunik izaten garaiko egunkarietan.

Mende honen hasieran eraldaketa gertatzen hasten da Euskal Herrian. Industrializazioa bizkortu egiten da eta landa-inguruetako biztanleen industria-gunetarako exodo mantsoa gertatzen da. Beren ohitura eta zaletasunekin datoz, beren idoloez mintzatzen dira, eta jaietan enborren gainean lehian edo harri astunak jasotzen ikusi nahi dituzte.

Tolosa, Azpeitia, Donostia eta Eibarko zezen-plazak 1903. urtean inauguratu zituzten guztiak ere. Plaza hauetan idi-proba, ahari-proba, aizkora-proba eta abar ugari egiten ziren.

 Orduan sortzen dira idoloak gure herri-kiroletan. Guztien artean handienak "Santa Ageda" zuen izena. "Santa Ageda" garai modernoetako lehenengo aizkolari-proba handiaren protagonista izan zen, 1903ko abenduaren 27an Azpeitiko zezen-plazan izandakoa.

XX. mendeko lehen hereneko beste zenbait aizkolari ospetsu ondokoak izan ziren; Jose Martin Goenaga "Atxunberria", Jose Soraluze "Korta", Jose Aranburu "Keixeta", "Kotaberri" eta "Arria" I.a.
Gerra zibilaren ondoren hainbat eta hainbat proba eta erakustaldi egin ziren berriz ere. Historiako apusturik jendetsuenak berrogeita hamarreko hamarkadan izan ziren; 1950eko urriaren 29an Garziarena eta "Luxiaren" artean, honen garaipenarekin; 1952ko abenduaren 7an, errebantxa eta "Luxiaren" garaipen berria; eta 1959ko apirilaren 26an Latasak "Luxia" garaitu zuen. Donostiako zezen-plazan izandako lehiaketa hauetako bakoitzean 15.000 ikusle inguru bildu ziren.

Azken berrogei urteotan eta ordena kronologikoari jarraituz, ondokoak izan dira aizkoraren figura handiak: Berakoetxea, Astibia, Polipaso, Arria II.a, Mendizabal, Arrospide, Larretxea, Olasagasti eta, batez ere, Mikel Mindegia nafarra.

Azken eguneratzea: 2006/04/11