Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak


Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian ere izan zen 1936 eta 1937 urteen artean. Bertan, Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomiko eta ideologikoez gain abertzaletasunaren inguruko eztabaida erantsia izan zen.

Eduki-taula

[aldatu] Aurretikoak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Espainiako Bigarren Errepublika

Eibarko Udaletxea, Errepublika-aldarrikapenaren 77. urteurrenean altxatutako bandera.

1931n Espainia Errepublika bihurtu eta erregimen berria aldarrikatu zuen lehendabiziko udalerria Eibar zen 1931ko apirilaren 13an[1]. Laster, Konstituzioa onartu zen, eskuinaldeko alderdien gustukoa ez zena.

Espainian gizarte-asaldura garai hartako ezaugarrik nabarmena izan zen. Ezkerreko alderdiek Elizaren aurkako azaldutako jarrerak eskuineko alderdiak iraindu egin zituen. Gainera azkenek bere gizarte-maila kolokan ikusi zuten ezker iraultzaileak handiagotzen ari zen bere eragina zela eta.

1932ko irailaren 9an Kataluniak bere autonomia-estatua lortu zuen, hala ere Hego Euskal Herriak ez zuen lortu halako testurik.

1936ko otsailaren 16an, hauteskundeak egin eta Fronte Popularra ezkerreko alderdiek (tartean Eusko Abertzale Ekintza) osatutako koalizioak irabazi zuen[2]. Hego Euskal Herrian, berriz, eskuineko alderdiak izan ziren garaileak. Eskuineko blokeak hamabost diputatu, Fronte Popularrak hamabi diputatu eta EAJk hamar diputatu[3][4] lortu zituzten. EAJk, guztira, 130.000 eta 140.000 arteko boto[5] lortu zituen, batez ere, herri txikietan.

[aldatu] Altxamendua

Gauzak honela, 1936ko uztailaren 17an Francisco Franco jenerala Melillan altxa zenean berarekin bat egin zuen Iruñean zegoen Mola jeneralak eta beraren alde zeuden nafar karlista guztiek[6][7]. Araban ere Jose Luis Oriol kazike karlistak bere eraginaz baliatuz altxamenduaren alde jarri zuen probintzia ia osoa. Bizkaia errepublikaren alde agertu zen eta Gipuzkoan zalantza uneak izan ziren hasiera batean. Honela, laster Hego Euskal Herria bitan zatitu zen.

Matxinoek EAJ, alderdi kontserbadore eta kristaua izanik, bere alde egitea espero bazuten ere, honek Errepublikaren alde azaldu zen. Hala ere, alderdiaren jarrera eztabaidan zen azken unera arte: Bizkaian eta Gipuzkoan duda barik egin zuen legaltasunaren alde; Nafarroan eta Araban, berriz, aurkako jarrerak izan zituen: neutraltasunaren aldekoetatik altxamenduaren aldeko atxikimendu gutxi gorabeherako bortxatuetara. Azken hauen adibideak, Arturo Campionek Molak Donostia hartu eta ondoren Diario de Navarra egunkarian idatzitakoa[8] edo Araban Jabier Landaburuk izandako jarrera[9]. Duda hauek direla eta, Emilio Molak hilabete bat espero zuen, 1936ko abuztuaren 18ra arte, abertzale erakundeen deuseztatzea agintzeko[9].

Euskal Elizaren jarrera ere heterodoxoa izan zen. Iruñeko gotzaina zen Marcelino Olaetxeak hasieran gerraren piztea gaitzetsi eta tropa karlistak bedeinkatzea ukatu zuen. Hala ere, abuztuaren 6an, Gasteizko gotzaina zen Mateo Mujikarekin batera, gutun pastorala argitaratu zuen katolikoak "etsai amankomunaren aurka" batu daitezela. Gutuna idazteko behartuak izan ala ez[10], geroko matxinoen aldeko jarrera zalantzarik gabekoa izan zen.

Apaizeriaren jarrera ere, gizartearena bezalakoa izan zen. Nafarroan gehienek matxinoen alde egin zuten, armak ere hartuz[11]. Bizkaian eta Gipuzkoan apaiz abertzale asko izanda, politika nahiago zuten nagusiei zor zieten mendetasuna baino. Hori zela eta, 1936ko udazkenerako, 15 euskal apaizak matxinoek fusilatuak izan ziren matxinada bultzatzeagatik[9].

[aldatu] Nafarroako errepresioa

Sartagudako "Memoriaren Parkea".
Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Gerra Zibileko biktimak Nafarroan

Hasiera batetik Espainia mailan garrantzitsua izan zen Iruñean Mola jeneralak egin zuen altxamendua oligarkiak, karlistek, Eliza katolikoak eta komunikabide nagusienak lagunduta[7]. Ondoren Nafarroa osoan matxinatuen aurkako indarrak erabat desagertzeko ahaleginetan, errepresio bortitza ezagutu zen. Hiru mila inguru pertsona hil zituzten karlista eta falangistez osatutako eskuadroiek[11].

Bortizkeriaren biktima nagusiak FNTT eta UGT sindikatuetako kideak izan ziren. Sindikatu biek, Erriberan nagusitasuna zutenak, lurrik gabeko nekazariak ordezkatzen zituzten. Aipatzekoa da, zentzu honetan, Sartagudako sarraskia, non 1.300 biztanleko herrian ia 90 bizilagun hil ondoren, herriak Alargunen herria ezizena hartu zuen[12].

Hala ere, Errepublika garaian garrantzi handia izandako beste auziak, adibidez Eusko-Nafar Estatutua, ez zuten lurraren egoera sortutako bezalako errepresiorik. Izan ere, Nafarroaren euskaldun nortasuna ez zen dudatan jartzen[13].

Sarraskiak eta errepresioa merindadez merindade aldatu zen. Hildako gehien izandako udalerriak Iruñea (298), Lodosa (133), Mendabia (99), Azkoien (89), Corella (87), Sartaguda (84), Milagro (78) edo Azagra (71) ziren.

Hona hemen adibide bi:

  • Lodosan 1936ko uztailaren 18an, gertaturiko altxamendu militarraren lehen albisteak herrira heldu zirenean, bertako langile erakundeek, herria okupatu eta erasotzaileei aurre egiteko agindua eman zuten. Horrela, uztailaren 19an herriko gune estrategikoetan barrikadak jarri ziren, Mendabiarako zubian esaterako. Eskopeta eta trabukoak zeramatzatela, gizon armatuen taldeak atera ziren. Arratsaldeko lauretan Goardia Zibila, matxinatuen aldekoa, kalera irten zen. Tiroketak gertatu ziren bata bestearen atzetik, baina ez zuten egoera kontrolatzerik lortu, eta horrela falangisten laguntza eskatu zuten.
  • Mendabian Gerra Zibilaren lehen egunetan bertako 99 pertsona erail zituzten altxatutako falangista eta erreketeek. Hildako gehien egon zen herrien artean dago Mendabia beraz. 1936ko urtarrilean, egondako hauteskundeetan, ezkerreko alderdiek garaipena erdietsi zuten Mendabiako udalean, aurreko bi urtetan egondako gobernu eskuindarra garaituz. 1936ko uztailaren 18an legezko gobernuaren aurka egondako altxamendu militarraren oihartzuna egun bat beranduago heldu zen herrira, uztailaren 19an. Udalak eta herriko langileen elkarteek egoera kontrolpean zuten arren, matxinatuen alde agertutako Goardia Zibilaren arteko aurkaketak izan ziren, polizia bat larri zaurituz. Horrez gain, Herriko Etxeko kontserjea ere larri zauritu zuten.

Lizarra eta Tafallako kartzeletan judizioz kanpoko exekuzioak, 1936ko irailean eta urrian hurrenez hurren[7].

[aldatu] Gipuzkoaren konkista

CNT-FAI eta FIJL erakundeen kartela.
Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Gipuzkoako kanpaina eta Irungo gudua

Donostian Carrasco koronelak altxamenduarekin bat egin zuen baino ez berehala[14]. Honela, herri mugimendua erabakigarria izan zen Donostiaren defentsa errepublikazalerako. Leku klabe batzuetan zeuden falangistak neutralizatu ondoren Urbieta kalean, uztailaren 21ean egin zioten aurre azkenean altxatzea erabaki zuten Loiolako kuarteleko tropei. Trenez probintziatik iritsi ziren laguntza indarrek (Goardia Zibilaren laguntza zutenak) erabaki zuten bataila eta tropei atzera eginarazi zieten. Egun batzuen buruan, uztailaren 28an, militarrek amore eman zuten Donostiako Defentsa Juntaren aurrean baina armak anarkistak hartu zituzten[15]. Amore emate honetan, EAJko kideen jarrera erabakigarria izan zen negoziaketak bultzatu zituztelako (EAJk 1936ko abuztura arte ez zuen Errepublika aldeko jarrera ofizilik hartu).

Sozialistek eta anarkistek Donostia eta Irungo kaleak kontrolatu eta abertzaleak ez ziren zenbait katoliko eta kontserbadore fusilatu zituzten. Donostiako Ondarreta, Hondarribiko Guadalupe eta Tolosako kartzeletan sarraskiak eta judizioz kanpoko exekuzioak izan ziren, miliziano abertzaleek gelditu ezin zutenak[9].

Hurrena mugarekin lotura mantentzea izan zen helburua. Likinianok gidatutako anarkistak ziren indartsuenak Donostian eta Irun aldera jo zuten sozialista, komunista eta ANVko abertzale ezkertiarrekin Aiako Harriaren inguruan Bortziritik sartzen ari zen Solchaga jeneralaren indar karlistei aurre egiteko. Borroka latza izan zen mendian eta hiriburuan eskuindarren erailtzeak ugaritu ziren, Ondarretako kartzelaren asaltoa barne.

Altxamenduaren lehendabiziko astean, Nafarroan zortzi zutabe antolatuak izan ziren, gehienez erreketez baina baita falangistez eta soldadu erregularrez osaturik. Zutabeak laster joan ziren Gipuzkoa aldera muga konkistatzeko asmotan. Bidean tradizionalista eta karlista gipuzkoar askoen bateratzea izan zuten.

1936ko abuztuaren 5ean, zortzi zutabeetako hiruk Irungo mugarantz jo zuen muga-postuak hartuz Errepublikari horniketa eta komunikazioak mozteko asmotan.

Abuztuaren 26an San Martzialeko gotorlekua eraso eta, Legio eta hegazkinen laguntzari esker irailaren 2an konkistatu zuten[16].

Uda amaierako Irun galdu zuten errepublikarrek (aurretik erre egin zuten anarkistek) eta Donostian irailaren 13an sartu ziren beste bost zutabe matxinatuak. Ondoren, Donostian populazioaren herena geldituta ere "garbiketa" sistematikoa burutu zen.

Gudaroste karlistek berriz bildu eta Bizkaia aldera jo zuten. Irailaren 22an Deba ibaira heldu ziren. Ordurarte, Gipuzkoa defendatzeko borroka ezkertiar milizianoek egin zuten, EAJren laguntza eskasa izanik[9].

Irailaren 29an Oria ibaitik behera sartu zen Mola jeneralak zuzendutakoak baina errepublikarrek eutsi zuten. Urriaren 12an Molak aurreratze gelditzea agindu eta frontea egonkortu zen, ia Gipuzkoa osoa matxinoen eskutan izanik. Frontea Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan zehar zegoen:

Orduan esan daiteke Camino de los Toldos izenekoa benetako fronte lerroa zela:

Hau da, mendebaldean, errepublikarren kokalekua zuten aldea: bere posizioetatik erraza zen harana eta San Asensio zabaldegia tirokatzea.
  • Ekialdean, haranaren hegala baino lehen dagoen zelaigunean, Camilo Alonso Vegak zuzendutako 9 batailoiek "IV Brigada de Navarra" osatzen zutenak zeuden. Bederatzi batailoietatik seik erdigunea eraso zuten, San Asensio zabaldegia erasotuz. Beste hiru batailoik hegaletan bigarren mailako erasoaldiak egin zituzten. Tertzio Karlistek Falange eta Morokoko erregularren laguntza izan zuten.

Karlistek 1937ko udaberria baino lehen jadanik eraso bazuten ere, ezin zuten fronte gainditu. 1936ko irailaren 25ean San Asensio ermitaraino heldu ziren baina atzera egin behar izan zuten. Era berean, urriaren 4an Gaztelumendi hartzea ere lortu zuten[18]. Hala ere, bitan atzera botatak izan zirenez, posizioa mantendu zuten.

[aldatu] Euzko Jaurlaritzaren sorrera

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: 1936ko Euskal Autonomia Estatutua

Bizkaian kuarteleratutako armadak 1936ko uztailean Errepublikarren alde egin zuen. Laster Defentsa Biltzarrak osatu zirenez, uztailaren 23an EAJk miliziano taldeak osatzeari lotu zion. Uztailaren 29an EAJk guardia bolondres biltzeko deia egin eta abuztuaren 5an Bizkai Buru Batzarrak bere milizianoen desfile antolatu zuen Bilbon[9].

Gerrako lehendabiziko hiru hilabetetan, zenbait Bizkaia eta Gipuzkoako elizak arpilatu eta suntsituak izan ziren, 50 apaiz inguru erailak izanik. EAJk, bere miliziak antolatzeke zuelako, ezin zuen ekintza hauek gelditu[9].

1936ko irailaren bukaeran, Bizkai Buru Batzarrak inoiz baino duda gehiago zituen Errepublikari emandako sostenguari buruz batez ere irailaren 25ean "Altuna-Mendi" eta "Cabo Quilates" prisoi-ontzietan egindako sarraskiak eta gero. Buruzagi jeltzaleek arrakastarik gabe saiatu zuten britainiar diplomazialariekin harremanetan jartzea Londres euskal gobernu autonomo bat babes zetzala. Egoera hau jakin ondoren, Errepublikako Gobernuak Valentzian urriaren 1ean Euskal Autonomia Estatutua onartu zuen. Gainera, gerraren garapenerako gaizki hartutako erabakia izanda, Gibraltarko itsasartea blokeatzen ari zen eskuadra Bizkaiko golkora bidali zuen Francoren armada Afrikatik Iberiar penintsulara pasatzen utziz. Itsasontziak Bilbon 20 egun eman zituzten. Garai hartan, Bilbora ere armak ekarri zituen merkantzia-ontzi errusiarra ere heldu zen, bizkaitarren adorea sendotuz[9].

1936ko urriaren 8an Gernikako Juntetxean Jose Antonio Agirrek Euzko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen[19]. Gobernuak bederatzi hilabete iraun zuen. Batasun gobernua sortu zuen abertzale, komunista errepublikazale eta sozialistez osatua. Beronen ekimena praktikan estatu independente batena izan zen halabeharrez gerrak bultzatuta: unibertsitatea, txanpona, armada, etab.

Estatutu berria Elgetako Estatutua izenaz ere ezaguna izan zen, matxinoek Elgeta konkistatu zutenean onartua izan zelako. Agirrek zin egin zuenean, ekitaldian parte hartu zuten gudari gazteek "Estatutu ez, Autonomia bai" oihukatu zuten. Luis Arana Goirik bere desadostasuna adierazteko alderdia utzi zuen egun hartan, beste kideei alderdi ez uzteko eskatuz[9].

Euzko Jaurlaritza sorberriak hartutako lehendabiziko neurrietako bat indar polizial guztiak desegitea eta bere ordez Ertzaintza jartzea izan zen. Honela ordena publiko hobetu zuen eta, salbuespenak salbuespen, exekuzio politikoekin bukatu zuen. Hala ere, ezin zuen Bilbon egindako sarraski basatiena gelditu: 1937ko urtarrilaren 4an Larrinagako kartzelan zeuden 224 preso politikoak matxinatutako miliziano sozialisten batailoiak erailak izan ziren. Gudariek sarraskia gelditzea lortu zuten 100 preso salbatuz. Eusko Jaurlaritzak erantzuleak epaitu eta haietako sei fusilatu zituen. Eraso honen ondoren, Euzko Jaurlaritzak frontetik zortzi batailoi kendu zituen Bilbon ordena publikoa mantentzeko[9].

1936ko urriaren 5ean Bilboko Burdinezko Gerrikoa eraikitzeari ekin zion[20]. Hilabete bat baino ez pasa eta gero, lanaren zuzendariordea atxilotu eta fusilatu zuten, matxinoekin harremanetan jartzea saiatzeagatik[9].

Urriaren 16an, Euzko Jaurlaritzak errekruten lau kintak soldadutzara deitu zituen. Urriaren erdian, Bilbora hegazkin, kanoi, metrailadore eta armaz jositako itsasontzia heldu zen. Urriaren 26 Agirrek euskal indarrak berak zuzendutako Euskadiko Defentsa Batzarraren agindupean zeudela aldarrikatu zuen, Errepublikako Armadatik independentea zela adieraziz. Azaroaren 7an Eusko Gudarostearen Aginte Nagusia sortu zuten. Eusko Gudarosteak 1936ko azaroaren 20an entrenamendu gabeko infanteriazko 27 batailoi (25.000 lagun inguru) zituen. Gainera, frontean 10.000 eta 12.000 miliziano inguru zituen, orduan geldirik zegoena[9][21].

[aldatu] Legutioko ofentsiba

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Legutioko gudua

Matxinoek Madril hartzeari lotu ziotenez, Errepublikako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari frontea haustea eskatu zion. Azaroaren 30ean gertatu zen Euskal Armada eratu berriak egin zuen erasoaldi bakarra Legutioko gudua edo ofentsiba izena zuena. Horretarako 29 batailoi, 5 ingeniarien konpainien laguntza zutenak, 25 kanoi eta 8 gerra-gurdi aukeratu zituen Gasteiz konkistatzeko. Operazio honen helburua altxatutakoek Sevilla eta Irun arteko zuten komunikazio-lerroa zatitzea zen. Beronen bitartez, Bizkaia hegoaldetik eta Deba Goienatik bi zutabe eraso zuten karlistek defendatutako Legutio[22]. Francok errefortzuak bidali eta abenduaren 12 errepublikarrek erasotzeari utzi zioten, 1.000 hildako inguru izan ondoren[9]. Alde batetik, erasotzaileen prestaketa ezak koordinaziorik ez eragin zuen eta, bestetik, erasoaldiak izandako porrotean agertu zen bi gudarosteen ezaugarrien desberdintasuna: nahiz eta zenbaki aldetik alde nabarmenik ez egon, aireko ejertzitoan zegoen aldeak abantaila nabarmena ematen zion bere bonbardaketekin Molaren armadari.

1936ko azaroaren 24an Errepublikako Gobernuak Espainiako iparraldean zeuden gudaroste guztiak Francisco Llano de la Encomiendak zuzendutako Ejército del Norte (euskaraz: Iparraldeko Armada) izeneko armadan batzea erabaki zuen. Bateratzea teorian bakarrik egin zen Agirrek onartu ez zuelako. Lehendakariak komisario politikoen sistema uko eta Iparraldeko Armadaren Aginte Nagusia prestakuntza militar gutxiko komunistazaleek osatua izateaz arranguratu zen. 1937ko urtarrilean Agirrek Bilbon zegoen Llanori Eusko Jaurlaritzak bere indar guztien antolakuntza berria onartu arte... esklusiboki Eusko Jaurlaritzaren agindupean izango dira idatzi zion. 1937ko otsailean Llano Bilbo utzi eta Santanderren jarri zen[9].

1937ko otsailean baita ere, Euzko Gudarosteko zazpi batailoik Asturiasko frontean laguntzera joan ziren[23]. Candido Sasetak aginduta, Oviedo hartzeko kanpainan hartu zuten parte.

1937ko martxoaren 5ean, Eusko Itsas Gudarostearen bouak eta Canarias gurutze-ontziaren arteko Matxitxakoko itsas bataila zen. Guduaren ondorioz, euskaldunek Bou Nabarra galdu zuten[24][25].

[aldatu] Bizkaiko ofentsiba eta Gernikako bonbardaketa

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Durangoko bonbardaketa, Gernikako bonbardaketa  eta Intxortetako gudua

Negua pasatuta, 1937ko udaberri aldera hasi zen Bizkaia menderatzeko matxinatu frankisten ofentsiba, Iparraldeko frontea izeneko kanpaina hasiz. Horretarako, Molak lau errekete-brigada nafarrak erabili zituen (28.000 lagun inguru): Brigadak Araban eta Gipuzkoan osatutako 10 batailoi, karlista nafar asko eta Espainiatik etorritako tropa erregularrek osatuta zeuden. Gainera 140 hegazkinak, 65 Kondor Legioarenak, eta artilleriaren, 7 kanoi-bateria italiarrak, laguntza izan zuen. Hauek bere alde zuten airea eta baita itsasoa ere, euskal kostaldean ezarritako blokeoarengatik. Hortaz, ofentsiba egitearekin batera arma berri bat erabili zuten, ordura arte munduko gerretan ikusi ez zena: erretagoardiako populazio zibilaren bonbardaketa eta herrien suntsipena, morala jaisteko eta erresistentzia ahultzeko.

Honela,martxoaren 31n, Durango bonbardatu zuten. Durangoko bonbardaketan Aviazione Legionariako italiarren hegazkinek 336 pertsona hil zituzten[26]. Ofentsibaren etapa honetan, Eibar, Elgeta, Elorrio eta Otxandio ere bonbardatuak izan ziren, lehen lerrotik gertu zeuden herriak baitziren. Euzko Gudarostearen posizioen aurka aire eta artilleria bidez gogor egin ostean, altxatuek lurretik ekin zioten Bizkaiaren inbasioari. Soldadu faxistek Zabalanditik hautsi zituzten errepublikarren posizioak. Arratzola laster hartu baina orografia zela eta ezin zuten arin ibili. Eguraldi txarra zela eta, apirilaren 7an ofentsiba eten egin behar zuten. Apirilaren 13an Euzko Gudarosteak kontraeraso egin eta zenbait posizio berreskuratu zuen[9]. Une honetan, apirilaren 20 eta 24aren artean, Intxortetako gudua ezaguna gertatu zen, matxinatuak eusko gudarien fronte-lerroarekin talka egin zutelarik, Elgeta inguruan[18]. Hasiera batean, euskal konpainiek erasoaldia atzera botatzea lortu bazuten ere, azkenean Intxortak eta Udalaitz menderakaitza erasotzaileen eskuetan gelditu ziren, frontea hautsiz eta matxinatuei Bizkaiarako sarrera irekiaz.

Faxistek Durango konkistatu zuten eta hilabete hartan Eibar ere galdu zuten errepublikarrek[27].

Bi egun beranduago, 1936ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten alemaniarrek. Eta handik bi egunetara sartu ziren tropa frankistak herrian. Hilabeteko erresistentzia bortitza suntsituta gelditu zen.

Gernika egindako sarraskia munduan ezaguna egin zen, bai George Steer kazetari britainiarrak "The Times" egunkariarentzat egindako kronikari bai Pablo Picassok Parisko Nazioarteko Erakusketarentzat egindako koadroari esker[28]. Eusko Jaurlaritzak orduan egindako estimaketaren arabera, Gernikan 300 hildako eta 889 zauritutako izan ziren[29]. Gernikako arbola, euskal eskubideen ikurra dena, zutik jarraitu zuen eta matxinoek herria konkistatu zutenean hantxe plazaratu zuten karlisten goardia.

Gernikatik kostaldera jo zuten matxinoek. Apirilaren 30tik maiatzaren 4rako egunen artean Bermeoko gudua izan zen, non Mundakako itsasadarra galdu zen[30].

1937ko maiatzaren 5ean Agirrek euskal operazio militar guztian agintea bere gain hartu zuen. Armei heltzeko edota gotorlekuak eraikitzeko lanak egiteko gai ziren bizkaitar guztien mobilizazioa agindu zuen. Guztira 70.000 gudari inguru bazituen ere, teorian baino ez zen hala denentzako armak ez zituelako. Kantabria eta Asturiasetik etorritako zenbait batailoien laguntza ere izan zuen Eusko Gudarosteak, bere bortizkeria eta estremismoa zirela eta euskaldunek gaizki ikusiak zirenak[9].

Agintea lortu eta berehala, Agirrek maiatzaren 6tik maiatzaren 14rako egunen artean Sollubeko guduan zuzendu zuen Eusko Gudarostea non Bizkaiko Lur Edegia galdu zuen[30].

[aldatu] Bilboren galera

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Bilboko gudua

Bizkaia ia guztia hartuta, frankistei Bilbo gelditzen zitzaien hartzeko. Batailaren garrantziaz jabetuta Franco eta Mola berberak izan ziren guda zelaian.

Maiatzaren 8an Errepublikako Gobernuak bidalitako 50 ehiza-hegazkinetatik 45 heldu ziren Bilbora. Tamalez, ondo defendaturiko aireportuen ezak eta eskifaien eskarmentu eskasak laster amaitu zuten hegazkinekin[9].

Maiatzaren bukaerarako errekete-tertzio nafarrak "Burdinezko Gerrikoaren" gertu zeuden, %40a baino ez zenean egina. Matxinoek ahulezia guztien ezagutzaileak ziren Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioari esker planoak lortu zituztelako[9][31][20].

Mola jeneral matxinoa 1937ko ekainaren 3an hil zen hegazkinez Gasteizera zihoan eta hegazkina egungo Alcocero de Molan erori zenean[32].

Ekainaren hasieran, Errepublikako Gobernuak Bilbora Mariano Gamir Ulibarri bidali zuen Agirreri aginte gorena uzteko eskatuz. Honek euskal militar profesional eta independentea izanda, Agirrek onartu eta 40.000 gudarien agintea eman zion gudua aurrera ateratzeko. Ekainaren 11an, matxinoek "Burdinezko Gerrikoa" setiatzeari lotu eta 36 orduz eta 500 hildako inguru izanik gainditu zuten. Bilbo erortzea zegoenean, Agirrek Gamirrek Bilbo defendatzeko gai ez bazen Ezkerraldeko industria txikitu behar zuela jakin zuen. Irunen gertatutako eta Donostian jeltzale eta sozialista eta anarkisten milizianoek izandako borrokak jakinda, bere eragozteko asmoa adierazi zion. Agirrek gudariei sabotajearen saiakerak geldiarazteko agindua eman eta 2.000 presos politiko inguru askatu zituen frankisten lerroetaraino lagunduak zirenak. Hala ere, EAJko batailoi eta Asturiasko batailoien arteko borrokak izan ziren, azkenak Deustu erre nahi zutelako[9][33].

Hala ere, eta aireko bonbardaketak lagun, erresistentzia gailentzeko gai izan ziren setiatzaileak. Ekainaren 19an Bilbo hartu zuten. Hamar egun geroago Bizkaia osoa Francokkonkistatuta zegoen. 20.000 gudari inguruk Kantabria aldera jo zuen.[9].

[aldatu] Santoñako amaiera

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Santoñako hitzarmena

Aurretik italiarri ukatutako negoziazio bidea berriz ireki zuen Euzko Jaurlaritzak Alberto Onaindia apaizaren bitartez[34]. Euskal Herria galduta zegoen eta ez zegoen borrokan jarraitzeko asmorik gehienen aldetik. Borrokan jarraitu nahi zutenek Katalunia aldera joateko desioa zuten han Asturiasen baino indar handiagoz baitzeuden errepublikazaleak. Juan Ajuriagerrak abuztuaren 21ean sinatu zuen Santoñako hitzarmena Corpo Truppe Volontarie armada italiarrekin[9]. Gudariak Santoñan elkartu eta presondegitik 2.500 preso politiko inguru askatu zituzten. Komandanteak "Euzkadiko Errepublika" aldarrikatu eta ofizial bi fronte-lerroa zeharkatuz Corpo Truppe Volontarie armadako agintariekin jarri ziren hizketan. Bertan, italiarrek euskal gudarien bizitzaren truke guztizko errendizioa eskatzen zuten. Honela jokatzeak, errepublikaren lehentasuna ez onartzea suposatzen zuen eta euskaldunek Espainiako errepublikari egindako traizioa zen[35]. Hala ere, italiarrek beraiek traizioa egin zioten hitzartutakoari eta gudariak eta agintariak frankisten esku utzi zituzten ihes egiteko aukerarik eman gabe[36].

Miliziano ez abertzaleek osatutako batailoiek berriz Asturiasen borrokatzen jarraitu zuten, iparraldeko frontea desagertu arte[37].

[aldatu] Ondorioak

Altxamendua izan eta urtebete baino aurrerago Hego Euskal Herria galduta, Euzko Jaurlaritzak, ordutik aurrera, erbestean lan egin behar izan zuen.

1937ko udan hiribilduko defendatzaileek lehertutako Bilboko zubiak berreraikitzen hasi zuten matxinoek. Era berean, gudarako funtsezkoa zen Ezkerraldeko industria eta meatzaritza martxan zeuden.

Bilbo hartu eta egun batzuk geroago, Francok Bizkaia eta Gipuzkoako foruak biak «provincias traidoras» izendatuz. Altxamenduarekin bat egin zuten Araba eta Nafarroak, berriz, izandako zenbait eskubide foralak mantendu zituzten, tartean bere polizia eta zergen autonomia.

Euskal herritarrek bertan jasan zuten errepresioa eta zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen. Santoñan saldutako gudariak Euskal Herri inguruko kartzeletara (Logroño, Burgos...) preso politiko eramanak ziren. 1936ko uztailean hasitako errepresioa zabaldu eta areagotu egin zen. Iruñeko San Cristobal gotorlekuan zeuden presoek 1938ko maiatzaren 22an ihes egin zuten. 795 iheslarietatik, Frankistek ia denak harrapatu 585 eta 211 erail zituzten[7]. Erbesteratuak ere milaka izan ziren, Europan eta Hego Amerikan ibilitakoak.

[aldatu] Kronologia

[aldatu] Kronologia orokorra

[aldatu] 1936

[aldatu] 1937

[aldatu] Aire-gerraren kronologia

Durangoko bonbardaketaren oroitzeko plaka.
Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Durangoko bonbardaketa eta Gernikako bonbardaketa

[aldatu] Itsas-gerraren kronologia

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Eusko Itsas Gudarostea

"Almirante Cervera", gurutze-ontzi matxinoa.

[aldatu] Erreferentziak

  1. Toribio Etxebarria, "Viaje por el país de los recuerdos" (1968) ISBN 84-7173-54-1
  2. 1936ko Espainiar Hauteskunde Orokorretako emaitzak
  3. ya.com: "La victoria del Frente Popular"
  4. navarraconfidencial.com: "Las elecciones de 1936 en Navarra"
  5. 1936ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak
  6. Vázquez de Prada Tiffe, Mercedes: "La Guerra Civil" "Historia Ilustrada de Navarra" liburuan, 1993, Diario de Navarra, ISBN 84-604-7413-5
  7. 7,0 7,1 7,2 7,3 Idazle asko: "Navarra 1936. De la esperanza al terror", 2004, Altaffaylla, Tafalla, ISBN 84-930957-9-6
  8. Auñamendi Entziklopedia
  9. 9,00 9,01 9,02 9,03 9,04 9,05 9,06 9,07 9,08 9,09 9,10 9,11 9,12 9,13 9,14 9,15 9,16 9,17 9,18 9,19 9,20 Stanley G. Payne: "El Nacionalismo Vasco" ISBN 84-7235-196-3
  10. Jackson, Gabriel (2005). "La República española y la guerra civil". RBA. ISBN 84-473-3633-6.
  11. 11,0 11,1 Casanova, Julián (2001). "La Iglesia de Franco". Madril: Temas de Hoy. ISBN 84-8460-080-7.
  12. Berria: "3.273 fusilatu oroimenean"
  13. Jimeno Jurio, Jose Maria: "Navarra jamás dijo no al estatuto vasco" (1977) Iruñea: Txalaparta ISBN 84-8136-021-X
  14. Pedro Barruso Barés: "San Sebastián en los siglos XIX y XX"
  15. Barruso, Pedro, "Verano y revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (julio-septiembre de 1936)", Haramburu. Donostia, 1996. online
  16. Usabiaga, Marcelo, "Así fue la Batalla de Irun" Historia 16 362. zbk (2006ko ekaina), 72-85. orr. online
  17. www.berria.info
  18. 18,0 18,1 www.noticiasdegipuzkoa.com: "Intxorta, la última trinchera"
  19. Alberto Bru, Jordi Pedrosa eta Txema Prada: "Formación del Gobierno y del Euzko Gudarostea (Ejército Vasco)"
  20. 20,0 20,1 www.elcorreodigital.com: "El Cinturón de Hierro"
  21. Hugh Thomas, "The Spanish Civil War", Londres: Penguin. 2003 ISBN 0-14-101161-0
  22. 22,0 22,1 Jon Irazabal Agirre: "La Guerra Civil en el Duranguesado (1936-1937)" Abadiño: Gerediaga Elkartea, 2007 ISBN 84-933999-7-3
  23. Emparan Ortiz, José Ramón (1999): "Kandido Saseta Etxeberria". Hondarribia.
  24. 24,0 24,1 Berria: "Juan Telletxea 'Nabarra' ontziko marinelaren elkarrizketa"
  25. 25,0 25,1 Berria: "Matxitxako itsas-batailaren deskripzioa"
  26. Jon Irazabal: "1937 martxoak 31 Durango". Gerediaga Elkartea, 2001, Abadiño
  27. Alberto Bru, Jordi Pedrosa eta Txema Prada: "Guadalajara: Cambian las cosas"
  28. 28,0 28,1 BBC: "The legacy of Guernica"
  29. Solé i Sabaté, Josep Maria eta Villarroya, Joan (2003). "España en llamas. La Guerra Civil desde el aire". Temas de Hoy. ISBN 9788484603023
  30. 30,0 30,1 Francisco Manuel Vargas Alonso: "Bermeo y la guerra civil. La Batalla de Sollube" (1. ed 2007), Lankidetzan bilduma, Eusko Ikaskuntza, ISBN: 978-84-8419-065-3
  31. Manuel Montero García (1980) "Historia de Vizcaya"
  32. Molina Franco, Lucas: "Emilio Mola", Historia de Iberia Vieja liburuan
  33. Jose Luis de la Granja Sáinz: "Entre el pacto de San Sebastián y el de Santoña (1930-1937)" "Historia 16" liburuan (1998)
  34. gerrazibilaeh.blogspot.com: "Santoñako amaiera"
  35. Xuan Cándano: "El pacto de Santoña (1937): La rendición del nacionalismo vasco al fascismo". La Esfera de los Libros. Madril (2006) ISBN 84-9734-456-1
  36. Argia Astekaria: "Santoña gudarien azken geltokia"
  37. Juan Antonio de Blas: "La guerra civil en Asturias", 2. Liburukia, ISBN 84-334-5539-7, 369–383. orr. Júcar 1986Online
  38. 38,0 38,1 Jon Irazabal: «Los bombardeos comenzaron en Durango y acabaron en Hiroshima»
  39. Hugh Thomas, "Historia de la Guerra Civil Española". Círculo de Lectores, Bartzelona, 1976. ISBN 84-226-0874-X.
  40. Cesar Vidal: La Destrucción de Guernica
  41. 41,0 41,1 41,2 Salas Larrazabal, Ramón (1983). "Los Fusilados en Navarra en la Guerra de 1936". Madril: Industrias Gráficas España. ISBN 84-398-0024-X
  42. www.noticiasdenavarra.com: "Una plaza recordará a los 13 muertos y 23 heridos en el bombardeo de Tudela de 1937"
  43. II. Errepublikako Eusko Jaurlaritzako Oroagindua: "Itsasontziak errekisatu ditzan, Arrantza Zuzendari nagusiari eskubidea emanez"
  44. hmshood.com: "HMS Hood history"

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Bibliografia

  • "Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian" - J. Chueca,L. Fernandez. Egunkaria, Andoain, 1997.

[aldatu] Kanpo loturak

Cscr-featured.svg Nabarmendutako artikuluak
Beste hizkuntzak